Sareinak
Israel eta Palestina (I) irakurtzeko duguna
Euskal Herritik Israel eta Palestinara doazen bideak antzinetik urratu dira. XI. mendean Rabi Yehudah Ha-Levi Tuterako seme judutarra, Euskal Herriko juduterien Jerusalemerako bidean hil zena Euskaltzindiak oroitu eta omendu zuen 2002an argitarapen hirueledunean: Haizearen hegaletan. Hurrengoa XII. mendekoa da: Benjamin Tuterakoa Bidaien liburua Nafarroako Gobernua, 1994. Ekialde hurbileko izendegitik hartu zuen izenburua Velez de Mendizabalek Yehuda (Txalaparta, 1992) armen merkataritzan murgiltzen den espioitza-eleberrirako.
Judutar kulturatik mugitzen dira Xabier Kintanaren Ta marbuta. Jerusalemen gertatua (Elkar 1984) eleberri beltza, gai honetan estraineko eta Cafe Iruña Sariduna. Berriagoa da Seve Callejaren Ester erreginaren barauak (Desclee, 1996) Protagonistak, Esterrek, Itun zaharretik hartuko du bere gainbizitzeko eredua : Ester erregina.
Itun edo testamentu zaharrean gordetzen diren istorioak hobeto ezagutzeko, bi dira gomendatzen ditugun liburuak, Biak J.A. Mujikak egokituak, 2002 urtean eta Erein argitaletxean: Agindutako lurraren bila eta Historiak eta narrazioak. Eta ITUNa ekarri ondoren, TALMUD, erlijio liburua geratzen zitzaigun aipatzeko, euskeraz irakurtzeko ez duguna.
Israel ondoan eta aurrean, PALESTINA. Nahikotxo eta aspaldian hitz egin eta idatzi da hemen hango gatazka eta egoeraz. Gaian sartzeko, liburu bi, adinaren arabera. Haur eta gazte literaturan Jose A. Tellaetxeren Txanogorritxo Ramalan (Desclee, 2004) ipuinaren bertsio sortzaile eta salatzailea, eskoletan erabiltzeko oso egokia. Urte berean Begoña Bilbaok argitara eman zuen Palestina, zure mina (Elkar) palestinarren aldeko paratzen den fikzio eta egiaren arteko liburua, oroimena berreskuratu behar duen Gazako neska gazte baten istorioa.
Liburu bitxi bat aipatzearren: J.M. Pastorrek sortutakoa, Paul Nicholson. Hiru aste Ramalako setioan. (Egunkaria, 2002) Ramalako Mukatara Arafat erasoetatik babesteko eta elkartasuna adierazteko joandako EHNEko Paul Nicholsonek eta beste lagun batzuek hogeta hiru egunetan zehar bizi izan zutena ezagutzeko aukera ematen digu liburu hurbil eta bizi honek.
Gaian sakontzeko gomendio batzuk: Imanol Muruaren eskutik heldu zitzaigun lehengo kronika: Palestina zauritua (Susa,1999) gaiari buruzko libururik osatuena, berriz, Juanma Sarasola Murgia kazetariaren lumatik datorkigu: Olibondoetatik Apartheid hesira. (Arbizuko Udala-Askapena, 2006) Kronika historikoaz gain, mapak, elkarrizketak, zitak, webguneen zerrenda... ekarri handiko liburua, sakontzeko ezinbestekoa.
Bukatzeko, gogoratzea hemendik harainoko bidaiak ez direla eten eta Uztailaren bukaeran HARRESIAK BIRRINDU kanpainaren barruan Palestinaraino doan karanaba solidarioa abian jarri dela. Informazio gehiagorako: www.euskalherria.indymedia.org
