Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге
Euskal idazle erretxinaren tridekalogoa
Euskal idazlearen paradigma ez da idazle "postmodernoa", ezta "autonomiaren belaunaldikoa", "engaiatua", "tropelekoa" edo "Erasmustarra" ere: euskal idazlearen paradigma (betierekoa, unibertsala) euskal idazle erretxina da. Eta hona hemen haren mandamenduak, zeinak, ezin bestela izan, hamahiru baitira: ez gehiago, ez gutxiago.
Euskal idazle erretxinaren tridekalogoa
1. “Euskal idazle erretxina” esapidea erredundantea da: ez, bistan denez, haren lehenengo parteari dagokionean (euskaldun guztiek idazle sena eduki beharko lukete horretarako), euskal idazle guztiak erretxinduta daudelako baizik, definizioz. Hala ere, euskal idazlearen erretxintasuna hain da eskuzabalki mugagabe eta itxuragabea, ezen inoiz, kasuistikak erakusten duenez, hizkuntzaren zedarriak gainditu eta euskaraz idazten ez duten lagunak jo dituen. Modu berean, inongo hizkuntzan literatur lanik (oraindik, noski, eta hor egon daiteke koska) idatzi ez duten hainbatengan sumatu izan dira euskal idazle erretxinaren patologiarako jaidura larriak.
2. Berdin dio idazle hori non dagoen kokatuta Letren Errepublikaren geografian, hots, bere herriko, bailarako, eskualdeko, herrialdeko, autonomi erkidegoko, nazioko, estatuko edo mundu mailako piramide literarioaren erpinean (ezaba bitez egokiak ez diren termino guztiak), ala bere herriko, bailarako, eskualdeko, herrialdeko, autonomi erkidegoko, nazioko, estatuko, mundu mailako edo unibertsoko literatur sotoaren itzalpean (ezaba bitez egokiak ez diren termino guztiak): euskal idazleak beti aurkituko du erretxinduta egoteko motiboren bat edo beste.
3. Literatur piramidearen barrunbeen ilunean badago edo, zer demontre, erpina ez den beste edozein puntu erreal edo irudimenezkotan, erpinean omen daudenen harrokeriak ozpinduko du euskal idazlea, eta aitzina egiteko jartzen dizkioten traba bidegabe guztiek: azken batean, gorago dauden idazle horien existentziak berak. Inbidiya (salmenta-datu jakin batzuei, presentzia mediatiko jakin bati, saridun jakin bati, bolo jakin baterako gonbidapenari, edozeri…) ezinbesteko osagarri izango du, zer esanik ez.
4. Literatur piramidearen erpin erreal edo imajinario horietakoren batean egotea, edonola ere, ez da kezkaren aurkako bermea euskal idazlearentzat: beste idazle guztien ezinikusiek eta azpijokoek erretxinduko dute orduan, eta, diakronikoki, erpin horretatik egotzia izatearen aukera geroz eta handiagoek (eta, bestalde, naturalek: darwinismo literarioa gupidagabea da, eta hori hain ondo daki euskal idazle erretxinak, ezen ezagutza horrek are gehiago ozpintzen baitu). Konspirazioaren teoria ("denak daude nire aurka"...) ezinbesteko lagun izango du, kasu honetan.
5. Euskal idazle erretxina beti sentituko da baztertuta: emakumezko izateagatik, gizonezko izateagatik, homosexual izateagatik, heterosexual izateagatik, abertzale izateagatik, ez-abertzale izateagatik, sariduna izateagatik, sariduna ez izateagatik, gazte izateagatik, zahar izateagatik, tropeleko izateagatik, periferiko izateagatik, horren periferiko ez izateagatik. Eta abar.
6. Euskal idazle erretxina ez du inola ere asetuko gaur egun egiten den literaturak eta, batik bat, euskal literaturak. Denak uzten du indiferente, guztia da hondamendia, zaborra eta dekadentzia oraingo (euskal) liburugintzan, eta ez dago bere interesa piztuko duen proposamenik, ez idazle gazteagoen aldetik (indokumentatu ezjakinak!), ez bera baino zaharragoak direnen aldetik (dinosauro horiek!), ezta, are gutxiago, bere belaunaldia edozein izanda ere, belaunaldikideen aldetik ere (alproja halakoak!). Desolazioa da nagusi, antza denez, (inplizituki) oasi bakarra izango lukeen euskal literaturaren basamortuan.
7. Hori dela eta, euskal idazle erretxinak ez du sekula beste idazle baten izena ahoan hartuko (baldin eta bere bandakoa ez bada, behintzat, eta horiek ere ez gehiegitxo, ahal dela). Euskal idazle garaikide bati buruz ari denean, edonola ere, hilda balego bezala tratatuko du, “Mirande, Aresti eta X existitu izan ez balira ni ez nintzake idazle izango” gisako esaldiak erabiliz, non X aipatu nahi (ez) den idazle garaikidea (eta artean produktiboa) izango baita, noski.
8. Euskal idazle erretxina beti izango da aurrenekoa zer edo zertan, euskal literaturaren alorrean: lehenengo (euskal) detektibe erretretadun, elbarri eta ilegorriaren sortzaile; zientzia-fikzioaren eta nobela historiko-sentimentalaren (euskal) gurutzaketa gauzatzen pionero; harreman zoofiliko bat (euskal) poema liburu oso batean zehar garatzen aitzindari; “autobiogeografia kolektibo-minerala” generoaren asmatzaile (euskaraz)... Eta lorpen adaniko hori (nahikoa) aitortuko ez zaionez, are gehiago minduko da euskal idazlea, ezinbestean.
9. Euskal idazle erretxinaren atsekabearen iturburu nagusia kritikariak dira: guztiek konspiratzen dute euskal idazle gaixoaren kontra, eta haiek dira, arrazoi guztiz konspiratiboengatik noski, beraren obrari iruzkin positiboak egiten ez dizkiotenak, (zalantzarik gabe) merezi dituen sariak irabaztea oztopatzen diotenak, eta ogia eta gatza (eta antologietan sartzeko aukera) ukatzen diotenak, maltzurki, doilorki eta sadikoki.
10. Euskal idazle erretxinaren atsekabearen iturburu nagusia argitaldariak dira: ez dute bere maisulan kaleratu berria (suharki) defendatzen, bere katalogoa axolagabeki deskuidatzen dute, bere liburuak ahaztuta dauzkate Arka galduaren bila filmekoaren antzeko biltegi amaiezin batean hautsa metatzen, ez dituzte bere edizio-proposamen berritzaile eta ausartenak aintzat hartzen, erabiltzeko-eta-botatzeko balira bezala tratatzen dute… eta, okerragoa dena, ez dute behar bezala mimatzen, zaintzen, goratzen eta garatzen.
11. Euskal idazle erretxinaren atsekabearen iturburu nagusia euskal irakurleak dira: ez dute prestakuntza nahikorik, hipokritak dira (euskal kultura ez baitute benetan maite eta, ondorioz, kontsumitzen, ohiko lauzpabost erritozko makroerromeriak alde batera utzita), nahiago izaten dute gaztelania (edo frantsesa) bezalako hizkuntza zapaltzaileetan irakurri, men egiten diete estatu-mailako sari inperialisten emaitza ustelei, gure hizkuntza milenarioa bera ez dute behar bezala menderatzen. Eta, batez ere, traidore alaenak, ez dituzte bere liburuak erosten!
12. Euskal idazle erretxinari sekula ez zaio bururatuko bere lanei egindako kritikek, bere proposamenenek jasotako isiltasunak edota bere liburuek lortutako oihartzun eskasak zer ikusi mendreena izan dezaketenik bere lanaren kalitatearekin, egokierarekin edo erakargarritasunarekin. Hori, ezta pentsatu ere.
13. Euskal idazle erretxinak ez du erretxinduta dagoela aitortuko egundo: horren ordez “injustizia”, “eskandalua”, “jukutria”, “ustelkeria”, “boterea”, “konspirazioa”, “bazterketa” edo antzeko kontzeptuak erabiliko ditu eskuarki. Eta protesta egiten duenean, esan gabe doa, ez da bere buruarengan pentsatzen arituko, euskal literaturaren hobe beharrean baizik, hots (barkatu), Euskal Literaturaren Hobe Beharrean.
Tridekalalogo honekin egiten ari naizen bezalaxe, alegia.

ave fenixa da euskal literatura
Onenak gara
Eta, gure literaturaren parekorik ezezik, nahi ere nahi izango lituzkete, bai, gure irrati-telebista, hezkuntza eta administrazio publikoak.
GORA GU
"Euskal literaturari kiratsa dario"-n arren... GORA GU!
Helduak (eta ez hain helduok) Haur eta Gazte Literatura ulertzeko gai ez izanik ere... GORA GU!
Behin eta berriz kritikagintzak ezertarako balio ote duen galdetzen den arren... GORA GU!
Itzulpenen kalitatea ikaragarria izanik liburuek jarraipen gutxi badute ere... GORA GU!
... GORA GU!
Agian izango da, per se, Erretxin bat naizelako (eta ondorioz, euskal literatura biziki gustatzen zaidalako) baina inpresioa dut (eta bestela esango didazue) azkenaldian (azkenaldi indeterminatu luzeee batean) “Zalapartaren Aroan” mugitzen dela euskal literatura. Aurrekoan Iratxe Retolazak Berrian idatzitako zutabearen bidetik, “Esaterako, literaturaren inguruko eztabaidarik gehientsuenak idazleen elkarrizketen, idazleek idatziriko iritzi-zutabeen eta idazleen jarreren ingurukoak dira, eta ez literatur testuen ingurukoak. Hedabideetan (izan paperezkoetan, izan digitaletan) presentzia literario horiek hedatzen dira (idazleen irudiak, idazleen adierazpenak, idazleen posizioak...), eta ez literatur testuen inguruko irakurketak edo gogoetak”.
Eta ni, puntu askotan, ados nago. Inpresio hori dut behintzat Edorta Jimenezen azken aitorpenen inguruan literaturaz inoiz ezer galdetu ez didan jendeak bere kezka eta jakinmina adierazi didanean, bere garaian lagunek Utikan-eko kontua mesedez argitzeko erregutzen zidaten bezala, edota gurean egon diren bestelako eztabaidatxo sasiliterarioak egon direnean (hemen esan dezaket, baina Post-independentziaren parida zela eta, aldeak alde, nahiz eta eztabaida ez zen zinez literarioa edo literarioa soilik, niri lagun bat baino gehiago benetan haserretu zitzaidan, gero adiskidetu garen arren).
Kontua da zenbat hitz egiten den benetan literaturaz, eta liburuez bereziki. Nire inguruan ikusi dudanagatik, Irakurle Klubetan eztabadaitzen da gehien liburuen gainean eta ez da gutxi, baina egia da sarritan sekta kutsua dutela. Baina nago, literaturaz oro har hitz egiten denean ere, eta adibide gisa, nola ez, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao jarriko dut, askotan badirudiela gutxienekoa liburua bera dela eta Zalapartaren enboltorioak (saria bai, saria ez, ondorengo erreakzio eta gertakari guztiak...) ezkutatzen duela hori ere. Eta horren ondorioz, berez erretxina banaiz, are erretxinago jartzen naiz.
Baina gero Ibanena bezalako artikuluak irakurtzen ditut eta niri behintzat grazia egiten dit, erretxina izanik barre egitea gauza handia delako.
Gazteegia, txikiegia
Gutxi gara euskaldunok, gaizki konpontzen gara gure artean eta, zer esanik ez, okerrago gure auzotar hurbilenekoekin (espainolak eta frantsesak). Normala da erretxinduta ibiltzea, jode. Areago, hemen alaia izateak ahalegin luze, sendo eta jarraikor (etengabe?) bat eskatzen du, dudarik ez egizu izan.
Eskerrik asko barre batzuk eragiteagatik, Iban. Gure egoeran ez da gutxi.
Hau da marka!
Katalogoak nonahi
Duela astebete edo, beste katalogo bat agertu zen hemen:
http://www.blogari.net/klig/2010/01/20/euskal_literatura_urregorri_bilakatzeko_
Beharrik
Literaturaren negarrak
Karlos Linazasoro
Hitz apokaliptikoak en-tzuten dira aspaldion gure literaturari buruz. Behera omen dator gure tingladutxoa (zerkausia, Tolosan). Arrazoiak askotarikoak dira, baina nagusiena, betikoa: ez dagoela irakurlerik. Ez dela libururik saltzen. Eta orduan negarra dator ergitaletxeen begietara, eta lanturu mingotsa idazleen aho-zulora. Hau guztia badator behera. Bestalde, ordea, inoiz baino hobeto omen dago gure literatura kalitatez zein kantitatez, eta hementxe arazo humanistiko-existentzial bat planteatzen zaigu: zertarako idazleon ahalegin nekagarri eta eskergabe izugarri hau, lubakiaren beste aldean inork ezer irakurtzen ez badu? Zerk egiten du huts? Edo, dena da idazleon erretxinkeria eta ezin konformatze gaiztoa? Noiz dago idazle bat konforme? Zenbat sari, aipu eta lore, elkarrizketa, zenbat irakurle behar ditu zorioneko izan dadin? Nik, adibidez, hogeita hamalau irakurle dauzkat, batez beste, eta ez naiz erabat zorioneko, berrogeita bost nahi bainituzke. Arazoa eta errua, jakina, nirea besterik ez da, ez dakidalako jendearengana helduko den produkturik manufakturatzen, euskal best-seller pottolo bat, adibidez. Horren ordez, temaz eta setaz, poemak, ipuintxo burugabeak, aforismo tuntunak eta gaztetxoentzako pittokeriak idazten jarduten dut, errazkeria guztiz errazera jota. Nola lortuko ditut horrela zoriontsu bizitzeko behar ditudan berrogeita bost irakurle horiek?
Diario Vasco, 2010-I-30
Llevamos 20 minutos y nadie ha hablado aún de mi libro
Zehaztapen ttiki batzuk
Hau guztia argitze aldera, derrigorezkoa dut introito bat hemen ipintzea, zeinak sortu baitu nigan idazki hau argitaratzeko behar ezin saihestuzkoa. Eta hauxe da, bada, kontua; 111 akademian iritzi bat azaltzen da nire Urperatze handia narrazioari buruz. Irakurle anonimo batek igorri du, eta honelaxe dio, hitzez hitz:
“Oso liburu txarra Linazasorok ekarri diguna. Ez du batere merezi salneurria ordaintzea. Ia ez du kontakizunik, dena da elkarrizketa eta oso txarra, gainera. Ez dut barrerik egin irakurketa osoan. Oso azkar amaitzen da eta, hori gertatzean, geratzen den bakarra erosi izanaren damua izan da. Beraz, ez erosteko liburua.”
Irakurlea bilbotarra dela besterik ez dakit. Kritika irakurri nuenean, kordea galdu nuen ia. Min egin zidan, negar egin nuen hiruzpalau egunez. Sekula ez nuen jaso halako pasada literariorik. Iritzia, bere laburrean, demoledorea da. Akaso ez da izango guztiz akademikoa edo jasoa, baina sintzeroa denik ezin uka. Eta nik asko estimatzen dut sintzeridadea. Liburuak izan ditu erreseina jantzi, eder, onberagoak han-hemenka. Gure kritiko ofizialek (irakur bedi Juaristi, Rojo, Ayerbe, Aizu aldizkaria) liburuaren umorea, ironia, hausnarketarako grina eta abar azpimarratzen dituzte. Horietako batek esaten du Linazasorok badakiela zer egiten duen, eta nola gainera. Baina seguru ote dakit nik zer egiten dudan? Irakurle anonimoaren iritzia irakurri eta gero, ez dakit ba. Parte batean arrazoi du nire berdugoak, aitor dezadan. Nik ez nuke esango oso liburu txarra denik, baina ez da beste munduko narrazioa ere. Gauzak beti egin litezke hobeto. Baina alderdi ekonomikoa argudio nagusi gisa erabiltzen duenean, hor ja eskema guztiak apurtzen dizkit. Ez du batere merezi salneurria ordaintzea, dio. Liburuak 9 euro balio du, eta ni ez naiz lapur bat. Izan naiteke idazle txarra, baina lapurra, ez!. Irakurlearen izen-deiturak jakingo banitu, niri dagozkidan 0,9 euroak bidaliko nizkioke kontrarreenboltsoz. Edo, behin hasiz gero, 9 euroak igoal. Edozer gauza eragin diodan kaltea konpontzearren.
Gero, destripatze literarioa izango litzatekeena dator: ia ez du kontakizunik, dena da elkarrizketa eta oso txarra, gainera. Egia berriro ere. Kontakizunean, tristea da esatea, ez baita ezertxo ere gertatzen. Pertsonaiek hitz egin eta hitz egin besterik ez dute egiten, kalaka burugabe etengabean, Godot edo Jainko baten zain baleude bezala, hondamendi animiko baten erdian. Tira, elkarrizketak ez nuke esango nik oso txarrak direnik, baina txukunago egin zitezkeela ezin ukatuko dut. Beste grazia edo gracejo batekin, alegia. Ez nau harritzen bada nire irakurle ohiak esatea ez duela barrerik egin irakurketa osoan. Tarteño batean egin izan balu sikiera, edo esalditxoren batekin, baina ezta apurrik ere! Kritiko ofizialek bai, horiek egin dute barre, eta algara ere bai bateren batek (zein barre-errazekoak diren gure literatur-jakintsuak!), baina horrek, egia esan behar baldin badut, ez nau askorik betetzen. Zeren nik nire irakurleen irria eta barrea eta maitasuna eta estimua eta koipea eta eupadak behar baititut bizitzeko! Eta badakit, ziur nago, errua ezin egotz diezaiokedala irakurlearen umore-sen faltari (nire irakurle guztiek berezkoa dute atributo hori), neure trakeskeria izugarriari baino. Liburua oso azkar bukatzen dela dio, baina juzku hau ez dut alderdi positibotik hartu behar (lo bueno, si breve… edo horrelakoak), demolizio pollitaren haritik baizik: txoro osti honek ederki timatu nau! Mingarria, benetan, epai hori ere. Ez nuke esango merezi gabea denik, baina modua ez zait bereziki sotila iruditu. Azken esaldia ausardia handikoa da, ez da batere kriptikoa edo ironikoa edo anbiguoa: beraz, ez erosteko liburua. Ikasi egin behar nuke hain zorrotz eta lapidarioki idazten. Gauzak ez daude hobeto esaterik, eta zein hitz guttirekin, gainera! Besterik da mezuaren kontenidoa. Horretaz luze diskuti genezake. Nik uste dut, propaganda txar honen ondoren, jendeak liburua erosi behar lukeela, erostea merezi duen epai dezan. Horixe nire kontseilua, bihotz-bihotzez ematen dudana.
Bukatzeko, bada, hasieran esaten nuena: 33ra jaitsi dela nire irakurle-kopurua, eta nire literaturarekiko erretxindura edo nahigabea gero eta handiagoa dela, eta, hala ere, ezin humanoagoa.
Gainezka egin dit
Espero dut mezu honengatik inor ez erretxintzea.
Mila esker.
Euskal Irakurle Erretxina
Beraz, Karlos, zure erretxinkeria leuntzearren eta irakurle kopurua gehitze aldera, esango dizut nik liburua hiru lagun ez oso irakurleri utzi diedala eta guztiek gustura irakurri dutela (oso gustora jartzera nindoan, baina tira, badakit ez didazula sinestuko...). Gainera, hiru lagunetatik gutxien irakurtzen duenak nire aurrean irakurri zuen liburua, bidaia batean, eta niri bere garaian bezala, aldika irribarrea, incluso algara labur diskreto bat, ateratzen zitzaion... Nik zergatik parre egiten zuen galdetzen nion eta berak liburuko ateraldia komentatzen zidan eta nik erantzun eta bla bla bla. Liburua bukatu zuenean entretenigarria eta barregarria zela esan zidan baina liburuak bukaera irekia duenez, apur bat harrituta gelditu zela aitortu ere bai, "eta orain zer gertatuko zaie pertsonaiei?" niri galdetuz bezala. Egia esan, kontuak horrela kontatuta ez dirudi oso sinesgarria, irla batean 5 egun pasatzera ginderamatzan hegazkinean gertatu zelako pasadizo hau (badakizue, hegazkinak eta bertako pasadizoak oso dira literarioak orain) eta zure nobelako naufragoak ere irla batera iristen direlako eta ni eta nire laguna hor, hegazkinean zure liburuarekin bidaia arintzen eta abar eta abar... Beraz, sinesgarria izan edo ez, gehitu beste hiru irakurle zure errekuento generalean. Jadanik 36, gutxiago falta zaizu 45eko kopurura iristeko.
En fin, baina esan nahi dudana da, gurean Euskal Idazle Erretxinarena oso espezie ezaguna dela argi gelditu den bezala, orain jadanik Euskal Irakurle Erretxinaz ere hitz egin behar genukeela. Ni neu behintzat kategoria horrekin gehiago identifikatzen naiz, idatzi baino askoz gehiago irakurtzen dudan neurrian eta ondorioz, irakurtzen dudanak askotan gehiago erretxintzen nauelako. Eta Linazasorok erakutsi bezala, irakurle erretxinak ziurrenik 13 manamendu baino gehiago izango dituelako erretxintzeko: izan arrazoi ekonomikoak (nire inguruan gertatu bezala jendeak irakurtzeko asmoa duen liburua aurrez erosteko ohitura badu behintzat, liburutegietara joatea zoologikora joatea baino arraroagoa balitz bezala); edo liburuak euskara ulertezin batean idatzita daudelako (ikus 111akademiak antolaturiko mahai-inguru batean liburu erraz eta zailen gainean sortu zen eztabaida: http://www.111akademia.com/aldiztes.php?id_edukia=849), edo oro har nire belaunaldiko jendea bezala irakurlea euskaraz gain-alfabetatua izan arren gazteleraz irakurtzen ohituta dagoelako; edota euskal itzulpenen gainean beti galdetu behar delako "Zer moduz dago itzulpena? Ze behin hasi nintzen bat irakurtzen eta..." (gazteleraz irakurtzen ohituta dagoen irakurle hori gazteleraz irakurtzen duenaren erdia baino gehiago itzulpena dela ez balitz konturatuko bezala); eta horrela Euskal Irakurle Erretxinaren tipologia osatu arte jarrai genezake.
Baina ni berriro ere aurrez esandakora nator, hau da, besterik gabeko zalapartari ez zaiola hainbeste garrantzia eman behar. Hasier Etxeberriak dio: "zaratak estaltzen duela funtsa, alegia, baina gaur zaratarik gabe ez da deus letren munduan, beste mundu askotan bezala" baina nik erantzuten diot zalapartaren atzean gutxien-gutxienik zerbait egon behar dela, deitu funtsa, edo deitu funtsaren oihartzun bat, edo deitu funtsaren gauerdiko eztula, baina zerbait, ez zarata hutsa soilik. Eta Linazasororen garai bateko 33. irakurlearen adierazpenei ere kutsu hori hartu diet, Euskal Irakurle Erretxin baten azaleko erretxinkeriarena: liburuan ez dela ezer "gertatzen", dena elkarrizketa dela, oso azkar amaitzen da, ez du barrerik egin, eta bukatzeko, liburua ez erosteko aholkua... (Ez da ezergaitik, baina lagun batek antzeko hitzak erabili zituen behin Godoten esperoan liburuari buruz hitz egiteko, nahiz eta liburuaren prezioaz ez zidan ezer esan).
Honekin esan nahi nuena zen bakoitzak bere arrazoiak dituela literaturarekin, are munduarekin, erretxinduta egoteko, baina jokaera guztiak ere ez direla parekatzeko modukoak, nahiz eta erretxinkeriaren mende egoteak sarritan guztiok itsutzen gaituen.
Euskal idazle erretxina
Txisteaz irri pixka bat berriz egin eta gero (barkatu inozokeria) hiru galdera bururatzen zaizkit. Bat: gizon horrek ez zuen kontutan hartu komentu bat ez dela bost izarreko hotela? Bi: komentu horretan ez zuten otoitz egiten? Eta hiru: nola kexatu ziren beste fraideak gizon horretaz bi hitz baino gehiago erabili gabe?
Galdera gehiago onartzen dira, noski.