Teknosexua
euskadiko kutxa
Pilota jokoan Euskadiko Kutxarekin
Pilota jokoa gustatzen zaizue? Nik palaz jokatzen dut sarritan. Badakizue, pilota hormaren kontra bota. Beti dator bueltan.
Pun!
2006an, Euskadiko Kutxaren webguneak Firefoxen ongi ikusteko arazoak zeuzkala eta, pentsatu nuen idatzi bat egitea. Pena da baina ez nuen bidalitakoa gorde. Gutxi gora behera, edukazioz "aizu, zerbitzua ez da Firefoxen ongi ikusten eta..."
Pan! (2006/01/05)
Arrasate, 2006/01/05 Bezero preziatua: Aurrena eskerrik asko gugana jo duzulako, Linux sistema eragilea eta Mozilla Firefox nabigatzailearen 1.07 bertsioa erabiliz Caja Labora Neten jarduteko arazoak dituzula jakinarazteagatik. Esan behar dizugu, zure idazkia jasoz bat, Informatika Departamentuarekin jarri garela harremanetan, gai horri buruzko xehetasunak eskatzeko. Departamentu horretan esan digutenez, gure linea bidezko banka Windows ingurunean erabiltzeko dago prestatuta eta ezin dugu ziurtatu gainerako sistema eragileetan ondo ibiltzea. Sentitzen dugu oraingo honetan erantzun hoberik ezin eman izana eta gure sistemak eragozpenak sortzea. Bada, jaso ezazu guztiagatik gure barkamenik zintzoena. Edonola ere, zure egoeraren berri eman diogu Informatika Departamentuari, kontuan hartu ditzan orrialdea hobetzeko eta egokitzeko aurrerantzean egiten diren lanetan. Arreta egokia eskaini dizugulakoan, jaso ezazu gure agurrik beroena. Caja Laboral Net
Pun! (2008/05/30)
Jaun/andere agurgarriak, Duela bi urte idatzi nizuen Firefox nabigatzailearen inguruan. Kontua da CajaLaboralNet ez dela ongi ikusten nabigatzaile honetan, eta zuen erantzuna izan zen zuen plataforma osoa Windowserako bakarrik prestatuta zegoela (!). Berriz ere gaia berrikusi dezazuen eskatzera nator. Izan ere, ikerketa guztiek diote Firefox nabigatzailearen penetrazioa %20tik gorakoa dela Espainian. Datu zehatzagoak hemen ikusi ditzakezue: http://www.xitimonitor.com/es-es/barometro-navegadores/index-1-3-3-0.html Gaia berrikusi eta soluzio bat emango diozuelakoan, zuen arreta eskertzea besterik ez zait gelditzen.
Pan! (2008/06/02)
Bezero agurgarria: Web orria Firefox nabigatzailera egokitzeko duzun interesa berriro helarazi diguzulako eskerrak eman behar dizkizugu.=20 Honi dagokionez, esan behar dizugu Caja Laboral Net Windows ingurunean eta Internet Explorerrekin lan egiteko prestatu dela. Dena den, jakin badakigu bestelako sistema eragilerekin eta nabigatzaile ezberdinekin normaltasunez egiten direla eragiketak, nahiz eta kasu guztietan funtzionamendu normala ezin dugun bermatu.=20 Nolanahi ere, zure idatzia dagokion Sailera igorri dugu, aintzakotzat har dezaten.=20 Besterik gabe, jaso ezazu gure agurrik beroena.=20 Caja Laboral Net
Jarraituko dugu jokatzen?
Animatzen zarete? Cajalaboral.Net (abildua) cajalaboral.es
Euskadiko Kutxa eta ni
Aurreko batean kontatu nizuen nola Euskadiko Kutxakoei protesta egin nien, beraien Internet bidezko zerbitzuan transferentzien konfirmaziorako e-postak 5 xentimotan kobratzeagatik. Pasa den astean erantzun didate:
Edozein modutan ere, zure gutuna jasoaz bat zure sukurtsalarekin jarri gara harremanetan, gai honi buruz galdetzeko.
Bertatik XXXXXX andreak esan digunez, zuganako begiruneagatik, kasu honetan sukurtsalak hartuko du bere gain zure kontuan zordunduko dizuten 0,05 euroko kostua, baldin eta transakzioaren jakinarazpena posta elektroniko bidez egiten baduzu.
Dena dela, gaur egun Entitateak darabilen informatika-aplikazioak ez du uzten bezeroari automatikoki kostu hori barkatzen.
Beraz, transferentzien abisuak posta elektroniko bidez bidaltzeagatik kontuan karguren bat bilatzen baduzu, eskertuko dizugu nahi duzun maiztasunarekin sukurtsalera joan eta gastu horiek itzultzeko eskatzen baduzu.
Tumatxa! Bi gauzarekin kabreatzen naiz hau irakurrita:
Batetik, ikusten dudalako komisioak gomazkoak direla banketxeetan (pelmada pixka bat eman ezkero kentzen dizkizute, baina lan pixka bat, pelmada eman behar...)
Bestetik, ni zeken moduan utzi nahi naute. Imajinatzen duzue egoera? Joan sukurtsalera eta: "Kaixo, 15 xentimoak itzuliko dizkidazu mesedez?".
Kontua ez dira 5 xentimoak, baizik eta detaile falta, ez konturatzea 5 xentimo horiekin irabazten dutena mila aldiz galtzen dutela uzten diguten sentsazio txarrean.
Enfin... Esperantza askorik gabe erantzun diet hori dena esaten, eta nire sukurtsaleko aholkulariari esan diot lasai egoteko, ez naizela pelmada ematera joango. Bizitza guztian gastatuko ditudan xentimoak baino gehiago baloratzen ditut aholkulariaren eta nire denbora.
Portzierto, Euskadiko Kutxari ez zaio doan atera 5 xentimoen kontua, mezu hau dozenaerdi bat pertsonak irakurriko duzue eta.
Bukatzeko, komunikazio adituok: Euskadiko Kutxak 5 xentimo horiek jartzea pentsatu duenean blogista baten artikuluan pentsatu duela uste al duzue? Posible da operazio horren irabazi/kostu balantzea eginda izatea eta irudi kostu hau asumitzea? Ala ez zaie burutik pasa egin ere, neurri horri norbaitek aurpegi txarra jarriko ziola?
Eguneratua: portzierto, bururatu zait Googlen Euskadiko Kutxa bilatzea eta demaseko sorpresa hartu dut, nire aurreko artikulua laugarrena bait dago! Seguruenez ez dira arduratuko, euskaraz bait da, baina entitatearen gaztelaniazko izena jarri izan banu? glubs!
Euskadiko Kutxa eta komisioak
Gaur sartu naiz EuskadikoKutxa-ren banka elektronikoan informazio baten bila eta hara non esaten didaten sartzerakoan, gaurtik aurrera transferentzien abisuak e-postaz edo SMS bidez bidali daitezkeela. Hori bai, nahiz eta promozio garaian doan izango den, gero e-posta bakoitzeko 5 xentimo kobratuko dituzte. ( SMS-ena garestiagoa da, baina ez da hain interesgarria)
Burua berotu eta hau utzi diet iradokizunen postontzian:
Transferentzien notifikazioen komisioen inguruan
Lotsagarria iruditzen zait planteatzen duzuena. Orain arte zuek zineten transferentzien justifikazioak epostaz norbaiti bidaltzeko aukera eskaintzen ez zenutenak. Beste banketxe batzuekin lan egiten dut Internet bidez eta hori besteek kosturik gabe eskaintzen dute aspaldidanik.
Orain, aukera eskaintzen duzue 5 xentimoko kostu batekin. Agian ulertu nezake SMS bidezkoa, horrek zuentzat kostu garbiagoa eta altuagoa bait du, baina e-posta bidezkoa... lotsagarria.
Aspaldi esan nizuen, duela bi urte agian, benetan nahi baduzue banka elektronikoa zabaltzea eta zuen kostuak murriztea, bezeroak motibatu behar dituzuela, eta transferentzia komisioak adibidez, leihatilan baino merkeagoak izan beharko zutela. Nik garbi daukat Internet bidez transferentzia bat egiten dudan bakoitzean EK-ri dirua aurrezten diodala. Neri ere bai, denbora gutxiago galtzen bait dut, baina ez dut onura horren banaketa ikusten.
Honek eta zuen webguneak Internet Explorer ez den edozein nabigatzaileri eskaintzen dion begirune gutxiak, nire begietan zuen irudia okertzea besterik ez du lortzen.
Aurrera begira zuen estrategietan iritzi hauek kontutan hartuko dituzuelakoan, jaso ezazue agur bero bat.