Sareinak
Desirak eta plazerrak II
Aurreko artikuluan hamarkadak eta egileen izenak ekarri bagenituen, gaurkoan beste zenbait ezaugarri dakartzagu...
Hamarkada hauetan emakumeek dakarten sexu hartu-emona ez da genitala, oso fisikoa baizik. GORPUTZ OSOAren erotika dugu, gorputza askotan azpimarratzen da (60 aldiz baino gehiagotan agertzen da hitza) Gorputz- atal guztiek dute protagonismoa: eskuek edo hatzek, larruak edo azalak, sabelak, ezpainek, besoek, belarriek, baita adatsak eta ileek ere... bereziki erogenoak diren atalak erakusten eta aipatzen dira: sexua, bularrak edo titiak, alua, klitoria... izendatzeko euren lan sortzaileak liluratu gaitu askotan: bularrek eta diti-buruek jaso duten arreta handiaren ondorioz hiztegi berria eraiki dute: Bular-mahatsak, bular-sagarrak, bularmuturrak, bularpeko kobak, bular-geziak... Miren Agur Meaberen trebeziak masusta-aho berba dakarkigu, adibide baterako...
Miren Agurrek bost sentimenekin idazten du suaren inguruan, deskribapen eta bizipen lortuak, borobilak helarazten dizkigu . Bere poesiaren bitarez, gorputza eta bere sexu eta desiraren inguruko irudiak kodifikatuagoak, pertsonalagoak bilakatzen dira, mundu erotiko oparo eta zehatza azaleratuz. Mundu honetan errealitatea zein leku mitikoak eta ametsak elkarren ondoan agertzen eta nahasten dira, bere poemek batzutan irrealitate kutsua hartzen dutela. Meabek desio eta sexuaren gune ilunagoak erakusten dizkigu. Sexuak hamaika kolore eta zapore ditu , beti argiak edo eztiak ez direnak. Miren Agurrek aitortu duenez “ Idaztea, nolabait, hitzekin maitasuna egitea da (hurreratu, eta begiratu eta tentatu eta ukitu, usaindu, entzun eta dastatu) eta olgetan aritzea, jantzi eta biluztu. Idaztea, nolabait, hizkuntzaren armairua zabaldu eta arropa aukeratzea da” (Poetikak eta poemak liburuan, 52. or.).
Emakumeok GIROTZEari eta sentimentuei ematen diegun garrantzia, adibidez, eta baita bost sentimenek duten presentzia eta garrantzia azpimarratu nahi dugu: ikusmena, ukimena, entzumena, dastamena, usaimena, entzumena… bost sentimenetatik mugitzen, zeharkatzen den erotikaren antologia dugu hau, parentesi artean orrialdeak:
UKIMENA: (19-20,66...) ikutu, oratu, musukatu, ferekatu, akariziatu, milikatu, korapilatu, elkartu, arakatu, penetratu... hartu-emon sexualak “borroka” hitzaren atzean agertzen dira baina gehienetan “dantza” edo dantzaldi bat bailitzan bizi eta kontatzen da.
DASTAMENA: (37, 66.75,112, 119, 130,132,136, 151,78, 205, 216)
Dastamena espero zitekeen baino askoz gehiagotan izaten da erotikaren hasiera, lekukoa eta epaile. Mermeladak, kresala, txokolatea, marrubiak, gaizuria, gorputz lanjerosua, tabakoa. Maiz, usaimenarekin lotzen da, lurrina, kea, amoniakoa, izerdia...
USAIMENA: (38,39,59,119, 133)
ENTZUMENA: (76,90,173) zurrumurruak, murmurikatutakoak, eztiki mintzatua, xuxurlatua, belarrira esandakoa, ahots leunak...
IKUSMENA: (40,133, 253) kolore guztietatik mugitzen den paleta izanda, sexua, sarritan, kolore biziekin deskribatzen da: gorria, zuria, larrosa, laranja, izotza, platinoa.
Lekuei erreparatzen badiegu, emakumeok oheak, izarak, maindireak... oso gustokoak ditugu, gehien hautatzen ditugun lekuak baitira. Halere, denetarik topatuko dugu: lorategiak, baratzak, errekak, kaleak... Azken hauek ere topagune onak dira, eta exotikoena: mezkita bat. Lekuen deskribapena errealista izaten da, leku sinboliko gehienek urarekin zerikusia dutela, (ura bera, itsasoa, uhinak edo olatuak, ibaiak...) arakatu ditudan beste kultura batzuetan agertzen den sinbolismoa errepikatuz. Oso femenino ei da ura. Izan ere, gure hezetasuna askotan aipatzen da, susko emetasuna ere M. Agurren kasuan. Emakumeak bustiak, umelak, hezeak... hitz horien azpian agertzen gara. Gainera, lehenago esan dugun bezala, gure txoko, izkinak eta bazterrak azaleratzen, erakusten dira. Milia Lastur On the Road, Itxaro Bordaren Noiztenka liburuaren zatian protagonistak Bizkaiko Kostan zehar darama Milia... Gai honek azterketa sakonago baterako ematu du, gaur ezin izango duguna garatu.
Eta Noiz? Gauean gehien, arratsaldea eta udako edozein une gustokoak badira ere.
Poemen TONOari dagokonez, denetarik kausituko dugula azpimarratu behar dugu. Poema asko ilunak eta tristeak dira. Hauetan arrunta den binomioa aurkitu dugu: beroa, berotasuna, argia, eguzkia eta gorria positiboan eta hotza, iluntasuna, euria eta beltza negatiboan. Poema goibelenetan sexua heriotzarekin konparatzen da. Halere, badaude poema umoretsu edo ironikoak ere: (39, 60,137, 141, 161)
1990eko hamarkadan eta 2000tik aurrera, gaiak gero eta zabalagoak eta xehetasun gehiagorekin agertzen dira, lesbianismoa Itxaro Bordaren eskutik, masturbazioa Sonia Gonzalesek dakar, ezintasuna Castillo Suarezek askotan jorratzen du… Halere, hamarkada guztietan poema batzuk besteak baino borobilagoak, sakonagoak edo lortuagoak badira ere, gehienak nortasun handiko poemak dira.
Bukatzeko, begirada egileengan, emakume poetengan kokatzeko unea heldu dela uste dugu.
1970eko urteetan
Amaia Lasa poeta ona dugu, tamalez bere lanaren ezagutza eta harrera oso eskasak
izan dira, eta bere proposamen aintzindari eta lortua ez da publiko handira
heldu, esparru berezituetan baino ez baita ondo ezagutzen. Gure gaiaren
inguruan luzaroen ibili den poeta Itxaro Borda da, baita Tere Irastorza eta
Amaia Iturbide ere, luzaroan egon dira. Nahiz eta, ziurrenik, beren alde hau
gutxien ezagutzen dena izan.
Poema eta poeten kalitatea oso altua da, hasieratik poesia liburu asko saridunak dira, 90 hamarkadatik aurrera handituko den joera erakutsiz. Hori bezain azpimarragarria da poema eta poeten ezagutze eta banatze, hedatze eskasa. Zinez deigarri eta kezkagarria da ohartzea 2000. urtea baino lehenagoko zatian agertzen diren 15 egiletik 4k baino ez dutela poesia argitaratzen jarraitu edota Amaia Lasaren lan berriak irakurtzeko HATSA POESIA, gutxiengoa den bildumara jo behar dugula jakitea. Non daude, zer gertatu da beste 11 horiekin?
Badakigu, jakin, batzuk beste genero batzuetara jo dutela: Arantza Urretabizkaiak, Gema Lasartek edo Pili Kaltzadak kazetaritzan dihardute egunean, baina Maripi Solbes, Mari Jose Kerexeta, Arantza Aldalur, Arantza Etxeburua, Maite Urkia, Mirari Garcia de Cortazar, Isabel Diaz edo Miren Zabala, hauek guztiak zergatik utzi zioten poesia argitaratzeari? Badago genero-arrazoirik? Genero-arazorik, apika? Eta harrigarriena, 2000 eta gero joera honek hor dirauela da. Beren liburuek sariak lortzen dituzte baina ospea edo karrera literario bat etorri beharrean isiltasuna edo desagertzea dator. Zer gertatu da, bada, Sonia Gonzalezen ahotsa ozen, indartsu eta berritzailearekin egunean ez entzuteko? Edota zergatik Isabel Iturbe, Ines Goikoetxea edota Aintzane Galardi ez dira ia ezagutzen? Espero dugu galdera hauek erretorikoak ez izatea eta danon artean erantzunen bat aurkitzea.
Bukatzeko, Amaia Lasaren poema bat ekarri nahi izan dugu eta zuei irakurri: OTOIKA. 1971koa den bere Poema bilduma liburutik hartua, antologian ez dagoena:
Otoika,
Oihuka, sexuarekin
Sexuaren ahotsa isiltzeko,
Uneak igaro ziren,
Saxoa isildu zen,
Eta sexua oihuka hasi zen,
Eta oraindik ez da sexua isildu.
Josune Muñoz
