Ikasitakoa desikasten ikasten
Zelaieta taberna Mutrikun
Atzo arratsaldean kafe bat hartzera igo ginen Olatzera, Zelaieta tabernara. Hainbeste eguraldi on ondoren atzokoa nahiko egun txepela tokatu zen, baina han kanpoan jarrita egoteak merezi zuen. Egia esan Olatzen fan handia naiz.
Olatz Mutrikuko bailara da. Mutrikutik Ondarrurako bidean goazela, herritik irten bezain laster ezkerretara doan errepidea hartu eta 3 edo 4 kilometro ondoren iritsiko gara. Lauzpabost baserri sakabanatuta, ermita txiki bat eta bi jatetxe aurkituko ditugu, Zelaieta Taberna eta Olatz.
Santiago bidea bertatik pasatzen da Arno alderako bidean, eta inguruan zaldiak eta ganadu ugari dago, baita zezentxoak ere. Pasiara bat emateko toki polita da.
Guri asko gustatzen zaigu Zelaieta Taberna. Ez da oso handia, baina barruko jangelaz gain kanpoan bi mahai jartzen dituzte toldo azpian, eta zoragarri bazkaltzen da udan. Gainera aurrean bertatik bertara parke txiki bat du, umeak lasai ibiltzeko moduan.
Urtean zehar asteburuetan bakarrik zabaltzen dute. Uztaila eta abuztuan astean zehar ere, baina komeni da zabaldu behar duten aurretik galdetzea. Normalean 18 Euroko menu goxoa izaten dute, Zelaieta entsalada epela (txibi eta guzti) guztiz gomendagarria da, baita postreak ere. Badaezpada ere, aurretik deitu.
Telefonoa: 943 60 45 95
Duela 5 urteko bannerra
Goizean goiz irratian entzun nuen albistea eta lantokira burua bero-bero iritsi ginen. Irratia jarrita, gertatzen zen guztiaz enteratu nahian pasa genuen goiza, batez ere Sustaturi begira, ezinegonez, zer egin jakin gabe.
Eguerdi aldera Gasteizera joan behar genuen bilera batetara, eta banner bat egitea bururatu zitzaigun. Maitek segituan egin zuen:

Jarri genuen garai hartako Sustaturen goiko aldean eta bilerara joan ginen.
Zenbait webgunetan bannerra jarri zuten. Horri esker berreskuratu dut nik Ondarroako Udalaren webgunetik. Esango nuke nahiko banner arrakastatsua izan zela.
Baina bannerrak bizia izan zuen Internetetik kanpora ere. Mutrikura joan nintzen hurrengoan, denda guztietan zegoen bannerra, inprimatuta eta erakusleihoetan itsatsita. Norbaitek lana hartu zuen eta oso harro egon nintzen tontakeria honekin, Maiteri ere kontatu nion. Oraindik uda honetan ere Mutrikuko dendaren batean ikusi dut bannerra.
Interneteko estatistika sistemak
Zerbitzariko datuak tratatzeko programak
Webgune batetik orri bat deskargatzean, arrastotxo bat gelditzen da zerbitzarian, log fitxategian. Sistema honekin programa batek log fitxategiak aztertu eta horien arabera datuak metatzen ditu, taulak eta grafikoak sortuz. AWStats, WebTrends eta Webalizer dira hauetako batzuk.
Sistema honek nahiko arazo du, askotan zaila izaten bait da bilatzaileen bisitak, RSS irakurgailuenak edo robotenak desberdintzea. Bestalde, askotan sarean gordeta gelditzen dira webguneak, katxeetan, eta erabiltzaile batek webgune bat ikusi baina ez du jatorritik deskargatzen. Horregatik honelako sistemen erabilera beheraka doa.
Tag edo etiketa sistemak
Kasu honetan, estatistika sistemak sarean daude eta gure webgunean etiketa edo kode zati bat jarri behar dugu, orri guztien bukaeran. Horri esker, gure webgunera sartzen den erabiltzaile bakoitzak klik bat egingo du estatistiken zerbitzarian, eta hortik aterako dira datuak.Aurrekoak baino askoz fidagarriagoak dira sistema hauek, eta webgune guztientzat berdinak direnez, datuak konparatu daitezke.
Honen adibideak dira Google Analytics edo Statcounter adibidez.
Panel edo inkesta sistemak
Hauek norberaren webguneak aztertzeko baino, orokorrean audientzia definitzeko sistemak dira. Kasu honetan erabiltzaileen multzo bat hartu eta talde horren nabigazio ohiturak aztertzen dira. Gero, datuen estrapolazioa egiten da. Hau dela eta, datuak ez dira oso zehatzak, baina zenbaki handietan nahiko emaitza zuzenak ematen dituzte.
Sistema honen adibide garbiena Alexa da. Alexaren tresna barra zenbait erabiltzaileren nabigatzailean ezartzen da eta hortik aurrera Alexak uneoro jakiten du zein webgune bisitatzen ari garen. Horren arabera kalkulatzen dute zenbatek bisitatu duen webgune bakoitza.
Norberak ezarri dezake tresna barra hori eta modu horretan gure webguneen bisitak artifizialki handitu (bisita gutxi baldin badira, noski).
Zer esanik ez, sistema honek webguneen konparaketarako balio duela, eta ez gure webgunean dabiltzanen nabigazio ohiturak aztertzeko.
Audientzia kalkulatzeko sistema konbinatua
Asteburuan aurkitu dut sistema hau: Quantcast
Batetik, AEBtako zenbait datu estatistiko manejatzen dituzte eta horrekin informazio eta ranking bat badute, nahiz eta euskal Interneterako ez den oso interesgarria. Baina besteti, norberaren webgunean beraien tag edo kode bat txertatu daiteke, Google Analytics-ekin egiten den moduan. Modu horretan modu unifikatu eta estandarizatuan webgune desberdinen bisitak aztertu daitezke. Froga egiteko kargatu ditugu webgune batzuk, Sustatu adibidez.
Interesgarria izango litzateke euskal webgune talde batek sistema hau erabiltzea, eta benetako datuak ikusteko aukera izango genuke.


