Sareinak
Gizon ikusezina
Durangoko azokako 2008ko kartelak hautsak harrotu ditu. Matxista da aukeratutako irudia? Gaur egungo egoera kontuan hartu du egileak kartela egiterakoan? Zer erakusten du eta zer ezkutatzen du kartel honek? Jarraian honi buruzko datu batzuk...
Gizon ikusezinaren kartela aldatzeko eskatu dute
durangoko azoka Berdintasunerako Defentsa Erakundeak Durangoko aurtengo azokaren kartela aldatzeko eskatu dio Gerediaga Elkarteari, azokaren antolatzaileari. Gizon ikusezina azokan leloa duen kartelak emakumeak euskal kulturan «ikusezin» uzten dituela uste du erakundeak, eta, horregatik, esaldia aldatzeko eta irudian emakumeei erreferentzia egingo dien elementuren bat ezartzeko eskatu du.
Berria, Hitz Beste, Anjel Lertxundi, 2008-10-02
Ikusezina, nor?
Esan berri digute Durangoko Azokako aurtengo irudiak Wells-en
pertsonaia literario ezagunaren erreferentzia egiten duela. Betaurrekoengatik
eta aurikularrengatik bakarrik balitz, ikusezinaren sexua ere ikusezina.
Txapelak egiten du ikusezina ar. Eta euskaldun. Horregatik edo, niri Wellsena
baino gehiago iradokitzen dit Mogelen Peru Abarka gaurkotu bat (inork gutxik
irakurtzen duelako, ikusezina dugu Peru ere). Arteak ez du ba mezuen oihartzun
ugaritasuna bilatzen?
Baina Wells-engana itzuliz: kartelak bere keinua gizon ikusezinari egin
beharrean, Marvelen komikietako emakume ikusezinari egin nahi izan balio? Zer
nolako ezaugarrirekin adieraziko genituzke emetasuna gehi euskalduntasuna?
Galdera pertinenteak dira: emakumezkoak omen dira gehien irakurtzen dutenak,
baina gizonezko batek ordezkatuko ditu aurtengo azokako irakurleak. Emakumeak,
irakurleenak izanagatik ere, ikusezin.
Durangoko Azokako kartelaz
Hasteko eta ezer baino lehen Anjel Lertxundik egindako kritika eskertu nahi
nuke, nire lanari erreparatzeagatik. Ondoren, kartelaren inguruko azalpen
batzuk ematea gustatuko litzaidake, harrituta geratu bainintzen egindako
erreferentziarekin.
Izenburua pertsonaia literario batean oinarritzen da besterik gabe,
kasualitatez gizona dena. Irudiari dagokionez; alde batetik betaurrekoak neska
batenak dira eta bestetik zergatik ikusi gizasemea txapelaren azpian denok
badugu burua? Agian gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako? Ez al da
hobe «feminismokerian» erori gabe, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari utzi eta
irudiek duten genero konnotazioa ezabatzea?

Aurtengo Durangoko azokako kartela
Txapelak
Egia esan, kartel honen inguruan azaldu diren balizko erreakzio feminista gehienak erabat okerrak iruditu zaizkit. Ez dut ulertzen arreta txapelan jartzeko tema hori. Txapela gizonaren sinbolo esklusibotzat hartzea da benetan baztertzailea dena, hain zuzen ere feminitatearen eredu estandar eta klasikoa bultzatzen duelako. Benetan ezin dudala konprenitu feminista gehienen jarrera. Hala, Sustatun azaldutako "martix" delakoaren mezua iruditu zait eztabaida honetako iruzkin interesgarriena.
Kartelak, izatekotan, izenburuan edukiko luke arazoa, "gizon" horretan.
Sustatukoak irakurri eta gero...
Kartela, bertan dagoen irudia, bera bakarrik hartzen badugu, gustatzen zaidala aitortzen dut. Nire izeko batek esango lukeen moduan “modernoa da” eta nire lagun batek ironikoki esango lukeen bezala “minimalista”. Ez dago txarto.
Kontua da danak duela bere testuingurua eta hor dago koska. Jendarte parekide eta aske batean biziko bagina ez legoke arazorik kartel honekin, baina gurea, oraindik, ez da horrelakoa. Beraz, kontuan hartzen badugu testuinguru matxista batean gaudela, kartela kritikagarria da.
Goazen harira: Zer da matxista izatea? Zer da matxismoa? Jende gehienak matxismoa sexismoarekin identifikatzen du, hau da, sexu/genero/… jakin batekoa izateagatik pertsona hori (emakumea) diskriminatzea, desberdin tratatzea, mespretxatzea, gutxiestea. Baina matxista izatea ez da hori bakarrik, sexista izatearekin batera androzentrista izatea ere badago, egunerokotasunean erdi ezkutuan geratzen den kontua: gizona neutrotzat, unibersaltzat hartzea eta emakumea markatutzat, bestea, alteritatea. Bestela esanda, gizona = pertsona egitea, eta honen ondorioz, emakumea ezkutatzea, desagertaraztea, ahaztea… Kartel honetan gertatzen dena, hain zuzen.
Zenbat aldiz aipatu dugu emakumearen ikusezintasuna kulturan oro har eta literaturan zehazki? Azken urteetan Bilgune Feministaren salaketa entzun ahal izan dugu Durangoko Azoka datorren bakoitzean emakumeen presentzia urria dela eta.
Egileak sentsibilitate edo kontzientziazio falta izan du kartel hau proposatzean. Beste gai batzuetan eskatzen den kontzientziazio maila ez da inondik inora gai honetan galdegiten. Gainera gai honi buruz hitz egiten denean oso tono oldarkorra erabiltzen da. Zergatik baina? Ez da guztion artean konpondu beharreko arazoa?
Txapela buruan gizona munduan