Sareinak
Bizenta Antonia Mogel Elgezabal (I)
Euskal literaturaren historian lehen emakume idazlearen bila hasten bazarete Bizenta Mogel topatuko duzue... Nahi duzue berari buruz apur bat gehiago jakin? Sartu, sartu gure liburutegian...

A: Zelan uda giroan sartuta? Liburutegia ia hutsik dago...
J: Bai, baina liburu gehienak hemen daude, normalean ez daudenak ere.
A: Hara! Hona hemen gure Bizenta. Lehen euskal emakume idazlearen titulua duena, eta hala ere, gehiegi sakondu ez dena, ezta?
J: Ez, eta sakontzen badugu pixkat? Tamalez ez dugu Ipuin onak, bere liburuaren lehengo argitalpena, 1804koa, baina bere faksimila, Auspoa liburutegian (28.a), 1963an argitaratu zena bai, hirugarrena haiz zuzen ere. Hurbildu, begiratu "ataurria": IPUI ONAC, CEINTZUETAN ARQUITUCO DITUZTEN EUSCALDUN NECAZARI TA GAZTE GUCIAK ERACASTE EDERRAC BEREN VICITZA ZUCENTZEKO. Eta beherago: EMATEN DITU EUSCARAZ ARGUITARA UME ETA NECAZARIENTZAT Dª VICENTA ANTONIA MOGUEL TA ELGUEZABALEC. Zer deduzitzen duzu?
A: Lehen euskal emakume idazlea izateaz gain euskal haur literaturaren hasieran ere mugarri dela bere lana eskaintza hau ikusita eta honekin batera aipatu behar dugu Europako alegigintzari ere jarraipena eman ziola, irakaspenak, zuzeneko bidea emateko helburua agertzen duenez, beste batzuekin batera euskararen munduan. Ipuin onak lanean Esoporen alegiak euskarara itzultzeaz gain Euskal Herriko beharretara egokitu zituen.
J: Haurrak eta nekazariak aipatzen ditu, lehenengo mailakoak ez direnak. Literatura gehiagotan topatuko dugu fenomeno hau: emakumeek alegiak, ipuinak, "moralak" diren generoetan aritzeko baimena jaso zuten eta Bizenta Mogelen kasuan berak argitara eman zuela adierazten du. Beste genero batzuetan aritzeko arazoak aurkitu zituzten. Euskal herrian adibidez, mende osoan zehar ez dugu emakume idazle askorik.
A: Bai, Nerea Azurmendik dio Bizenta Mogel mende oso bat iraun zuen “salbuespena” izan zela. Hala ere genero hau, alegiena, euskal literaturara ekartzen lan handia egin zuten XIX. mendean Archuk, Uriartek eta Iturriagak, besteak beste, eta arrakasta handia izan zutelakoan nago. Bizentaren bizitza ere oso interesgarria izan zen eta apurtxo bat ezagutzen badugu konturatuko gara ezohikoa izan zela hasieratik amaiera arte. Bestela, nola izan daiteke garai horretan, XIX. mendearen hasieran, 1804an, 22 urterekin argitaratzea bere liburua? Zein zen ba orduko emakumeen egoera? Zeintzuk ziren emakume batentzat letretara hurbiltzeko aukerak?
J: Egia da. Garaiko emakumeen egoera hobeto ezagutzeko historia liburuetara jo beharko genuke eta zoritxarrez... Joan, joan historiaren apaletara eta begiratu zenbat liburu topatzen dituzun euskal emakumeen egoerari buruz... Baina datu batzuk baditugu... XVIII eta XIX mendeetan emakumeek debekatuta zuten unibertsitateetan parte hartzea eta ikastea. Beraz, liburuekin harremanetan egoteko lekuak edo etxean edo, Euskal Herrian ez dakit nik...
A: Azkoitiako zalduntxoekin edo Bergarako eskolarekin harremanetan zeudenen inguruan ibiltzea, hain zuzen Bizentari gertatu zitzaiona bere osoaba ilustratuarekin. Alfabetatze tasa oso baxua zen oro har, esan daiteke emakumeen %15 zela alfabetatua garai horretan.
J: Bizentaren aukera paregabea izan zen, etxean bertan zuen liburutegia (Jean Austenek, Bronte ahizpek eta Virgina Woolfek bezala) eta alfabetatzeko hizkuntza, jakina, ez zen euskara bakarrik...
A: Bai, erdi eta goi mailako familietan etxean heziketa jasotzeko aukera zuten eta hori emakume batzuen alde egon zen; hala ere, nebarekin edo lehengusuarekin ikasten zuten, inoiz ez haiek bakarrik. Beti alboan zuten mutilari emandako heziketa aprobetxatuz ikasten zuten emakume hauek. Horrela izan zen Bizentaren kasua ere, bere nebarekin batera ikasi zituen latina eta gaztelania, besteak beste, bere osaba apaiz eta idazlearen begiradapean.
J: Eta osaba apaizaren liburutegian baino ez zuen irakurri. Badakigu zerbait horri buruz?
A: Osaba euskal ilustratuen artean zegoen eta honek kultura klasikoaren aldeko grina eta ezagutza pasatu zizkion Bizentari. Badakigu Virgilio, Esopo eta Fedro irakurtzeko aukera izan zuela Bizentak baina jaso zuen heziketaz aparte oso garrantzitsua da berak jarraitu zuen bizimodua ere bere osabarekin inguru ekonomikoki on eta lasai batean bizi eta ikasi eta gero inprenta baten jabearekin ezkondu zen. Senarraren inprentan argitaratu zuen bere lana eta ez zuen seme-alabarik izan. Horrek eman zion behar zuen denbora eta idazteko aukera.
J: Inprenta baten jabea!!! Horra hor irakurtzeko beste leku bat: inprenta. Baina non irakurtzen zuen? Osabaren etxean bakarrik? Badakigu osabak bere bileretara inoiz eraman zuen? Badakigu zer-nolako harremanak izan zituen garaiko ilustratuekin? Zer dakizu zeuk, zer asma edo deduzitu dezakegu egunean?
A: Bere osabak etxean irakatsi zizkion irakatsi zizkionak, ez dut uste inoiz eraman zuenik Bergarara edo ilustratu horien artera. Arrazoietako bat osabaren apaiz izaera da: hau da, ez zuen oso argi moralki onuragarria zen emakume batentzat hainbesterako heziketa. Pentsatzen zuen harrokeria piztuko zuela bere ilobarengan.
J: Emakumeen heziketaren alde bai, baina neurtuta, Europa osoko iritzia zen hura.
A: Osaba beldur zen. Bere iloba ez ote zuen Evaren bidea hartuko, moral kristaua hor zegoen zelatari.
J: Eta Ipuin onak idazteko arrazoi bat, genero morala. hori bai idaz zezakeen emakume batek.
A: Txomin Agirrek hitzaurrean hurrengoa dio: “biguna dalako, asieratik zaintzen badegu, eskutik artez badarabilgu, gauza on andien iturri egin leike emakumea”. Erabili dudan edizioa euskal editoreen elkarteak klasikoen bilduman emandakoa da, 1991n.
J: Hitzaurrea diozu... Bizenta Mogeli buruz datu gehiago jasotzeko bere Ipuin onak liburuak izan dituen argiltapenetara jo beharko dugu. 1912ko Txomin Agirrerena, 1963koan, Agirrerena gehi Juan San Martinena, 1991ekoan, Agirrerena gehi E.E.E.koek eginikoa... Eta ez ahaztu 1804tik irakur dezakegula Bizentak berak idatzitako: DON VIKTOR MUNIBE TA ARANGUREN-GORI idatzitakoa eta IRAKURLE EUSKALDUNARI hitzaurreak. Honegatik eskertzen da uda, liburu gehienak hemen daude eta argiltapenak konparatzeko aukera ere, euskal liburuetan garrantzi handiko lana da hori eta are gehiago emakume bati buruzkoak badira. Zer iruditzen zaizu hitzaurre luze guzti horiek Bizenta Mogelen lana zelan hartu, aurkeztu, komentatu, gomendatu den jakiteko eta aztertzeko aprobetxatzen badugu uda? Hitzaurreak luzeak dira eta asko dago komentatzeko emakume-literatura-hitzaurreak hirukoteari buruz...
A: Ados! Segi ezazue hitzaurreak irakurtzen, zuen esku hariari tiraka jarraitzea! Uda ona pasa!
