Hemen zaude: Hasiera Blogak Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге Artxiboa 2008 Ekaina 16 Postindependentzia gorpuzten
Dokumentu Akzioak

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Postindependentzia gorpuzten

Halaxe da: oraingoan Uxue Apaolazaren eta Rikardo Arregiren bi ekarpen gehigarri hauekin bultzada berritua ematen diegu Postindependentziaren oinarri teoriko zein praktikoei. Martxa honetan laster osatuko dugu liburuxka bat, herri honetako teoria politikoan "Bizkaya por su independencia"-k eta "Vasconia"-k bezainbesteko traszendentzia lortuko duena (gutxienez).

 

Hamabi puntu (Uxue Apaolaza, Berria, 2008-V-27)

Rodolfo Chikilikuatrek Eurovision azken sei urtean gehien ikusi den programa izatea lortu du Espainian. Nik ere ikusi nuen, lehen aldiz nire bizi osoan, eta ez nuen uste amaieraraino itxarongo nuenik. Aktuazioak begiratuz, ordea, Rodolfo Chikilikuatre ikusteko ia behar fisikoa sortu zitzaidan.

Hurrengo egunean klaseko kideekin bildu nintzen lantxo bat egiteko. Ikusi zuten haiek ere; batek afaria antolatu zuen, bestea hirian antolatu ziren festetako batera joan zen. Harro zeuden Rodolfoz, nahiz eguna iritsi aurretik beren zalantzak izan zituzten. Eztabaidan aritu ziren nazioartean Espainiari ematen zion irudiaz, eta kexatu beren kantaren aurretik zezenak jarri zituztelako. Hurrengorako norbait are freak-agoa behar zutela erabaki zuten, serio aritzen direnen gradua ikusita, Rodolfo Chikilikuatre ez omen zen-eta behar beste nabarmendu.

Nik ere nahi nuke Eurovisionerako gure ordezkaria bozkatu, Postindependentziaren aldeko manifestua-n jarri bezala, eta gero eztabaidatu ea ordezkari egokia den edo ez, taldeak sortu alde eta kontra. Tentelkeria bati buruz eztabaidan arituko gara, gutxienez tentelkeria bati buruz ari garen kontzientziaz.

rodolfo

 

Podolski (Rikardo Arregi, Deia, 2008-VI-13)

Nire mitomanietan harrera berezia egin diot pertsona berri bati: Lukas Podolski futbolariari, hain zuzen. Arrazoiek ez dute zerikusi zuzena futbolarekin, postindependentziarekin baizik. Gogoratuko duzue ziur aski postindependentziaren eginbeharretako bat euskal futbol selekzioa bultzatzea dela. Hortik doa gauza. Podolski Polonian jaio zen, Silesian, batzutan Alemania eta beste batzutan Polonia izan den eskualdea, uste dut Austria ere izen zela noiz edo noiz. Podolskiren aiton-amonak, gainera, alemaniarrak ziren eta 1987an familia osoa Alemaniara joan zen bizitzera, bertako naziotasuna izateko eskubidea baitzuen. Lukas txikia, alemaniarra eta poloniarra aldi berean, futbolean jolasten hasi zen eta gaur egun Bayern München taldean eta Alemaniako selekzioan aritzen da.

Aurreko egunean Alemania Poloniaren kontra aritu zen Eurokopan eta Podolskik bi gol sartu zion bere beste nazioari. Ez zituen golak ospatu. Ez zuen futbolariek usu antzezten dituzten pailazokerietan bere burua galdu. Bere familiaren zati handi bat Polonia animatzen ari zen estadioan, eta barkamena eskatu zion. Partida bukatzean Poloniako kamiseta jantzi zuen. Geroago esan zuen berdin zitzaiola Poloniako zein Alemaniako selekzioetan egon baina poloniarrek ez ziotela eskatu.

Podolski eredu bat da euskal postindependentziarako. Gure postindependentzian euskal futbolari askok ez ditu ospatuko Espainiari edo Frantziari sartuko dizkioten golak (sartzen dituzten edo ez beste kontu bat da, jakina, zalantzak ditut), gehienek ez baitute inolako asmorik izango Salamankako osaba edo Badajozeko lehengusuak mintzeko. Azken buruan kirola eta nazioa lotzeko ohitura hau zaharkiturik ari da gelditzen. Lehenbailehen lortu behar da postindependentzia.

podolski4

 

 

 

 

Uxue Apaolaza Rikardo Arregi 2008/06/16

Aitite post-independentea

patxi lurra — 2008/07/07 15:23
Batelaria ez nazen arren, eta zuentzat jarraian deukozuen harrikaldi horrek ahuntzaren eguerdiko doministikuaren balioa eduki dezakeen arren, bardin-bardin bidaltzen deutsuet. Harrikaldiak "Aitite post-independentea" deuko izenburua. Nazdarovia! http://www.asapala.org/mahatsorriak/patxilurra?title=aitite_post_independentea&more=1&c=1&tb=1&pb=1

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.
  Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
(k)aiku-ena ni Beñat Sarasola, 2008/10/22
islada, eredu baino Antonio Casado da Rocha, 2008/10/22
Haiku Maiku Beñat Sarasola, 2008/10/22
EUSKARAREN HOBE BEHARREZ beti ere Nerea Eizagirre , 2008/10/20
Etiketa lainoa
Egilea: Angel Erro Elkarrizketak Irakurri gabeko liburuen kritikak Kritikak Testuak Volgako Batelarien ukaseak