1. Megaebentoa eta euskal xx. mende luzea
Ez dut uste Lourdes Oñederraren Eta sugeak esan zion emakumeariz (1999) eta Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbaoz (2008) gero horrelako liburu epokalik irakurri dudanik, hots, epoka edo aro bat markatzen duena, eta beraz idatzi egin behar zergatik epokala den esplikatzeko, epokaltasun horren kontzientzia sortzeko, ugaltzeko. Oñederrarenean, ebentoa zela ere esaten nuen (Nazioaren hondarrak 282), ez gertakaria, gertakizuna, edo jazoera, ebentoa baizik, euskal garbizaleak dagoeneko alienatuko nituen jakinaren gainean, horren esperantzan, polizia filologikoa atean abandonatu eta pentsatzen, eztabaidatzen, hasteko —egiazki polizia hori baita euskal pentsamenduaren aurkako armadarik hilgarriena. Eta beraz, oraingo honetan ere ebentoa dugu, Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuarekin batera (2010). Baina oker ez banago, eta aurreko ebento horiek ez bezala, Martutenerena megaebentoa dugu, garai oso bati amaiera ematen baitio, 1989tik 2012ra hedatzen den aroari: euskal globalizazio neoliberalaren hegemoniak definitzen duen aldi horri. Horregatik epokala dela esatea. Jon Kortazarrek eleberri hau summum bat dela dio, eta zentzu batean baino gehiagotan da summuma.
Horretan, Saizarbitoria, atarian aipatzen duen Michel de Montaigne bezala, egiatia da, leiala: ez daki eta hala onartzen du. Eleberri hau idazte-abentura bat izan dela ere ezin du baieztatu, bere kredo literario ricardoutarrari uko eginez; oso kronologikoa dirudi. Are, telezabor deitoratuaren egitura melodramatikoak azaleratzen dira Saizarbitoriaren idazketa hain modernista eta zainduan: Pilarrek Lynn operatzea kulebroi batetik, reality show batetik, aterea da, batak ez baitaki beraren senarraren amorantea dela operatutakoa, eta besteak, aldiz, ez daki zirujauaren senarra beraren maitalea denik. Pilarrek Lynn «ustekabean» hemiplegiko uzten duenean, melodramarik merkeenen lurraldean gaude. Hasier Etxeberriak ere antzeko zerbait dio: «telenobela baterako argumentua». Ironikoki Baroja, eta Barojaren aitaren garaiak, Serafin Baroja euskaltzalearen garaiak, non euskaldun, hiritar eta liberal aldi berean izan zitekeen, bihurtzen dira halako nostalgiazko momentu utopiko bakarra Martutenen, ironikoki eleberriaren hasieran, sarrera historiko bezala ematen zaiguna. Momentu ez-abertzale baina euskaltzale bat dugu hori; egun guretzat pentsaezina dena, historikoki imajina ezin duguna, nahiz eta askok desiratu (abertzale ez izatea ezin baitugu pentsatu, baina abertzale izatea pentsatzeak ere lanak ematen baitizkigu; alegia, postnazionalak gara). Karlistaldiak iraganda, Gerra Zibila eta ETA oraindik ezagutzen ez zituen garai euskaltzale eta baketsu hartan burgesia donostiar osasuntsu bat genuen. Madrilgo burgesia eta noblezia ere ia era neoliberal batean hedatzen zen Euskal Herrian, leku eta paraje onenak erosiz, uda bertan pasatuz, Sabino Aranaren eragina oraindik ere urria zen Gipuzkoa hartan. Hala, ez da harritzekoa Baroja izatea Saizarbitoriaren eta Martuteneren super ego literario ezkutua.
2. Sistemaren aurka kanona eta adierazle hutsa
1993an plazaratu nuen artikulu bat (Nazioaren hondarrak 63-89), non kanonaz teorizatzen saiatu nintzen, orduko teoriei heldu gabe, ofizial/kanon binomioaz baliaturik, hemengo egoera hobeto esplikatuko zuelakoan. Sasoi hartan, eta orain gezurra badirudi ere, kide nituen eta orain kritiko ezagun diren zenbaitek errieta egin zidaten Atxaga kanonikoa zela baieztatzeagatik. Ez zela posible! Ez dut uste ezer gehitu behar dudanik. Geroztik, eta nik baino askozaz hobeto, Ur Apalategik landu du gaia, Bourdieu-ren teoriei jarraikiz, bere La naissance de l’écrivain basquen hasi eta harrezkero idatzi dituen artikulu ugarietan barrena («Rossetti’s Obsession», «Guerra civil y literaria»).
1993ko artikulua aipatzen dut, berriro ere antzerako zerbait gertatzear dela intuitzen baitut: esatera noanak baduela gure doxa kritikoa desafiatzeko indarra edo ikusmira, eta horregatik berriro ere errieta bera egingo didatela, nahiz eta frogatua dudan geroa aurreikusteko badudala gaitasun zorrotza edo burugogorra. Hots, berriro ere kritikariek, eta zehazkiago Atxagaren kapital kulturala gehien profitatu dutenek, alkandorak urratuko dituzte baieztatzen dudanean, ia hogei urteko perspektibatik, eta bien bitartean egin dudan gogoeta kanonizistaren ondorioz, Atxaga XX. mendeko idazle dela, ez XXI.ekoa, eta mende honetan ere ez duela leku kanonikorik, soziologikoa baizik. Baieztapen hori, aurrerago azaltzen saiatuko naizen bezala, ez dago kontraesanean 1993koarekin; aitzitik, orduan ez zegoen bereizketa bat birpentsatzearen eta fintzearen emaitza da. Izan ere, Eric Hobsbawn-en proposamena irauliz (The Age of Extremes: The Short Twentieth Century, 1914-1991), euskal xx. mendea luzea dela esango nuke (1898- 2012),3 eta Atxaga mende horretako literaturan fenomeno soziologiko gisa dela garrantzitsu, besterik gabe, eta ez literatur idazle kanoniko gisa —jakina, kanona fenomeno soziologiko ere badela onartu behar badugu ere.
Obabakoak zahartuz doan bezala, eta hein batean errealismo magikoari orokorki gertatu zaion bezala, idazlan hori fenomeno soziologiko bat dela esango nuke, eta beraz autorea bera. Euskal literatur eremua eta haren autonomia (Bourdieu; Apalategi) eraikitzen Atxaga pertsonaia nagusi izan bada ere, haren obra autonomizazio horri kateaturik dago eta autonomizazio horren hedapenaren arabera irakurri beharko genuke, momentu historiko eta soziologiko horri loturik, fenomeno soziologiko garrantzitsu gisa, baina kanonaren barnean halako zentraltasunik eman gabe. Kanona, hain zuzen, «ahistorikotasun»aren edo «klasizismo»aren efektu ideologikoa sortzeko hautatzen den idazlan zerrenda gisa defini dezakegu, Marx eta Engels-en galdera zaharrari bidenabar erantzunez. Kanona ideologiak itsutzen gaituen literatur eremua da: ideologia ikusteari utzi eta betikotasun ez-ideologikoan kokaturik dagoela iruditzen zaigun literatur eremua eta zerrenda dugu, idazlanaren «kalitatea» begi-bistakoa eta kuestionaezina dela bermatzen digun eremu eta momentu hori. Bourdieu-k esango luke gure habitusak sortzen duen eremu edo zerrenda dela kanona. Aurreko garaietako literatura ere habitus edo ideologia garaikide horren arabera «klasiko» gisa ikusten dugun heinean da bakarrik kanon historiko luzeagoaren parte «betiereko». Atxagak, berriz, Obabakoak idatziz geroztik egin dituen saio narratibo arrakasta gabekoen ondorioz, bere eta gure historikotasuna azaltzen digu: bizi garen literatur momentuari hasiera eman diona, baina momentu horren biktima ere bihurtu dena, eta beraz momentuak irentsi duena.
Atxagaren lanak izan dituen eragin negatiboez, alegia, Euskal Herria Beste exotiko bihurtzearen efektuez eta, beraz, ohiturazko eszenategi ahistoriko bihurtzearen ondorioez, Apalategi, Galfarsoro eta Ibai Atutxa jada luzaz mintzatu dira, eta neu ere ez naiz isilik geratu (Nazioaren hondarrak 121-177). Atxaga izan da hein handi batean euskal literatura Espainiako sistema literarioaren menpe ezarri duena eta, menpekotasun horren ondorioz, Apalategik ondo esan duen bezala, bera bezalako idazleak «escritores españoles de pleno derecho» bihurtu dituena («Guerra civil y literaria», «Rossetti’s Obsession» 325; ikus nire «Indifference as Terror» ere, non Atxaga kanon espainiarrera, gaztelaniazkora, pasatzen dudan). Bada exotismoa eta bestetasuna estrategikoki erabiltzeko biderik, Alvaro Cunqueiro-ren idazkerak eta batez ere haren Merlín e familiak frogatzen dutenez; ez da Atxagaren kasua.
Hamaika pauso eta Martutene irakurri eta gero, kategoria etiko-politikoei kalitatearena gehitu behar zaie. Esan bezala, hemen estrategikoki erabiltzen dut kategoria, ezker literarioak ere kategoria horretan sinesten baitu Euskal Herrian (ikus «Utikan Euskadi saria»n kalitateaz egiten den gorapena), eta, beraz, Bourdieu-ri bizkarra emanda darabilt hemen, apropos. Saizarbitoriak egindako aukera etiko-politikoek balio izan diote Atxagak «ezinbestean » pairatu behar izan dituen eragin espainiar eta globalei aurre egiteko. Indar horiekiko autonomia geopolitikotik (Madrilekiko autonomiatik) idatzi duelako, aukera horiek berek distantzia eman diote Saizarbitoriari Euskal Herria adierazteko, kanpotik egiten diren exotismo, estereotipo eta kostunbrismo eskakizunei aurre eginez. Laburki esanda, Saizarbitoriak ez bakarrik autonomia instituzionalari baizik eta autonomia geopolitikoari ere eutsi diolako izan du kalitatezko lana eraikitzeko aukera: exotismoan, bestetasunean eta kostunbrismoan erortzen ez den lana.
Horrelako baieztapenek duten karga ideologikoaz erabat kontziente, zera esan dezadan, egunkarietako artikulu motzak zein taberna eta afarietako elkarrizketa eta esamesak martxan jartzeko, alegia, Saizarbitoriaren eleberriaren zirkulazio sozialari eta bere zentzu- hustuketari hasiera emateko: Martutene da euskal literaturaren historiako eleberririk onena (kalitatezkoena; nire bihotz historiografiazaleak, kalitatea historikoki ulertzen duenak, pribatuan Peru Abarkaren alde egingo balu ere).
Hasteko egin diezaiogun erreferentzia, kultur instituzioen inguruan, pentsamendu instituzionala gararazi duten kritikoen ekarpenari, eta, zehazkiago, kritiko horiek duten mamu eta era berean fetitxe nagusiari: normalizazioa. Sistematizazioarekin lotutako beste hitz fetitxeak zerok ditugu: sistema, modernitatea, heldutasuna, aukera aberastasuna, merkatuaren indartzea, eta abar. Adibidez, eta euskal emakumezko idazleen kasuaz mintzatzean, Mari Jose Olaziregik ondorioztatzen du: «[E]uskal sistema literarioaren normalizazioa lortu behar dugu» (M. Agirre). Euskal kulturara eta literaturara «normalizazioa» noiz iritsi(ko) den erabaki nahi duten kritikoak euskal kultura instituzionalki erabat kontrola eta sistematiza daitekeen uste ideologiko kargatutik abiatzen dira, eta pentsatu nahi dute euskal literaturak noizbait Europako eta Mendebaldeko eredu nazionalista-inperialistan lekune ez-problematiko bat lortuko duela. Euskalduna inoiz kultura eta literatura normala izango delako usteak aurrez eskatzen du, baldintza gisa, euskal nazio-estatu inperialista kapitalista baten existentzia (Atutxa 155). Izan ere, «normaltasuna» hala eratutako estatuek bakarrik eratu eta definitu baitute historian: Ingalaterra, Frantzia eta Alemania (eta agian AEB). Normaltasunaren historiak oso zentzu errotikakoan erakusten du hiru nazio-estatu horien edozein idiosinkrasia ere normaltasunaren definizioan ontologikoki barneratu dela, eta ez alderantzizkoa: haien historiak direla bakarrak normaltasun unibertsal eta platoniko bat lortu dutenak, beren idiosinkrasiei gaina harturik.
Estatu espainiarrak ere ez du estatus hori, eta beraz hark ere modernizatzearen, eguneratzearen eta normalizatzearen gatazkan harrapaturik segitzen du. Bigarren maila batean, normalizazioaren diskurtsoak, Euskal Herriko hegoaldekoa den heinean, betiere estatu espainiarrarekiko normalizazioa ere esan nahi du, ironikoki estatu espainiarrak normalizazioaren diskurtsoan bere burua inoiz txertatu ezin izan badu ere —betiere estatu frantsesarekiko definitu baitu bere normaltasuna, eta, ondorioz, estatu frantsesaren aldaera ez-erabat normal izatera kondenatu baitu bere burua— enblematikoki borboitar eta beraz jatorriz frantsesa den monarkia baten agintepean.
Normalizazioaren aldeko kritikari gehienak, era berean, sistemaren aldeko kritikariak dira —alderantzizkoa egia ez bada ere. Darío Villanuevak Itamar Even-Zohar-en teoria sistemikoak estatu espainiarrean sartu zituenetik, sistematizazioaren euskal kritikoak literatura pentsatzeko aparatu teoriko honi atxiki zaizkio. Hala, kritikook teoria hau baliatu dute «euskal literatur sistema» normalizatua, inongo urradura edo frikziorik gabe, estatu espainiarreko literatur sisteman barneratu eta zientifikotasun enpirista baten bidez legitimatzeko (Olaziregi, Euskal eleberriaren historia 13-14). Sistema teoria —polisistema gisa ere definitzen dena— estatu espainiarreko instituzio autonomikoek behar duten teoria normalizatzaile eta sistematizatzailea da. Bertan kanon bat ezartzea da joera normalizatzaile eta sistematizatzailearen xedea, zeren sistema euskal-espainiar (autonomiko) horren arabera literatura kontrolatzea eta hedatzea baita azken helburua. Hots, kanon sistematizatuak oso funtzio politiko berezia du: literaturari bizkarrezur instituzional, politiko eta ekonomikoa ematea. Atutxak, Even-Zoharri jarraikitzen bazaio ere, argi ikusten du euskal literatur kanon bat sortzeko joera sistematizatzaile eta normalizatzailearen arrazoia, literatur instituzio autonomo bat —l’art pour l’arten teorietan oinarritua— sistematizatu eta normalizatu beharraren arrazoi politikoa, zera dela: «L’art pour l’art hutsaren arabera irakurritako euskal literaturaren kanonak —autonomiazko egituran babestua eta horren arabera eraikia— Estatu espainiarraren oinarrian (Estatu modernoaren oinarrian) dagoen kontzentrazio eremuaren nomosa [legea eta usadioa] errepikatzen du eta eredu horri jarraituta eraikitzen du subjektu euskaldun subordinatua “zehaztasun perfektuan”» (82). Sistema normalizatzaile eta sistematizatzaile horretan, hiru autore dira nagusi, «estatu espainiarraren sistema autonomiko periferikoaren trinitatea»: Carme Riera, Manuel Rivas eta Bernardo Atxaga —Quim Monzó izanik laugarren hautagai aukerakoa.
Ez dugu ahaztu behar, literatura latinoamerikar ugarik ere patu normalizatzaile- sistematizatzaile bera jasan duela (Roberto Bolaño izanik beraren azken subjektu kutunena) eta Ekuatore Gineakoa (Donato Ndongo-Bidyogo) eta Magreb hispanofonokoa ere joko berean harrapaturik daudela. Latinoamerikarrek horri «alfaguarizazio » deitzen diote (Barrera Enderle 31-41). Interes editorial espainiar batzuen arabera hango literatura itxuratzeko, normalizatzeko, joera da hori —«egiazki latinoamerikarra» Bartzelonan eta Madrilen erabakitzeko prozesu sistemiko eta normalizatzailea. 2002an idatzitako saiakeran, Barrera Enderle-k, alfaguarizazioa definitzeko, Bolaño-ren fenomenoa baino lehenago sortutako hiru talde aipatzen ditu: X belaunaldi espainiarra, crackeko literatura mexikarra eta NN talde txiletarra. Halere, ia lerroz lerro euskal literaturari aplika dakioke alfaguarizazioaren kontzeptua.
Intuizioaren aurkakoa badirudi ere, Saizarbitoriaren narratiba kanoniko gisa aldarrikatzea goiko joera normalizatzaile eta sistematizatzaileen aurkako ekintza, ekintza fundazionala, ere bada. Zehazkiago, Martutene euskal XX. mendeko eleberririk kanonikoena bihurtzeak normalizazio-sistematizazioetatik ateratzeko aukera ematen digu. Izan ere, Ulises (1922) bezala, eleberri luzea, konplexua, geruza-anitza, erreferentziaz betea, ironikoa, metaliterarioa (Max Frisch-en Montaukeko erreferentziaz eraikia, Kixotea zalduneria eleberrietakoez bezalatsu), eleanitza eta historikoa da. Hots, euskal XX. mendea bere osotasunean berrirakurtzeko eta interpretatzeko aukera ematen digu. Eta, hain zuzen horregatik, Martutene lehenik eta behin erabat irakurri ezin daitekeen eleberria da, agortezina, oraindik ere hemendik 100 urtera euskal kritikari batzuek aztertuko dutena —agian hildako hizkuntza baten erlikia nagusi gisa, baina halere aztergarri. Eta horregatik, izugarrizko esfortzua eskatzen duelako irakurtzeko, beharturik unibertsitatean bakarrik mailarik aurreratuenetan irakatsi ahal izango delako, literatur kritikari sofistikatu eta jantziek (alegia, ni bezalako «eminentziek ») bere osotasunean «uler» dezaketen eleberria delako, erosi bai baina gehienek irakurriko ez dutelako, eleberri kanoniko ideala da —aurrerago hitz egingo dugu euskal modernitate oso burges eta dekadente baten adierazle izateak nolako jokoa ematen digun kanpoan geure burua aurkezteko, sistema eta normalizazio espainiarretatik at.
Martutene euskal literaturaren adierazle hutsa (empty signifier) bihur dezakegu, berez irakurri ere egin behar ez dena, erosteak dakarren irakurketaren zero graduak dagoeneko justifikatzen duena («Ez dut irakurri, nahiz eta erosi dudan eta uda/negu honetan neure buruari prometatu diodan irakurriko dudala»). Bestela esanda, Axularren Gero azken batean aspergarria irakurri eta gero, Saizarbitoriaren Martutene irakurri eta ulertu duela baieztatzera animatzen den irakurle beldurgabeak ez du esperientzia literario bat bereganatu nahi soilik, estatus kultural bat lortu nahi du, kapital kultural bat, bereizkuntza soziala ematen diona (Bourdieu).
Are gehiago, literatura espainiar hegemonikoan Nobel saria inoiz emango dioten esperoan erabat kanonizatu duten Javier Marías-en idazlanekin ondo erkatzen da Martutene, eta beraz, bestetasunean erori gabe, Saizarbitoriaren lana era berean literatura espainiarraren normaltasun ez-normala islatzeko gauza da, eta, hein horretan, traumatiko ere bihur dakioke literatura espainiarrari, osagarri autonomiko exotiko izan beharrean, literatura espainiarraren barnean, gunean, dagoen traumaren (ezin normaltzea) isla bihurtzen baita.
Edozein pentsamendu sistematizatzaile, baita Bourdieuri jarraikiz egina ere, deskriptiboa den heinean, lagungarri izan daiteke zenbait botere eta ekonomia arazo argitzeko. Alabaina, sistematizazioarekin loturik azaltzen den heinean, eta, orokorkiago, sistema europar-espainiarraren azpisistema euskal literatura bihurtzen duen neurrian, uste dut arbuiagarria dela eta betiere kontu kritiko handiz aztertu behar dela.
Sistemaren eta normalizazioaren paradigma subordinatzaileak gibeleratzen ditugun heinean bakarrik lortuko dugu euskal literaturaren errealitatea eta historia bere hartan ulertzea —agian hori kritika suberanista dela ere esango dit norbaitek, eta hein batean arrazoi luke, estatu-nazio euskaldun bat berriro ere sistematizazioa indartzen saiatuko balitz ere. Baina, suberanismotik haratago, oraindik ere zeruertz historikoago eta konplexuagoa irudikatu behar dugu, non subalternizazioaren trauma, klase beherearen (baserritarrak, arrantzaleak, herri txikietako hiritarrak) opresio linguistiko, kultural eta soziala den euskal literaturaren abiapuntu negatibo, traumatiko, eta inoiz ere erabat berreskuraezina. Historia negatibo eta traumatiko horren aurrean, edozein pentsamendu sistematiko eta positibo opresiozko pentsamendu bihurtzen da. Kanona, beraz, ez dugu sistematikoki pentsatu behar, baizik eta sistemaren aurka, gure historia subalternoa sorosteko, berreskuratzeko. Hitz filosofiko potoloak erabilita, esan behar, Galfarsororen tesien aurka, euskal partikularra unibertsal bihurtzen dela, negatiboki, ez-normalak garelako, estatu bat lor dezakegulako, baizik eta gure historia subalternoa, negatiboa, unibertsala delako.
Saizarbitoriarena bezalako literaturak kanonaren adierazle hutsaren posizioa har dezakeen neurrian, jardun eta kritika kontrasistemiko bat garatzeko aukera ematen digu, kanona ezinezkoa bihurtzen baitu, ezinezko literaturaren kanona (ezin irakurri, ezin gainditu, ezin kopiatu, ezin alfaguarizatu, eta abar). Kanonizazio horrek ez luke egitura superregotiko bat sortuko,10 hurrengo literatur belaunaldia idazteko jardunean kastratuko lukeena; aitzitik, hurrengo belaunaldia askatu egin lezake, eta oraindik ere aurreikusi ezin ditugun genero eta lanentzat bidea harrotu. Bestela esanda, eta uste dut hau edonork ulertzeko moduan jartzea dela: Saizarbitoriaren Martutenek akabatu du euskal maisu-eleberria idatzi beharraren obsesio eta eskakizun sistemiko eta normalizatzailea. Erreferentzia beste eremu batetik harturik, agian errazagoa da ulertzea. Partenoi grekoa bakarra da, eta, berriro ere partenoiak eraikitzen saiatuz gero, eta bada bat AEBn behintzat, ezin da klasizismo kanoniko hori berreskuratu kopiaren estetika kitschean erori gabe; izan ere, AEBn partenoi bat eraikitzea kitscha izatea da.
7 Euskara garbizalea versus heteroglosia
Lehenengo orrialde profetiko horietan, Saizarbitoriaren Mar- tutene, lehenengo aldiz, aurreko eleberriak ez bezala, porrot modernista izango dela iragarriz mintzatuko zaigu Julia. Idazketaren abenturak Martutenen porrot egingo duela abisu egitera datorkigu Julia.
Izan ere, orainaldi luzatu eta ekintza gabeko horren narrazio sintaktiko konplexuak lortzen duena efektu bikoitza da: bi pertsonaia kontatzaile-fokalizatzaileen (Abaitua, Julia) kontzientziaren sakontasunaren zertzeladarik minimoena ere ikertu eta analizatzea, eta, gainera, beste pertsonaien kontzientziak ere fokalizatu eta azaltzea. Orainaldi luzatu horretan txertatzen diren perpaus luze horiek sakontasun psikologikoa ematen dute. Eta hala esan daiteke, modernismorik klasikoenean bezala (Proust, Woolf, Faulkner...), idazketaren abentura esaldi luze, barroko eta aberats horietara iragan dela, denbora eta ekintza orainaldi luze horretan geratu, izoztu baitu autoreak. Martutenek ere idazketaren abentura ricardoutarrari erantzuten dio; baina egitura narratibozko piroteknia konplexutan oinarritu beharrean (Hego Amerikako errealismo magikoaren eta Nouveau Romaneko eleberri batzuetan bezala, Cortazar-en Rayuelan kasu), Saizarbitoriak ia eleberriaren egitura nagusia suspenditu egin du, minimizatu, deuseztatu, idazketaren abentura pertsonaien kontzientzia presente eta historikoan barnera dadin, mikroskopioaren zehaztasunez, zertzelada eta xehetasunekiko pasioz. Martutenen, Saizarbitoria idazketaren abentura maila makrotik mikrora pasatu da, perpausa luze barroko eta mikro-errealistetara, non, lehen sekula ez bezala, euskal esperientziaren tolesdura existentzial eta historiko txikienak ere maisukiro azaltzen diren.
Alde batetik, Saizarbitoriak lortu du hizkuntza desberdinak testuan barneratzeko bide berri bat. Izan ere, erdara, batez ere elkarrizketan, lehenengo aldiz jatorrizko hizkuntzaren hitzak erabiliz sartzen da, eta, zeharkako estilora iraganez, hitz horien arrastoak euskaraz ematen dira, eta beraz euskarazko narrazioan, diskurtsoan, asimilatzen. Bajtinek defendatzen duen heteroglosiaren hizkuntz aniztasuna, Saizarbitoriak zeharkako estiloaren bidez barneratzen du, dialogizatzen du eleberrian eta, era berean, euskalduntzen. Hala, zeharkako estiloak palinpsesto batek bezala funtzionatzen du, irakurleak euskaraz irakurtzen segitzen duenean ere, hasierako jatorrizko hizkuntzaren arrastoa oraindik ere gogoan baitu, marjinalki, ia subliminalki.
Heteroglosia ez da bakarrik hizkuntzetara mugatzen, edo literaturara. Zehar estiloak, kontzientziaren alde jotzen duen estilo horrek, euskal mundua definitzen duten diskurtso gehienak bateratzeko ere balio dio autoreari: antropologikoa, soziologikoa, euskalkietakoa eta herri txikietakoa, politikoa, terrorista, globala, medikoa, gastronomikoa, arte ederretakoa, musikakoa, turistikoa, etorkinena, eta abar. Alde horretatik ere, seguruenik euskaraz idatzi den eleberrik konplexuena, heteroglosikoena, dugu.
9. Baroja eta euskal komedia humanoa
Euskomediari eman zion elkarrizketa batean, Saizarbitoriak zera gogoratzen du: «Recuerdo que de niño, o de joven, solía escribir imitando a Baroja» (Sala). Barojak aipamen ugari ditu Martutenen. Garrantzitsuena Juliarena da, zeinak, senar etakide hilak semearentzat utzitako eskutitza hari eman beharrean, urratu egiten duen, eta ordez, Barojaren Zalakain abenturazalea ematen dion, bikote Martinen opari gisa.
Hots, Martutene XX. mende euskaldunaren kronika bada, krisi gisa eta amaiera gisa kontatzen den kronika, kontaketa horrek ez du elementu utopikorik geroan. Elementu utopiko bakarra lehenaldian dago, XX. mende euskaldunak ezabatzen duen aurreko mendeko historian (1872-1898): Baroja aita-semeak eta haien garai donostiarra. Izan ere, desagertu den momentu horretan, XX. mendeko euskal abertzaletasunaren krisiaren konponbidea ikus daiteke atzera begira, fantasia eta utopia gisa. Euskaltzaletasuna sinbolizatzen dute Baroja aita-semeek, eta era berean euskal abertzaletasunetik kanpo eratzen zen euskaltzaletasuna, euskaraz mintzo eta idazten zuena eta, beraz, burgesa, hiritarra, euskalduna eta kosmopolita zena.
Martutene eleberria momentu burges donostiar euskaltzale horren ezintasunaren eta desiraren kro- nika baino ez dugu; abertzalea izanik, abertzale izan nahi ez duen eleberria. Abertzalea beste modu batera izan nahiko lukeen eta ezin duen eleberri galtzaile baten kronika da. Eta horregatik abertzalea bestela, beste modu batera, izan nahiko lukeelako, desiratzen duelako, Martutenek XXI. mendeko atea zabaltzen digu, mende horrek zer izan beharko lukeen desiraraziz.
Beraz, galdera bakarra geratzen da: zeri buruz idatziko du Saizarbitoriak euskal XXI. mendean? Onartu du askatasun handia sentitzen duela Martutene amaitu eta gero. Izan ere, kanona lortu duenez, askatasun hori lortu du, Atxagak ez bezala. Aurrerantzean, Saizarbitoriak askatasun horretaz baliaturik zer egingo duen da gakoa.
Saizarbitoriak kinka horri bi alternatiba ikusten dizkio: «betiko gaiei bueltaka jarraitzea... beste gai batzuei buruz hitz egite[a]». Neuk beste aukera bat ikusten dut. Zenbait pertsonaia eta motibo eleberri batean baino gehiagotan errepikatzen direla kontuan hartuta, Saizarbitoriak euskal burgesia lokalaren eleberritik harantzago egin dezake, esperimentalago bihurtuz, formatu txikiagoak erabiliz, emakumezkoei ahots nagusiagoa emanez, beste sexualitate batzuetatik idatziz (homosexualitatea, lesbianismoa....), beste klase sozialak eta diskurtsoak inkorporatuz, eta abar. Horrekin guztiarekin, La comédie humaine (basque)a idatz lezake, Balzacek, Dickensek eta Galdosek egin zuten bezala, beste eskala batean egingo balu ere, eta gainera diskurtso, tradizio, eta ahots desberdinak erabiliz, hala idazle haien molde errealista murriztailea gainditzeko. Hots, Saizarbitoria, idazle burgesa ala euskalduna izateko alternatiban dago (alegia, euskal burgesa ala klase-anitza eta beraz euskalduna). Neure gomendioa euskal idazle izatea litzateke, komedia humano euskaldunerantz joaz, bidean sekula baino gehiago disfrutatuz, Martutenek absentziaz iradokitzen dituen beste eleberri horiek (Juliarena, melodrama herrikoiarena) orritaratuz.
Aurkezpen aurreko aitorpena. Arte garaikideak azken hamarkadetan egin duen hedapena poesiara nola eraman da nire azken aldiko kezka, ziur aski alferrekoa. Enbidia diot egin duten hedapenari. Horregatik, ziur aski, behar baino artistikoagoa izango da aurkezpen hau. Baina aurkezpen guztiak bezala, aurkezpen hau ere gehiago mintzo da aurkezpen egileari buruz, aurkeztuari buruz baino. Eta beraz, ez naiz gehiegi saiatu hori ezkutatzen. Hau da Hedoi Etxarteren SINPLISTAK liburuaren aitzakian, nire kezkei buruz idatzi dudan testua. Eta arteari inbidia izaten hasita, titulatzeko gaitasun harrigarria ere lapurtuko diet artistei.
Titulurik gabe
Ikono bat da irudia. 1960ko azaroaren 27a da. Ireki du leihoa Ives Kleinek, eta badoa etxeko teilatuaren ertzera oinez. Hartzen du arnasa, eta uzten du bere gorputza erortzen. Jauzi egitea erabakitzen du, bai, baina ez da suizidio ariketa bat: arte pieza bat da. Keinu artistiko bat. Izenburua ere badu piezak: Le peintre de l'espace se jette dans la vide! Espazioaren margolariak ezerezera egiten du jauzi. Ederra da irudia. Ederra Kleinen gorputza bere tendoi eta muskuluak luza-luza eginda ikustea, erlaxatuta, eroraldi itzel bat jasotzear, baina erortzeko beldur arrasto handirik gabe. Flotatzen dirudi azpian duen ezerez horren gainean haren gorputzak. Gorantz lebitatzen, kasik, beherantz grabitatzen beharrean. Indibiduo bat, bere glorian, eta haren inguruan ezereza. Hori dio artistak, behintzat. Hori da piezaren titulua: Espazioaren margolariak ezerezera egiten du jauzi. Baina zein da hutsune hori? Zer deitzen du hutsune artistak? Zeri esaten dio ezereza? Artistak kale batera egiten du jauzi. Gainontzeko kale guztiak bezalakoa den beste kale batera. Eta hain zuzen horri deitzen dio hutsune Kleinek. Eta hala, margolariaren gorputz indibidualaren heroikotasuna goraipatzeko, ikusezin bilakatzen du sortzaileak gorputz soziala. Ezereza esaten dio kaleari Kleinek. Eta hain zuzen ere ezerez hori da Hedoi Etxarteren poesiaren gaia. Gorputz indibiduala inguratzen duen hutsune sozial hori guztia. Ekaitza da Etxarterentzat Kleinentzat hutsune zena.
GAURKO AFARIA
Bada jendea uste duena hondamendia dela
eta(m)ren ekintza armatuak bukatu izana
bizkartzainak langabeziara joanen direlako.
Frantzian 1946an Poloniarako eremuetara
zihoazen tren-gidarien desagerpenak langabezia
igoko zuelako kezkatu zen jende bera da.
Bada jendea kexatu dena ehun irakasleek
tutoretza orduetan inbertitzen duten denbora
neurtzeko sistema instalatu dutelako.
Duela lau urte atezain, informatikari eta
fakultateko langile teknikoentzat sistema bera
instalatu zutenean kexatu ez zen jende bera da.
Bada jende diruduna egunkarietako zutabeetan
beheko klasearentzat idazten duela dioena.
1872an Eskoziako oihal-fabriketako umeei
gauez zopa ematen zien jende bera da
—egunez goikoentzat jertseak egiten
hil ez zitezen elikatzen zituzten—.
...
Ez da Etxartek kontatzen duena ikono bilakatzerik. Zikin ageri du zikin ikusten duena. Zakar kontatzen du, leundu gabe. Sakona da asmo estetiko hori, baina baita azalekoa ere. Keinu bat da Hedoi Etxarteren SINSPLISTAK liburuaren azaleko irudian ageri dena ere. Alain M. Urrutia margolariarena da. Ederra da irudia, baina artegagarria ere. Badu berezko anbiguotasun bat, eta horrek ematen dio indarra. Txakur baten hortzak ageri dira irudian. Baina ez ditu txakurrak erakutsi hortzak. Norbait ari da txakurraren hortzak erakusten. Hatz batzuk mantentzen dute zabalik animaliaren ahoa. Keinua da hemen ere klabea. Gehiegizko konfidantza ageri dute hatz horiek txakurra mehatxu gisa hartzeko. Baina ez da soilik hori. Gehiegizko mehatxua ageri dute hortz horiek konfidantzarik pizteko. Txuria eta beltza da irudia, baina grisa da mezua. Alde ala kontra. Ez dakigu zer aldera dauden hortz horiek itzulita. Ez dakigu noren aurka eta noren alde. Franz Fannon pentsalari martinikarrak ere antzerako zerbait esaten zuen armadaren desfileez. Esaten zuenez, bikoitza da desfile horien mezua. “Ez da hau ematen duten mezua: 'Ez ausartu mugitzen'. Gehiago dirudi zera oihukatzen dutela: 'Prestatu erasorako'”. Halako zerbait gertatzen da SINPLISTAK liburuaren azalarekin ere. Eta Hedoi Etxarteren poesian handia da bikoiztasun horren presentzia. Azaletik sakonera:
KOLABORATZAILEAK
Historia erreportajeek saldu digute kolaboratzailea
bota beltz altuz, txano militarrez, Falangearen edo
SSen ikurrez haserre zegoela eta odolzalea zela.
Baina ez, orain badakigu kolaboak izan zirela
Falangen edo Action Françaisen militatzeko adorerik
izan ez zuten gorozki apolitikoak, zital umejaleenek
ez zutela iritzi zehatzik honen eta bestearen inguruan,
eta ez preseski azterketak sakonki eta xehetasunez
eginagatik zalantzak sortu zitzaizkielako. Ez preseski.
(…)
Arrunkeria bikaintasunetik ospatzen duzuen
hankabikoei dizuet izu handiena Galileoren esferan.
1999an Santiago Sierra artista espainarra La Habanako Espacio Aglutinador izeneko arte gunean. Marra bat marrazten du. Marra soil bat da bere artelana kasu honetan, baina marra non marraztu duen da klabea. Piezaren tituluak ematen du pista: “Línea de 250 cm tatuada sobre 6 personas remuneradas”. 30 dólar ordaindu dizkie Sierrak sei gizoni bizkarrean lerro bat tatua dezaten. Eta onartu egin dute, itxura denez, denek ageri baitute beren marra puska bizkarrean. Sei gorputz indibidual, lerro bakar batek gurutzatuta. Sei gorputz zehatz, azalean gatazka sozialaren marka ageri dutela. Ohikoa da lan egiteko modu hori Sierrarengan. Oharkabe pasa ohi den horretan jartzen du begia artistak. Beste artista askok jakintzat edo garrantzi gabekotzat jotzen duten horretan: lan harremanetan. Hori da bere sorkuntza materiala. Poesian ere ez da gehiegi lantzen den gaia. Eta jakintzat edo garrantzi gabetzat jotzen dute askok lan munduarekiko kezka. Hedoi Etxartek,ez. Berak ere bere piezetariko baten ardatz bilakatzen ditu lan harremanak.
NORBERAK BERE IKUSPUNTUA DU (euro moneta unitatearekin irakurtzeko poema): «Norberak bere ikuspuntua du» dio
hilean 2.700 jasotzen duenak.
«Masaila sorbaldatik bereiziko dizugu» dio
hilean 682 irabazten duenak.
«Bilatzen ez duelako ez du lanik...» dio
1.500 jasotzen duenak eta
«... ze lana, egon, badago» gehitu du
710 irabazten duenak”.
...
1973ko Parisko opera. Merce Cunningham koreografoa Un jour ou deux izeneko pieza entsaiatzen ari da. Eszenatokira oinez sartzeko agindu die bere dantzariei. Oihal artetik publikoaren aurrera oinez joateko. Puntu bat badu dantzari bakoitzak taula gainean dantzan hasteko, eta hara heltzean baino ez dira hasiko dantzan. Oinez egingo dituzte harainokoak. Hori agindu die Cunninghamek eta hori egingo dute haiek. Hori ikusita, protesta batean hasten zaio ballet maisu bat koreografoari. Eskandalu bat iruditzen zaio: “Ezinezkoa da hori”, esaten dio haserre, “ezin duzu hori egin”. Cunninghamek baietz: “Frantsesak nola ibiltzen diren erakutsi nahi dut”, erantzuten dio. Baina balletzaleak berean jarraitzen du: “Ezin duzu hori egin!”.
Baina hain zuzen ere hori da Hedoi Etxarteren poesiak erakusten duena. Artearen inposturak gora behera, SINPLISTAK liburuak erakusten du euskaldunok nola ibiltzen garen. Eta hori erakustea, eta erakustea herrenik ezkutatu gabe, hori ez da inolaz ere sinplekeria.
Milesker.
Iñigo Astiz, 2013ko urtarrilak 18
Ipuina alemana ikasten ari nintzela irakurri nuen. Moldatua. Harrezkeroztik bertsio osoa ere irakurri dut, alemana lardaskatzera baizik ailegatu ez naizen arren. Heinrich Böll. “Der Lacher”. Irri-egilea, alegia. Jendearen irriak imitatu eta berea ezagutzen ez duen tipo serio aspergarri haren istorioak bazuen zerbait, hunkitu ninduen zerbait erran nahi dut, zuzenean hitz egiten zidan zerbait. Garai hartan erdi krisian nenbilen. Inork galdetuz gero, baietz nik, zer edo zer idazten ari nintzela, ipuinak (batzuetan), nobela labur bat (bertze zenbaitetan), saiakera bat (maiz). Baina egia latza eta gordina zen ez nintzela deus ere idazten ari; ez serio behinik behin, ez helburu jakin batekin. Dudan nenbilen. Nik idatzitako orrialdeetan ez nuen neure boza ikusten. Nire testuak bertze norbaitenak izan litezke; bertze edozein idazlek sinatzera, inor ez zen ohartuko. Erraz atera nuen, beraz, Böllen ipuinaren irakaspena: irri-egile hura bezalakoa nintzen ni, berezko ahotsik gabeko tipo serio aspergarria.
Oker nenbilen. Hori lagun batek gaztigatu zidan, eta, bidenabarkoan, bidea erakutsi zidan. Ez, ez, ez, erran zidan, ipuina gaizki ulertu duk. Hik irri-egileak bezala egin behar huke, bertze idazleren estiloa imitatu alegia, eta emeki-emeki hire boza aurkitzera ailegatuko haiz. Aukera ezak hire gustuko eskritore bat, eta idatz ezak haren estiloko ipuin pare bat. Ikusiko duk nola ateratzen haizen hire putzu beltz horretatik.
Hasmentan, ez nion kasu handirik egin. Baina, bertze egitekorik ez eta, azkenean, proba egitea erabaki nuen. Egun haietan, Iban Zalduaren hiru liburu irentsi berriak nituen: Traizioak, Ipuin euskaldunak eta Biodiskografiak. Gustura irentsi ere. Are gehiago –zergatik ez dut aitortuko?–, zenbait ipuin izugarri gustatu zitzaizkidan, batez ere kutsu fantastikoa zutenak (“Lagun ikusezina” da nire gogokoenetarik bat: bakar aldiz leitu dudan arren, oraindik hotzikara sentitzen dut akaberako paragrafoa irakurritakoan). Estiloa eta gaiak neure sentitzen nituen, hurbil-hurbilak. Zergatik ez?, pentsatu nuen. Hasiko naiz Iban Zaldua imitatuz zer edo zer zirriborratzen.
Ibanen testuetan agertu ohi diren gaiak eta temak pauso bat haratago eramatea erabaki nuen: literatura, alde batetik, obsesio bilakaturik, gaixotasun bihurtzeraino; eta paradoxen gustua, errealitatearen eta fikzioaren arteko zubiak –ez, zubiak ez da hitza: bukleak, gurpil zoroak–: zer irudikatu, eta hura errealitate bihurtu. Poliki-poliki, hasi nintzen lehen testuak sortzen: idazle perfekzionistegi batetik abiatuta, itzulpengintzaren ziklo amaigabea marraztu nuen; Kafkaren ustezko bizitza Palestinan aitzakia hartuta, gogoeta egin nuen egiazkoaren eta faltsifikazioaren arteko muga lausoaz; ironia pittin bat mundu literarioari buruz, zutabegile itxuraz konprometituei buruz; nobela baten funtsa aldatu duen broma; emaztea jada ez duela maite erratera ausartu ez eta irudimen gutiko idazleaz baliatzen den tipoaren istorioa; saririk jaso (nahi) ez duen obrarik gabe idazle duin barregarriaren ibildidea.
Idatzi ahala, halako sukarrak harrapatu ninduen, gero eta gehiago sartzen ari nintzen Iban Zalduaren munduan, hura nire arimaz jabetu balitz bezala (tira, edo arimaz ez balitz, bai bederen idazteko erabiltzen nuen eskuaz). Egunak etxean ematen nituen, eta, ia-ia ateratzen ez nintzenez, bizarra egiteari utzi nion. Gero, egun batean, aldarte bereziki onean nengoen egun batean (goizean egindakoaz harro bainengoen), ispiluaren aitzinean jarri eta aurpegiko biloak mozteari ekin nion, Ibanen estiloko bizarra eta bibotea lortu arte. Neure buruarekin bromatan ari nintzen, jakina, baina norbaitek ikusi izan banindu etxean, bakarrik, irri-ajataka, erotzat joko ninduen.
Nire ipuin bilduma handituz joan zen. Momentu latzak ere pasatu nituen, ez pentsa dena erraza izan zenik. Hipokondriarako joera harrigarria ere garatu nuen, ordura arte inoiz izan ez nuena. Zenbaitetan, alferrik ari nintzela uste izaten nuen. Horrelakoetan, “aupa Iban” erraten nion neure buruari, umorea berreskuratu nahian. Edonola ere, zenbait hilabeteren buruan, liburua prest zegoen. Hogeita bat ipuin. Galdegiten zidan orori idazten ari nintzela erraten nioneko tenorea gogoan, titulua berehala aukeratu nuen: Idazten ari dela idazten duen idazlea. Egokia zen, modu pribatuan nire garai hura gogora ekartzen zidalako, eta liburuaren izaera metaliterarioa ederki islatzen zuelako. Zerbait falta zuen, ordea. Fitekara ohartu nintzen: azpititulu bat. Idazkera... ez. Idazlea..., ez, berriz ere idazlea, ez. Sormena..., Inspirazioa..., Literatura, bai, literatura zen nire ipuin guzietan ukitzen nuen gaia, obsesio izateraino, ni eroarazteraino, eritasun bihurtzeraino. Bai, horixe zen: Literatura gaixotasun gisa. Titulua paper batean idatzi, eta gustura gelditu nintzen: Idazten ari dela idazten duen idazlea, edo, Literatura gaixotasun gisa. Alta, zerbait eskas zuen liburuak. Bi egun eman nituen zer zen hutsune hura aurkitu ezinik, bi egun urduri, nire liburua guztiz osatu gabe balego bezala, harik eta, bat-batean, hirugarren eguneko goizean kroasan bat gosaltzen ari nintzelarik, konturatu nintzen arte: kontrazaleko ipuina idatzi behar diat, hori baita Ibanen liburu guziak bereizten dituen ezaugarrietarik bat. Arratsalderako idatzia nuen istorioa, idazle baten eleberrian bizi den idazle baten nouvellean bizi den idazle baten istorioa, pixka bat Borgesen “Las ruinas circulares”-en maneran, edo Julio Cortazarren “Continuidad de los jardines” ipuinaren estiloan, baina ironikoagoa, gaiztoagoa.
Pozik nengoen. Niri esker (barka umiltasun falta), Iban Zalduaren obra bertze maila batera iritsia zen, lehenagotik hartua zuen bideari jarraiki gailur jasoago batera eramana nuen. Euskadi Saridun ikusten nuen neure burua. Edo finalista, bederen. Shortlisted. Arratsalde hartan, aspaldiko partez, kafetto bat hartzera joan nintzen Iruñeko alde zaharrera. Karrikadendan sartu, Jone hango saltzailearen solasean aritu eta Leiho ostatura abiatu nintzen. Sartzearekin batera, Angel Erro ikusi nuen, mahai batean jarria, zer edo zer idazten koaderno batean. Hain nengoen kontent idatziriko ipuinekin, liburuaren berri eman bainion. Uste dut grazia egin ziola. Ondoren, etxera bueltatu eta gustura egin nuen lo; behar ederra nuen, hainbertze lan egin eta gero.
Handik bi egunera, Ibanen email bat jaso nuen. “Marroia” zen mezuaren laburpena, eta, hortaz, erdi izutua zabaldu nuen. Bertan, Ibanek bere liburu berria aurkeztea proposatzen zidan, eta lanaren berri eman. “Idazten ari dela idazten duen idazlea” zuen izenburua, eta zenbait ipuinek osatzen zuen. Ez omen zen luzea, eta ni ados egonez gero, igorriko zidala erraten zidan, irakur eta ikus nezan ea gustuko nuen. Mezua serio demonio zegoen idatzia, eta istant batez izerdi hotza sumatu nuen bizkarrean beheiti. Orduan, baina, Angel Errorekin izandako enkontruaz oroitutakoan, segundo baten buruan, egoeraz jabetu nintzen. Segur aski, Angelen bidez nire liburuaren berri (eta liburua egiteko metodoaren berri) izanda, ziria sartu nahian zebilen Iban. Eta horretarako, serio itxura egin behar, nahitaez.
Baietz ihardetsi nion, jakina, konplizeen artean erabiltzen den estilo erdi maltzurrean, erdi jostagarrian. Nolanahi ere, hurrengo egunetan Ibanek ez zidan berriz idatzi eta, bistan da, ez zidan testurik igorri. Bigarren mezua kezkagarriagoa izan zen: Xabier Mendiguren editoreak sinatzen zuen. Pozten zela aurkezpena egitea niri proposatu izanaz, ekitaldia Donostian izanen zela eta ea urriaren 17an ongi heldu zitzaidan. Kontxo!, pentsatu nuen, hau duk hau broma bat bururaino eramatea! Böllen Lacher-ek bezala, hemen baten batek benetan serio hartzen dik irria! Agendan begiratu (baina zergatik arraio begiratu nuen agendan?), eta urriaren 17an libre nengoela ziurtatutakoan, baiezkoa eman nion Xabierri.
Gau hartan, gaizki egin nuen lo. Ohatzean bueltaka, “ze ona!, Ze broma ona!” erraten nion behin eta berriz neure buruari. “Bueno, orain lo egitera”. Baina loa ez zen heldu.
Biharamunean, pdf-artxibo bat atxikia zeraman email bat zegoen nire posta elektronikoan. Igorlea, Iban Zaldua. Mezuan, artean garaiz nenbilela erraten zidan, nahi izatera atzera egiten ahal nuela. Hutsik egonen zelako itxaropen ñimiño bati eusten niola, pdf-a zabaldu egin nuen. Hantxe nuen nik idatzitako testua; edo, hobeki erranda, Iban Zalduak idatzitako testua, Iban Zaldua hori nornahi zelarik ere. Goiza Interneten nabigatzen eman nuen, jakin nahian ea posible ote zen birus baten edo programaren baten edo tramankulu sataniko-informatiko baten bidez ordenagailu bateko agiri bateko informazioa ebatsi eta emailez igorritako pdf batera pasatzea. Alferrik, ez da erran beharrik.
Arratsalde artio ez nuen egoera onartu. Zazpiak aldera, ordenagailua piztu eta ipuin hau idazten hasi nintzen. Behin, sukaldera joanda, orratz batekin ziztada bat egin nuen ezkerreko besoan, ziurtatzeko artean egiazkoa nintzela, eta ez Iban Zalduaren ipuin bateko fikziozko pertsonaia bat. Mina sentitzea eta odol xirripa ttikia isurtzen ikustea ez zait inoiz hain pozgarria izan.
Agindu bezala, aurkezpena urriaren 17an izan zen. Uste dut jendeari gustatu zitzaiola nire ipuintxoa. Izan ere, Juan Luis Zabalak zoriondu egin ninduen Ibanen estiloa hain ongi barneratu izanagatik.
[OHARRA: Ez. Ez da egia. Ipuin horrek kontatzen duen guzia ez da egia, eta naizen tokian (baina non nago, benetako eroetxe batean edo Iban Zalduak asmaturiko istorio bateko asilo batean?), testua Volgako Batelariak-en publikatuko zela jakin nuenetik eginahal guziak egin ditut ohar hau sartuko zuenik aurkitzeko. Bat baizik ez da ausartu nire lerro hauek onartzera, eta, esker onez, haren izena isilpean utziko dut, haren balentriak ondorio txarrik izan ez dezan.
Zer gertatzen ari zen igarri nuenez geroztik, egia da behin baino gehiagotan saiatu nintzela zoritxarreko aurkezpena idazten, baina hori bezain egia da behin eta berriz porrot egin nuela zeregin horretan. Ez nekien nondik hasi, zer kontatu. Erdipurdikoak ziren etortzen zitzaizkidan ideia guziak, ilunak, graziarik gabeak, inolako zirrararik sorrarazteko ezgauza. Bertzalde, testua begitan hartua nuen, gorroto nuen Idazten ari dela idazten duen idazlea, edo, hobeki erranda, jasanezina egiten zitzaidan liburua osatzen zuten ipuin eder horien egile gisa aitortua ez izatearen ideia. Hondarrean, etsia, desesperatua, Ibani deitu nion. Kalaka ederra bota nion: familia aipatu nuen, lana jarri nuen aitzakia, estresa hitza era baliatu nuen nire ezgaitasuna azaltzeko eta neure burua desenkusatzeko. Eta eskaria egin nion: eta zerorrek idatziko bazenu aurkezpena? Nire izenean, erran nahi baita, nirea balitz bezala. Nik ipuin labur bat idatzi nahi nuen, zure estiloko kontakizun bat, baina ez zait deus ere bururatzen. Telefonoaren bertzaldean egin zen isilunean pozaren seinale ez bazen ere, Ibanek onartu egin zuen nire proposamena. Ondorioa, irakurri berri duzuen “Aurkezlea” ipuina izan zen; alegia, Idazten ari dela idazten duen idazlea liburutik Iban Zalduak bere eskuz idatzi duen bakarra. Gainerako guziak, neronek idatziak baitira, neronek asmatuak, neronek mila aldiz zuzenduak. Segur aski horrek, hain liburu borobila bertze baten izenpean ikusteak alegia, bultzatu ninduen aurkezpenaren egunean Ibani erasotzera eta nire eskuekin itotzen saiatzera. Gertaera, jakina, aipatu gabe gelditu zen ekitaldiaren berri eman zuten egunkarietan (baten batean, nire izena desagerraraztera iritsi ziren, orain badakizue zergatik).
Harrezkeroztik, maiz zorabioak izan ditut, eta besoan ziztatzen nuenean gero eta odol gutiago ateratzen da. Ez naiz oroitzen nork edo noiz edo nola ekarri ninduten eroetxe honetara, baina susmoa dut dena Ibanen mendekua dela, ni isilarazteko asmoz bere ipuin batean sartu nauela, eta fite nire heriotza idatziko duela. Baina ni lasai nago, dagoeneko munduak badu-eta nire lanaren berri].
1. Hau ez da kritika bat. Maila hori erdiesteko gutxienez bi aldiz irakurri beharko nuke Mikel Antzaren Atzerri (Susa, 2012), eta hauek lehenengo inpresio batzuk besterik ez dira, ia bururatu ahala idatziak. Izan ere, printzipioz ez nuen liburua irakurtzeko asmo berezirik, ez horren goiz behintzat, Mikel Antzaren aurreko lanak, Ospitalekoakek hain zuzen (Susa 2010), hotz baino gehiago utzi ninduelako. Baina irakurle batzuek egin dioten harrera beroak bultzatuta, alde batetik, eta Berriako nire artikulu batek nobelaren abiapuntuan izan omen zuen eragina konprobatzeko gogo nartzisistaren eraginez, bestetik, animatu egin naiz leitzera.
2. Atzerri ez zait nobela biribila iruditu. Hasiera indartsua du, une gogoangarri batzuk, baina, oro har, intentsitatea galtzen doa aurrera egin ahala, eta ez dut uste egileak askapen on bat ematen asmatzen duenik (nobela gisa). Baina nobela da behintzat, edo nobela izan nahi du, Ospitalekoak baino gehiago (adibidez). Besteak beste, egilea generoaren arazoa saihesten saiatzen dela iruditzen zaidalako: zaila baita mota honetako liburuak, gure historia hurbilaren pertsonaia esanguratsu batek idatziak, genero baten barruan kokatzea. Liburuaren kontrazalak nahi duena esan dezake, baina halako liburu bati ekiteko unean beti sortuko da irakurlearengan zalantza: autobiografia baten aurrean egongo al zara, memoria liburu baten aurrean? Eta horrek, zer esanik ez, zure irakurketa baldintzatuko du, neurri batean behintzat. Baina demagun, material autobiografikoa dena delakoa izanda ere, hau nobela bat dela, nagusiki, (auto)fikzio bat alegia, sasira jotzearen eta, zirkunstantzia horietan, literaturaren ezintasunaren inguruko nobela bat (besteak beste); horretan bat etor naiteke Beñat Sarasolaren iruzkinarekin, nahiz eta ez, ordea, liburuari esleitzen dion handitasunarekin. Ikuspuntu horretatik, jaso dituen laudorioen artean testu “zintzoa” dela azpimarratzea, balio gisa alegia, Iñigo Roquek egin bezala, pixka bat lekuz kanpo dagoela iruditzen zait: zintzotasun-maila neurgailu egoki bat izan daiteke autobiografia eta enparauen kasuan, baina fikzioaren kasuan, nik uste, ez dauka leku berezirik.
3. Arazoa sortuko litzateke ebatziz gero ez dela soilik nobela bat, ordea. Orduan bai izango lukeela zentzua Roquerena bezalako iritzi batek (eta hala ere oker egongo litzateke, nire uste apalean. Baina horretaz hobe parentesi artean aritzea, 12. puntuan egiten saiatuko naizen bezala). Fikzioa eta autobiografia agerian nahasten dituzten mugako genero hauek, azken finean, fikzio klasikoa baino areago, tranpaz josita daude. Irakurlearentzako, noski, baina baita idazlearentzako ere.
4. Nobelaren idazkera sendoak eta seguruak harritu nau: ondo idatzitako liburua da. Tira, harritu nau: gezurra diot, Ospitalekoak ondo idatzita zegoelako orobat. Baina hemen prosa sendo hori helburu (niretzat) interesgarriago baten zerbitzuan dagoela iruditu zait: gogoan dut Ospitalekoak (kostata) amaitu nuenean pentsatu nuela “ez da hau Mikel Antzak kontatzeko digun interesgarriena: kartzelari buruz irakurri ditugu lan zirraragarriagoak”. Nobela hau Mikel Antzak fikzio edo memoria gisa ondo konta diezadakeen horretatik hurbilago dagoela esango nuke, eta horrek, ziurrenik, bere prosaren jarioa areago azpimarratzeko eragina izan du nigan, irakurle gisa. Eta, zalantzarik gabe, jauzia egin du, alor horretan, gaztetako bere idatziekin alderatuta (aitorpen bat: ez naiz bere 80ko hamarraldiko produkzioaren zale handia. Agian beranduegi irakurri nuelako eta ordurako beste euskal ipuingile batzuek habia eginda zutelako nigan; inoiz aipatu dudan bezala, 1980ko hamarraldia baino, 1990koa izan zen niretzat “euskal ipuingintzaren aroa”, 1980koaren garrantzi historikoa ukaezina den arren…).
5. Horrekin lotuta, zilegi iruditzen zait planteatzea ez ote litzatekeen Atzerri izango ipuin liburu hobea, nobela baino (hori da batzuetan Bilbao-New York-Bilbaorekin edo Unai Elorriagaren nobela batzuekin izaten dudan susmo igarokorra). Amaierako suitearen indarrak (hain zuzen ere “Atzerri” izenburukoa) uste hori berrestera eraman nau, adibidez. Baina ipuin bezala txukun funtzionatzen badu ere, ez zait iruditzen, indar metaforikoa gorabehera, nobela ixteko modu egokia denik. Amaiera ez-biribilak arrisku bat dira nobeletan, batzuetan ondo atera daitezkeen arren (Harkaitz Canoren Twisten hala gertatzen dela esango nuke, adibidez). Ez nintzateke ausartuko defendatzera, ordea, hori denik Atzerriren kasua.
6. Nobelak, zer esanik ez, baditu elementu oso nobeleskoak, primeran funtzionatzen dutenak haria altxatzeko orduan; horietako bat, niretzat, Mexikoko erbesteratzearen inguruko atala (eta bere askaera) da, eta beste bat hasierako zutabe azpimarratuaren “berreskurapena” (“Mont Blanc asana” kapituluan). Baina halako uneak alde batera utzita, nobelaren errepikakortasunak, maiz, forma nobeleskoaren kontra konspiratzen duela esango nuke. Ez dut ukatuko ondo islatzen duela, esaterako, bizitza klandestinoaren mood konspiranoiko eta larritasunez betea. Errepikakortasuna, beraz, ez litzateke arazoa izan behar. Printzipioz. Kontua da nobelak orobat daukan elipsirako beste joerarekin gaizki konbinatzen dela: jokabide antitetikoegiak dira. Hainbestekoak dira elipsi horiek ezen inpresioa izan baitut, kasu batzuetan, nobela “ezingo” litzatekeela irakurri Mikel Antza nor den jakin gabe; hots, bere fikziozko izaera gorabehera, nekez leitu daitekeela modu (gutxi gorabehera) autonomo batean. Eta elipsirako joera horrek une “nobelesko” gehiago jotzeko aukera kentzen diola liburuari: adibidez, “Mont Blanc asana” eta “Céline Durruti-baithan” atalen arteko ihesaren kontakizuna ebasten zaionean irakurleari. Hau ere ez litzateke arazoa izan behar, berez, baina beste pasarte batzuen hiper-xehetasunerako joeraren ondoan, irakurle honek ezin izan du sentsazio hori ekidin (adibide bat jartzearren: gehiago aipa nitzake).
7. Atentzioa deitu didan zerbait: formula erretoriko batzuk alde batera utzita, hausnarketa eta eztabaida politikoak nahiko ausente daudela liburu honetan. Atzerri klandestinitateko nobela “poliziako” bat da, baita autoanalisiko erbeste-nobela bat ere (erbeste bikoitza: literaturatik, eta Euskal Herritik; azken alde horretatik lotura argiak ditu, nik uste, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztuarekin), eta, halaber, kartzelako salaketa-nobela bat (Ospitalekoak baino neurri txikiagoan, dena den). Baina ez hainbeste nobela politiko bat. Edo bai, baina isiltasuna dela medio hain zuzen ere.
8. Eta horrek gogora ekarri dit idazle eta (hala ere) adiskide batek aspaldi esaten zidan kontu bat: gure Gauza soineko ideologikoez biluztu, eta mafiako literaturaren edo zinemaren modura konta zitekeela zailtasun handirik gabe. Inpresio hori berretsi dut Mikel Antzak berak aipatzen duelarik, Atzerriko narratzaileak atzetik dituen poliziei iskin egiten dien une batean, The French Connection filmaren eszena bat.
9. Bitxia egin zait, halaber, nola ez dien “buelta” ematen Atzerrik ETAren inguruko aurreko fikzioen konbentzio literarioei. Egiletzaren kargak horrelako zerbait espero izatera eramango zintuzkeen arren, ez zait iruditu sinesgarriago Hamaika pauso, Joan zaretenean, Koaderno gorria, Bizia lo, Twist eta, oro har, etakideen inguruko literatura guztiak eraiki duen imajinarioa baino; ezta sinesgaitzago ere, bide batez esanda (agian, insistentziagatik, segurtasunaren inguruko obsesio hori alde batera utzita –baina hori agertua zen jada beste fikzio batzuetan, nahiz eta agian ez horren modu errepikakorrean–). Hots, esango nuke begi bat gehiago dela (Joseba Gabilondok esango lukeen bezala) euskal “nobela terroristaren” kate luzean. Alde horretatik, agian zilegi da galdetzea ea ze puntutaraino imitatzen duen errealitateak artea (kasu honetan euskal literatura). The Sopranos telesailean iradokitzen zen bezala, ez al zuten mafioso italoamerikar “errealek” imitatzen, finean, The Godfather sailaren eta antzeko filmen bitartez plazaratutako estereotipoak?
10. Irakurketa pixka bat zamatu didan (beste) zerbait: une batzuetako erromantizismo gehiegizkoa; egia da Antzari lehendik datorkion joera dela, haren lehenengo ipuin liburuetan ere aurki daitekeena. Baina nago pasarte batzuek irabaziko zuketela (ikaskide poloniarrarena kasu, edo “Atzerri” ataleko hondartzako enkontruarena) baldin eta egileak (orduan bai) elipsiaren erabilera eskuzabalagoa egin izan balu. Ez nuen uste, adibidez, XIX. mendetik aurrera “iduneko perla eder horiek” esapidea erabil zitekeenik, ironiaz ez bada (edo, askoz jota, asmo didaktikoz, “hortzak” adierazteko metaforaren etsenplu bezala alegia).
11. Edonola ere, nobelaren elementu interesgarrienetako bat, zalantzarik gabe, literaturaren inguruko gogoeta da, edo, hobeto esanda, literaturaren ezinaren ingurukoa, narratzaile nagusia den Mikel Antza militantearentzat. Azken finean, nola eta zergatik bihurtzen den bartleby bat, idazle izatearen autokontzientzia sendo, harro eta irmo batetik abiatuta (esaterako “Ebatondoak” atalean, baina ez bakarrik hor). Hala ere, autoanalisi horretan, pixka bat harrigarria egin zait konprobatzea nola idazten jarraitzeko arazo nagusia militantzia edo engaiamendua den (dena eman behar zaiola maite den aberriari, Etsaiari ezin zaiola utzi ahuldadezko zirrikiturik bat ere…), klandestinitatearen eragozpen objektiboekin batera. Sekula ez, ordea (eta hemen 6. puntuan aipatutakoarekin lotura egin nahi nuke), Mikel Antza izatea balizko obra horren egilea, hots, ETAren buruzagi politikoa (Etsaiaren arabera, behintzat) “minaren sozializazioaren” garai betean. Atzerriren narratzaileak ez du uste, agidanean, balizko obra horren irakurlearentzako eragozpen bat denik hori, eta ez da bihurtzen, beraz, literatura abandonatzera eramaten duen arrazoi posibleetako bat (edo, aukera bezala, ezizenez argitaratzera…). Pixka bat deigarria egiten zait hori.
(12. Beste era batean esanda: oso zaila zaidala burutik kentzea nor den egilea –normala dena, hautatu duen narratzaile mota aintzat hartuta–. Eta horregatik esan dut 7. puntuan harrigarri samarra egiten zaidala nobela politikoagoa ez izatea, alde horretatik. Edo Josu Muguruzaren hilketa aipatzea, eta erakundeko kide zenbaitena, eta torturak, baina ez Hipercor-eko atentatua, adibidez, edo Emiliano Revillaren bahiketa, edo (ustezko) zenbait trapitxeroen hilketa, edo Gregorio Ordóñezena. Eta arazoa baztertzea, neurri batean, hau idatzita: “Gerran ez dago pertsonarik, helburuak baizik, gutxika-gutxika eraikitzen da sentimenduen inguruan burdinazko jantzia, besteren mina justifikatzeko, norberari egiten diotena erantzunerako erregai bihurtzeko. Gutxitan egiten da benetan negar, malkoz gainezka legoke bestela mundua” –184 orr. –. Ez, ez zait nahikoa iruditu. Mikel Antza ez baita edonor. Eta bai, badakit ez nukeela iruzkin literario bat “kutsatu” behar idazlearen bizitzaren eta hautu politikoaren inguruko kontuekin –horregatik ipini dut puntu hau parentesi artean–. Dakidan bezala Louis-Ferdinand Célineren –Atzerrin hainbeste aipatzen den Céline horren beraren– Guignol’s band edo Féerie pour un autre fois eleberrien inguruko kritika batean ez nukeela, seguru asko, Célineren kolaborazionismoa, antisemitismoa edo faxismoa sobera aipatu behar, horrek ez bailieke obrei meriturik kenduko –edo, esan gabe doa, gehituko–. Baina, aitor dut, zaila egiten zait. Eta konparaketa, gainera, ez da agian guztiz justua. Besteak beste, Célineren erantzukizun maila, bere ideia politikoak gorabehera, ez delako –esango nuke– Mikel Antzarenaren adinakoa. Camilo José Celarena –erregimen frankistarentzat zentsura eta salaketa lanak egindakoa– Dionisio Ridruejorena bezalakoa izan ez zen bezala –azken horrek kargu gorenak izan baitzituen frankismoaren lehenengo urratsetan–. Edo edozein idazle gaullismo-zalerena eta, demagun, André Malrauxena –Aljeriako gerraren garaian ministro izatera iritsi zena–. Edo Antonio Muñoz Molinarena –edo GAL garaiko edozein PSOEren inguruko lumadunarena– eta Jorge Semprún idazle-ministroarena. Eta abar. Nik uste dut idazle horiek karguak okupatu zituzten garaien inguruko fikzioak edo autofikzioak argitaratu izan balituzte, eta haietan mota bereko hutsuneak sumatu izan balitu, kritikak aipatzeko eskubidea izango lukeela. Baina itxi dezadan parentesia, badaezpada ere).
13. Finean, nobelak (nobela bada) konbentzitu ez banau ere, eta eragin dizkidan zalantzak kontuan hartuta ere, esango nuke ematen dituela etorkizuneko Mikel Antzaren lanak irakurtzen jarraitzeko motiboak. Bai behintzat Ospitalekoak leitu ondoren neuzkanak baino gehiago.
The Chameleons
Script of the Bridge
Statik, 1983.
Avinyó kaletik noala ikusi dut, erakusleiho estu batean. Diskoaren karpetan,klip batez itsatsita, kartoizko txartel bat: “Grupo after-punk de los80. Excelente estado”. Galdetzera sartu naiz bigarren eskuko biniloak baino saltzen ez dituzten Bartzelonako denda horretara. Aurreikuspenguztiak konfirmatuz, prezioa esajeratuegia iruditu zait, baina hala ere badakit erosiko dudala: Script of the Bridge, The Chameleons-en lehenengo diskoa.
Galtzaileek badute halako aura bat, erakargarri egiten dituena, batzuontzat behintzat; ez dakit ondo nola azaldu. The Chameleons taldeari, auskalo zergatik, galtzaile usaina hartu nien hasieratik, eta, egiaz,urratsez-urrats bete zuten gero pop musikako galtzaile standarren ibilbidea: bi disko independenteren ondoren,multinazional batekin sinatu, haien diskorik salduena argitaratu, managerra ustekabean hil eta, ondorioz, hoberenean zeudela, taldea desegitea erabaki zuten. Taldekideen hurrengo proiektuek, esan gabe doa, ez zuten inolako arrakastarik izan, eta XXI. mende hasierako ohiko berrelkartze-disko nostalgikoa oharkabean igaro zen. Inor gutxi oroitzen da honezkero The Chameleonsez, egungo talde batzuetan eduki duten eragin itzela gogorarazteko ez bada –Interpol-ek, esaterako, puntuz-puntu jarraitzen du haien estilo-liburua–.
Nik ere erdi ahaztuta neuzkan. Baina dena etorri zait bat-batean burura: The Chameleonsen lehenengo LP hura, eta Jasone. Jasoneri oparitu bainion Script of the Bridge-ren ale bat.
Izan ere, Avinyó kaleko denda hartan erosi dut nirea izango den The Chameleonsen aurreneko disko originala: gaztetan diru askorik ez, eta zintetan grabatu nituen, ahal bezala, haien LP guztiak –eta haienak bezala, beste hamaika talderenak–. Jasonerentzat erosi nuen hura, adibidez, etxera iritsi bezain laster grabatu nuen niretzat; gero,oparirako paperezondo bildu eta Jasoneri eman nion.
Lanak eman zidan disko hura aukeratzeak. Xaribari musika-dendara sartzean hiru nituen buruan: The Smiths-en lehenengoa, R.E.M.-en Reckoning eta The Chameleonsena; azkenean, hiru ordu laurdenez disko batetik bestera ibili ondoren, Script of the Bridge aukeratu nuen, tristeena eta larrigarriena zelako, eta banekielako Jasonek ezetz erantzungo ziola diskoaren azal barruan utzi nion eskutitzari. Edo, okerragoa zena, ez ziola erantzunik emango: aipatu bezala, galtzaileek aura berezia dute niretzat, eta ezin nuen nire porroterako The Chameleonsen kanta geldo eta depresibo samarrek baino soinu-banda hoberik imajinatu.Tira, horregatik aukeratu nuen, eta baita hiruren arteko luzeena zelako ere: prezio berean, minutu gehiago.
Edonola ere, bete egin ziren nire susmorik beltzenak: Jasonek ez zion inolako erantzunik eman nire eskutitzari.Gero hemezortzi urte bete genituen, eta hark hiritik alde egin zuen bere piano-ikasketak jarraitzeko, Bartzelonara hain zuzen ere; handik Britainia Handira egin zuen jauzi, eta pista galdu nion gero. Eta ni The Chameleonsen disko haren grabazioarekin gelditu nintzen.
Baina orain originala daukat, garesti ordaindu dudan arren. Bartzelonatik etxera itzultzean azaletik atera, disko-biragailu zaharrean ipini eta, lehenengo, A aldeko hogeita zortzi minutuak entzun ditut; ondoren, B aldeko hogeita bederatziak. Sentsazio bitxia izan da. Nolanahi ere, dendakoak arrazoi: orban gabea dago, inork erabili izan ez balu bezala. Gero biniloa biragailutik kendu, plastikozko zorroan bildu eta kartoizko azalean sartzen saiatu naiz, baina ezin guztiz barneratu; zerbaitekin egiten du topo. Eskua sartu eta kartazala atera dut. “Jasonerentzat”: barregura eman dit nire orduko letra dardartia ikusteak. Horrek, eta sobreak itxita jarraitzen duela egiaztatzeak.
Neu ere zerbait botatzekotan egon nintzen, baina, alde batetik, katedradun horrek nik sekula nezakeena baino askoz ere egokiago eta zehatzago hitz egin zuen, eta, bestetik, alferrikakoa iruditu zitzaidan: bataila hori galduta dago honezkero. Izan ere, hizlariak ez zuen zirkinik egin eta, jakina, ez zen makurtu katedradun justiziazalearen filipika zehaztasunez erantzutera; entzutekoak ziren, biharamunean, hizlariaren esklabo akademiko gazteen iruzkin gutxiesgarriak, katedradunari buruz noski. Hizlariak ondo baitzekien katedradunak ezin zuela irabazi, eta gero eta ohikoagoa izango dela Arturo Pérez-Reverte, Ken Follet edo Paulo Coelho bezalako idazlarien izenak topatzea, unibertsitate mailako jardunean, Juan Goytisolo, Samuel Beckett edo Michel Butorrenekin bat eginda. Baldin eta azkeneko horiek, edo enparauak, anekdotiko bihurtzen edo are mapatik desagertzen ez badoaz, behintzat.
Zeren eta, literaturan –liburugintzan– merkatu bat existitzen den bezala, hala da orobat literaturaren gaineko ikerketaren arloan ere –nahiz eta hitz hori, Literatura, gero eta gutxiago nabarmenduko den aurrerantzean, ziurrenik–. Izan ere, noizbait komentatu izan dudan bezala, gauza jakina da literatura garaikidearekiko interesa nahiko gauza berria dela, unibertsitate-ikasketen arloan. Tradizionalki, europar unibertsitateetan ikertzen eta irakasten zen literatura klasikoa zen, grekolatindarra alegia, hura baitzen halakorik merezi zuen bakarra. Baina hizkuntza modernoek aurrera egin zuten neurrian, tradizio literario bat metatuz bidean, arlo akademikoek haietaz arduratzen hasi behar izan zuten, are gehiago kontuan hartuta literatura “nazionalek” nazio-estatu garaikideen ardatzetako bat behar zutela bihurtu. Baina ikasketa hori, ezbairik gabe, hizkuntza bakoitzaren “urrezko mendera” eta haren aldirietara mugatzen zen, eta sekula ez zen zabaltzen idazle garaikideetara, noski: hori egunkarietako eta aldizkarietako berri emaile mesprezagarrien zeregina zen, gehien jota. Baina XX. menderako gai “klasikoak” agortzen ari zitzaizkion ikertzaileen armadari, eta ezinbestekoa zen literatura garaikideari leku ematea bertan. Hori bai, aurreko gaiak –literatura klasikoa eta tradizio literario nazionalak– tratatzeko erak eskatzen zuen bezala, kritika unibertsitarioak kanon garaikidea osatzen eta zurkaizten lagundu behar zuen; unibertsitatea, esaterako, funtsezkoa izan zen boom iberoamerikarraren sendotzean. Baina, zer esanik ez, unibertsitateko ikerketa gai izatera ez zen edozer gauza iristen. Merkatu literarioa gero eta masiboagoa eta ahalguztiduna bihurtzen ari zen testuinguru batean, kritika unibertsitario espezializatua zen kalitatezko idazle minoritarioen azkeneko babeslekuetako bat: hilezkortasun literarioaren bankuan lor zezaketen kredituaren aurrerapen bakarrenetakoa, sari literario jakin batzuekin batera.
Ba hori ere amaitu da. Alde batetik, ikerlarien kopuruaren hazkunde esponentzialak, eta, bestetik, literatur ikasketa tradizionalen krisiak –Cultural Studies delakoen onuran– zeregin kanongile zaharraren eremutik urrundu dituzte, geroz eta gehiago, ikasketa unibertsitarioak, hainbeste ezen jada ia edozein egile, edozein joera –literario zein pseudoliterario–, edozein moda edo trending topic bihur baitaiteke ikergai. Sariekin gauza bera gertatzen ari da, zer esanik ez: Asturias Printzearena bezalako baten epaimahaiak –karrera oso bati eskaintzen zaizkion sari ustez prestigiotsu horietako batenak– zalantza egiten badu Philip Roth bezalako idazle baten eta Haruki Murakami bezalako bluff baten artean, alferrik gabiltzan seinale.
Barkatu horren apokaliptiko jartzen banaiz ni ere: ondo dakit pose irrigarri samarra dela Harold Bloomen curriculuma, itxura fisikoa eta janzkera ez dituen ni bezalako norbaitengan. Izan ere, ados, nik ere irakurri dut Pierre Bourdieu, eta badakit kalitatea fetitxe burges bat besterik ez dela, klase kapitalistak gustu hobea duela frogatzeko –eta, beraz, bere menderakuntza justifikatzen jarraitu ahal izateko– tresna soila. Lehenago aristokrazia feudalaren fetitxea izan zen bezala, eta are lehenago, ziurrenik, patrizio erromatarrena, eta mandarin txinatarrena, eta apaiz-burokrata sumertarrena, bide batez esanda. Baina, aukeratzen hasita, eta hori kontuan hartuta ere, oinarri handixeagokoa iruditzen zait postmoderniak –postmoderniaren adar batek, behintzat– eskaintzen digun den-denak-balio-du horrek baino. Zeren eta zerbaitek, dei nazazue zaharruno, belarrira xuxurlatzen jarraitzen baitit Toti Martinez de Lezea eta Aingeru Epaltza ez direla, zehazki, gauza bera. Ezta Jasone Osoro eta Jokin Muñoz, edo Jon Arretxe eta Eider Rodriguez ere. Eta abar.
Literaturak gero eta garrantzi gutxiago baitauka: kontua bilakatu da ea zer egin daitekeen literaturarekin, zer –zuku– atera dakiokeen literaturari. Kasu bat aipatzearren, eta –badaezpada diot– haren kritika egiteko inolako asmorik gabe: Ibai Atutxaren Kanonaren gaineko nazioaz liburua, Utriusque Vasconiae argitaletxeak aurten bertan kaleratua bere –azpimarratzen dut– Kritika Literarioa izeneko sailean. Bertan, honezkero irakurle gehienek jakingo duten bezala, Bernardo Atxagaren Ziutateaz (Luis Haranburu, 1976) eta Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) eleberrietatik abiatuta, euskal komunitatearen subordinazioaren arazoen inguruko hausnarketa plazaratzen du Atutxak. Niri, aitor dut, ondoez pixka bat eragiten didate mota honetako liburuek. Ez edukiagatik –izan ere, Atutxaren ondorio soziopolitikoetako batzuekin ados eta guzti egon naiteke, nahiz eta, irakurketaren une konkretu batzuetan ezin izan ditut nire gogotik aldendu Althusserren mamua eta E.P. Thompson historialariak The Poverty Of Theoryn (1978) haren kontura eginiko prebentziozko gaztigu jakintsu haiek–, ez edukiagatik, diot, baizik eta, goraxeago nabarmendu dudan bezala, liburu hori literatur kritikako sail batean agertu delako. Eta nik, zer nahi duzue esatea, literatur kritika gutxi topatu dut liburuan, gehiago ikusten dudana, azken batean, saiakera soziopolitiko-filosofikoaren alorrera lerratua.
[Nire eragozpen ergel, epel eta –badakit– burges honekin, edonola ere, ez nuke aditzera eman nahi, inolaz ere, ados nagoenik El Correo egunkariko Territorios gehigarriak Ibai Atutxaren liburuarekin izan duen jarrera lotsagarriarekin, egin zioten elkarrizketa zentsuratzean. Atutxak berak dioenez, egunkari bilbotarrak hori egin zuen hala Kirmen Uriberen nobela nola Jon Kortazar irakaslearen ikerketa babesteko asmoz, Atutxaren liburuan eta elkarrizketan kritika latzak jasotzen dituztenak: hemendik nire elkartasuna adierazi nahi nioke Atutxari eta argitaletxeari, onartezina iruditzen baitzait komunikabide batek protekzionismo zabar hori sustatzea. Protekzionismo bat zeina, bide batez esanda, ez baita lehen aldiz gertatzen, Uriberekiko kritikei dagokienean: Berria bezalako egunkari batek edo Garako Mugalari gehigarriak antzeko praktikak burutu dituzte lehenago, idazle bera babeste aldera. Kasua, ikuspegi soziopolitikotik, askoz ere interesgarriagoa –eta agian konplexuagoa– bihurtzen duen zerbait.]
Baina itzul nadin harira. Kontua da nik, zoritxarrez –beste zerbaiten bila joan nintzelako, ziurrenik: errua nirea da– literatura gutxi –literatur kritika gutxi– topatu dudala liburu horretan, ez bada literaturaren instrumentalizazio formapean. Zilegi iruditzen zaidan zerbait, kontuz: ni oso kontziente naiz horretarako ere erabil daitekeela literatura, eta nik neuk, historialari naizen neurrian, ez diot muzinik egiten nire ikasleei Cervantesen, Pérez Galdósen edo The Beach Boysen lanen zatiak ipintzeko, ekonomi historiako testu iruzkinak egin ditzaten. Baina, bestalde, irakurle bezala sinetsita nago literatura zerbait gehiago –edo zerbait gutxiago– dela, eta onartzen dut literatur kritikako lan bat irakurtzera noala nire itxaropenak beste batzuk direla. Eta honekin itzultzen naiz gorago aipatu dudan kalitatearen fetitxe dontsura: liburu horrek, azken finean, bere analisirako Ziutateaz eta Bilbao-New York-Bilbao parekatzen dituelako, de facto eta inplizitoki. Eta niri, oraingoz behintzat, onartezina iruditzen zaidan zerbait da, ez baitut sinesten bi nobelen garrantzia parekoa denik euskal literatura garaikidearen historian. Lehenengoa, bere egilearen hasierako lanetako bat bada ere, funtsezko pieza bat dela iruditzen zait euskal literaturaren historia hurbila azaltzeko orduan, saririk jaso ez zuen arren eta, ziurrenik, salmenta oso kaxkarrak izan zituen arren. Bigarrena, zeina, ados, gertakari kulturaltzat har baitezakegu merkatua nagusi den egungo testuinguruan, nobela ahula iruditu zitzaidan niri, web-orri honetan bertan Angel Errorekin batera frogatzen saiatu nintzen bezala. Horren aldeko edo kontrako frogak dira, besteak beste, Atutxaren liburuan bilatzen saiatu nintzenak, debaldetan. Bilbao-New York-Bilbaok literaturaren historian orainaldiak eskaintzen bide diona baino leku txikiagoa beteko duen itxaropenerako zirrikitu bat, edo zirrikitu horren behin betiko itxiera, behingoz errendi nendin.
[Kritika literario onak, liburuen irakurketa bat eta, aldi berean, balorazio bat eskaini beharko lukeen neurrian, irakurlearen ikuspegia aberastu eta alda dezakeelako, diot. Niri, aitor dut, gertatu zait batzuetan. Adibidez, Juan Garziaren artikulu batekin, Hamaika pauso eleberriari berrekiteko indarra transmititu zidana, zorionez; eta Aitzpea Azkorbebeitiaren beste batekin, Lagun izoztua beste begi batzuez leitzeko parada eskaini zidana. Jon Kortazarren bildumak, ordea, ez zidan Bilbao-New York-Bilbaori buruz neukan iritzia aldatu].
Gainera, Volgako konpañero batzuek iradoki didaten bezala, badago beste kontu –neurri batean– arduragarri bat, Kanonaren gaineko nazioazen: Atutxak planteatzen duen azterketa eta ondorioetarako ez al litzateke berdintsua izango beste komunikazio eremuetako beste edozein testu edo diskurtso-mota aukeratzea eta analizatzea? Kazetaritza-erreportajeak, telesailak, bideo musikalak, kale ikuskizunak, performance artistikoak, bertso afariak, kosmetikoen iragarkiak, futbol partidak, lip-dubak? Zertan geratzen da literaturaren berezitasuna, berariazkotasuna?
Esajeratzen ari naiz, zer esanik ez. Adibide bat besterik ez da, xehetasuna; gehien jota, sintoma bat, eta ez ziurrenik inportanteena edo esanguratsuena. Baina jakin badakit garai honetan, zeinetan produktu kulturalen balio intrinsekoa ezbaian dagoen, literaturak atzera egin duela garrantzian, eta orain helburua arlo guztietan –hezkuntzan, ikerkuntzan, politikan…– dela zer egin daitekeen literaturarekin, literatura bera baino. Eta niri pena pittin bat ematen dit, agian sinetsi izan nuelako, noizbait, literaturaren autonomiaren asmakeri doilor horretan. Eta nire bizitzako plazer iturri nagusienetako bat literatura izan delako, jakina –eta espero dudalako hala izaten jarraitzea, aurrerantzean ere–.
Esan bezala, kalitatea, alferrikako fetitxe hori. Literatura bezala, totem izateari utzi dion beste fetitxe bat. Fetitxe maitagarri hura.
Bizitza soziala hondatzen hasi zait. Azken bolada honetan gauza ez dakit bitxi ala arrunt batez ohartu naiz. Afarietan, lagunen artekoetan zein afari formalagoetan, osatzen diren solas-taldeen erdian gelditzen naiz beti. Baina horretaz aspaldidanik nintzen konturatua, ez da hori orain deskubritu dudan gauza. Hondarreko afarietan lekuz aldatzen saiatu naiz, hau da, saiatu naiz ahalik eta tokirik hoberenean jartzen, mahaiko aulkirik egokiena harrapatzen, gero solasetatik baztertua ez izateko. Eta ezinezkoa izan zait, afari haietan ezin naiz talde bateko parte izan modu osoan, hori da deskubritu dudan gauza ez dakit bitxia ala arrunta. Ohartu naiz, alegia, ni naizela problema eta ez tokia, ez naizela ni solas-taldeen arteko haustura gertatzen den lekuan esertzen, baizik eta haustura hori ni esertzen naizen lekuan gertatzen dela. Mahaiaren erdi-erdian edo izkina batean jarrita ere, beti bazterretan ibiltzen naiz eta inoiz ez zentroan, elkarrizketen funtsa inoiz harrapatu gabe eta talde bakoitzaren argudioak nahastera kondenatua. Deserosoa izanagatik, nire arazo honek badu bere xarma, batzuetan. Jatorrizko solasetik aske dabiltzan ahots guztiak bildu eta sortzen den anabasarekin jostetan aritzen bainaiz. Halere, nire iritziak inork ez ditu jada kontuan hartzen.
Behin batean, Roland Barthesek seinalatu zuen idazkera guztia dogmatikoa dela; idazlea, ordea (erran zuen bertze batean) inoiz ez da dogmatikoa, idazlea dogmatismoaren kontrako aldean dago beti. Itxurazko kontraesan honi buruz galdetuta, Barthesek esplikatu zuen idazki guztia dogmatikoa dela, kontzeptuak finkatu eta fosilizatu egiten dituelako, subjektibitatea objektibatzen duelako, gauza hetsi eta akituen mundu bat osatzeraino. Idazlearen lana, berriz, idatzitakoaren dogmatismo hori gainditzea da, itxita egotearen antza duena irekia uztea. Idazlea, beraz, antidogmatikoa da, idazleak bere obra irekia uzten du bertzeek itxi, bete eta erabili dezaten. Horrela, aipamen honekin, hasten da Ni ez naiz hemengoa, Joseba Sarrionandiak espetxean idatzitako egunkariaren lehenbiziko zatikia. Eta Barthesen aipamena bertze batekin betetzen da, Jacques Rigaut-ena orain, testuaren buruan agertzen dena: “Afirmatzen ari naizenean ere galdetzen ari naiz”.
Sarritan hasierako testu honi zer balio eman behar zaion galdegin diot neure buruari. Zati askoz osatutako liburu baten lehenengo zatia baita hau, eta Ni ez naiz hemengoan gai anitz (gorriaren sinbolismoa, tautologiak, Bizkaiko folklorea, Foucault edo begia eta begirada) batari bertzeari baino garrantzia handiagorik eman gabe eztabaidatzen badira ere, iduri luke hasmentan egote horrek zerbait berezia ematen diola Barthesen kontuari. Nolabait, pentsatzen ahal da kritiko izatera gonbidatzen gaituela, egunkaria testu ireki bat bezala irakurtzera eta, hortaz, testuaren baieztapen guziak zalantzan jarri eta galdera gisa ulertzera. Hitz batean, bere liburu hori nola irakurri behar dugun erraten digu Sarrionandiak, autorearen dudazko jarrera hori geure ere egin dezagun, irakurketa ariketa kritiko bihurtzeko.
Aitzinagoan, 178. orrialdean hain zuzen, ETArekin lotutako hainbat gertakari aipatutakoan, honako hau dugu Sarrionandiaren komentarioa: “Halaere, egun ez dago burruka harmatuaz beste aukerarik”. Zaila egiten da (edo, hobeki erranda, zaila egiten zait niri) baieztapen hori galdera bihurtzen: ekintza bat ez da inoiz galdera izaten, ez da autorreflexebitate barthesiarraren jolas fin eta zolia, baieztapen edo ezeztapen absolutuaren jokoa baizik.
Arazoa ez da txikia. Nire ustez, bi zatiek (lehenbizikoa pribilegiatu behar dugula soilik hasieran dagoelako, edo bigarrena baztertu, soilik 178. orrian egoteagatik uste ez badugu, behintzat), Roland Barthesen eta Jacques Rigauten aipamenekin hasten denak eta borroka armatua saihestezina dela defendatzen duenak, irakurketa estrategia kontrajarriak eskaintzen dizkigute. Bada, hala ere, ezberdintasun interesgarri bat. Lehenbiziko aukerak, Roland Barthesenak, testuaren irekitasunarenak, baieztapenak galdera bihurtzearenak, egilearen intentzioak islatzen ditu; liburua ireki eta hantxe dugu, ia paratestu gisa aurkeztua (edo mozorroturiko paratestu gisa), zeinean idazleak bere testuaren giltzak inuzente-inuzente, xalotasun osoz, ematen baitizkigu. Bigarrena, borroka armatuaren (garai hartako behin-behineko) ezinbertzekotasunarena, berriz, bat-batean agertzen zaigu, ustekabean. Bigarren aukera hau ez da egileak berak emana, geronek aurkitua baizik, geronek hautatua eta pribilegiatua, eta, beraz, handik sortutako irakurketak egilearen intentzioei ihes egiten dio, eta haren ariketa kritikoaren mugak agerian uzten.
Ainhoari gutunak liburuan ere halako zerbait gertatzen da, nik uste. Ainhoarendako azkenaurreko gutunean ereduaz da mintzo Sarrionandia: beti bertzeak paratzen dizkigutela eredu, beti dagoela norbait zakurrei harririk botatzen ez diena edo politikan sartzen ez dena edo lohian plisti-plasta aritzen ez dena edo poemak idatzi ez eta arkitektura ikasi nahi duena… “Pentsa ezazu zeure gisara, egin itzazu erizten dituzunak…”. Gutun hori ez da, ziur aski, Sarrionandiak idatzi duen gauzarik hoberena edo interesgarriena, heteredoxoa izateko asmoz topiko bilduma bat bertzerik ez baita nire irudiko. Bukaera, ordea, bikaina eta ironikoa da, amak semeari zahar erdi elbarri bat eredu gisa proposatzen diolarik, honek ez baitu deus egiten. Eredu onek paralisira garamatzate.
Alta, Ainhoari gutunak liburuan berean ez da eredurik falta. Lehenbiziko gutunaren lehenbiziko paragrafoan Sarrionandiak kontatzen digu tituluko neskaren gurasoek kartzelatik ihes egindako hiru ezezaguni harrera eta babesa eskaini zietela, “gau bakar batetarako, astetarako edo urte betetarako geratuko ginen galdetu gabe”; eta han, etxe horretan, ezagutu zuen Ainhoa idazleak. Hasiera honetan, beraz, Ainhoari gutunen motiboa azaltzeaz gain, haren gurasoak eredu bezala aurkezten zaizkigu bi modutan. Ainhoaren gurasoak eredu ditugu zentzu kristauan, justiziak jarraitutakoei ostatua ematen dietelako; eta, aldi berean, abertzaleendako ere badira eredu, zeren, bizitza aberriarengatik emateko prest (Sarrionandiak berak eta, oro har, etakideek bezala) ez badaude ere, beren neurrian (kasu honetan, beren etxea babesleku bezala eskainiz) arriskuak eta konpromisoak hartzen baitituzte Euskal Herriaren alde. Hasiera horren ondoren, bada, nola defendatu adibide eta eredu guztiei uko egin beharra? Are gehiago, ez al da Sarrionandia bera eredurik handiena? Idazle eta herriaren alde dena emateko prest dagoen soldadu bezala ez ezik, Martutenetik modu zinez ikusgarrian ihes egin eta botere etsaiaz trufatu den borrokalari bezala ere ez al zaigu eredugarri agertzen?
Ni ez naiz hemengoa: itzul gaitezen liburu horretara. Titulua gustukoa dudala aitortu behar dut. Sinple-sinple ematen badu ere, konplexua da nire ustez. Mendebaldea eta narraziogintza liburuan, Iñaki Aldekoak dio bi esanahi dituela gainjarrita. Lehenik eta behin, “ni ez naiz hemengoa”-k adierazten du zehazki autorea ez dela kartzelakoa ezta erbestekoa ere, baduela sorterria, “Iurre eta Durango aldean ba[d]ituela familia eta lagunak”; bigarrenik, maila jada jasoagoan kokatzen garelarik, tituluak Sarrionandia tradizio erromantikoarekin uztartzen du, Charles Baudelaireren “n’importe où, hors du monde”, Arthur Rimbauden “la vie est ailleurs” eta abarrekin.
Arrunt interesgarria da, nire irudiko, Ni ez naiz hemengoa titulu negatibo horri Aldekoak balio positiboa ere erantsi izana; alegia, kartzelakoa edo erbestekoa ez izateaz gain, sorterria ere baduela adierazten digula nabarmendu izana. Nolabait errateko, mintzagai dugun tituluak Aldekoarendako alegiazko azpititulu bat izanen luke, honelakoa gutti goiti-beheiti: Ni ez naiz hemengoa [Ni Iurreta-Durangokoa naiz] edo Ni ez naiz hemengoa [Ni Euskal Herrikoa naiz]. Aldekoaren irakurketaren zilegitasuna ukatu nahi gabe, uste dut ez genukeela atzendu behar “hemen” adberbioa subjektuarekin mugitzen dela, Barrio Sésamon irakatsi ziguten bezala. “Hemen” gauden tokian dago, ezin gara “han” egon, haraino iritsi bezain fite “han” hori “hemen” bihurtzen baita. Beraz, zentzu batean, hemengoa ez banaiz, ez naiz inongoa, eta hortaz Sarrionandiaren titulua irakur genezake nazionalismo guztien kritika bezala, edozein tokiarekiko atxikimendua desestabilizatu nahian dabilen heinean: ez gara hemengoak, ez dugu inon etxe finkorik.
Bertze lekuetan, haatik, bere sorterriarekiko maitasuna adierazi du Sarrionandiak, eta poema hunkigarri eta benetan ederrak idatzi ditu sustraiak edukitzearen garrantziari buruz. Are gehiago, amodio hori ez da nolabaitekoa edo kasualitatezkoa, aukera pertsonal baten fruitua baizik, Sarrionandiaren ustez aberria hautatu egiten delako. Aberria ez hautatzeko aukera ere hor dago, baina, abertzalea den aldetik, bazter utzi du gure autoreak, Joseba Gabilondok gogorarazten digun bezala (Kaliforniatik bihotzez liburuan). Horren ondorioa da, bada, nik ez eta Iñaki Aldekoak duela arrazoi bere irakurketan edo, bertze modu batean erranda (eta eredu kontuetara berriz bueltatu behar dugu), Iñaki Aldekoa Ni ez naiz hemengoa testurako ni baino irakurle eredugarriagoa dela, imajinatu beharreko azpititulua imajinatzeko gauza delako eta autoreak utzitako hutsuneak behar bezala betetzen dakielako. Ni, ordea, irakurle kaskarra naiz, finezia eskasekoa, beti gainera zalantzaz beterik, beti kontraesanen bila, beti arreta zirrikituetan eta detaile ñimiñoetan jartzen…
Hala da, izan ere, eta aspalditik lanpostu berri bat sortzea pentsatua daukat. Ahal banu, irakurle paraleloaren lana asmatuko nuke. Dirurik izanen banu, norbait kontratatuko nuke ni irakurtzen ari naizen liburuak edo poemak aldi berean irakurtzeko, nire zalantza guztiak argi ziezazkidan. Ez dut uste egileak ipuin honetan asmatu duenik, erranen nioke; narrazioa astuna egiten da, baina pertsonaiak oso ongi daude eraikiak, erantzunen lidake. Poema honen ironia ikaragarria da, komentatuko nioke; poema horretan ez dago ironiarik, gaizki irakurri duzu, poema hunkigarria da, izanen litzateke haren arrapostua. Eta, noizbehinka, soldata benetan irabazteko galdera ere etorriko litzaioke: “mundu guztiak dio eleberri honen mezua hau edo hori dela, eta nik ez dut horrela ikusten, nik uste egileak kontrakoa adierazi nahi digula”, erratera ausartuko nintzateke; eta nire irakurle paraleloak ihardetsiko lidake “bai, arrazoi duzu”, edo “ez, ez duzu arrazoirik”, eta azalduko lidake zergatik. Eta orduan, azkenean, nire bizitzan behin, testu baten mezua ongi ulertu izanaren ziurtasuna izango nuke. Jakinen nuke idazle horrekin benetan solasean ari naizela.
Adibidez, ipuin hau irakurritakoan:
CONVERSATION IN RENO.
“-Hi, hi, ez haiz ba hi Josemariren semea?
“-What?
“-Josemariren semea haiz?
“-What?
“-Ea hi haizen Josemariren semea…
“-I’m sorry. I don’t understand.
“-Baina hi haiz Josemari Etxarrikoaren semea, ez?
“-What?
“-Elkarrekin heldu ginen eta honantz, duela hogei urte ez dudala ikusi hire aita…
“-What?
“-Zer guat eta guat! Josemarik ez diakik ingelesik eta!
“-No basque.
“-Nobask, nobask? Ba hoa portzulotik hartzera”.
Goiko ipuinak Conversation in Reno du izena, eta, leitu nuen lehen aldian, ikaragarri polita iduritu zitzaidan. Auskalo zergatik. Orain, beharbada obsesionatu samar nabilelako, ez zait hain polita iruditzen. Orain, tranpa bat iruditzen zait. Literatura ote da hori? Zer demonio erran nahi dute hamahiru lerro horiek? Ez-ulermena eta haserrea dira ipuin honen bi osagaiak, horraino ailegatzen naiz. Eta gero? Ez dakit. Duela bi aste, lagun historialari bati deitu nion, irakurle paraleloarena egin zezan. Zorionez, irakurria zuen ipuina eta, zoritxarrez, haren kontura historia lezio bat bota zidan.
[historialariak erran zuena]
Diaspora, erran zidan, idealizatu egin dugu, ETBko saio batzuk ikusi bertzerik ez dago horretaz ohartzeko, eta idealizatze horretaz trufatzen da Sarrionandia. Azken buruan, Ameriketara joandakoen oinordeko asko eta asko izenean baizik ez dira euskaldunak: euskara ahantzi egin dute eta batzuek gurasoen sorterriarekiko jakin-minik ere ez dute, batere. Hor dugu Josemariren semea, konparazione. Amerikanoa da, erabat, edo gehienera jota, euskal jatorriko amerikanoa, baina argi dago jatorri horri bizkarra eman diola. Hori izan liteke lehen mailako irakurketa bat (nire lagun historialariak mailak bereiztea maite du, ez dakit zergatik). Bigarren mailan, ipuinean abertzaletasunaren aldaketa historikoa ikusten dugu: arrazatik hizkuntzara. Euskalduna izatea zer den: horretaz ari zaigu Sarrionandia, hori da ipuin honen benetako gaia. Bai Josemariren semea eta bai bertzea, biak dira baskoak arrazaz, ziur aski biek dituzte euskal abizenak, zortzi edo hamasei edo auskalo zenbat; baina, ipuinean, bakarrik euskaraz egiten duena da euskalduna; sustraiak ahaztuta, amerikano bihurtu baita Josemariren semea. Beraz, EAJren abertzaletasun erran dezagun “klasikotik” abertzaletasun modernora (ezkerreko mugimenduen inguruan jaioa) jauzia islatzen da elkarrizketa ttiki honetan. Arrazatik hizkuntzara. Sabino Aranatik, ez dakit, bada, Txillardegira. “Ez al dakizu euskara dela…?” eta abar.
Eskertu nion azalpena lagunari. Izan ere, nahiko kontent gelditu nintzen esplikazioarekin. Gero pentsatu nuen bada…, hala ere, bigarren iritzi bat aditu nahiko nukeela. Oraingo honetan filosofo bati eskatu nion. Filosofo existentzialista bati, zehatzago adierazteko. Kafe bat hartzeko gelditu eta ipuina erakutsi nion (ez baitzuen ezagutzen), eta historialariaren interpretazioa ere botatzen hasi nintzen, baina moztu egin zidan.
[filosofoak erran zuena]
-Historialariek uste ditek testuinguruak dena argitzen duela. Ez al duk Sarrionandia etakide bat? Bada, horrek gehi etiketa pare batek dena esplikatzeko balio ditek. Sarrionandia ez al duk euskalduna? Bada, orduan ipuinak nahitaez euskal gauzaren bat, nortasuna edo gatazka edo zer dakit nik, azaldu behar. Emaiok testu bat historialari bati, eta iturri historiko bihurtuko dik.
Nire lagun filosofo honek ez ditu historialariak sobera maite.
-Zein da, bada, zure interpretazioa?, galdetu nion.
-Nik uste gizakiaren egoeraz ari dela hemen hire eskritorea. Ez euskal gizakiaz, gizakiaz tout court baizik. Ipuina alegoria bat duk: Nevadako desertua munduaren sinboloa duk, denok bizi gaituk basamortu batean, basamortu espiritual batean erran nahi baita. Paisaia desolatu horretan bi gizonek elkarrekin topo egiten ditek. Biak euskaldunak dituk, edo Euskal Herrikoak, edo baskoak.
-Ez didazu erranen hori ere sinboloa dela?
-Bada, bai. Euskal Herrikoak eginez, bien arteko hurbiltasuna azpimarratu nahi dik autoreak. Gizakiok, elkarrengandik diferenteak izan arren, gauza komunak ditiagu: euskalduntasuna gizatasunaren sinboloa duk hemen. Baina, ohar hadi: berdinak izanagatik ere, ez dituk elkarrekin komunikatzeko gauza (hizkuntza kontua komunikazio ez-gaitasunaren sinboloa duk eta) eta haserrea piztu egiten duk. Hona hemen bilduta alegoria konprenitzeko osagai guztiak.
-….
-Bakarrik gaudek desertua den mundu honetan. Hurbilenekoekin juntatuta ere, ez diagu haiekin benetan solas egiterik, bakarrik gaudelako mundu honetan eta bakarrik gaudelako geure buruaren baitan. Ez diagu kontsolamendurik ingurukoengan. Azkenean, bertzeek haserrea pizteko baizik ez ditek balio. L’enfer, ce sont les autres, Sartrek zioen bezala.
-Eta orduan, zertarako sartzen ditu Sarrionandiak euskaldunak eta euskara eta Ameriketako diasporaren kontua eta….
-Egoera unibertsalak gure mundutik abiatuta ulertzen ditugulako. Gizakion egoera islatzen dik ipuinean, baina egoera unibertsal hori pintatzeko hurbil zituen materialak erabili zitian. Egoera hori ez baitugu modu abstraktu batean bizi, nork bere txokotik bizi dik, eta eskura dugunarekin eraikitzen eta interpretatzen diagu bizipen hori. Ipuinaren mugimendua Euskal Herritik mundura duk, edo Ameriketara, Amerika mundura ateratze horren sinbolo bilakatu nahi badugu, total, berdin zaiguk bertze sinbolo bat gaineratzea. Beraz, testua zuzen ulertzeko ez duk balizko testuinguru historiko batera eraman behar; alderantziz, testuingurutik atera behar duk. Historiatik filosofiara eraman behar duk.
Filosofoarekin elkartzen naizen guztietan haserrea ez, baina depresioa pizten dit hark, hain du bizitzari buruzko ikuspegi benetan pozgarria eta alegera. Handik egun batzuetara hirugarren lagun bat gonbidatu nuen etxera. Desertua den mundu honetan bakarrik kasik aste bat eman eta gero, nire hurbileko bat ikusteko gogoa neukan. Kontatu nion ez nintzela gai literatura ongi ulertzeko eta galdetu ea hori gu gizakion egoera petralaren ondorioa ote zen. Harritu samar begiratu zidan, eta pentsatu nuen komunikatzeko nire ez-gaitasunaren zela-eta haserrea piztuko zela, l’enfer… eta abar. Badaezpada, argiago azaldu nizkion nire arazoak Sarrionandiaren zorioneko ipuinarekin. Honek ere ez zuen ezagutzen, eta ozenki irakurtzeko eskatu zidan. Leitutakoan, haren iritzia galdatu nion, jakina.
[estrukturalistak erran zuena]
-Mitoa da mintzo ipuin honetan.
Zenbait jenderi gustatzen zaio horrela hitz egitea. Esaldi bat bota eta isilik geratzen dira, inteligente aurpegia paratuta, zuk esaldi horrek zer arraio erran nahi duen noiz galdetuko zain.
-Alegia…?
-Irakurri al duzu Saussure?
-Tira, gainetik…
-Saussurek dio hitzek ez dutela berez esanahirik. Sistema bat osatzen dute, eta sistema horren barnean hartzen dute esanahia, elkarren kontra jarriz. Zuria beltzari esker da zuri, nolabait laburbiltzeko.
-Horregatik da mitoa mintzo ipuinean….
-Ez, -jarraitu zuen, nire ironia saioari kasurik egin gabe-, gertatzen dena da mitoetan ere gauzak horrela, binaka, antolatzen direla. Orain, dei diezaiegun mito gure ideologiei, onar dezagun gure gizartean mitoaren antzeko funtzioa betetzen dutela ideologiek. Sarrionandiaren Conversation horretan abertzaletasunaren mitoa dugu: euskaldun eta ez-euskaldun, euskaraz hitz egiten duena eta ahaztu duena, elkarren aurka. Hain zuzen ere, elkar behar dutelako zentzua edukitzeko. Hizkuntzaren osagaiak bezalaxe antolatzen dira mitoaren osagaiak. Hori da, nik uste, funtsezkoena. Hortaz, idazleak, Sarrionandiak kasu honetan, pentsa dezake, nahi badu, bera dela mintzo dena. Baina benetan gertatzen dena kontrakoa da: mitoa da mintzo dena idazlearen bitartez. Zure testu ttiki hori ez da subjektu baten adierazpena, estruktura batena baizik.
Nire laguna den hirugarren irakurle paralelo hau estrukturalista da, nabaritu ez baduzu. Eta estrukturalista batekin hitz egin ondoren zer egin behar da?: postestrukturalista baten iritzia eskatzea, jakina. Bertzenaz, modaren azkenaurreko solairuan geldituko ginateke, eta iritziak eta interpretazioak entzuten hasita, zergatik ez bertze bat? Hortaz, nire laguna etxetik atera bezain laster bertze ez dakit lagun edo ezagun edo ikaskide bati hots egin nion, ipuina irakurtzeko eta interpretazio estrukturalista, ahaztu baino lehen, kontatzeko. Ez nion testua irakurri behar izan, nire lagun/ezagun/ikaskideak jada ezagutzen baitzuen. Interpretazioa ez zitzaion erabat gaizki iduritu, baina komentario/apostrofe/glosa batzuk egin zizkion, hala ere.
[postestrukturalistak erran zuena]
Arrazoi omen zeukan estrukturalistak, hitzek elkarri kontrajarriz hartzen dute esanahia.
-Baina esanahi hori arbitrarioa da, abenikozkoa, hitzen eta gauzen arteko harremana ez da begi-bistakoa. Horren adibide dugu Sarrionandiaren ipuin hau. Zer ikusten dugu, azken batean?
-Bada, bi pertsonaiaren elkarrizketa eta…
-Ez, ez dira bi pertsonaia, bi hizkuntza zeinu dira, edo, hobeki erranda, bi adierazle. Eta, zure estrukturalistak zioen bezala, bi adierazi, edo, hitz arruntagoetan, bi esanahi ere badira: euskalduna / ez-euskalduna. Problema zera da, adierazleak nola lotu adieraziei. Zure lagun, zera, gure lagun estrukturalista gixajoaren ustez, hizkuntzaren arbitrariotasuna kontuan hartu ez duenez, dena argi dago: euskaraz dakiena euskalduna da, ez dakiena ez-euskalduna.
-Ondorio logikoena dirudi, intuizioak agintzen diguna….
-Ez dakit logikoena den –moztu egin zidan–. Agian, etimologikoena, baina ez dut ikusten zergatik onartu behar dugun. Etimologia irizpide posible bat da esanahia asmatzeko, ez irizpide bakarra. Eta intuizioari dagokionez, intuizioak diosku eguzkia mugitzen dela eta lurra geldirik dagoela; inteligentziak, ordea, kontrakoa erakusten digu. Kontua da lotura hura ez dela hain agerikoa, irakurleak erabaki duela bere kabuz, arbitrarioki.
Oso ongi, argi dago badakizula gainerakoen proposamenak kritikatzen.
-Zein da, bada, egin beharreko irakurketa?
-Nik proposatzen dudana hauxe duzu: bi adierazle ditugu, elkarri kontrajarriak, Josemariren semea, alde batetik, eta bere ustezko ezaguna, baina zein den euskalduna eta zein den ez-euskalduna ez da erabakitzen ahal. Bi adierazleak aske daude, haien diferentzian elkarri lotuta baina adierazietarik aske, testuaren uretan flotatzen, ezinezkoa baita adierazi batarekin edo bertzearekin modu sendo batean itsastea. Zein den euskalduna eta zein ez, hori geronek erabakitzen dugu, gure ideologia edo gure estetika eta gure gogoaren arabera.
-Hortaz?
-Hortaz, ipuinak euskal abertzaletasuna dekonstruitu egiten du, edo desmuntatu, oinarririk gabe utzi, ez dakit, bada, tripak kanpora atera….
Erantzuna erraza zen:
-Susmoa dut Sarrionandiak ez zuela abertzaletasuna desmuntatu nahi.
Telefonoaz bertze aldean hasperen bat entzun nuen, nire ezjakintasunaz nekaturik balego bezala.
-Baliteke Sarrionandia-pertsona abertzalea izatea. Hemen, Sarrionandia-izenaz ari naiz, hainbat testu biltzeko balio duen etiketaz alegia, eta kontatuko didazu zergatik testuak interpretatu behar diren idazlearen motibo biografikoen arabera. Autorea hilda dago.
Agian, irakurle paraleloarena ez da hain ideia ona. Edo, nahaste-borraste honen ondoren, akaso irakurtzen ikasi beharko dut. Akaso, azken batean, Roland Barthes oker zegoen. Idazleak oro dogmatikoak dira, idazkiak antidogmatikoak. Akaso idazle guztiek egiaren jabe izateko estrategiak garatzen dituzte (“Itzuliko ez denak egia dio beti”. Friedrich Hölderlin idazle alemaniarraren esaldia da, berriz ere Sarrionandiak aipatua Ni ez naiz hemengoa liburuan, eta aipamena Jon Miranderen kontura ekarri arren, beharbada bere buruaz ari zitzaigun hemen Sarrionandia). Idazle oro kontzeptuak finkatzen, fosilizatzen saiatzen dira, baina irakurleok testuak irekitzen ahal ditugu, haiekin jolas egiteko. Afarietan bezala, testuaren hausturetan eserita, testu baten azken egia zein den ez jakiteak deserosotasuna sorrarazten du gure baitan. Baina, beharbada, horrek ematen digu, noizean behin bederen, plazerik handiena. Batzuetan esnatu, eta ez dugu batere ziurtasunik.
Poesiaren kontra nago. Generikoki, irmoki, tolesgabeki. Duela urte batzuk, EHUko literatur aldizkari baten aurkezpenean hain zuzen ere, poesiaren kontrako nire frustrazio guztia isurtzea bururatu zitzaidan, jakin gabe nire ondoan eseriko zena, Zintzhilik aldizkari hura aurkezteko tenorean, poeta bat izango zela, Gerardo Markuleta alegia: ondorioztatu dezakezuen bezala, ez zen poeta bat ezagutzeko modurik egokiena izan. Enkontru horretatik, edo talka horretatik, nahi baduzue, handik urte batzuetara, emanaldi bat sortu zen, “Poesiaren alde, poesiaren kontra” izenburukoa, zeinetan Gerardo Markuletak, Kirmen Uribek, Arantza Ozaetak, Pili Kaltzadak eta nik neuk hartu baikenuen parte. Imajina dezakezue, espektakulu hartan, nork hitz egiten zuen poesiaren aurka... Agian horregatik gonbidatu ninduten gai horretaz hitz egitera, EHUko Poesiaren Bidearen inauguraziora.
Gonbidapena onartuko nuen ala ez hausnartzen hasi nintzen. Azken batean, hura duela urte asko gertatu zen. Orduz geroztik ezkondu naiz, bizitzak bi alabaren aita bihurtu nau, gehiago irakurri dut, zahartu naiz. Are poeta batzuen adiskide bihurtu naiz, haiekin solas egin eta dibertitu naiz. Heldu egin naiz, alegia. Itxura batean behintzat.
Baina konturatu naiz poesiarekiko nire jarrerak berdina izaten jarraitzen duela. Oraindik sumintzen naizela norbaitek esaten didanean, nire perila seinalatuz, Bécquer dirudidala, edo, okerrago dena, Quevedoren piura daukadala: nik, perila uztean, Leninen antza lortu nahi nuen ba, edo, gutxienez, Leninena ez bazen, Trotskyrena… Eta guzti hori idazlea naizelako soilik: idazle guztiok poetak izan beharko bagenu bezala, funtsean. Ba ez: ni, ez. Ni idazlea naiz, eta ez dut sekula poemarik idatzi. Ezta asmorik ere.
Edonola ere, halakoetan ezin da besterik gabe esan “poesiaren kontra nago ez zaidalako gustatzen”, edo “poesiaren kontra nago ez dudalako ulertzen”. Ez, argudioak eman behar dira. Eta nire argudio nagusia da, eta horretaz hitz egingo dizuet gaur, poesia dela, literaturaren adarren artean, bekatu gehien duena, hots, poeta dela Zazpi Bekatu Nagusietan, zazpi bekatu kapitaletan gehien erortzen dena.
Izan ere, manifestu hura hartu eta besterik gabe errepika nezakeen, zergatik ez. Artistaren bizitza, une batetik aurrera, bere burua ondo plagiatzen jarraitzean datza, funtsean; Borgesek ez zuen besterik egin El hacedor liburutik aurrera (1960), edo lehenagotik apika, eta jokaldia izugarri ondo atera zitzaion. Bestalde, ezin uka modan jarri denik, Brian Wilsonek taula gainean Pet Sounds diskoa osorik erreproduzitzen hasi zenetik gutxienez, disko “klasikoak” zuzenean berregitearen kontu hori. "Metallica plays the Black Album". "Mercury Rev plays Deserter’s Songs". Eta abar. (Euskal Herrira ez da oraindik moda hori heldu, nik dakidala, Henry Bengoa Inventariumen kasu hurbila alde batera uzten badugu behintzat. Baina Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren laguntzaz Euterperen artearen aurkako atentatuak perpetratzeko ohitura amaitzen denean, ez ninduke harrituko "Ken Zazpi plays Bidean" edo "Gozategi plays Ainhoa" bezalako ekitaldiak ugaltzen hasiko balira…).
Baina tentazioa handia izanda ere, ez nintzen besterik gabe testu zahar hura hartu eta errepikatzeko gai sentitzen: ez naiz horren idazle ona. Ondorioz, material zahar hura birziklatuz bertsio berri bat egingo nuela erabaki nuen. Eta horrela sortu zen “Poesiaren Zazpi Bekatuak” hau.
Badakit ez dagoela modan zazpi bekatu nagusiez hitz egitea, are gutxiago krisi garai honetan, zeinetan, dudarik gabe, askoz ere entzutetsuagoak baitira Apokalipsiaren Lau Zaldunak. Izan ere, ni ez naiz kristaua, Jainkoari eskerrak. Baina Elizari onartu behar zaio bi mila urteko historiak zer edo zer irakatsi diola: aditurik baldin badago bekatu kontuetan, hori Eliza da, eta, ondorioz, horren inguruan mendeetan zehar landutako dotrina abiapuntu ezin hobea eskaintzen zidan nire remakerako. Beraz, ikus dezagun zeintzuk diren Poesiaren Zazpi Bekatu Nagusi, Mortal eta Kapitalak:
Aurrenekoa, Harrokeria edo Soberbia. Hauxe da, dudarik gabe, Poesiaren bekaturik larriena, eta Erdi Arotik hauxe zen, ez alferrik, Elizak salatzen zituen bekatuen zerrendako lehenengoa. Poetek beti dute joera genero literario hori beste guztien gainetik ipintzeko. Are gehiago; badago, are gorago ipintzeko, Poesia Literatura dela ukatzen duenik, ez delako fikziozkoa, zerbait handiagoa baizik: bizitzaren kontzientzia da poesia; bizitza bera, azken batean. Poesiak ez luke, beraz, zer ikusirik nobelagileek edo ipuinlariek eraikitzen dituzten artifizioekin. Antonio Gamonedaren arabera, “Literatura fikzioan dago; hori zoragarria izan daiteke, baina poesia berezko errealitatea da. Poesia ez da literatura”. Eta begira zen dioen Jorge Riechmannek: “Poesia idazteak ez du zer ikusirik literaturarekin. Badu zer ikusia elikadurarekin, eta badu zer ikusia askatasunarekin”. Eta baita Adurizen sukaldaritzak ere, horretara jarrita –eta baita Berasategirenak ere: gehituko dut, badaezpada, moskeatu ez dadin–. Baina, diot nik: poeta bat, maitasunaz hitz egitean, une erromantiko bat gogora ekartzean, ez al da, menturaz, oroimen ariketa bat egiten ari, hots, fikzio ariketa bat, beste genero guztietako idazleok bezala? Ba horixe. Okerrena da poeta gehienek apaltasunez janzten dutela Harrokeria hori, esanez, adibidez, guztiok daramagula poesia gure baitan, guztiok garela poeta. Baina –gehitzen dute berehala, zuhurki– soilik gutxiengo pribilegiatu batek lortzen du barneko hazi hori garatzea: haiek, noski. Azkarrak, ezta?
Bigarren bekatua Lukurreria edo Abarizia da. Ezagutzen al duzue hitzei interes tasa altuagorik ipintzen dion literatur generorik? Bertso-lerroa osatzen duen sintagma bakoitza, hitz bakoitza, are silaba eta fonema bakoitza ezinbestekoak eta erabakigarriak izango balira bezala tratatzen dituzte poetek. “Poesia batean ez du ezerk sobera izan behar”, diote. Eta horregatik bostehun eurotakoa omen idazten duten hitz bakoitza. Urrea obratuko balute bezala, alegia. Izan ere, poeta gutxik egiten diote ihes hizkuntzaren liluraren gaitzari, eta poemak idazlearen hizkuntza-trebetasunerako probalekuak bihurtzen dira, askotan, eta egitura barren-huts soil bihurtu, intxaurrik gabeko oskol –barkatu metaforagatik: eskapatu egin zait–. Tim Buckley kantari amerikarrak esaten bide zuen hitzen arazoa dela esanahi bat dutela: oso ederrak izan daitezkeela, alegia, oso soinu ederrak sor ditzaketela, baina kontuan hartu behar dela esanahi bat dutela, tamalez. Eta hori da poetek behin eta berriro ahazten dutena: hitzek esanahi bat dutela, eta ez prezio bat. Bada garaia, nik uste, Poesiak ezarri digun hipotekaren prezioak jaisten has daitezen.
Hirugarren bekatu nagusia, jakina den bezala, Lizunkeria edo Luxuria da. Hau, berez, ez zait gaizki iruditzen. Eta onartu behar da poesiaren gai nagusienetako bat, Historiaren eta are Historiaurrearen hastapenetatik, maitasuna izan dela, edo, zehatzago izateko, larrutan egiteko gogoa: zenbat eta zenbat poema ez diren idatzi intentzio horrekin... Baita, harrigarria suerta badaiteke ere, euskaldunon artean ere; pentsa ezazue, Lizardiren poemek kutsu erotikoa dutela ere defendatu du norbaitek… Baina nik puntu honetan salatu nahiko nukeena, ororen gainetik, publizitate engainagarria da. Behintzat, gure poesiari dagokionean. Saiatu al zarete inoiz euskal poema batekin ligatzen edo sexua lortzen? Eta? Ba horixe… Angel Errok zorrozki idatzi zuen bezala, epigrama batean:
Clais liraina, ezin erran bezainbat amodio
dizut, eta bertso hauek sobera daude,
maitasunik ez baitute gehitzen, ezta errazten ere,
hala ere, zure atarian idazten dizkizut
jakin dezazun, ene Clais muzina,
haien ondoan igarotzen zaren bakoitzean,
zenbateraino maite zaituen Caiok
eta, oro har, zein gutxi ahal duen poesiak.
Laugarrena, Haserrekeria edo, Joan Perez Betolazakoak idazten zuen bezala, Irea. Haserrekeria, poesiaren bekatu, galdetuko duzue? Ados, onartzen dut poetek, oro har, nahiko izaki otzanak diruditela, sentsibleak, bortxaz aritzeko ezgaiak; Joan Mari Irigoien eta bere fularrak ikusita, arrazoia eman beharko nizueke. Tira, badaude kontrako adibideak: Rimbaudek afizioa zeukan, antza, jendea burdin barra batekin jotzeko, eta Verlainek denboraldi bat pasatu behar izan zuen kartzelan hain justu Rimbaudi eskumuturrean tiro egiteagatik –besteak beste–; Neron enperadorea bera, ez dezagun ahaztu, poeta zen. Baina demagun, oro har, poetak pertsona baketsuak eta bakezaleak direla. Hala ere, poesiak badu Iraren bekatuarekin zer ikusirik: niri, eta irakurle askori, eragiten digun haserreagatik poema bat irakurri eta ezertxo ere ulertzen ez dugunean, ez lehenengoan, ez bigarrenean, ezta hirugarrenean ere. Witold Gombrowicz-ek zioen bezala, “Gizon bat era naturalez mintzatzen denean, hau da, hitz lauez, bere mintzaerak elementu asko hartzen ditu barrenean; baina orduan poetak etortzen dira eta mintzaeratik elementu apoetiko guztiak kentzen dituzte. Hitz egin beharrean abesten hasten dira. Horrelako lan batek mendeak irauten baditu monotonia nagusitzen da poetarik onenaren eremuan. Estiloa zahartzen da: poetak ez du hartzen abiapuntutzat gizon arruntaren sentsibilitatea, beste poeta batena baizik eta horrela isurtzen duen hizkuntza hertsiegia da. Azkenean beren tresnaren esklabo bilakatzen dira, forma hori zehatza eta gogorra, sakratua eta kontsakratua delako, eta, hori dela eta, ezin du espresiobide izan”. Beste era batean esanda: poetek, belaunaldiz belaunaldi, berek bakarrik uler eta senti dezaketen lengoaia gero eta hermetiko bat asmatu dute. Zeinaren helburua, lehen aipatu dizuedan bezala, irakurle gaixoa haserraraztea eta iraz gainezka jartzea dela baitirudi…
Bosgarrena, Jalekeria edo Gula izango litzateke. Poesia da, dudarik gabe, garapen jasangarriaren etsai literariorik handiena. Zenbat eta zenbat baso ez dituen poesiak jan; zenbat eta zenbat paper ez den alferrik galdu olerki liburuetan, marjinak hain zabalak egiteko, hitzak hain handi inprimatzeko eta sarritan irudiak sartzeko poetek duten zorigaiztoko mania horrekin; beste genero literarioek, aforismoaren eta haur literaturaren salbuespenarekin, askoz ere begirune handiagoz tratatu izan dituzte Gure Planetaren baso gero eta urriagoak. Norbaitek esango dit poesia internet bitartez argitaratzeko aukerak murriztu egin duela egur eta paper gose hori guztia, baina hala pentsatzen duena oso oker dago. Zeren eta, alde batetik, poetek jarraitzen diote paperezko liburuak argitaratzeko maniari eusten, deforestazioa nahikoa sustatu izan ez balute legez. Eta, bestetik, poema bat interneten argitaratzea imajina daitekeen ariketarik astunena izateaz gain –saia zaitezte poema bat blog batean editatzen, salto egiten duten lerro horiekin guztiekin, etengabe deskonfiguratzen diren HTML kode horiekin guztiekin…–, poema batekin hornitutako web orri batek lerro estuko prosazko testu on batek adina energia-gastu eragiten duelako… lehenengo, pikatzeko, eta gero, argindarrean. Eta, adiskideak, mundua ez dago energia xurgatze, energia irenste hori guztia jasateko prestatuta. Badakizue: Zero Poesia, Zero Zabor [abisatzen dut copyrighta niretzako eskatzen dudala, bestela Gipuzkoako Diputazioak kenduko dit, akaso].
Poesiak egin ohi duen Seigarren bekatu nagusia Bekaizkeria edo Inbidiarena da. Ez dago poetena baino gremio inbidiatsuagorik. Poetek, zer esanik ez, beste generoei diete inbidia: ororen gainetik nobelari, baina baita ipuinari, antzerkiari eta are –gaixoak– saiakerari ere. Oso gutxi saltzen dutelako besteekin konparatuta, alegia –eta oraindik harritzen dira, poesiaz kontatu duguna kontatu ondoren?–. Dena den, egia da bekatu guztien artean hauxe dela barkagarriena, ziurrenik: ez du inporta ze hizkuntzatan argitaratzen diren edo zein literatur sistematan, poema liburuen salmentak irrigarriak eta ezdeusak dira beti. Normala eta ulertzekoa da, beraz, inbidia izatea. Kontua da bekatu txiki horrek poetak eramaten dituela, usu, handiago bat egitera, zerrenda honetan aipatu dugun lehenengora hain zuzen ere, Harrokeriara, eta beren generoa beste guztien gainetik ipintzera, altzariak salbatze aldera. Eta hori bai dela toleraezina, lagunak. Esaterako, duela gutxi Javier Cercas nobelagileak elkarrizketa bat izan zuen Les Murray poeta australiarrarekin eta zera galdetu zion, ea poesiaz gain, prosa idazten ote zuen. Eta zer erantzun zion Murrayk? “Ez, ez dut prosarik idazten. Horrek ez du irauten”. Nekez ukatuko zait Murrayren hitzen nagusikeriazko geruzaren azpian inbidia sumatzen dela… Prosak ez duela irauten… halakorik! Itxaron, Murray, itxaron aro geologiko batzuk, eta ikusiko duzu zenbat irauten duen poesiak ere…
Zazpigarrena eta azkena, zer esanik ez, Alferkeria edo Nagitasuna da. Poetak alferrak dira. Aipatu dugu jada, Gularen atalean, orrialdeak erdizka edo laurdenka baino ez betetzeko joera malapartatua: poema liburu bat, karakteretan neurtuta, Patxi Lopez lehendakariaren edozein diskurtsoren euskarazko sarrera baino laburragoa suertatzen da; izan ere zenbat eta meheago, orduan eta poesia liburuago... Baina ez da horretan geratzen kontua: gogora ditzagun poesia filosofiarekin parekatu nahi duten olerkari gero eta tematiagoak –urtero manifestu sasipoetiko eta sasifilosofiko batekin zigortu ohi gaituzten horiek, esaterako–: poema liburutxo batek aipuz, oin-oharrez eta bibliografia zabalaz ongi hornitutako pentsamendu-liburu bat ordezkatu ahal izango balu bezala! Izan ere, poeta, benetako poeta bada, ez da arduratu behar bere lana ondo egiteaz ere: Felipe Juaristiren arabera “poema bat ez da beste poema bat baino hobea edo txarragoa: poema bat poema da, ala ez”; erosoa, ezta? Gainera, poesiak bazituen, antzinako garaietan, zailtasun teknikoak, eta muga estilistiko batzuk: adibidez, doinu zehatz bat, betebeharreko errima bat, ahapaldien eta bertso-lerroen luzera jakin bat, aliterazio konplexuak eraikitzeko joera, are azentuen barne-jolas bat, eta abar. Trebetasun ariketa bezala, besterik ez bazen, bazuen bere grazia apurra, bertsolaritzak legez, alegia. Baina, zer gertatzen da gaur egun? Lerro zuria eta batez ere lerro askea zabaltzen hasi zirenetik, orrialdearen bi aldeetatik marjinak oso zabalak egitearekin –eta testua justifikatu gabe uztearekin, noski–, edozer gauza izan daiteke poesia. Are Patxi Lopez lehendakariaren euskarazko –edo gaztelaniazko– diskurtso bat, lerro laburretan ipiniez gero.
Poesiari buruz dakidan guztia jakinda, hots, munduko literatur generorik bekatariena eta, beraz, arbuiagarriena dela irmoki sinetsita, zuen aurrean oraintxe bertan frogatu dudan bezala, zer dela eta esan nion baietz Poesiaren Bide honen inaugurazioan parte hartzeko gonbidapen adeitsuari? Tira, alde batetik, etxe honetako, EHUko langile bezala, ez zitzaidan zuhurra iruditzen Errektoretzatik egindako gonbidapen bati uko egitea: murrizketen kontua dagoen bezala, hobe tentuz ibiltzea. Baina, bestetik, eta nagusiki, uste sendo batek eraman ninduen ekitaldira: Poesiaren Bidea, poesiari omenaldi bat izatearen itxura guztia izan arren, kontrakoa delako hain justu, poesiaren aurkakoontzako aukera paregabea. Munduko ze beste tokitan ematen zaigu -liburuak lurrera botatzeko keinu ez bereziki dotorea egin gabe alegia- poemak zapaltzen ibiltzeko aukera? Ba Bizkaiko Kanpusean, Euskal Herriko Unibertsitateko egoitza nagusian!
Ziur egon zaitezkete hemendik aurrera gehiagotan joango naizela Leioako kanpus ederrera. Paseatzera.
1.- Marcel Proust
Urteko azken egunetan eskutitz hori iristea zerbait gertagarria iruditu zitzaidan. Agian ez zen hala, baina hori sinesteko, gerta dadineko gogoa eta beharra aski zaigu. Soldadu orok uste sendoa du amaigabe luza daitekeen denbora daukala aurretik hil dezaten baino lehen; lapurrak, harrapatu dezaten baino lehen; gizakiak, oro har, heriotzak eraman dezan baino lehen. Maiteminduta gaudenean, amodioa hain da handia non ez zaigun barruan sartzen: maite dugun lagunarenganantz irradiatzen du, bertan bidea mozten dion superfizie bat topatzen du, abiapuntura itzularazita; eta talkak bihurtzen digun samurtasun hori, geure samurtasuna bera, besteren sentimendutzat jotzen dugu, eta gogokoagoa dugu gure maitasuna itzultzean joatean baino, ez baitugu nabaritzen geuregandik datorrela.
2.- Estraton Sardesekoa
Kalean, beti, mutil ederrei
aurretik baino ez begiratzeko
asmo sendoa dudan arren, ezin
dut, ai, neure burua kontrolatu,
eta, behin igaro direnean,
segituan itzuli egiten naiz.
***
Duela gutxi, lore merkatuan
nenbilela, mutil bat ikusi dut,
loreak sortetan txirikordatzen.
Ezin izan naiz ondotik igaro
eta minik hartu ez. Lasaiturik
egin diot galdera:
“zenbatetan saltzen duzu koroa?”
Lore hostoak baino gorriago jarri da
eta lurrari begira esan dit:
“zoaz hemendik, aitak ikusi baino lehen.”
Aitzakia hutsez, koroa batzuk
erosi dizkiot, eta etxean
jainkoei eskaini egin dizkiet
beraren alde erregutuz.
3.- Euskarazko Wikipedia
Augusta Ada King, Lovelaceko kondesa (1815-1852) jaiotzez Augusta Ada Byron, Historiako lehen programatzailetzat jotzen da. Lord Byron poetaren alaba, ekuazio diferentzialak askatzeko gai zen Charles Babbageren konputagailu mekaniko aitzindariaren deskripzioa idazteagatik da batez ere ezaguna.
Kategoriak: Informatikariak • Matematikariak
….....
Urpo Ylönen Saria 1977tik urtero SM-liiga finlandiarreko atezain onenari ematen zaion garaikurra da; SM-liigako arduradunek erabakitzen dute sariaren irabazlea.
Urpo Ylönen izotz-hockey jokalari profesional bat izan zen.
Kategoria: SM-liigako garaikurrak
4.- Emily Dickinson
Euli bat entzun nuen–hil nintzenean–
Gelan, Baretasuna
Bi Ekaitzaldiren arteko–
Airearen Baretasuna bezalakoa zen–
Begiak inguruan–malkoez lehor–
Eta Arnasari eusten zioten denek
Azken Oldarrerako–Erregea
Agertzerako–behingoz Gelan–
Nire Oroitzak oinordetzan utzi nituen–nitaz
Esleitu gabe zegoen zatia
Laga nuen–eta orduantxe
Euli bat sartu zen tartean–
Burrunba Urdin–lauso sigi-saga horrekin–
Argia–eta nire artean–
Eta gero leihoak itxi zituzten –eta gero
Ez zegoen ikusteko ikusterik–
5.- Jarvis Cocker (PULP)
Abesti hau, elkar ezagutu baino bi ordu lehenago, idatzi nuen.
Oraindik ez nekien zure izena, ezta nolakoa zinen ere.
O, etxean gelditu eta ohera joan nintekeen.
Edo pelikula bat ikustera joan, bestela.
Ideiaz alda zenezake zuk eta zure lagunak bisitatu.
Bizitza oso ezberdina litzateke, baina orduan
zerbait zen aldatu.
Zuk sinesten duzu norbait dagoela hor goian?
Norbait planifikatzen dituena maitasun kontuak?
Zergatik idatzi nuen abesti hau egun horretantxe?
Zergatik ukitu zenidan eskua, goxo esanez:
“Utzi galdera horiek, ez du axola edonola ere.
Muxu emadazu, ordea, ospatzearren gaur hemen
zerbait dela aldatu”?
Goiz horretan esnatu ginenean ez genuen jakiterik
ordu gutxiren buruan bizitza aldatuko zitzaigula.
Non nengoke ez bagenu elkar topatu?
Abesti hau beste norbaiti abestuko nioke?
Ez dakit, baina, zuk esan bezala,
zerbait zen aldatu.
6.- Ovidio
Beti bezala, galdetu didazu, adiskide horrek, zertan nabilen, nire isiltasunagatik iragar zenezakeen arren. Zorigaiztokoa naiz: horra hor ene gaitzen laburpena. Jende honen artean bat bakarra ez dago latinezko hitz arrunt bat ere esan dezakeenik. Ni, Erromako poeta ospetsua –barka nazazue, o Musak!–, sarmatarren hizkuntzan mintzatzera behartuta nago. Lotsaz aitortzen dut, luzaro ez erabiltzearen poderioz, latinezko hitzak ahaztuz noala. Zalantzarik gabe, liburu honetan barbarismo asko egonen dira: errua ez da gizonarena, tokiarena baizik. Hala ere, latindar hizkuntzaren trebetasuna ez galtzearren eta nire ahotsa ez dadin mutu gelditu aberriaren doinuetan: neure buruari hitz egiten diot, maiz erabili gabeko hitzak berpiztu eta poesia grina zorigaiztokora itzultzen naiz. Horrela denbora pasa eta lana ematen diot gogoari. Bertsoetan nire ezbeharren ahaztura bilatzen dut. Horixe lortzen badut, aski da.
7.- Patrick Ourednik
Lehen Mundu Gerran telegrafoa mezu sekretuak bidaltzeko baino ez zen erabili. Bigarren Mundu Gerran ingelesek ordenagailua asmatu zuten mezu sekretuak deskodetu ahal izateko, eta 60etan amerikarrek Internet asmatu zuten. Eta 370.000.000 lagunek interneterako sarbidea izan zuten eta beraien ideiak eta desirak libreki eta mugarik gabe komunikatu ahal izan zituzten. Eta emakumeek internet bidez eska zezaketen emaile izengabe baten esperma eta hainbat laborategik kalitate bereziko gizonen esperma eskaintzen zuten, astrofisiko, ingeniari edo saskibaloiko jokalariena. Emakumeek esperma 115 irizpideri jarraiki aukeratu ahal zuten: nazionalitatea, jatorria, arraza, erlijioa, ikasketa-maila, norberaren gustu eta hobbyak, ile-kolorea, bilo-lodiera, testikuluen bolumena, eta abar, eta jatorri afganiarreko 30 urteko biologo amerikar ile-beltz begi-urdin baten esperma eros zezaketen. Dosi batek, bataz beste, 1.050 dolar amerikar balio zituen, bidalketa-gastuak barne, eta emakumeek esperma-emailearen ahots-grabaketa bat ere eska zezaketen. Grabaketan zera entzun ahal zen: “Kaixo! Gaur egun ederra ari du, benetan, mendian buelta bat emateko modukoa. Espero dut asebeterik gelditzea nirekin”. Eta grabazioa enkargatua zuen emakumeak jakin nahi izan zuen %10eko beherapena egin ahal zioten, esperma-emailea erremerrea zelako.
8.- Rikardo Arregi Diaz de Heredia
Amodiozko poema IV
Iluna zela hiria
esaten zuten edonon.
Gu biontzat argiegia da,
inork ezin du ulertu
gure jolasa. Gure borroka.
Harriturik begiratzen dute
gure janzkera. Gure desira.
Gureak dira bakarrik
jolasak, borrokak, kamisetak.
Ongi da horrela izatea.
Parkeak, plazak, kale zabalak.
Gureak desirak, grinak.
Bigarren Inperioko etxeak.
Berdinen arteko ispiluak
gureak. Gureak gorputz hutsak.
Herriaren Jauregia.
Eliza ttipiak, museoak.
Gureak.
9.- Edward Gibbon
Ikuskizun publikoak Paganoen debozio alaiaren parte funtsezkoa ziren, eta jainkoek, beraien jaiegun berezien ohorean, enperadoreak eta herriak ospatzen zituen joko horiek onartu behar zituzten, eskaintzarik estimagarriena balitz bezala.(*)
(*) Ik. Tertulianoren De Spectaculis. Erreformatzaile zorrotz hau ez da barkaberago ageri Euripidesen tragedia batekin gladiadore borroka batekin baino. Aktoreen janzkerak bereziki mindu egiten du. Antzezleek, botak altxagarriekin erabiliz, modu sakrilegoan lortu egiten dutelako beren garaiera ukondo batean handitzea.
10.- Juan Antonio González Iglesias
Ya.com-ek mega mugagabeak eskaintzen dizkit,
nire orrialde pertsonalerako
bakarrik. Dohainik. Baina bada
asaldatzen nauen zerbait mega horietan.
Esamoldeak aitzineko tentazioaren usaina dakarkit.
Mega mugagabeak, zertarako?
Ziutate itzelek, desertuak,
unibertsitateek, munduko
eta bere monarkietako gobernuek, enpresek
eta are intelektualek ere
beharra izan dezakete,
baina nik, inoiz Horazio itzuli nuen honek, ez,
dakidalarik gauza orotarako mugak badaudela,
labirintoa
eta lerroa ezberdinak direla, nihauren mugek
espazioan eta denboran badutela
nik gogoko dudan izen sinplea: gorputza.
Ezbairik gabe,
gauzek duten muga berberak izan nahi ditut.
11.- Martzial
Poema oso txar batzuk agertu direlako
webgune galdu batean, zuri egotziak,
zureak izan gabe,
haserre zabiltza, zabiltza muturtua
eta bekaiztu zara. Ez nau harritzen.
Idatzi infame horiek bilatu,
aurkitu ditut sarean
eta kontua uste baino larriagoa da.
Poemak zureak ez izateaz gain
zureak dirudite.
12.- Sandro Penna
Mutiko, zure edertasun hau oro
nire logelatxo burges honetan nire,
hiri zorrotzak deus ez dakiela
zure edertasun honetaz orotaz.
*********
Alde egin du garbi-garbi, eta argi askoa
lantokitik eta atarietatik urrun igaro da.
Oi bat-bateko amodioa gizon bat batzuetan
hormaren kontra negarrarazten duena, oi gaua
13.- Laurence Sterne
Arrazoitzearen eta silogismoak eraikitzearen dohaina –gizakiengan ari naiz, beste izaki gorenengan, hala nola aingeruak eta espirituak, agian dena EGITEN DELAKO INTUIZIOAREN BITARTEZ, eta infernuan, jakin dakizuenez, sudurraren bitartez (nahiz eta uharteren bat omen dagoen, galduta itsasoaren erdian, kokapenari dagokionez ez badago ere guztiz nahi lukeen tokian, zeinean bere biztanleak, oker ez banago, zoragarri talentudunak diren arrazoiketak esan dudan azken modu honetara egiten, eta, izan ere, ederki egiten dituzte maiz; baina hau ez dator harira).
Gure artean behar bezala arrazoitzearen dohaina, ari nintzen esaten…
14.- Iñigo Astiz
Zarata kolore eta mugimendu
hainbeste zilipurdiz nazkatuta
pasio nagi eta muxu nekatuon
zetaz oheratzen dugu elkar
eta aspertuta jotzen dugu larrua
etsipen jadanik domestikatuaz
gure gorputzen uneko egiaz
egia handiagoa sumatuz eta ezkutatuz:
aspertuago geundeke hori gabe
baina denak guztiz errendituta
dirudienean zerbait diozu nitaz
eta egunerokoen artean ahaztutzat
nuen arren deskubritzen dut nire burua
zure ahotsean, aukera guztien aurka,
irribarrez, harrigarriki eder.
Jakin badakit Hamar Aginduen kontu hau arrotza egingo zaiela irakurle askori, gazteenei batik bat, baina erlijio berdaderoan heziak izan garenoi, jada sinesten ez dugun arren, irauten digu oraindik imajinario haren kutsuak, are gehiago REM fasean sartuta gaudelarik –eta orduan bakarrik balitz, gaitz erdi, baina ez naiz horren optimista–.
Baina noan, behingoz, gertatutakoarekin: gauaren erdian, saltsa mexikarrean bustituriko afariko natxo gehiegien ingestioak eraginda ziurrenik, –eta aurreratu bezala– amets batek egin zidan eraso, amesgaizto izatera iritsi ez bazen ere. Bertan, batzuetan Bernard Pivoten eta beste batzuetan Harold Bloomen itxura zeukan agure bat mendi batetik jaisten ikusi nuen, bi harlauza eskuan zeramatzala. Gizonak dei eginik, hurbildu nintzaion, eta hizketan hasi zitzaidan: Literaturaren Hamar Manamenduak adieraziko zizkidala esan zidan, ahots ozenaz. Hauek ziren, gogoratu ahal ditudanez, aginduak:
Lehena. Kanona maitatuko duzu gainontzeko guztiaren gainetik.
Bigarrena. Ez duzu Flauberten Izena alferrik erabiliko (hau, nobelagile bazara: ipuingile izanez gero Txekhov ipini beharko zenuke hemen; poeta bazara, T.S. Eliot; antzerkigile bazara, Shakespeare; saiogile bazara, Montaigne. Eta abar).
Hirugarrena. Idazmahai orduak santuetsiko dituzu.
Laugarrena. Literatura grekoa eta latindarra ohoratuko dituzu, edo, halakorik ezean, klasikotzat jo daitekeen edozein literatura edo urrezko aro (sekula ez XVIII. mendekoa baino geroagokoa, zer esanik ez).
Bosgarrena. Ez diozu irakurleari irakurketaren plazerra ukatuko. Ezta, beharrezkoa bada, plazerraren ahalegina ere.
Seigarrena. Ez zara kritiko literarioekin oheratuko (ez metaforikoki, ezta errealki ere).
Zazpigarrena. Ez duzu plagiorik burutuko (tradizioaren izenean ez bada).
Zortzigarrena. Ez duzu egiarik esango: gogoan hartu idazlea zarela.
Bederatzigarrena. Ez duzu ezinbestekoa baino ez den adjektiborik onartuko zure idatzietan; horretarako orduak pasatu behar badituzu orriaren aurrean (cfr. hirugarren manamendua), testua egiten eta berregiten, hala izan dadila.
Hamargarrena. Ez dituzu besteren kritika onak desiratuko.
Hitz egiten amaitu zuenean, agureak edo dena delakoak The Times Literary Supplementeko orrialde batzuekin estali zuen aurpegia, hain zuen distiratsua Literaturarekin zuzenean mintzatu ostean.
Bai, badakit zer pentsatzen ari zareten: niri gauza bera bururatu zitzaidan. Errebelatu zitzaizkidan aginduen kutsua zaharra zela, zaharrunoegia agian, korritzen duten denboretarako: horiek beste garai bateko idazle batentzako betebeharrak ziruditela, egungoentzako gida bat baino; gehiago zegozkiola idazle moderno bati, postmoderno edo garaikide bati baino. Eta nire ametsak gogoa irakurri izan balit bezala –guztiz logikoa litzatekeena, ondo pentsatu ezkero– hara non beste norbait ikusi nuen muinotik jaisten –muinoak orain jolas parke bateko mendi errusiar baten forma bazeukan ere–, batzuetan Isabel Allenderen eta beste batzuetan Slavoj Žižeken itxura zeukan adin zehaztezinezko figura bat, aurrekoa bultzakada batez apartatuz, honela hasi zitzaidana hitz egiten, eskuetan zekarren iPad bikoitza astinduz: ez izateko ergela, besteari kasu ez egiteko, Literaturaren Benetako Hamar Aginduak berak zekarzkidala. Eta honako hauek aldarrikatu zizkidan, agian besteak baino ahots eztiagoz:
Lehena. Publikoa maitatuko duzu gainontzeko guztiaren gainetik. Ezinbestekoa da, publikoak maita zaitzan.
Bigarrena. Ez duzu Babeliaren Izena alferrik erabiliko.
Hirugarrena. Aurkezpenak, hitzaldiak, errezitaldiak eta elkarrizketak santuetsiko dituzu.
Laugarrena. Umberto Eco eta Patricia Highsmith ohoratuko dituzu.
Bosgarrena. Ez duzu irakurlea aspertuko, inola ere.
Seigarrena. Ez zara kritiko literarioekin oheratuko (trukean zer edo zer ez baduzu lortuko).
Zazpigarrena. Ez duzu plagiatuko, intertestualizatuko baizik. Eta abokatu on bat izango duzu beti eskura.
Zortzigarrena. Ez duzu gezurra esaten ari zarenik aditzera emango sekula. Gogoan hartu, oroz gainetik, figura publiko bat zarela.
Bederatzigarrena. Ez dituzu besteren kritika txarrak onartuko, ezta zeure buruari egindakoak ere: ahulezia erakutsiko zenuke (cfr. lehen manamendua, zer esanik ez).
Hamargarrena. Ez dituzu besteren sari literarioak desiratuko. Iritsiko zaizkizu zuri ere, lasai egon.
[nota bene: bigarren mandamendua errezitatzen zidan bitartean, pentsatzen ari nintzen, zin dagit, zein izango ote zen Babelia españolazo horren ordain jatorra –zein ondo ezagutzen nauen nire ametsak–, hots, nagusi izango dena Amaiurrek guztiontzako independentzia lortu ostean: Elkar aldizkaria? Sautrela? Berriako literatur orrialdeak? Literatur Emailuak? Beñat Sarasolaren tuitak? Aitor dut, parentesia itxi aurretik, ez nuela, seguruenik nire espainoltasunagatik, ekibalentzia argirik aurkitu].
Ematen zuen Pivoten edo Bloomen itxura zeukan agureak –nahiz eta horrezkero George Steinerren gero eta antz handiagoa hartzen hasia bainion– harlauzak altxatu eta buruan puskatu behar zizkiola pseudoAllende-Žižek hari –unetik unera Amélie Nothomben forma ektoplasmatikoa hartzen ari zena, nire irudikoz–, baina istant horretan bertan, izerditan blai eta txilearen zaporea oraindik ahoan, esnatu egin nintzen, eta hura guztia (beste) amets bat besterik ez zela konprenitu. Ohean eserita, irmo, natxoak saltsarekin hartzeari utzi behar niola erabaki nuen. Are gutxiago telebistan ¿Quién quiere casarse con mi hijo? ikusi bitartean.
Xabier Gantzarain zutabegileak, Berriako “Jira” sailean, kritika azidoa (eta, ziurrenik, zuzena) egiten zion, martxoaren lehenengoan, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi, ohiko ponpa eta zirkunstantziarekin, aurkeztutako itzultzaile automatikoari. Ez diot nik arrazoia kenduko kontu horri dagokionean: itzultzaile humanoez mesfidatzea printzipio orokorra izan beharko litzatekeen bezala (traduttore, traditore etab.), nola ba ez dugu (gutxienez) berdin jokatuko gizakiak asmatutako tramankulu batekiko?
Dena dela, kontu batek eman zidan atentzioa Gantzarainen artikuluan: halako gailu batean gastatutako dirua euskararako itzulpenen urritasunarekin alderatzean, halaxe zioen, atsekabetuta: “[Judith] Butler ez dago euskaraz, [Pierre] Bourdieu ez dago euskaraz, [Walter] Benjamin ez dago euskaraz, [Roland] Barthes ez dago euskaraz”. Eta neuk ere, zalantzarik gabe, pentsamendu garaikidearen egile gehiago ikusi eta leitu nahi nituzke euskaratuta, baina arazoa da Gantzarainek zirriborratutako zerrendako bat (gutxienez) euskaraz irakur daitekeela, aspalditxo gainera: Barthes alegia. Juan Garziak 1996an euskarara itzuli zituen, Pentsamenduaren Klasikoak sailerako, Le degré zéro de l’écriture (1953) eta Le plaisir du texte (1973), euskaraz liburuki bakar batean aurki daitezkeenak Idazkuntzaren zero gradua/Testuaren atsegina izenburupean (Bilbo, Klasikoak SA, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma, 1996). Eta ez zituen nolanahi itzuli, gainera: jakina da saiogile frantziarrak ez direla, horratik, itzultzen errazenak, eta Garziak, ohi bezala, notarekin gainditu zuen egitekoa. Nire uste apalean, behintzat; edonola ere, inportanteena zera da, Barthes, nahi izanez gero, euskaraz irakur daitekeela.
(Eta ez naiz ausartzen besteen inguruan lepoa egitera, ze, han eta hemen begiratuz, jakin ahal izan dut Walter Benjamin ere euskaraz irakur daitekeela: intelektual alemaniarraren “Artelana errepikagarritasun teknikoaren garaian” lan fundamentala Artium museoak argitara emandako Errep(l)ika-gaiak liburuan aurki daiteke, nork eta Iñaki Segurolak itzulia (Gasteiz, 2007). Beraz, auskalo Butlerrekin eta Bourdieurekin sorpresa bera hartuko ez genukeen, hobeto arakatuz gero. Baina ez dirudi azken horien liburu osoak, Benjaminenak bezala, euskaratuta daudenik, eta onartu beharra dago, Barthesena ez bezala, Benjaminena eskuratzea zail samarra suerta daitekeela).
Izan ere, badakit zer esango zaidan: Barthes (eta Benjamin) euskaratuta egon arren, euskaratuta egongo ez balitz bezala dela, inork ez dakiela euskaratu zenik, ez dagoela euskaldunen buruan euskarazko irakurgai gisa (ez hori, ez ia ezer, gehituko nuke nik, baina hori beste kontu bat da). Eta, neurri batean, egia da: Barthesen itzulpenaz inork ez zuen ezer esan, bere garaian, eta Kritiken Hemerotekan ez da aipamen bat ere aurkitzen (nahiz eta agian egin, egin zen: Armiarma ez da, zoritxarrez edo zorionez, infaliblea). Are gehiago: Pentsamenduaren Klasikoak bezalako bilduma elitista, garesti, azal gogorreko eta handiustekoan argitaratu zen, baliabide publikoen eta pribatuen urteetako alferrikako galera hartan. Eta horretan ere bat etorriko nintzateke: beti iruditu zait bilduma horrek jatorrizko pinpirintasun bekatua zeramala bere baitan, eta beste formatu batek (beste prezio batek!) zabalkuntzan lagunduko ziola. Ados, beraz.
Baina, hala ere… euskaraz dago Barthes. Itzultzaile batek sekulako lana egin zuen testu haiek gurera ekartzeko. Norbaitek argitaratu behar zela erabaki zuen. Butler eta Bourdieu, agian, ez; Benjamin mikroskopikoa, ados, ezta ere. (tira, Benjamin beti izan da pixka bat mikroskopikoa, bere izaerarekin bat datorren egoera da, ondo pentsatuta…) Baina Barthes, bai. Gutxi (bi lan besterik ez, bere bibliografia zabaletik), baina, hala ere, bai. Barthes, bai.
Izan ere, lan horiek, liburu klasikoaren formatuan (paperean, alegia, azal gogor eta orri markatzaile eta guzti) irisgarritasun eskasa izan zezaketen, baina, liburutegietan ez ezik, Klasikoak SA-ren web orrian zeuden eskuragarri, Word eta PDF formatuetan, eta uneotan (orrialde horrek itxi zuelako, antza) Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskara Institutuaren web orrian aurki daitezke: Michel Eyquem de Montaigneren Entseiuaketik Theodosius Dobzhanskyren Genetika eta espezien jatorriaraino, ehun eta koska izenburu. Batzuk, ezinbestekoak. Eta gainera, debalde, zure iPadean, e-bookean edo ordenagailuko pantailan kargatzeko prest. Are gehiago: bildumako 101. zenbakitik aurrera (Hanna Arendten Eichmann Jerusalemen liburuarekin hasi zuten XX. mendeko pentsamenduaren “klasikoen” azpisailerako) paperezko edizioa “arruntagoa” eta merkexeagoa bihurtu zuten (eskerrak), eta ale horietako batzuk eskuragai daude jada bertsio digitalean, gainera, aipatu EHUren web orrialdean. Badakit ez dagoela ondo ikusia segun ze giroetan, baina gure erakundeek zerbait zuzen egiten dutenean, aipatu beharra dagoela iruditzen zait. Gutxitan gertatzen dela dakidan arren. Edo horregatik, akaso.
Eta honek guztiak apokaliptikotasunaren gaira narama. Zeren eta Gantzarainen zutabe hau, azken aldiko beraren beste batzuk bezala, eta euskalgintzaren alorretik sortutako artikulu, liburu, ukase eta profezia dezentetan bezala, orain arteko ohiko agonismotik apokaliptikotasunerako bidea egiten ari garen inpresioa daukadalako. Ez naiz zerrenda guztia egiten hasiko, aski ezaguna dela iruditzen zaidalako.
Eta onartzen dut ziurrenik euskararen apokalipsi hurbila iragartzen dutenek arrazoi dutela. Eta are haien jarrera onargarriagoa dela erakundeetatik eta, batez ere, Jaurlaritzatik eta bere sail, azpisail eta organismo gutxi gora-behera autonomoetatik jaurtitzen diren mezu optimista ustezko guztiak baino: Mordorrekoa beti iruditu zait paisaia errealistagoa, zinez, Yupiren munduena baino. Izan ere, ez naiz itsua: Gasteizen bizi naiz, bi alaben aita naiz eta D ereduko eskola publiko batean dauzkagu; jabetuta nago, esperientzia horretatik abiatuta, eta ahalegin guztiak eginda ere, euskararen belaunaldi-jarraipena ez dagoela inondik ere bermatuta. Are gehiago, unibertsitatean eskolak ematen ditut, eta ondo baino hobeto dakit euskara, ikasle gero eta gehiagorentzako, latin berria dela: soilik jakintzarako (jakintza oso jakin batzuetarako) balio duen hizkuntza formal, batzuetan arkano eta, oroz gain, mortu bat.
Beraz, ez dut ilusiorik egiten; zer egingo zaio, beti izan naiz pesimista (ez kontu honetan bakarrik). Euskara arrisku bizian dago: gutxienez bi mende daramagu horrela, Europako intelektualik gorenenak gure kultura hiltzen ari zela zertifikatzen hasi zirenetik. Eta agian partiduaren luzapen-denboran gaude jada, penalti hilkorren zain. Baina, sortzaile bezala, zalantzak ditut bide horretatik urrunegi joatea onerako izan daitekeen. Nik beti defendatu izan dut, sortzeko unean, munduko hizkuntza osasuntsuena eta kopurutsuena bagina bezala aritu beharko ginatekeela. Fikzio bat beste fikzio baten barruan, badakit, baina zer kostatzen zaigu, fikziogile garen neurrian? Apokaliptikotasunaren gaindosiak sortzeko bizitasuna kenduko ligukeela susmatzen dut: sortzen dugunari bizitza artifizialaren arnasa emateko gaitasuna alegia.
(Kontuz: horrek ez du esan nahi kritika alde batera utzi behar denik, kontrakoa baizik; kultur protekzionismo ororen aurka nago. Gure produktu kulturalekin zorrotzak izan behar dugu, are beste kulturetan egiten dena baino neurri handiagoan. Baina, tira, hau beste eztabaida bat da, eta gehiegi luzatzen ari naiz jada. Badaezpada gehitu nahi nuen).
Nik, euskararekin eta euskal kulturarekin epifania batzuk izan ditut. Mikel Azurmendik, gure musikako irakaslea institutuan, Imanol kantaria ekarri zigunean gelara, kantatzera, Tejeroren estatu-kolpe ahaleginaren bezperatan. Mikel Arregik, euskarakoak, urte batzuk geroago, institutu berean, Ziutateaz ipini zigunean irakurgai. Edu adiskideak eta biok Josean Sagastizabalen Jolasean nobela erotikoaren ale berri-berri bat Urbieta kaleko zakarrontzi batean aurkitu genuenean, argitaratu zen urtean bertan (ondorioztatu baikenuen norbaitek, jeltzale santujaleren batek ziurrenik, hara bota zuela amorruz: halako erreakzio batek liburuaren alde –eta euskal literaturaren alde– baino ezin zuen hitz egin). Koldo Amestoy ipuin kontalaria lehenengo aldiz ikusi eta entzun ahal izan nuenean, Gasteizko Filologia eta Geografi-Historia fakultateko saio gogoangarri batean, 1980ko hamarraldiaren amaieran. Zazpi Eskale taldeak Billy Braggen kanta baten bertsio hura egin zuenean, euskaraz, Larraonako areto nagusian, Udako Euskal Unibertsitatearen saio osagarri jendetsu hartan. Ur Apalategik bere lehenengo nobela, Gauak eta hiriak, Baionan aurkeztu zuenean, antzerki konpainia txiki batekin batera. Onddo taldeak eskaini zuenean emanaldi bikain hura, berriro ere Larraonan, UEUn, baina kasu horretan tabernan eta batere publiko arrakastarik gabe (adiskide gutxi batzuontzat izan ezik).
Gehiago dira, noski, baina horiek dira gaur etorri zaizkidanak akordura, alferrikako lerro hauek idazten ari naizelarik. Ze, ziur nago, ni liluratu ninduten ekintza haiek ez ziren agonismotik edota apokaliptikotasunetik egin. Agian bai etsipenetik, kasu batzuetan: etsipena errealista da, eta batzuetan sorkuntzarako pizgarri ere izan daiteke. Baina etsipenetik harago lurraldeetatik, nekez. Agonismoa eta apokaliptikotasuna ez direlako etsipena, etsipenaren hurrengoa baizik.
Bagina bezala sortu behar dugu, zerbait baliagarri sortuko badugu. Azkeneko su-festak izan daitezela aste nagusiko bikainenak. Galdu arte, betirako.
Pasarte honetan gertatzen den bezalaxe, hain zuzen ere.
Baina beti bueltatzen naiz, erremediorik gabe, hala auzoko fruta-dendara, nola Elkarrekoen berritasunak erostera.
Gaur, idatzi hau amaitzen ari naizela, alaba patiotik itzuli dela sumatu dut, saskia hutsik dakarrela. Leihotik begiratu dut, arropa zerrenda luzerantz, zer idatzi duen dezifratzeko: alkandora zuri-gorri hori “H” izan daiteke; toalla hori-gorria, “O”; pixka bat haratago dagoen pontxo gurutzeduna, “R”… “Hortxe dago aita, Azokarako bere paskin berriarekin inor probokatuko duela sinetsita… Gaixoa…”.
a) Biolentzia antiliterarioko ekintza guztien etetea eta amaitzea, hala nola, munduaren aurrean terapia sentimentala egiteko erabiltzen diren kritika-artikuluak eta zutabeak debekatuz; Ramon Saizarbitoriaren omenez (hitz egiteko modu bat da) sortu den kofradia abolituz eta haren webgunea indar Sindetarrez itxiz; 111 Akademiako kideen liburuen inguruko iruzkin guztiak galbaherik pasatu gabe argitaratzeari utziz; Kepa Junkerak bere Deiako zutabe gaztelaniadun guztien izenburuak euskaraz ipintzeari uztera behartuz; plural maiestatikoaren erabilera mehatxagarria baztertu ezean, eta liburuekiko entusiasmo gutxienekoa erakutsi ezean, Sautrela Hasier Etxeberriak gidatzen jarraitzea ekidinez. Azkeneko kontu horri dagokionez, proposamen moduan bihoa, guri seioi eman ahal zaigu programa zuzentzeko edo aukeran desaktibatzeko eskumena.
b) Urtebeteko aipu-etena ondoko arloetan: amona maitagarrien esanak (nobeletan batez ere), egunean norberak zer jaten duen (zer jaten dioten bai onartuko da) Facebooken jartzea, eta oro har eskailerako auzokideen bilera batean irribarre edo irri orokortua eragingo lukeen edozein adierazpide; euskarari buruz euskaraz idatzi ahal izatea ere bai urtebetez debekaturik geldituko da, aldizkari espezializatuetan izan ezik.
c) Benetako neurri iraultzaile moduan, argitaletxeek beren etekinen % 0,7a literatura sustatzera xedatuko dute.
d) Nazioarteko begirale batzorde batek euskal literaturaren klaseetan ematen den tortura sistematikoa aztertu eta txosten baten bidez proposa dezala (zer itzulpen-programarekin, esaterako) errotik nola erauzi. HGLri (alegia Haur eta Gazte Literaturari) ere, edo nagusiki, erreparatuz, noski.
e) Volgako Batelarien desartikulazio orokor, aldebakarreko eta egiaztagarria, Ertzaintzaren, Miñoien, Nafarroako Foruzaingoaren eta Jendarmeriaren elkarren arteko operazio baten eskutik, edo, ultima ratio gisara, Nazio Batuen Erakundearen bake indarren misio baten bitartez; ekintza horretan, ahal dela, erakundearen (eta, esan gabe doa, bere kideen) zulo guztiak aurkitu eta miatu beharko dira.
h) Kautelazko neurri gisara eta berehalakoan, tradizionalki Euskal Herria deitzen zaion lurraldearen independentzia onartuko da (behin postindependentziaren bideak agortutzat jotzen ditugula), taxuzko literatura nazional bat eskuratu arte, gure nobel saridunen estatua, plaka eta guzti. Hori lortuta, garaiko agintarien esku geldituko da estatu berriaren behar literarioak zehaztea, hala nola estatuen eta plaken mantenua.
g) Presio poetikoaren sakabanatzearen kontrako politika aktibo eta eraginkorrak. Bere burua idazletzat daukan orok urtero (gutxienez) bi liburuen irakurketa frogatu beharko du. Hau bete ezean, urte batetik bosterako zigorra ezarri ahalko zaio, film korear, iraniar zein estatubatuarrak (hala komertzialak nola independenteak) ikusi eta batez ere aipatu ahal izan gabe; modu berean, ezingo du Los Cuarenta Principalesean aditzen denetik kanpoko talderik aipatu bere testuetan apaingarri edo ospegarri.
h) Bertsolaritzaren armairugabetze pixkanakako baina erabatekoa, eta haren efektiboen gizarteratzea Europar Fondoen diruz lagundurik. Mila eta bederatzi ehundik aurrerako bertso-paperik ez argitaratzea ere exijitzen dugu, denon arteko elkarbizitzaren hobe beharrez. Oraindik halakorik argitaratzen duten astekariei bi asteko moratoria (ezin eskuzabalagoa) eskaintzen zaie. Hau bete ezean, Volgako Batelarion kritika-sailak mehatxu egiten du bertso horien analisi estilistiko zorrotz, sakon eta gupidagabeez osaturiko fronte berri bat zabaltzearekin.
i) Prentsan, zehazkiago kultur sailean (eta, are zehazkiago, literatur kritiketan), ondoko hitzen erabilera inposatzailea bertan behera uztea: uztartu, fresko, ildo, harilkatu, nondik norakoak, jorratu, apurtzaile, natural, hautsak harrotu…; modu berean, txikigarrien erabilera ñabartu-nahia desagertzeko urratsak ematea ere eskatzen dugu; eta, azkenik, gentilizioen erabilera deiktikoa guztiz abolitzea (testuan lehenago aipatutako lagunari erreferentzia originalagoak bilatuz, ondokoak -esaterako-, “ereñozuarrak ateratako liburuan ikus daitekeenez…”, “oiartzuarraren kanteetan…”, baino.
Jo egiozu larrua euskal idazle gazte bati. Fermin Calbeton kaleko edozein tabernatan topa dezakezu, edo Larrabetzuko edozein salmahaitan, edo Kafe Antzokiko edozein kontzertu ezin saihestuzkoren barraren ondoan. Hogeita hamar urte inguruan dituztenen artean aukera ezazu bat. Gazteagoek ezingo dizute edatekorik atera, hain dabiltza diruz larri. Baina berrogeita pikotik gorakoak saihets itzazu: alkohol gehiegi, pilula gehiegi. Hauei ez zaie hain erraz tentetzen. Seme-alabarik dutenak (eta asko dira) bazter itzazu. Zure idazlea ez dadila izan zikinegia ez garbiegia. Errepara iezaiozu orraztu gabearen look-a behar bezala zaindu duela, errepara iezaiezu pastazko betaurrekoei eta belarrietarako zuloa guztiz itxi ote zaion. Horrek asko esango dizu. Pobrea bada, ez dezala cool eman nahi, esaterako, ingelesezko eta batez ere frantsesezko izenak akatsgabe arrotz ahoskatuta. Aberaskumea bada, ez diezazula suminduen gaia atera. Klase ertainekoek hobekien jotzen dute larrua. Ez dadila izan festazaleegia ezta serioegia ere. Ez dezala Artelekun beka bat izan. Ez dadila doktoregaia izan. Ez dadila izan egungo euskal literatura guztia –berak ekoiztutakoa izan ezik– arbuiatzen duenetarikoa, ezta Euskal Literaturaren Urrezko Aroan bizi garela aldarrikatzen duen Pangloss zortzi-abizendun bat ere. Futbola gusta bekio, baina ez gehiegi; pilota ere, baina ez gehiegi. Bere azkeneko bizpahiru argitalpenak ez daitezela haur eta gazte literaturakoak izan. Gazte zirela, Xabier Lete, Ibon Sarasola edo Joxe Azurmendiren antza izan dezala. Baina inola ere ez Bernardo Atxagarena, Koldo Izagirrerena edo nihaurena, gazte ginela. Itsusia bada, onar ezazu noizbehinka irri eginarazten badizu. Baina, hori bai, ez diezazkiola idazle garaikideei buruzko zurrumurruak falta, batez ere sexu alorrekoak. Zure idazlea ederra bada, zorionekotzat jo ezazu zeure burua. Gutxiengo esplikaezin baten eskuetan zaude. Gehienek itsusiak direlako idazten dute. Batez ere saiogileak, baina horiek ez dira kalera apenas ateratzen. Koldo Mitxelenaren zakilaren kopia den dildo batekin gelditzen dira etxean. Poetez ere hobe deus ez esan. Ez zaitez zure idazleaz fida, hala ere, hirugarren edo laugarren tragoarekin batera apaltasun faltsua agertzen duenean. Esango dizu aspaldian ez duela ezer berririk atera, oraindik ez delako garaia. Idaztea bera baino nahiago duela irakurri, Borges edo Sarrionandia aipatuz. Bizitza bizi. Sentsazio berriak pilatu. Ez dela literatur modez arduratzen. Irakurleez ere ez dela arduratzen, haiek inportanteena izanik ere. La Butler aipatuko dizu. Zizek. Literaturak langileekin duen konpromisoaz mintzatuko zaizu. Sukar hura pasatua badu, literatura txikiek aurrejuzkuak gainetik kentzeko nekeaz. Euskal idazlea, gazte badarik ere, erraz nekatzen da guztiaz, hala esateaz ez bada. Niaren orohartzailetasunaz hitz egingo dizu, atseden hartzeko. Sebaldez eta ipuingintza amerikarraz. Buruan edo zirriborroan daukan eleberria, berez, ez dela eleberri bat, baina eleberrigintza hankaz goratuko duela. Ez, hobe, irauliko duela. Darabilen fikzioa eta errealitatea uztartzeko moduaz hasten denean, aukera duzu komunera joateko edo kalera zigarreta bat eskatu eta erretzera. Bizkaiko idazleez destainaz mintzatuko zaizu, mapa batean Segura non dagoen seinalatu ezingo balizu ere. Iparraldeko idazleez destainaz mintzatuko zaizu, egon den iparrena Hendaia bada ere. Ondoko mahaiko idazleei destaina egingo die, eta barran daudenei ere. Eta komunera joan berri direnei. Beka edo literatur sariren bat eskuratu dutenez edo erdarara itzuliak izan direnez gaizki esaka ibiliko da. Beraz, mesedez, gaueko une hori iristen denean, inoiz ez, inola ere ez, ezazu ahaztu hor larrua jotzeko zaudela. Ez da hainbesterako. Burua hustu ezazu. Milatik zeroraino zenbatu ezazu. Nire herriko neskatxa maite ahopean ibili ezazu. Ataka txar hori behin pasatuta, zeinean zure idazleak literaturaz baina batez ere bere buruaz hitz egingo dizun, zorionak, bestaldera igaro zara. Gogora ezazu edariak berak ordaintzeko esaten badizu ere, sosik ez duela. Hala ere, zure edaria baino ez ezazu ordaindu. Ez zara Caritas. Idazleak mantentzeaz Elkar Fundazioa eta Etxepare Institutua arduratzen dira.
1. Joan den asteazkenean, esneketaria bezain puntual, Argia aldizkaria jaso nuen nire etxeko postontzian. Bale, aitor dut, ez daukat erremediorik, paperean irakurtzen jarraitzen dut. Zaharrunoa naiz.
2. Aldizkaria orriztatu eta Beñat Sarasolaren ttakunari edo kremaileraren historiaren inguruko artikuluari ekin beharrean, Gema Lasartek sinatutako “Terriblea iruditzen zait” testua aukeratu dut aurreneko irakurgai gisa: zantzu guztien arabera, Txalapartak argitaratutako Orgasmus ipuin liburu kolektiboari buruzko literatur kritika bat. Bai, badakit, biziotsu bat naiz: ez daukat erremediorik.
3. Goitik behera irakurri dut. Hasierara itzuli behar izan dut: goialdean, liburuaren datu bibliografikoen gainean, “kritika” hitza ageri da egiatan, lauki gris baten barruan eta letra larriz: KRITIKA.
3.1. Twitterren honako hau idatzi dut handik minutu batzuetara (beste txorakeria batzuen artean): “haluzinatzen Gema Lasarteren ‘kritikarekin’”.
3.2. Eta pentsatu dut, orobat, izan zitekeela, arazo handirik gabe, Volgako Batelarion "Irakurri gabeko liburuen kritikak" sail parodikoaren parodia bat.
3.3. Baina bigarren irakurketan ezin izan dut esperantza hori berretsi. Seriotan idatzita dagoela dirudi.
4. Testua, funtsean, bi partetan banatzen da: lehenengoan (1-13 lerroak) enkarguzko ipuin bildumek egilearengan produzitzen duten sentipen orokor eta ez bereziki aldekoak deskribatzen dira (Julio Cortázarren ipuingintza/nobelaren inguruko boxeo-metafora estutik ekarriaren aipu topiko eta guzti); bigarrenean (21-43 lerroak) liburuaren inguruan egon den polemika txikiaren berri ematen zaigu, eta baita Gema Lasartek horren inguruan pentsatzen duenaz ere (Iratxe Esnaola eta Josune Muñoz bezala, Iraitz Urkulok El Correon emakumeen literaturaren balizko boomaz botatakoen kontra ageri da, zifrek halakorik defendatzea posible egiten ez dutela argudiatuz, eta emakumeek literaturari eransten dioten begirada berria aldarrikatuz). Tartean (14-20 lerroak), trantsizioko paragrafo bat idazleen kolektibo edo belaunaldi kontuez, liburu hau Erasmus/Orgasmus balizko nesken balizko belaunaldia aldarrikatzeko sortu den heinean.
4.1. Hiru edo lau aldiz luzeagoa zatekeen kritika baten atari gisakoa izan balitz (eta ondorengoa liburuko ipuinen gaineko zinezko kritika bat izango balitz) ez nintzateke artikulu hau idazten arituko. Baina ez dirudi ezeren lehenengo partea edo sarrera denik, testu oso eta autokonklusibo bat baizik.
5. Liburua osatzen duten ipuinen kalitatearen, nolakotasunaren edo estiloen gaineko hausnarketarik ez da inon ageri, beraz, ezta egile ezberdinen izen-abizenen informaziorik ere; liburuaren aurkezpen garaian egindako aipamen bat litzateke, alde horretatik, liburuaz zuzenean ematen zaigun informazio objektibo ia bakarra (eta baita subjektiboa ere, bide batez esanda).
5.1. Eta hori, nik dakidala, ez da kritika literario bat. Izan ere, ez litzateke kasik iruzkinaren mailara iritsiko ere, iruzkinek, gutxienez, liburuaren gaineko informazio minimoa eskaini ohi dutelako (kolektiboak direnean, adibidez, parte hartu duten idazle ezberdinen gainean).
5.1.1. Are gehiago kontuan hartuta informazio horren barruan, esaterako, esanguratsua izango litzatekeela aipatzea, berez bakarrik emakumeez osatutako bilduma bezala aurkezten zaigun liburu horretako partehartzaileen artean, pseudonimoz mozorrotuta, gizonezko bat baino gehiago dagoela. Besteak beste, noski.
5.2. Izan ere, Gema Lasarteren testua, asmoz, Orgasmus bildumaren egileen nolabaiteko ohorea defendatzera badator ere (testuaren egileari “terribleak” iruditzen zaizkion mediatizazio eta boom “salaketetatik” defendatzera hain zuzen ere), nik esango nuke, paradoxikoki, aurkako efektua lortzen duela, bere “kritikan” ez baititu aintzat hartzen, ez onerako ez txarrerako, ipuinak berak, hots, halako analisi-testu baten helburu nagusia izan behar zuketen objektuak. Egile ezberdinen lanaren emaitzak.
5.2.1. Horren ordez, liburuaz erabat ahazturik, emakumeen literatura euskaldunaren egungo mugen eta pertzepzio erratuen salaketa batean endredatzen da Lasarte, ziurrenik arrazoiz (ni ere ados nago %15 bati ezin zaiola boom deitu, berez, eta emakumeen ekarpenak aberastu egiten duela, ikuspegien aniztasuna hazten duen heinean, edozein literatura). Baina juzkatu behar zituen lan literarioak albo batera utziz eta nolabaiteko protekzionismoa praktikatuz, aitakeriaz jokatzen du Lasartek (edo, hobe esanda, amakeriaz), eta bitxitasunera kondenatzen ditu lan hauek, diferentziara, emakume idazle gehienek (susmatzen dut) atzean utzi nahiko luketen egoera subordinatuan betikotzera alegia.
5.2.2. Zeren eta, emakumeen idazkien ugaritzeak aniztasuna handitu eta, ondorioz, edozein panorama literario aberasten duela sinesten badut ere, talentua gizatalde guztietan gutxi gora-behera modu berdintsuan banatuta dagoela sinesten dutenetakoa naiz, halaber, eta Sturgeonen Legeak indarrean dirauela uste dutenetakoa (ez daukat erremediorik, badakit). Eta, ondorioz, kritika literarioaren beharra aldarrikatzen jarraitzen dut, besteak beste, bihia eta ahotza banatzeko tresna modura, literaturaren inguruko hausnarketan sakontzeko bide gisa, eta irakurlea minimoki informatuta mantentze aldera. Hemen egin ez dena, alegia.
6. Mota honetako testuak dira, azken finean, euskal literatur kritikagintzari fama txarra eransten diotenak. Izan ere, jokatzeko modu hau, kritikatu beharreko objektu bera “kritikan” aintzat ez hartzearena alegia, ez da horren bakana gure iruzkingintza periodistikoan. Eta, gehitu behar dut, ez du genero banaketarik egiten: berdin kutsatzen ditu hala gizonezko nola emakumezko “kritikariak”.
6.1. Susmo beldurgarri bat: halako “kritikak” argitaratzen dituzten komunikabideetako kudeatzaileek ez dituzte kolaboratzaileek bidaltzen dizkieten testuak irakurtzen. Esku hartuko bailukete bestela.
6.2. Susmo asaldagarri bat: halako “kritikak” argitaratzen dituzten komunikabideetako kudeatzaileek irakurtzen dituzte, baiki, kolaboratzaileek bidaltzen dizkieten testuak. Eta berdin zaie.
7. Eta zalantza bat: (euskal) emakumeen literaturaren aurkako konplotaren osagaitzat (osagai bat gehiagotzat) hartuko al da, menturaz, kritikaren kritika hau? Nik kontzientzia lasai daukat, alde horretatik. Baina batek daki…