Teknosexua
mapa
Markinako bidegorria OpenStreetMap proiektuan
Igandean lagun batzuei esker Markinako bidegorria ezagutu nuen. Izen eibartarra du gainera: Urko-bidea.
Asko gustatu zitzaidan bidegorria:
- Aparkaleku zabala, Ansotegi hotel-jatetxe alboan.
- 3 kilometro dira guztira, Markinatik Etxebarriako industrialdea bukatzen den tokiraino. Joan eta etorri 6 kilometro beraz.
- Lurzoru oso egokia, baita patinatzeko ere.
- Toki oso ederra, Urko erreka bazterrean, harrizko zubi zoragarriak, amuarrainak errekan, zati handia zuhaitz artean...
GPS-a eraman nuenez, ibilbide osoa grabatu eta OSM proiektura kargatu ahal izan nuen.
- Urko bidea, mapa. (marra urdinak adierazten du bidea)
- Urko bidea, argazkiak
OpenCycleMap
OpenStreetMap proiektua erabiliz, bizikletan ibiltzeko munduko mapa egiten ari dira, datuak beste modu batean erakutsita. Oraindik bide hau ez da azaldu, baina hurrengo egunetan baietz hemen ere ikusi!
- Urko bidea, bizikleta mapa (OpenCycleMap)
Mapapel.com : Inprimatzeko mapak
Ideia berri bat jarri dugu martxan azken egunotan. Hiri bat bisitatzera doazenek paperezko mapa bat izateko aukera eskaintzen digu mapapel.com-ek.
Zergatik mapapel.com?
Jendeak Googlen mapa de san sebastian eta plano san sebastianbezalakoak bilatzen ditu. Horretaz konturatuta geunden.
Tokiren bat bisitatzera zoazenean, joan aurretik tokiko mapa lortzea zaila izaten da. Google Maps-etik inprimatzea ere ez da soluzio ona izaten, ez bait da erraza izaten zoom mailarekin azertatzea: edo bista orokorra (eta detaile gutxi) edo bista detailatua (eta ingurune oso txikia). Horretan laguntzera dator mapapel.com.
Helburua da DIN A-4 batean toki batetako mapa ikuspegi erabilgarrienak inprimatu ahal izatea, beste informazio gehigarriekin hornituta.
Oraingoz Donostiako mapa bakarrik jarri dugu eta gaztelaniaz dabilen publikoari zuzenduta atera dugu. Etorkizunean joango gara horiek denak osatzen, baina oraindik proiektuaren bideragarritasuna ere aztertzen ari gara.
Prototipo bat da
Orain ikusten dena ez da gero izango den zerbitzua, inolaz ere. Mapapel-entzat ideia asko ditugu kutxan gordeta. Webgune eta mapa hori prototipo bat dira, eta publikatu eta lehen asteotan ematen ari den emaitzak neurtzen ari gara. Horretarako erabiltzen ari gara.
Prototipoa La Personnalité-ko lagunekin batera prestatu dugu, esperimentu honetan parte hartzeko prest agertu dira eta.
Mapak zuzenean OpenStreetMap-etik atera ditugu, bere lizentziak edozein erabilera baimentzen duela aprobetxatuz. Konturatuko zineten kale izen guztiak euskaraz daudela, ez da?
Proiektu txikiak eta frogak Interneten
Sarearen abantailetako bat da hau. Ideia bat duzula? Ez egon zai eta egin froga bat, ea emaitzarik lortzeko aukerarik dagoen ala ez. Horrela aztertu ahal izango duzu zein zailtasun dauden, konpetentzia askorik dagoen, eta abar. Frogak egitea merkea da sarean. Ez egon proiektu handien zai!
