Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Aurkezlea

Aurkezlea

Santi Leoné 2013/01/17 12:05
Kolaborazio batekin gatoz oraingoan. Egunkarietan inor gutxik aipatu zuen arren, zin egiten dugu Santi Leoné izan zela, joan den urrian, Iban Zalduaren "Idazten ari dela idazten duen idazlea" liburua aurkeztu zuena (Xabier Mendiguren editorearekin batera). Zin egiten dugu, orobat, ez zela honako hau izan bertan irakurri zuen aurkezpen-testua, nahiz eta Leonék zin egiten digun okasio horretarako prestatu zuela, irakurtzera ausartu ez eta beste bat irakurri zuen arren. Edonola ere, hemen dago, betirako jasoa gera dadin, idatzi hura.

Ipuina alemana ikasten ari nintzela irakurri nuen. Moldatua. Harrezkeroztik bertsio osoa ere irakurri dut, alemana lardaskatzera baizik ailegatu ez naizen arren. Heinrich Böll. “Der Lacher”. Irri-egilea, alegia. Jendearen irriak imitatu eta berea ezagutzen ez duen tipo serio aspergarri haren istorioak bazuen zerbait, hunkitu ninduen zerbait erran nahi dut, zuzenean hitz egiten zidan zerbait. Garai hartan erdi krisian nenbilen. Inork galdetuz gero, baietz nik, zer edo zer idazten ari nintzela, ipuinak (batzuetan), nobela labur bat (bertze zenbaitetan), saiakera bat (maiz). Baina egia latza eta gordina zen ez nintzela deus ere idazten ari; ez serio behinik behin, ez helburu jakin batekin. Dudan nenbilen. Nik idatzitako orrialdeetan ez nuen neure boza ikusten. Nire testuak bertze norbaitenak izan litezke; bertze edozein idazlek sinatzera, inor ez zen ohartuko. Erraz atera nuen, beraz, Böllen ipuinaren irakaspena: irri-egile hura bezalakoa nintzen ni, berezko ahotsik gabeko tipo serio aspergarria.

Oker nenbilen. Hori lagun batek gaztigatu zidan, eta, bidenabarkoan, bidea erakutsi zidan. Ez, ez, ez, erran zidan, ipuina gaizki ulertu duk. Hik irri-egileak bezala egin behar huke, bertze idazleren estiloa imitatu alegia, eta emeki-emeki hire boza aurkitzera ailegatuko haiz. Aukera ezak hire gustuko eskritore bat, eta idatz ezak haren estiloko ipuin pare bat. Ikusiko duk nola ateratzen haizen hire putzu beltz horretatik.

Hasmentan, ez nion kasu handirik egin. Baina, bertze egitekorik ez eta, azkenean, proba egitea erabaki nuen. Egun haietan, Iban Zalduaren hiru liburu irentsi berriak nituen: Traizioak, Ipuin euskaldunak eta Biodiskografiak. Gustura irentsi ere. Are gehiago –zergatik ez dut aitortuko?–, zenbait ipuin izugarri gustatu zitzaizkidan, batez ere kutsu fantastikoa zutenak (“Lagun ikusezina” da nire gogokoenetarik bat: bakar aldiz leitu dudan arren, oraindik hotzikara sentitzen dut akaberako paragrafoa irakurritakoan). Estiloa eta gaiak neure sentitzen nituen, hurbil-hurbilak. Zergatik ez?, pentsatu nuen. Hasiko naiz Iban Zaldua imitatuz zer edo zer zirriborratzen.

Ibanen testuetan agertu ohi diren gaiak eta temak pauso bat haratago eramatea erabaki nuen: literatura, alde batetik, obsesio bilakaturik, gaixotasun bihurtzeraino; eta paradoxen gustua, errealitatearen eta fikzioaren arteko zubiak –ez, zubiak ez da hitza:  bukleak, gurpil zoroak–: zer irudikatu, eta hura errealitate bihurtu. Poliki-poliki, hasi nintzen lehen testuak sortzen: idazle perfekzionistegi batetik abiatuta, itzulpengintzaren ziklo amaigabea marraztu nuen; Kafkaren ustezko bizitza Palestinan aitzakia hartuta, gogoeta egin nuen egiazkoaren eta faltsifikazioaren arteko muga lausoaz; ironia pittin bat mundu literarioari buruz, zutabegile itxuraz konprometituei buruz; nobela baten funtsa aldatu duen broma; emaztea jada ez duela maite erratera ausartu ez eta irudimen gutiko idazleaz baliatzen den tipoaren istorioa; saririk jaso (nahi) ez duen obrarik gabe idazle duin barregarriaren ibildidea.

Idatzi ahala, halako sukarrak harrapatu ninduen, gero eta gehiago sartzen ari nintzen Iban Zalduaren munduan, hura nire arimaz jabetu balitz bezala (tira, edo arimaz ez balitz, bai bederen idazteko erabiltzen nuen eskuaz). Egunak etxean ematen nituen, eta, ia-ia ateratzen ez nintzenez, bizarra egiteari utzi nion. Gero, egun batean, aldarte bereziki onean nengoen egun batean (goizean egindakoaz harro bainengoen), ispiluaren aitzinean jarri eta aurpegiko biloak mozteari ekin nion, Ibanen estiloko bizarra eta bibotea lortu arte. Neure buruarekin bromatan ari nintzen, jakina, baina norbaitek ikusi izan banindu etxean, bakarrik, irri-ajataka, erotzat joko ninduen.

Nire ipuin bilduma handituz joan zen. Momentu latzak ere pasatu nituen, ez pentsa dena erraza izan zenik. Hipokondriarako joera harrigarria ere garatu nuen, ordura arte inoiz izan ez nuena. Zenbaitetan, alferrik ari nintzela uste izaten nuen. Horrelakoetan, “aupa Iban” erraten nion neure buruari, umorea berreskuratu nahian. Edonola ere, zenbait hilabeteren buruan, liburua prest zegoen. Hogeita bat ipuin. Galdegiten zidan orori idazten ari nintzela erraten nioneko tenorea gogoan, titulua berehala aukeratu nuen: Idazten ari dela idazten duen idazlea. Egokia zen, modu pribatuan nire garai hura gogora ekartzen zidalako, eta liburuaren izaera metaliterarioa ederki islatzen zuelako. Zerbait falta zuen, ordea. Fitekara ohartu nintzen: azpititulu bat. Idazkera... ez. Idazlea..., ez, berriz ere idazlea, ez. Sormena..., Inspirazioa..., Literatura, bai, literatura zen nire ipuin guzietan ukitzen nuen gaia, obsesio izateraino, ni eroarazteraino, eritasun bihurtzeraino. Bai, horixe zen: Literatura gaixotasun gisa. Titulua paper batean idatzi, eta gustura gelditu nintzen: Idazten ari dela idazten duen idazlea, edo, Literatura gaixotasun gisa. Alta, zerbait eskas zuen liburuak. Bi egun eman nituen zer zen hutsune hura aurkitu ezinik, bi egun urduri, nire liburua guztiz osatu gabe balego bezala, harik eta, bat-batean, hirugarren eguneko goizean kroasan bat gosaltzen ari nintzelarik, konturatu nintzen arte: kontrazaleko ipuina idatzi behar diat, hori baita Ibanen liburu guziak bereizten dituen ezaugarrietarik bat. Arratsalderako idatzia nuen istorioa, idazle baten eleberrian bizi den idazle baten nouvellean bizi den idazle baten istorioa, pixka bat Borgesen “Las ruinas circulares”-en maneran, edo Julio Cortazarren “Continuidad de los jardines” ipuinaren estiloan, baina ironikoagoa, gaiztoagoa.

Pozik nengoen. Niri esker (barka umiltasun falta), Iban Zalduaren obra bertze maila batera iritsia zen, lehenagotik hartua zuen bideari jarraiki gailur jasoago batera eramana nuen. Euskadi Saridun ikusten nuen neure burua. Edo finalista, bederen. Shortlisted. Arratsalde hartan, aspaldiko partez, kafetto bat hartzera joan nintzen Iruñeko alde zaharrera. Karrikadendan sartu, Jone hango saltzailearen solasean aritu eta Leiho ostatura abiatu nintzen. Sartzearekin batera, Angel Erro ikusi nuen, mahai batean jarria, zer edo zer idazten koaderno batean. Hain nengoen kontent idatziriko ipuinekin, liburuaren berri eman bainion. Uste dut grazia egin ziola. Ondoren, etxera bueltatu eta gustura egin nuen lo; behar ederra nuen, hainbertze lan egin eta gero.

Handik bi egunera, Ibanen email bat jaso nuen. “Marroia” zen mezuaren laburpena, eta, hortaz, erdi izutua zabaldu nuen. Bertan, Ibanek bere liburu berria aurkeztea proposatzen zidan, eta lanaren berri eman. “Idazten ari dela idazten duen idazlea” zuen izenburua, eta zenbait ipuinek osatzen zuen. Ez omen zen luzea, eta ni ados egonez gero, igorriko zidala erraten zidan, irakur eta ikus nezan ea gustuko nuen. Mezua serio demonio zegoen idatzia, eta istant batez izerdi hotza sumatu nuen bizkarrean beheiti. Orduan, baina, Angel Errorekin izandako enkontruaz oroitutakoan, segundo baten buruan, egoeraz jabetu nintzen. Segur aski, Angelen bidez nire liburuaren berri (eta liburua egiteko metodoaren berri) izanda, ziria sartu nahian zebilen Iban. Eta horretarako, serio itxura egin behar, nahitaez.

Baietz ihardetsi nion, jakina, konplizeen artean erabiltzen den estilo erdi maltzurrean, erdi jostagarrian. Nolanahi ere, hurrengo egunetan Ibanek ez zidan berriz idatzi eta, bistan da, ez zidan testurik igorri. Bigarren mezua kezkagarriagoa izan zen: Xabier Mendiguren editoreak sinatzen zuen. Pozten zela aurkezpena egitea niri proposatu izanaz, ekitaldia Donostian izanen zela eta ea urriaren 17an ongi heldu zitzaidan. Kontxo!, pentsatu nuen, hau duk hau broma bat bururaino eramatea! Böllen Lacher-ek bezala, hemen baten batek benetan serio hartzen dik irria! Agendan begiratu (baina zergatik arraio begiratu nuen agendan?), eta urriaren 17an libre nengoela ziurtatutakoan, baiezkoa eman nion Xabierri.

Gau hartan, gaizki egin nuen lo. Ohatzean bueltaka, “ze ona!, Ze broma ona!” erraten nion behin eta berriz neure buruari. “Bueno, orain lo egitera”. Baina loa ez zen heldu.

Biharamunean, pdf-artxibo bat atxikia zeraman email bat zegoen nire posta elektronikoan. Igorlea, Iban Zaldua. Mezuan, artean garaiz nenbilela erraten zidan, nahi izatera atzera egiten ahal nuela. Hutsik egonen zelako itxaropen ñimiño bati eusten niola, pdf-a zabaldu egin nuen. Hantxe nuen nik idatzitako testua; edo, hobeki erranda, Iban Zalduak idatzitako testua, Iban Zaldua hori nornahi zelarik ere. Goiza Interneten nabigatzen eman nuen, jakin nahian ea posible ote zen birus baten edo programaren baten edo tramankulu sataniko-informatiko baten bidez ordenagailu bateko agiri bateko informazioa ebatsi eta emailez igorritako pdf batera pasatzea. Alferrik, ez da erran beharrik.

Arratsalde artio ez nuen egoera onartu. Zazpiak aldera, ordenagailua piztu eta ipuin hau idazten hasi nintzen. Behin, sukaldera joanda, orratz batekin ziztada bat egin nuen ezkerreko besoan, ziurtatzeko artean egiazkoa nintzela, eta ez Iban Zalduaren ipuin bateko fikziozko pertsonaia bat. Mina sentitzea eta odol xirripa ttikia isurtzen ikustea ez zait inoiz hain pozgarria izan.

Agindu bezala, aurkezpena urriaren 17an izan zen. Uste dut jendeari gustatu zitzaiola nire ipuintxoa. Izan ere, Juan Luis Zabalak zoriondu egin ninduen Ibanen estiloa hain ongi barneratu izanagatik.

 

[OHARRA: Ez. Ez da egia. Ipuin horrek kontatzen duen guzia ez da egia, eta naizen tokian (baina non nago, benetako eroetxe batean edo Iban Zalduak asmaturiko istorio bateko asilo batean?), testua Volgako Batelariak-en publikatuko zela jakin nuenetik eginahal guziak egin ditut ohar hau sartuko zuenik aurkitzeko. Bat baizik ez da ausartu nire lerro hauek onartzera, eta, esker onez, haren izena isilpean utziko dut, haren balentriak ondorio txarrik izan ez dezan.

Zer gertatzen ari zen igarri nuenez geroztik, egia da behin baino gehiagotan saiatu nintzela zoritxarreko aurkezpena idazten, baina hori bezain egia da behin eta berriz porrot egin nuela zeregin horretan. Ez nekien nondik hasi, zer kontatu. Erdipurdikoak ziren etortzen zitzaizkidan ideia guziak, ilunak, graziarik gabeak, inolako zirrararik sorrarazteko ezgauza. Bertzalde, testua begitan hartua nuen, gorroto nuen Idazten ari dela idazten duen idazlea, edo, hobeki erranda, jasanezina egiten zitzaidan liburua osatzen zuten ipuin eder horien egile gisa aitortua ez izatearen ideia. Hondarrean, etsia, desesperatua, Ibani deitu nion. Kalaka ederra bota nion: familia aipatu nuen, lana jarri nuen aitzakia, estresa hitza era baliatu nuen nire ezgaitasuna azaltzeko eta neure burua desenkusatzeko. Eta eskaria egin nion: eta zerorrek idatziko bazenu aurkezpena? Nire izenean, erran nahi baita, nirea balitz bezala. Nik ipuin labur bat idatzi nahi nuen, zure estiloko kontakizun bat, baina ez zait deus ere bururatzen. Telefonoaren bertzaldean egin zen isilunean pozaren seinale ez bazen ere, Ibanek onartu egin zuen nire proposamena. Ondorioa, irakurri berri duzuen “Aurkezlea” ipuina izan zen; alegia, Idazten ari dela idazten duen idazlea liburutik Iban Zalduak bere eskuz idatzi duen bakarra. Gainerako guziak, neronek idatziak baitira, neronek asmatuak, neronek mila aldiz zuzenduak. Segur aski horrek, hain liburu borobila bertze baten izenpean ikusteak alegia, bultzatu ninduen aurkezpenaren egunean Ibani erasotzera eta nire eskuekin itotzen saiatzera. Gertaera, jakina, aipatu gabe gelditu zen ekitaldiaren berri eman zuten egunkarietan (baten batean, nire izena desagerraraztera iritsi ziren, orain badakizue zergatik).

Harrezkeroztik, maiz zorabioak izan ditut, eta besoan ziztatzen nuenean gero eta odol gutiago ateratzen da. Ez naiz oroitzen nork edo noiz edo nola ekarri ninduten eroetxe honetara, baina susmoa dut dena Ibanen mendekua dela, ni isilarazteko asmoz bere ipuin batean sartu nauela, eta fite nire heriotza idatziko duela. Baina ni lasai nago, dagoeneko munduak badu-eta nire lanaren berri].

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44