Hemen zaude: Hasiera Blogak Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге Artxiboa 2009 Ekaina 01 (Euskal) Estilo-Ariketa (VIII): Iritzi-zutabe eusko-internazionalista
Dokumentu Akzioak

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

(Euskal) Estilo-Ariketa (VIII): Iritzi-zutabe eusko-internazionalista

Zortzigarren estilo ariketa honetan kazetaritzara jo nahi izan dugu, bertan, bizitza bera bezain efimero, literaturarik onena akaso lantzen ari direlako hainbat zutabegile begizorrotz bezain ipurtarin, eta seguruenik, akaso beharrik gabe, ezkerra eta abertzaletasuna (shaken, not stirred) XXI. mendean, XXII.ean kasik, kokatzen ari baitira, garai bateko zilborrismoa bazter utzita, nazioen kontzertuarekin harmonian.

ARROTZ ESNEA

Diyarbakir hiri kurduko erretoki batean dugu hitzordua egina. Herri hau, Euskal Herria bezala, askatasuna ukatzen zaien herri guztiak bezala, matriarkatuaren arauetan irmoki errotua egon denez, emakumezkoak bere kabuz libre ibil daitezke haien artean, hara-hona samurretan, estatubatuar estatuko morroien so gupida bakoen mende. Elkarrizketatu behar dudan emakumea, aktibista bera, nire aurrean dago, puntual etorrita. Nik andrez jantzi behar izan dut, Mahroub-i arazorik ez ekartzeko.

         Grabagailurik gabe, koaderno batean notatzen ditut berak esandakoak, eta bihotzean ere grabatu egiten zaizkit imintzio esanahitsuak, begirada arakatzaileak, eskua altzora eramateko modu babeslea, amatiarra.

women

         Zerbitzaria mahaira hurbildu eta Mahroubek, bero sapa uxatzeko, bigarren tea eskatu du, eta niretzat esne basokadatxo bat, seguruenik herrialde oprimituen erro komunetik edoski nahia sumatu didalako, egarri asegabea.

         Mahroubek jarraitu du hitz egiten; askatasun osoz espresa dadin uko egin diot enbaxadak eskainitako itzultzaileari, eta elkarren hizkuntza ez dakigun arren ez dugu zubirik behar, begiradek osatzen dute zubi premiazkoa, sufrimenduz eta amorruz betetako begirada eztiek. Mahrouben soak orain horman gora egin du, suspirio bat boteaz, etsiturik, Bilboko edozein taberna zulotan telebista tresna lo-eragilea legokeen toki berdinera, baina hemen eroritako heroi baten margoak hartzen du tokia: bizarduna, gaztea, kopeta estalirik, metraileta bat eskutan. Etorkizunaren oroi-minak hartu nau eta etxekotu.

         Kalean behera gizon tropel bat jaisten ari da, herri bat abian, Mahroubek zerbait azaldu nahi didala ematen du, beldurra igo zaio begitartera, nigatik lasaitu dadin esan nahi diot, ehunka besok hilkutxa bat daroate airean, altxatzekoa egin du; nik, eskua berearen gainean jarrita, eutsi diot. Malko bat isuri zaio masailean behera, gure gainean dagoen gaztearen erretratuan begia itzali eta sabelalde handituxea seinalatu duen bitartean. Dena ulertu dut.

Volgako Batelariak 2009/06/01

Diyarbakir? bai katxondoa

Dani Irigoien — 2009/06/13 19:06
Hau grazia egiteko asmoarekin idatzia al dago?

Zaila da zinismoaren eta sarkasmoaren arteko muga markatzea...

Proposamena

Dani Irigoien — 2009/06/13 19:13
Beste estilo-ariketa baterako proposamena: "kronika autobiografikoa: Oi ze malerusa ni-poliziek torturatu naute jaun epaile". Horrekin ere jendea barrez lehertuko litzake, seguru.

Erantzuna

Volgako Batelariak — 2009/06/15 00:10
Planteatu dituzun zalantzei erantzuna Rafael Reigek eman zizun hemen.

Ez horregatik.


Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.
  Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Euskal idazle erretxina Angel Garcia Etxandi, 2010/02/11
Euskal Irakurle Erretxina Mikel Ayerbe, 2010/02/04
Gainezka egin dit Pruden Gartzia, 2010/02/03
Zehaztapen ttiki batzuk Karlos Linazasoro, 2010/02/03
Etiketa lainoa
Elkarrizketak Irakurri gabeko liburuen kritikak Kritikak Postindependentziarenak Testuak Volgako Batelarien ukaseak