Hemen zaude: Hasiera Blogak Sareinak Artxiboa 2007 Maiatza 07 Emakumeen Dokumentazio Zentroetako Liburutegien arteko liburu maileguak
Dokumentu Akzioak

Sareinak

Emakumeen Dokumentazio Zentroetako Liburutegien arteko liburu maileguak

Iruñako IPESeko Emakumearen Dokumentazio Zentroak eta Liburutegiak 1985eko martxoaren 8an ireki zituen ateak, emakumeen inguruko dokumentazioa jaso eta emakumeak idatzitako literatura zabaltzeko gune bat eskaintzeko asmoz. Denboraren joanean fondo espezializatua sortzea izan du oinarri eta fondo hau emakumeen, ikasleen, ikertzaileen, taldeen eta, oro har, herritarren eskura jartzea. Egun 10.000 erreferentzi baino gehiago ditu Dokumentazio gune honek: katalogoak, dokumentuak, liburuak, DVDak, bideoak, aldizkariak, eta abar. Agian, dokumentazio honen baitan dagoen eskaintzarik bereziena eurek dokumentu grisaz izenpetzen duten osagaien inguruan dagoke. Dokumentu gris hauek hainbat mintegi, kongresu eta hitzaldietan atera eta inon publikatu gabe aurkitzen diren dokumentuak dira.

Tejeria kalean 28an daude duela bi urtetik eta Silviak, dokumentazio zentroko arduradunetako bat, esan digunez dagoeneko txikia geratu zaie eta liburuak non sartu ez dakitela dabiltza, izan ere, duela 20 urte kaxaka bat liburu jasotzen omen zuten urtean zehar, baina egun hautaketa prozesuak egin behar dituzte sortzen den material guztiaren artean. Silviak dioenez emakumearen egoera alde horretatik asko aldatu da 20 urte atzera begiratuta.

IPES emakumeen dokumentazio zentroak zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu. Kontsulta sala: leku honetan liburuak kontsultatu, informazioa eta aholkularitza bibliografikoa jaso, fondoak zuzenean ezagutu eta irakur daiteke. Beraz, tesi bat, ikerlanen bat, edota emakumeen inguruko oposizioren bat preparatu nahian baldin bazabiltza zerbitzu hau oso interesgarría suerta dakizuke. Informazio guzti hau, halere, telefonoz, postaz edo posta elektronikoaz jaso daiteke. Telefonoa: 948 22 59 91. Helbidea: Tejeria 28, behea 31001 eta e-maila: ipesmujer@telefonica.net. Horretaz gain, IPES ezagutu nahi izanez gero, euren web orrialdea bisita dezakezue: klikatu hemen. Web orrialdean euren datu basea topatuko duzue. Liburuen eta bideoen mailegua ere eskaintzen dute. Hiru liburu hamabost egunez etxera eraman ditzakezu. Baina agian hori baino interesgarriagoa dukezu eskaintzen duten liburuen arteko mailegua. Estatu osoko 41 zentroekin lotuak daude sarearen bidez eta eskaturiko liburua IPES-en ez balego, estatuko beste zentroren batetik eskuratuko lizukete.

Zerbitzu hauetaz gain, liburuen aurkezpenak, egileekin solasaldiak eta irakurketak egiteko ohitura dute. Udazken honetan, adibidez, teoria feministan hain ezaguna den Celia Amoros ekarriko dute dokumentazio zentrora.

Esan bezala, Espainiako beste dokumentazio zentroekin koordinaturik daude eta urtero-urtero elkartzen dira, aurten XIV. Topaketak burutuko dituzte. Bukatzeko, Silviak esan digunez, emakume asko hurbiltzen da Zentruko zerbitzuak erabiltzera, batez ere emakumeak, 30-40 urte arteko emakumeak, denak ere emakumeen inguruko ikerlanak burutzeko asmoz edota nobela bat irakurtzeko gogoz. Zuk ere, irakurle, ezin topaturik zabiltzan liburu hori eskuratu nahi baduzu, edota emakumeen inguruko gai konkretu baten bibliografia ikertu nahi baduzu, jarri harremanetan nafar hauekin, 22 urtez egin duten inurri lanak zure nahiak eta beharrak asebeteko ditu.

gema lasarte 2007/05/07
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)