Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге
Juan Luis Zabalari lan-eskaintza
Idatzi honen bitartez, Volgako Batelariok kolaborazio eske gatoz Juan Luis Zabala (a) "Pipi" idazle eta "Berria" egunkariko kultura saileko kazetariarengana.
Gure inoizkarian berrikuntza batzuk egin behar ditugula eta, Volgako Batelarion erredakzio batzordearen azkeneko bileran erabaki dugu Enplegu Eskaintza Publiko bat luzatzea Juan Luis Zabalari, “Juan Luisen Zerrendak”, “Pipiren Txokoa”, “Txoko-Pipi” edo elkarren arteko bileran alde bien adostasunaz erabakiko dugun izenburupeko saila zuzen dezan.
Juan Luis Zabalak, azkeneko urteotan, abilezia berezia erakutsi du zerrenden langintzan, ez soilik Olerti Etxeak argitaratzen dizkion Euskal Liburuak sailari dagokionean (benetan eskertzeko lana dena, bertan jasotzen baitu, atalka, urte bakoitzeko euskarazko literatur liburuen produkzio osoa), baizik eta are interesgarriagoak diren zerrenda zoroastriko (edo dualisten) eraikuntzan iritsi duen maisutasunarengatik: hortxe daude, urrutira joan gabe, idazle abertzaleen eta ez abertzaleen zerrenda klasikoa, eta berriki aditzera eman duen AHTaren aldekoen eta (eliminazioz) aurkakoen zerrenda ezin argigarriagoa. Gure erredakzio batzordeko member batzuek saialdiak egin ditugun arren, gutako inor ez da heldu, eta hurbiletik ere, Zabalak aurkezten dituen iragarpenerako dohainak garatzera, ezta haren zorroztasun psikologikoaren mailara ere, eta hori dela eta, etsita, mundu guztiko enpresen estrategiara makurtzera deliberatu gara: abildade bat norberaren kabuz ezin denean lortu, merkatuan eskuratzen da eta kito.
Honatx gure proposamena, beraz: hilerik behin edo, bereziki sortzaile sentitzen bada, hamabostean behin, Juan Luis Zabalak bere zerrenda horietako bat idaztea, guk Volgako Batelariak inoizkariaren blogean atsegin handiz zintzilikatuko duguna. Abiapunturako ideia batzuk, zerrenda posibleetarako: “Pasaiako Ekoportuaren aldekoak / kontrakoak” (azpiegitura handien azpisail dudarik gabe emankorrerako), “Bic naranja / Bic crystal” (idazlearen konpromisoaren inguruko hautua baino funtsezkoagoa, azken berrogei urteotako literaturaren historian), “Héroes del Silencioren zaleak / detraktoreak” (inork ez baitu onartzen, oro har eta droga psikotropikoen eraginpean ez bada, Héroes gustura entzun duenik inoiz), “(Praka) Piratak jantziko lituzketen / sekula jantziko ez lituzketen intelektualak” (negu gorrirako erronka bat; orain, udan, ez luke meriturik)… Elkarren artean egingo dugun lehenengo brainstormingean finkatuko genituzke irizpideak, eta saila abiatzeko zerrenden zerrenda behin behinekoa.
Gure eskaintza kontuan hartuko duzulakoan, adeitasunez
Volgako Batelariak.

Esker onez, ezezkoa
Ziur naiz aise aurkituko duzuela zerrendak zehaztasun handiagoz eta zalantza gutxiagoz egingo dizkiezunik.
Aholku bat ere emango dizuet, atrebentziarekin: zuek aipatutako horiez gain, garaileen eta galtzaileen arteko bereizketa egiteko ere eskatuko nioke nik zerrendagileari. Dudarik izanez gero, Ivan Igartuari galdetzea dauka. Interes handiz irakurriko dut lan horren emaitza.
Zorterik onena opa dizuet zuen egitasmo berri eta onuragarri honetan.
P.D.: Aukeratua edozein delarik ere, oharataraz iezaiozue, mesedez, Héroes del Silencio ia ezagutu ere egiten ez duen eta sekula pirata galtzarik jantzi ez duen patxikontra bat naizela (dakizuen bezala, Jose Joan Gonzalez Txabarrik sortutako hitza da hori, zerrenda bat osatzeko oso aproposa), eta aukeran nahiago dudala Bic Crystalen gorpuztasun frogatua Bic Naranjaren ustezko espiritualtasuna baino.
kasketa harrapatu duzue
Zer da hain gaizki iruditzen zaizuena? Aipatutako idazle horiek denok dakigu gutxi gora behera zein "rollokoak" diren (zareten?), eta beraz hau ez da "outing" saio bat izan. Hala izan balitz, askoz libertigarriagoa izanen zen.
Ez hain apalak izan!