Sareinak
Granadako jardunaldi feministak (iii)
Lehenengo aldia nuen jardunaldi feministetan eta ezin imajinatu dibertsitatea hainbestekoa izan zitekeenik...
Isabel Franc eta feminismo polifonikoa
Lehenengo aldia nuen jardunaldi feministetan eta ezin imajinatu dibertsitatea hainbestekoa izan zitekeenik. Horren adibide, hainbat hitzaldi eta mahai-ingurutako izenburuak: “Feminismo multikulturaletik erresistentzia transfeministara”, “Gorputz intsumisoen uluak”, “Genero biolentzia”, “Andaluziako langileak krisiaren eragin ikusgarri eta ikusezinen aurrean”, “Amazonak. Emakume menderakaitzak”, “Femeninoan, sindikalismoa egin daiteke?”... Inaugurazio ekitaldian hitzaldi bikainean, katalanak feminismo polifonikoa azpimarratu zuen, jardunaldiak orkestra afinatzeko zirela esan zuen.
Emakumeak baino ez
Elvira Burgos: “Izan gaitezen emakume eta emakumeak desiratu, ez dezagun desiratu mendean hartzen gaituen gizona, zeinekin identifikatzen ez garen”. Proposamen tristea, murriztailea iruditu zitzaidan, eta galdera: Desioak berbideratu egiten al dira? Nola egiten da hori? Burgosen proposamenarekin ez nago ados, baina bai, ia diskurtso osoarekin bai, ulertu nuen neurrian behintzat. Laburrean esanda lau printza: Mendebaldeko gizartean emakumea jaio orduko da gutxiago eta aurresuposatzen da desioak gizonarengana bideratuko duela. Gainera, gizona da emakumea desiratzen duena eta emakumeak desio horri erantzuteko prest egon behar du.
Zein da subjektu feminista?
Aitortu behar kontzeptu horren itsaso zabalean galdu egiten naizela, baina hemen aipatzea merezi duela uste dut, jardunaldietan identitateari buruz asko hitz egin baitzen. Gracia Trujilloren galderak: Zer da identitatea? Nola erabili estrategia gisa? Trujillok azaldu zuenez, diskurtso identitarioak ugariak dira, bai norberaren mailan eta baita makro mailan ere, eta aldatzen doaz. Feminismoa denboran zehar subjektu desberdinak bereganatzen joan da: etorkinak eta lesbianak, esate baterako. Jardunaldietan nork bere buruari transexual, transgenero eta gizon deitzen diotenak ere baziren.
Eta Juana Ramos transexualaren esanak gogoan geratu zitzaizkidan: “Ez dakigu zergatik sentitzen dugun beste sexua nahi dugula, baina hala sentitzen dugu eta horri heltzen diogu. Gure nahiaren sustrai biologikoa ez dute aurkitu”. Nire burutazioa: binarismoaren, bi sexuen arteko dikotomiaren kontrako aldarria hain ozena izanda (jardunaldietan protagonista), nola uler daiteke, esplika daiteke, transexualena?
Errepublikatik Francoren erregimenera. Sexualitate femeninoen memoriak
Izenburu horretako hitzaldi sorta bikaina izan zen: Raquel Osborne, Dolores Juliano, Angie Simonis, Arantxa Campos, Luz Sanfeliu eta Raquel Platero. Arantxa Camposek Euskal Herriko lesbianen nondik norakoak ikertu ditu. Bost arazo atzeman zituen lan hori egin zuen denboran: lesbianak ez ziren existitzen (beraz, norberak ez zuen erreferentziarik gizartean eta izenik gabeko zerbait bizi zuen); klandestinitatean bizi zuten sexualitatea; bere buruaz beste egin zuen kasu bat aurkitu zuen Camposek; batzuk atzerrira alde egin zuten eta beste batzuk aspertuta bizi ziren gizarte heterosexualak mendean hartutako egitura hertsian.
Raquel Platerok hirukia gogorarazi zuen: arautik ateratzen zen jokaera delitutzat zuen Estatuak, Elizak bekatutzat eta psikiatriak gaixotasuntzat. Eta sexualitatearen arauetatik ateratako gizonak modu batera ziren makurraraziak: poliziaren, armadaren eskuetan torturatuak, zigortuak. Emakumeak aldiz, Elizaren eta medikuntzaren esku zeuden. Nolabait, makurraldia, ideologikoagoa zen emakumeengan.
Ez dut gogoan nork bota zuen galdera hau: Zergatik lesbiana zaharrek, alegia, Francoren garaian sufritu zutenek ez dute gaur egun hitz egin nahi? Entzuleetako bat altxa zen, preso izandakoa, eta hala erantzun zuen: “Ez da ardura garbiketarik egin, ez da zigorrik izan, minduta nago eta ez dut aurpegia eman nahi. Nire historia idatziko dut eta seme-alabei utziko diet”.
Nik ere ederra izan nahi dut
Edertasunaren eta modaren tiraniaz hitzaldia. Lasai noa, ez naiz makillatu, ez dut ilea tintatu, bakeroak eta jertse normala jantzi ditut. Susana Rioseras hizlariak emakumearen hiru lanaldiena kontatu du: etxeaz arduratu behar du emakumeak, etxetik kanpora egiten duen lanaz baita ere, eta orain edertasunaren mistikaz ere bai. Entzule batek kontzeptu polita aipatu du; emakumearen gorputza mila zatitan egitearena: badugu aurpegia (eta beronen azalerako krema berezia), baditugu eskuak (eta beroien azalerako krema berezia), baditugu oinak (eta beroien azalerako krema berezia), eta segi. Batek esan du: “Nik ez dut gainditu edertasunaren esklabutza”, eta denak batera: “Nik ere ez, nik ere ez...”. Lasai noa etxera.
Onintza Irureta

edertasuna
edertasunaren kanonaren pisua
Jende ederra ikusi zenuen Granadan elkartu ginen feministen artean? "kiloak orekan eta dotore jantziak"? Ba militantzia dieta ona dela izango da agian ;-) Badakizue, jornada hirukoitza eta hori! jejeje...
"Homosexualak erosle potentzialak AEBetan"? Soltero eta langilea denak dirua dauka gastatzeko. Hori da AEBetan eta leku guztietan martxan jarri den merkatu berria, Chueca da beste adibide bat. Kolonia iragarkien artean ezetz asmatu gayei begira egindako zein d(ir)en aurtengo gabonetan... Hala ere, ez dut uste heteroek gutxiago gastatuko dutenik, ezta?
"Begi urdindun hori". Ez gaitezen kritikatzen ditugun estereotipoetan korapilatu eta pentsamolde binarioan kokatu. Begi urdinak edo ilehoriak, minigona eta eskotea jantzita daramatzatenak, takoiak eta makillajea ipintzen dituztenak, denak dira arbuiatu beharrekoak? Galdetu Itziar Ziga eta bere txakur-emeei...
edertasun astuna
Bertari segituz, rimeldun eta ezpain gorridun emakume pinpirina ederra izan daiteke; emakume ala gizon, zer den asmatu ezinik gabiltzan hori ederra izan daiteke. Eta ez al da ederra Judith Halberstam-en "Masculinidad femenina" liburuaren azaleko bizkar hori?
Edertasuna
ederresten
edertasunari buruz
Emakumeek haien burua apaintzen zuten biluztasuna saihesteko, ahulezia sedukzio bihurtzeko eta desira maskulinoaren objektu izateko.
Emakumeek haien berdintasunaren alde borrokatu zuten apaingarriak alde batera utziz, honek ikasteko denbora kentzen baitzien eta “Jainkoaren lana” auzitan jartzen zuen haien gorputzean; eta haientzat irtenbide bakarrak desira maskulinoaren objektu, emazte eta ama izateari uko egin zioten.
Honek Erdi Aro osoa iraun zuen. Cristina de Pizanen Emakumeen hiria heldu arte, ezagutza eta moralitatean gizonekiko berdintasuna defendatu zuen lehena izan zena, baita apaintzeko desira naturala, bizitzaren ospakizuna eta legezkoa zela esan zuena ere.
Eta edertasunaren eredua… denok dakigu historian zehar boterea izan dutenek inposatu dutela. Ez da kasualitatea orain begi urdindun printzesatxo ilehoria izatea, heterosexuala eta kristaua; bere gorputza sakrifikatu eta diziplinatzeko prest dagoena bere “jauna” seduzitzeko.
Androginoak, lodiak, morotxak, beltzak, sudakak, txiapanekak… Langileak Victor Jararen kantuetan eta “errealismo sozialistan” dira ederrak; baina ez edertasunaren ereduetan. Butchak, bakerodunak, zaharrak, puta estetikadunak… edertasun eredu hauek guztiak alternatiboak dira, eta feminismoak eta beste sistemaren aurkako mugimenduek zerikusi handia dute norbaitek azken hauek aintzat hartu eta onartu izanarekin.
Gainerakoan, gu nahasten saiatu arren, denok gara animalia interesgarri eta ederrak; beste guztiekin batera eraikitzen goazenak; besteak beste balio dugunak, eta hemen eta orain mundua sortzen ari garenak.
Azkenean, kontuan hartuz “sistemak”, “ondo pentsatzen duen jendarteak” eta “politikoki zuzenek” larrutik ordainaraziko digutela, (haien ereduak onartzen ez ditugun bitartean, behintzat), aukera ezazue zuentzat dibertigarriena dena, eta gustoren sentiarazten dizuena, bizitzaren eta edertasunaren boterea zuen eskuetan dagoelako.