Hemen zaude: Hasiera Blogak Sareinak Artxiboa 2008 Maiatza 16 MAGREB: IRAKURTZEKO DUGUNA
Dokumentu Akzioak

Sareinak

MAGREB: IRAKURTZEKO DUGUNA

Afrikan badago ere, Magrebak Islam eta arabiar munduaren eragin handia jaso du hizkuntza eta literatura arloetan. Izan ere, Magreb hitzak “sartalde” esan nahi du arabieraz, geografiko zein kulturalki kokatzen gaituelarik. Islameko sortaldea blogeratu genuen aspaldian (Mundu-munduka 2007/02/12) gaur gaia borobiltzeko asmoz itzultzen gara, borobil tipia euskaraz bete daitekeela ohartuta.

 

Ahozko literaturatik idatzira, usu egiten den ibilbidea ibiltzea proposatuko dugu, beraz, NAZIOARTEKO ELKARTASUNA, gobernuz kanpoko erakundearen 2006an “Magreb emakumeen begietatik” sentsibilizazio-proiektuaren barruko materiala komentatuko dugu estreinakoz: Magrebeko 30 ipuin. Herri-ipuin hautaketa guztiz irakurterrezean agertzen dira, eskuzabaltasuna, justizia, zuzentasuna… hau da,  elkartasuna dakarten mezuetan  ardatz ideologikoa dutenak. Ipuinak Maroko, Tunisia eta Aljeriakoak dira. Hortaz, Sahara aldeko materialen bat ekarri beharko genuke panoramika honetara, eta nahiko berria den Saharako ipuinak (jclic materiala, Amara Berri sistema, 2007) internetetik jaisten den pedagogi materiala da topatu dugun bakarra. Aurrekoa baino berriagoa, 2007koa ere, EGUZKINE BIDAURRAZAGA eta IBAN GAZTANBIDEren artean sortutako Marokoren zaporea. Munduko kulturak eta ohiturak gure umeei era erakargarrian hurbiltzeko helburuz Desclee argitaletxea plazaratzen ari den bilduma.           

            Marokotik heldu zitzaizkigun lehen Magrebeko idazleak, Bernardo Atxagak TAHAR BEN JELLOUM idazlearen gaiak eta kalitatea azpimarratu zizkigunetik, alegia. Ez dakargu berri handirik, -gehiagoaren zain gaudela, agian?- bi baino ez baitira bere irakurtzeko liburuak: Bakarkako isolamendua  Susak, aspaldian (1990ean) argitaratu zuen eleberri ona, eta gazteentzako liburua: Arrazismoa nire alabari azaldua (Txalaparta, 2001). Gazteentzat ere, PATXI ZUBIZARRETAren Atlas Sentimentala (Alberdania, 1998) ezusteko bidaia derrigorrezko bidaia baten barruan, oso ondo kontatuta, oso gomendagarria, arabiar kulturekiko aspaldiko interes handia adierazi duen idazle baten lumatik.

            Iaz, Alberdania argitaletxeak gaztelaniaz eta euskaraz  plazaratu zuen TAIA ABDELAren Salbazioko armada, Frantzia,  Magreb, Marokon irakurtzen ari diren idazle, ahots eta gai berrien adibidea. Liburu arina, ahots indartsua, gai modernoak ditugun aurrejuzku ugariak apurtzen hasteko.

            Aljerian bukatuko dugu gaurko ibilibidea. Heldu zitzaigun lehen liburua gazte literatura apalean kokatzen dugu: MEHDI CHAREF idazle, antzerki eta zinegilearen Arkimedesen harameko te hura (Desclee, 1996 ) Aipaturiko Ben Jelloum eta Abdela bezala Charef Frantzian bizi da eta handik sortzen dituzte kultura biak lotu nahi dituzten beren lanak.

            Zerrenda labur hau idazle euskaldunekin beteko dugu, lehena XIPRI ALBELBIDE iparraldeko idazlearen autobiografía, oroitzapen liburua dugu: Euskaldunak Aljerian (Elkar, 2004) Aljeriako gerlan bizi izandako lekukotasuna ezagutzeko parada ematen diguna. Euskaldun asko egon ziren, (besteak beste Jean louis Davant han egona zen ere, 1958-1959 bitartean) soldaduzka egitera igorriak baitziren. Azken aldi honetan, isilean gorde diren istorioak jasotzen eta aztertzen ari dira gerla horren gorabehera berriak eta ezberdinak ezagutaraziz. Interesa izatekotan sarean badago gehiago irakurtzeko aukera: euskosareren web-orrian, ARGITXU CAMUS ETCHECOPAR kazetariaren Aljeriako gerla eta Euskal Herria artikulu bikaina. Gai honi lotuta, XABIER MONTOIAren Elektrika (Susa, 2004) liburua, “Hilen bizimoldea” trilogiaren azken liburua.

            Aljeriatik eta Frantziatik ere dator momentuz emakume bakarra, Marie Feraud, idazle gaztearen Anne hemen, Selima Han (Zubia, 1994) gazte literatura.  Liburuak oso ondo islatzen du etorkinek eta haien seme-alabek jasatzen duten sentipen eskizofrenikoa: gorputza, lana, burua, etorkizuna  Europan izatea baina bihotza, sustraiak, iragana, familia munduko edozein tokitan izatea. Gai honi beste batzuk gehitzen zaizkio: arrazakeria, nerabetasunak dakarren ziurtasun eza, neska gazte batek jasotzen duen sexismoa… Liburu behar-beharrezkoa.

            Irakurtzeko ditugun liburuak ez dira asko, ez, eta batzuk gazte literaturakoak dira. Askoz luzeagoa izango da gure hurrengo zerrenda: IRAKURTZEKO EZ DUGUNA. Ordura arte, adio

                                                                                                                                                     JOSUNE

Sareinak 2008/05/16
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)