Sareinak
Eta Intzák Laviniari laranja eskaini zion
Ez nioke lerro hauen bidez Juan Luis Zabalari propagandarik egin nahi, baina aitortu beharra daukat martxoaren 11ko Berriak eman zidala erreportaje edota elkarrekin egingo dugun ibilbide honi sarrera egiteko clincherra edo heldulekua. Kultur orrialdeetan bi emakume topatu nituen, biak ere idazleak, biak ere feministak: bata Giokonda Belli Nikaraguatik bere azken liburua El infinito en la palma de la mano aurkeztea etorria Euskal Herria aldera, eta bestea; Josune Muñoz Skolastikako zuzendaria eta idazlea, Afrikako emakumeen literaturaren inguruko hitzaldi sorta Bilboko San Frantzisko auzoan eskaintzen ari dena. Beraz, Bilbon egun berean Amerika eta Afrikako emakume idazleak batu dira literaturaren peskisan, izan ere, Muñozek ondo dioen bezala denok barruan daroagun literaturak elkartu baizik ez baikaitu egiten. Josuneren hitzetan Euskal Herriak Afrikari buruz duen irudia erabat sinplea eta eskasa da: emakume pobrea, alfabetatu gabea, herrixka batean bizi dena. Ez dugu idazlerik espero. Muñozek dionez asko aberastu behar da Afrikako irudia. Emakume bakarra itzulia: Ellen Kuzwayo. Muñozen ustez, Mariama Barren Une si longue lettre itzuli beharko litzateke eta Buchi Emechetaren lanak ere.
Sarrera honekin esan nahi nuena zera da, emakumeak idazten ez ezik, idazten dutenaren berri ere ematen ari direla eta egun, gainera, gero eta gehiago direla han hemenkako hitzaldiak eta tallerrak gai honen inguruan. Guk Bilbon eta Gasteizen egingo ditugu geldiuneak hauen inguruan mintzatzeko, baina lehenik bederen aipatu nahiko genituzke egun martxan dauden tallerrak. Hernanin adibidez, literatura eta emakumeak ikastaroa abian jarri zuen Hernaniko Udaleko Berdintasunaren sailak Jabetze eskolaren harira egiten diren beste hainbat ikastarorekin batera. Bestalde, emakumeak Bilboko La Haceria kultura elkartean ostegunero elkartzen dira antzezteko. Gainera, dokumental bat grabatzeko asmoa dute aktoreek antzezlekuan kausitzen dituzten komeriekin. Aipagarria ere bada Basauriko Jabetza eskolak bere tailerretara hurbiltzen diren emakume unibertsitarioei kredituak eskaintzea. Irunen ere emakumeen literatur tailerrak antolatu dituzte udal liburutegian. Beraz, badago kezka eta gogoa emakumeen literatura ezagutzeko, guk arestian esan bezala, Bilboko Skolastikara eta Gasteizera jo dugu, hurbilagotik tailer hauen lana ezagutzera. Bilbon Josune Muñoz topatu dugu eta Gasteizen Giokonda Belliren Lavinia.
Martxoaren 31tik aurrera mestizajea eta literatura Skolastikan
Josune Muñoz bederatzi urtez aritu zen Bilboko Udaletxean emakumeak eta literatura tallerrak ematen, baina duela lau urte, ikasleek eta semeek bultzatuta Skolastika enpresa martxan jartzera animatu zen. Geroztik ehunka ikasle hurbildu dira Berastegi kalean duten egoitzara, emakumeek egiten duten literatura ezagutzeko asmoz eta gogoz. Hastapenetan tallerrak garatzeko ez omen zegoen ez material handirik, ez metodologiarik, ezta euskal ikaslerik ere. Josuneren hitzetan materialak apurka-apurka argitaratu dira, metodologia eurek sortu dute eta euskal ikasleak topatzeko zailtasunak oraindik hor diraute. Muñozen esanetan espazio handia betetzera etorri da Skolastika urte hauetan, batetik elebiduna delako, Euskal Herriko kulturak eta literaturak batera eskaintzen direlako. Bestetik, munduko emakumeen literaturak hurbiltzen eta ezagutarazten direlako, baita metodologia berri bat ere abian jarri delako: zuzena, hurbila, parte hartzekoa, horizontala, aberatsa…Emakumeen egoera, ezaugarri sozialak, literarioak sartzen dituena. Bestalde, Skolastikak munduko emakumeen literaturan berezitutako 3000 ale baino gehiagoko mailegu sistema duen liburutegia dauka. Esan behar da Skolastikaren zerbitzuak www.skolastika.net (hitzaldiak, tailerrak, mintegiak, ikastaroak…) web orrian topa daitezkeela. Adibidez, Martxoaren 31n martxan jarriko dituzten ikastaroak hauexek dira: Mestizajea eta literatura: Amy Tan, Zadie Smith, Faiza Guene, Hana Al-Shaik,Chitra Banerjee Divakaruni, Monica Ali, Jhumpra Lahiri, Diana Evans, Lisa See irakurtzeko eta aztertzeko tailerra izango da. Beste tailerra Afrikako emakumeen literatura ezagutzeko izango da: Buchi Emecheta, Ken Bugul, Mariama Bâ, Veronique Tadjo, Helen Oyoyemi, Chimananda Ngozi, Calixte Beyala eta abar luze bat ezagutzeko eta ikertzeko aukera. Europako emakumeen abangoardia (1900-1940) izango da beste ikastaroaren edukia: Virginia Woolf, Katherine Mansfield, Vita Sackville-West, Jean Rys eta Nancy Mitfordengana beste era batean hurbiltzeko eta aztertzeko.
Bestalde, oraintxe bukatu berri dute Karibeko emakumeen literatura: Edwge Danticat, Jamiaca Kincaid edota Jean Rhys, besteak beste. Ekialde hurbileko emakumeak ere aztertu dituzte ikasturteko lehen lauhilabetean eta Paris-Londres- Berlineko (1900-1940) emakumeen abangoardiako literatura ere aztertzen aritu dira. Ikastaro hauetaz gain, kontando el encuentro deituriko etorkin eta bertakoentzako ikastaroetan dihardute, horien artean afrikarrekin lan honen sarreran aipaturikoa. Ohiko arte erakusketak antolatuko dituzte, martxoan arte afrikarra, otsailean eta martxoan Afrikako emakumeen artea, erlijio eta literaturari buruzko erakusketak Iurretan eta Bilbon. Eta apirilean Afrika aldera joango dira literatur trukaketak egiteko asmoz.
Zentzumen aurkikuntzari buruzko ikastaroa.
Bilboko Skolastikakoak Afrikan laga eta Gasteizen Udalak antolatu duen Emakumea literaturaren arima literatur ikastarora joko dugu. Egin den ikastarora hurbildutako emakumeekin izan gara gisa honetako ikastarora nola apuntatu ziren jakin nahian eta zeintzuk izan diren lorpenak. Esan digutenez, irakurtzeari indarra, ilusioa eta gustua hartzeko; emakumeen papera euskal literaturan ezagutzeko eta emakume idazleetaz zerbait ikasteko asmoz hurbildu ziren, oro har, Udalak proposaturiko eskaintzara. Garazik, 20 urte ditu eta ikastaroan ezagutzen ez zituen emakume idazleak deskubritu dituela aitortu digu, orain arte hezkuntzan irakatsi ez dizkioten gauzetaz aritu direla. Gikonda Bellik adibidez atentzioa deitu diola. Izaskunek 48 urte ditu eta ez zuen euskal emakumezko idazleen lanik ezagutzen. Berari, halere, Virginia Woolfen Farorantz liburua irakurtzea eta lantzea tokatu zaio. Datorren urtean jarraitu nahiko luke eta irakurtzen aritzeaz gain, idazten ere hasi nahiko luke Izaskunek. Susanak 50 urte ditu eta literaturaz zertxobait ikastearren hurbildu zen eta berarentzat aurkikuntza izan da konturatzea emakumeek badaukagula mundu propio bat eta aurrera eraman beharko genukeela, mundu honetako zati bat, beste zatitxo bat garelako. Estherrek 49 urte ditu eta ikastarotik lehenengoa eta oso garrantzitsua iruditu zaiona, bertan oso jende eta giro ona izan dela. Gero, bestaldetik, egin diren komentarioak (liburuenak, idazleenak gaienak…) oso interesgarriak iruditu zaizkio. Anak 51 urte ditu eta Giokondaren La mujer habitada lantzea tokatu zaio, baina aldi berean, beste gainontzekoek irakurri dituzten liburuak irakurri ditu: Landa, Oñederra, Urretabizkaia, Mintegi, Woolf.
Ikastaroaren helburua emakume idazleen lanak irakurtzea eta aztertzea izan da horretarako erabili den prozedura ikasle bakoitzak liburu baten azterketa eta idazle baten aurkezpena prestatzea izan da. Idazlea eta testua literatur aldetik nahiz ikuspegi feministatik ikusi ostean debaterako gaia bilakatu da eta horretarako ikasleek ikastaroan aukeratutako liburu gehienak irakurri behar izan dituzte. Eta mahai-inguruetan idazlearen arima, irakurlearen bihotza eta gizartearen norabideak uztartu dira, emakumeek berezko duten abiaduraren magiari esker: konplizitatea, algarak, gauza txikien, inportantziarik gabeko gauzen kontaketak, emozioak, sentsazioak, sentipenak. Hitz batean emakumeen sentimenduen multinazionala Gasteizko Hegoalde kultur aretoan asteazkenero eraikiz. Izaskunek, 26 urte ditu eta esan digunez literaturak balio izan dio, finean idazleak idatzitakoaz hitz eginez bere hutsuneetaz, egoeraz, tristuretaz eta mila sentipenetaz mintzatzeko. Hartara, Urretabizkaiaren (Zergatik Panpox lanaren) ama nahigabetuak emakume heterosexualon gizonekiko dependentziaz, amatasunaz, andreen beldurretaz, mintzatzera behartu ditu. Oñederraren (Eta sugeak emakumeari esan zion lanaren) Teresak bidaiatzera eraman ditu. Teresak bi bidaia egiten ditu, bata barrurantz bere bakardadean eta bestea Euskal Herritik erbestera (Vienara) eta ondoren utopiara, bere erroetara, ume izateari utzi zion denbora eta espaziora. Baina sugeak esan zion Ebari sagarra jaten bazuen betirako zoriona berreskuratuko zuela eta honek sagarra hartu eta betirako zigorra jaso zuen, betirako sufritzera zigortu zituen Jainkoak Eba guztiak. Eta Oñederrak Teresaren bidez gizonekiko urruntasuna eta komunikazio eza zigor gisa plazaratu digu bere nobelan. Zigor horren nondik norakoak eta harreman heterosexualen ezintasunak ere eztabaidagai izan dira ikastaroan. Mintegik (Nerea eta biok nobelan) inplizituki iradokitako harreman lesbikoak emakumeen orotariko harremanetaz eta emakumeen arteko lehiaz hitz egiteko beta eman die ikastaroan. Virginia Woolfen Ramsay anderea ere etorri da ikastarora eta leihoaz eta (Farorantz) nobelak duen sinbologia anitzez mintzatu da. Azkenik, Giokonda Belliren (La mujer habitada lanaren) ahotsak, Nikaraguako iraultzan parte harturiko emakumeen testigantzarekin Hegoalde gizarte-etxea Faguas txiki bat bihurtu du. Ebak jasotako sagarraren paradoja dugu Intzák Laviniari ematen dion laranja, ematen dion borrokarako arima. Lavinia Hego Ameriketako feministen eredua dugu, Europako feminismoa alde batera utzi eta borroka armatuan sartzen den emakumea. Poesia eta prosaren uztarketa dugu liburua, errealismoa eta fantasiaren ezkontza. Alde batetik, literatura emakumeen barru-barruko sentimenduen estetika eta bestetik, denon artean konpartitzearen egunerokotasuna eta errealitatea.
Gema Lasarte
