Hemen zaude: Hasiera Blogak Sareinak Artxiboa 2009 Urtarrila 23 Durangoko azoka eta gerokoak
Dokumentu Akzioak

Sareinak

Durangoko azoka eta gerokoak

Urtero bezala, Durangoko Azoka heldu, hedatu, gauzatu eta burutu dugu. Orain liburu, izen eta zenbakiei erreparatzeko unea iritzi zaigu. Norberak berea, gureak emakumeenak. Halere, ez gara bakarrak, emakumeen literatur garrantzia edota lekuaz ari garenok. Irakurri duzue, adibide bat jartzearren, azoka bukatu eta biharamunean, (2008/12/9), EL CORREOn argitaratu zen LAS MUJERES TOMAN LA PALABRA izeneko artikulua? Eta konturatu zineten zekarren azpitituluaz?: "las escritoras se han hecho un hueco decisivo en las mesas de novedades de la Azoka" Artikulu horretan IÑAKI ALDEKOAk zera dio: "ve en el cambio de siglo la incorporación total y exitosa de la mujer a la creación literaria en euskera (…) Para Aldekoa hasta el año 2000, aproximadamente, podemos hablar de nombres concretos. A partir de ese momento escritores y escritoras están a la par.”

Irakurri genuenean ia gu beste azoka batean egon ginen galdetu ahalko geniokeen gure buruari, geu ere azokatik ibiliak ginelako eta ez genuen emakume idazleen izen berririk topa, ez emakume baten poesia liburu berririk (ikusi genituenak uda ostekoak baitziren) nobela berririk ere ez... Zelan da posible Aldekoak “A la par” gaudela esatea eta gu ez ohartzea? Bagenekien jakin, 2007ko azokan emakume idazleak %15 baino ez ginela.  Baliteke urte batean emakumeok falta zitzaigun %35 hura eskuratzea eta behingoz eta benetan “A la par” egotea?

 

Gure susmo eta esperientzia kontrakoa zen, beraz, Nobedadeen Katalogoa hartu genuen, eta bere bitartez zera jakin dugu:

 Katalogoan agertzen den hitza ez dela IDAZLEA baizik eta EGILEA. Zuzendu behar den lehengoa:  El CORREOko azpititulua :"Las autoras se han hecho..."  jarri beharko luke eta ez "Las escritoras..."

            Aurten, 396 EGILE agertzen dira katalogoan. Haien artean gizonak 284, emakumeak 112, hau da, gizonak % 72, gu %28. Ez dakigu zertan oinarritzen den Iñaki Aldekoa esandakoa esateko, baina,  %28 ez da “a la par” egotea. Gustura egongo ginateke, seguruenik, baina ez gaude. Hala eta guztiz ere, iazko portzentaia  ia  bikoizten du zenbakiak. Geroago konturatu gara EGILE hitzak dakarrela aldea. Emakumeok irizpide estuagoak jaso ditugu egiletzat hartu ahal izateko,  Renoko Unibertsitateko Linda Whitek bere doktoretza tesi bikainean adierazten duen erara. Ez duzuela irakurri? Egia! 1996koa bada ere, oraindik bere ingeles bertsiotik itzuli gabe baitago. Ea hurrengo urteko nobedade eta egileen artean Whiteren tesia dugun.

Egileez ari ginen, bai, baina… Ze sortzaile mota dugu?

Hona hemen 112 egile horien artean, aurkitu ditugun zenbakiak:  27 irudigile, (%24), 18 erderatik itzulitako egile (%16), 17 liburu teknikoen egile,(%15) 14 itzultzaile (%12,5), 11 haur eta gazte literaturaren egile,(% 9,8), 9k gaztelaniaz idatzi dute (%8), 6 euskal “idazle” (%5,35) Yolanda Arrieta: Uretan lez, Erein, artikulu bilduma liburua, Karmele Igartua: Hitzak Orbainetan, Euskaltzaindia Poesia liburu ez nobedadea,  Tere Irastorza: Izendaezinaz Pamiela, Saiakera,  Irati Jimenez: Laranja azalaren negarra, Kutxa Fundazioa, Ipuina, Miren Agur Meabe: Zer da, ba, maitasuna? Elkar eta Lurdes Unzueta, Carniceria Manolo harategia: Haragi minetan. Bizkaiko Foru Aldundia, ipuinak) 3 biografia egile (%2,5), 3 koordinatzaile (%2,5), 2 edizio apailatzaile (%1,8),  komikigile  bat (%0,8) eta 1 ingelesez idatzitakoa (%0,8)

Aurreko zenbakiak ikusita ez dira idazleak (6) “las que se han hecho un hueco decisivo”, ikerlariak (17), itzultzaileak (14)  euskaratuak (18) baino. Azpimarratu eta ikertu behar den fenomenoa beste bat da, IRUDIGILEena alegia. Zenbatu ditugun 27tatik 11 bertokoak baitira.

 

 Katalogoan, ibildide luze eta arrakastadunak aurkitu ditugu: Asun Balzola, eta bere lekukoa hartu duen Elena Odriozola. Odriozolaren irudiek ospe eta eragin handia ezagutu dute dagoeneko. Bere liburu guzti-guztiak gomendatzen ditugu. Nortasun handikoak dira, besteak beste, Aitziber Alonso: Tira tirita. Ibaizabal, Eider Eibar: Olatuak loretan. Elkar, Concetta Probanza. Maistra da poesia liburuei irudiak sortzen, eta liburu bitxi bat edertu du oraingoan: Zer da,ba, maitasuna? Elkar. Beranduago heldutakoa, baina askotan entzungo duguna da Iraia Okina, Ilania Mensajero. Lan dotore eta fina. Maite Gurrutxagak primeran gainditu du Sarrionandiaren Gau ilunekoak (Elkar) liburua irudiz laguntzeko zuen zailtasuna. Mari Mar Aguirre, Yolanda Isasi, Lorena Martinez Oronoz, Ima Mendiola… 2008ko azokan eta aspaldian dabiltza gure haur eta gazte literatura liburuak ederragoak, borobilagoak izan daitezen irudiak sortzen.  

Aurtengo zerrenda luzeagoa izan daiteke, Idoia Beratarbide, Begoña Durruty,  Arantza Ibarra, Leire Iparragirre, Maider Kalonge, Belen Lukas, Agurtzane Villate… eta gehiago ere. Beraz, aurrekoa ikertu eta aipatu ondoren, geuk beste titular hau proposatzen dizuegu: “LAS MUJERES TOMAN LA IMAGEN”.eta azpititulua. “de los libros infantiles y juveniles. Las escritoras, sin embargo, se toman un susmagarri? descanso”

Portzierto, Itxaro, Amaia, Laura, Uxue, Castillo, Aurelia, Sonia, Ines, Goizalde, Aintzane, Ixiar, Eider, Aitziber, Nora, Jasone, Arantxa, Karmele, Katixa. Leire… zuek, geroago, urtean zehar argitaratuko duzue, ezta?

 

                                                                                  Josune Muñoz, susmoak hartzen

Sareinak 2009/01/23

idazle??

Xabier — 2009/01/26 16:22
Barka, Josune, baina haur eta gazte literatura idazten dutenak ez al dira idazleak? Hemen ere estereotipoekin?
Irakur, aztertu eta ikusi haurrentzat idatzitako lan asko, ikusi duzu(e) helduentzako asko eta asko baino kalitate handiagokoak direla.
Por zierto, ken ezazu zerrendatik Miren Agurren liburua (gazte literaturako sail batean argitaratu da).
ondo segi

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)