Hemen zaude: Hasiera Blogak Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге Artxiboa 2005 Urria 14 Fribolitatearen aldeko manifestu eruditua
Dokumentu Akzioak

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Fribolitatearen aldeko manifestu eruditua

Gizaki friboloek uste omen dute, dio Hermann Hessek Albertus Secundusen latinezko aipamen batean, existitzen ez den oro errazagoa dela adierazten. Horregatik, agian, Volgako Batelariok uste dugu fribolitatea beharrezkoa dela idazle bezala aritzeko orduan. Seriotasunak ez du gaitzik besterik ekarri literaturari, zer esanik ez euskal literaturari.
Eta gu friboloak, friboloak, friboloak gara (diogu, besoak zabalik, bueltak eman bitartean), hainbeste non ez dugun ardura hartu hain beharrezkoa litzatekeen manifestu bat egitera, hainbeste non konformatu garen gure erudizio itzelezkoari eragitearekin, fribolitatearen aldeko argudioak pilatzeko.

Fribolitatearen aldeko manifestu eruditua (hamabost aiputan emana)

1) Fribolitatearen historia batek bakar-bakarrik erakutsi ahal dizkigu botere harremanak eratzen dituzten oinarri sakonak. Michel Foucault.

2) Fribolitatea egiaren kortesia da. Oscar Wilde.

3) Modu bakarra dago gaur egungo gizartearen alienaziotik ihes egiteko: friboloa izatea. Roland Barthes.

4) Gizonak emakumearekin bear du, emakumeak gizonarekin, eta ortik kanpoko guztia giza buruarinkeriya da. Resurrecion Maria de Azkue.

5) Gu ohartzerako, irudimen transzendentalak ikusita dauka munduaren anabasa eta arintasunak bakarrik ordena dezake hori guztia. Inmanuel Kant.

6) Friboloaren arimak jakingo du zerua ere infernua dela. Fiodor Dostoievski.

7) Maiz fribolitatea ez dagokio, beren buruak marxistatzat hartzen duten batzuek uste bezala, gizarte burgesen gainegiturari, egiturari berari baizik. Karl Marx.

8) Filosofia lan serio eta ona idatz zitekeen bakarrik txistez osaturik. Ludwig Wittgenstein.

9) Ustela eta friboloa deitzen didate. Ni ez naiz inondik inora pribilegiatu bat. Baliteke pribilegiatu bakarra nire aurpegia izatea. Eta ustela? Ene! Ez nuke itxura hau izango ustela banintz. Nolabaiteko itsusitasunak nire sistema hartuko luke menpe. Imelda Marcos.

10) Zahartzaroa fribolitarearen bukaerarekin hasten da. Parmenides.

11) Zure egitasmo serioenekin arintasun pitin bat nahas ezazu, une egokian fribolo izatea zoragarria da. Marko Aurelio.

12) Arrazoia gure arimaren ezkerreko eskua da, arintasuna eskuinekoa. John Donne.

13) Friboloen konpainia lehenesten dut, badakidalako nik esandako ezer ez dutelako brometan hartuko. Michel de Montaigne.

14) Zuhurtasun pitin batek auziak seriotan hartzera eramaten du gizona, baina zuhurtasun gehiagok ororekiko fribolitatera eramaten du. Francis Bacon.

15) Bada presuna gazte bat bere obretan eta ioan ethorrietan arin, eta erho izaitea, ezta ongi, baiña badirudi aphur bat bedere, adinak desenkusatzen duela. Axular.

Volgako Batelariak 2005/10/14

Re: Fribolitatearen aldeko manifestu eruditua

Xabi Larra — 2005/10/14 12:14

Eta, zuen baimenaz, 16) "Quien pensa mutcho, no se le fada Yeruchalaim" -gehiegi pentsatzen duenak ez du helburua lortzen-.


Eta 17) "Por una magajica semos gidiós" - huskeria batek, prepuziorik ezak, egiten gaitu judu. (Sefardiek esanak)


Bizitza, beraz, ez da hain serioski hartu behar.



Re: Fribolitatearen aldeko manifestu eruditua

Angel Erro — 2006/05/24 12:24

Beste aipu bat, Bruce Beresford zinema zuzentzailearena, pasa den astean Sergi Pàmies-en zutabean irakurria:


"Uste dut moda mespretxatzen duten lagunak azalekoak direla. Azala gure existentziaren perimetro distiratsua da, bizi garen lurrazalaren pare. Honen azpian materia itxuragabe, ulertezina baino ez dago. Zergatik dauka azalak hain fama txarra?"



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.
  Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Jakinduriaren jainkosari Pruden Gartzia, 2011/08/30
Koldo Izagirrez ari zara, ezta? Julen Aseginolaza, 2011/08/15
amen! minerva, 2011/08/04
besteren bat bada, 2011/06/22
Larru ondoko sorkuntza Leire Saitua, 2011/06/17
Etiketa lainoa
Elkarrizketak Irakurri gabeko liburuen kritikak Kritikak Postindependentziarenak Testuak Volgako Batelarien ukaseak