Hemen zaude: Hasiera Blogak Sareinak Artxiboa 2007 Otsaila 12 Magalpetatik
Dokumentu Akzioak

Sareinak

Magalpetatik

Magalpetan ibiliko garen atal honetan ohitura errotuegiak hauspotu, eta irakurbide berriak ernarazteko gogoari helduko zaio. Izan ere, magalpe hauek, ez dute babespe edo aterpe izan, ez dute babesleku edo aterpetxe izateko gogorik. Ez, ez dute espazio hertsirik eratzeko asmorik batere. Magalpe hauetara euskal sorkuntzari begiratzeko beste kataloxa posible batzuk baino ez ditugu ekarri nahi, atal honetara hurbiltzen zareten irakurleei, kataloxa horren berri eman, eta fokatzeko beste aukera batzuk zabalduz.

IRAKURBIDEAK Kataloxa hori, aipagai izango ditugun euskal testuetara hurbiltzeko, lente jakinez jantziko da: lente hurbiltzaileak, lente kromatikoak, lente ahurrak, lente polimorfikoak eta isla-kontrako lenteak. Lente hurbiltzaileen bidez, irakurle honek testura hurbiltzeko ahaleginak egin ez ezik, irakurle sortzailearen irudia aldarrikatu, eta testua ere irakurlearengana hurbiltzen saiatuko da, alegia, irakurle honek esan ez direnak sortzerakoan eginiko ariketak ere azalarazten ahaleginduko da, irakurbidearen nondik norakoak adieraztearekin batera, irakurketa bera ulergarriagoa izan dadin. Lente kromatikoen bidez, irakurle honek testuak bil ditzakeen ñabardura anitzei erreparatzeko gogoari eutsiko dio, aitortu behar badu ere, egongo direna, ziur, gustukoago dituen koloreak, irakurle honen begiarentzat barneragarri edo barneragaitzagoak diren koloreak. Kromatismo horretan, eta zabaldu berri dugun espazio honetan, gainera, kolore morearen ñabardurak izango dira hanpagarrienak, kokagunearen xedeak hala eskatzen du eta. Lente ahurren bidez, testuaren bihurguneak geureganatzeko eta kritika feministaren ikuskerara ez hersteko ahaleginak egingo ditugu, nahiz eta kataloxa honen lenterik indartsuena kritika feministarena bera izan. Lente polimorfikoek, generoaren ikuskera eta kritika feminista bera erabiltzeko moldeak anitzak direla gogoraraziko digute, eta testu literario batean generoaren kokapena bera ere askotarikoa izan daitekeela, eta dela, ez bakarrik egilearen generoaren araberakoa. Isla-kontrako lenteek, azkenik, euskal literaturako hainbat lanen inguruan zabaldurik dauden irakurketak eta interpretazioek irakurle honek proposatuko dituen irakurketetan gehiegi ez itsutzeko baliagarriak izan litezke, irakurle honek, nola fokatu asmatzen badu behintzat. ALTZOALDIAK Gogoan dut, belaunaldiz belaunaldi ezagutza igaroarazteko bideari erreferentzia egiten ziola, aipatu zidaten adibide hura: "bai, aitak, semea belaunetan eseri, eta ezagun duena helarazten dio, tradizioa sorraraziz, ezagutza iraunaraziz...". Irudi hark astindu ederra eman zidan, eta berehala ohartu nintzen, ezagutza eta tradizioaren transmisioa bestelakoa irudikatzen nuela nik neuk, bestelakoa jaso nuela nik neuk. Gurasoek seme-alabak altzoan zituztela (inola ere ez belaunetan tente eta zurrun) eta balantzaka mugiarazten zituztela, hango eta hemengo ezagutzaren berri emanez, seme-alabek handik eta hemendik behar zuten edo nahi zuten hura hauta zezaten, bere bidea egin zezaten. Eta horrelakoxea irudikatzen dut nik ere tradizio literarioa. Ez irmoa, ez zurruna, ez aita ahalguztidunak eta orojakileak belaunaldiz belaunaldi semeei igaroarazten dien ezagutza eztabaidaezina, ez. Horregatik, kritika feministaren eskutik irakurbideak zabaldu nahi ditugun atal honetan, ez da asmoa izango bestelako tradizio zurrunik osatzea, baizik eta irakurleak altzoan besarkatzea, handik eta hemendik bil dezaten, irakurbideetarako aukerak zabal ditzaten. Beraz, euskal literaturaren geografiari kataloxa propioz begiratzeko ahalegina besterik ez da izango MAGALPETAN zehar abiaraziko gaituena, kataloxa hori egoki fokatzeko beharrezkoak diren mugimenduak aldika-aldika errepasatuz eta pixkana-pixkana geureganatuz.

Iratxe Retolaza 2007/02/12
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)