Sareinak
Ekialde hurbila (I)
Komunikabideetan behin eta berriro ikusi eta entzuten ditugu: Iran, Irak, Israel, Palestina, kurdistan, Turkia... suteak, emakume estaliak, gerla, petroleoa, area, istiluak... gure begietan beste irudi batzuk uzteko bidea, literatura, dudarik ez.

Poesia eta kaligrafia ederrenetako eremu horretan bi dira azpimarratzeko liburuak, biak ere ahozkoak jatorriz. Bata, AL CORAN, erlijio, kultura, gizarte eta zuzenbideari dagokiona, musulman kultura ulertzeko ezinbestekoa. Euskaraz itzultzeke dago. Bestea, askoz ere literarioagoa: 1000 gau eta bat gehiago. Euskaraz, dakigula, honen bertsio laburtuak baino ez daude; gehienak Patxi Zubizarretaren eskutik euskarara bilduak, eta 90eko hamarkadan kaleratuak: besteak beste, Ali-Baba eta 40 lapurrak, Aladin eta Sinbad marinelaren historia. Gazte literaturako sailean eta Pamielan argitaratuak. 2002koa da Mila gau eta bat gehiago (Erein) Halere, aspaldikoa da ipuin arabiarrak itzultzeko eta moldatzeko interesa eta lana. 80eko hamarkadakoak dira Patxi Ezkiagaren Ate debekatua (Erein), J.A. Ormazabalek egokitutako Zoritxarreko babutxak eta I. Mendigurenen esku plazaraturiko Arabiako gau ipunak, azken bi hauek Elkar argitaletxean plazaraturikoak. 1988an Txertoa argitaletxeak Hamahiru ipuin arabiar plazaratu zuen -Xabier Galarretaren hitzaurrea eta guzti- eta 1992. urtean Elkarrek Xerazaderen gauak plazaratu zuen, J.M. Olaizolak, Txilikuk, egokiturikoa. Liburu honetako istorio guztiek kontatzailearen izena dute, azkenean, XERAZADE ren garrantzia ez da ahaztu. Emakume gazte, lirain, azkar, ausart, kulturadun eta jakintsu honen lorpenak maiz aldarrikatzen dituzte bere kulturaren egungo emakume idazleek. Izan ere, haien liburuetan XERAZADEren figura historiko, literario eta feminista erabiltzen dute sinbologia eta inspirazio gisa. Gure kulturan haur eta gazte literaturarako egokitze ugariak testuinguruaren pobretzea eta galtzea ekarri du. Aberasteko, Mila eta bat gauen gauak (Txalaparta), udan hil zen NAGIB MAHFUZ idazle egipziar oparoaren liburu bitxia proposatzen dugu. Abendutik irakur dezakegu Mirarien kalezuloa (Alberdania), Kairon kokatzen den eleberria; biak Patxi Zubizarretak bikain itzulitakoak, eta Mahfuzek Nobel saria eskuratzeko arrazoiak ulertzeko lagungarriak. Alde geografiko hau hobeto ezagutzeko bidaia liburu bi aipatu behar dugu: Ekialdeko mamuak (Elkar, 2002) liburuan Jon Arretxek Istanbuletik Teheranerainoko bere bidaia kontatzen digu. Baina baten bat gomendatzekotan, geuk, Amaia Elosegi eta Esther Mugertzaren Txirringaren aienean nahiago, bidaia 90eko hamarkadan egin bazuten ere, kontaketa zehatza eta sakonagoa da, hango emakumeen egoera hobeto ezagutu, ulertu eta kontatzen baitute. Bidaia-liburua baino kazetari-kronika dugu Joseba Iriondoren Palestina Hotela (Elea, 2003) liburua. Iriondok Irakeko gerlan berriemaile izan zeneko esperientziak isuri zituen arin eta, egunean ere, Iraken gertatzen ari dena ulertzeko estimagarria den tresna bilakatu da. Literaturara bueltatuz, guk ibilibide literario paraleloa proposatzen dizuegu. Beraz, TURKIAn hasiko gara, idazle bikain eta konprometitu honekin, Nobel saria eskuratzeko atean geratu ohi den idazle honekin: YASAR KEMAL, idazle Kurdo-Turkoa. Kemalek baditu Zanpa ezak sugea (Txalaparta, 1999) eta Ararat mendiaren sumina (Alberdania, 2003) euskaraz irakur ditzagun. Kurdoa ere bada Nire aitaren fusila liburuaren egilea, HINER SHALEEM. 2002an argitaratu zen euskaraz, J.K. Igerabidek itzulia. Liburu gomendagarria. Ezagutzeko aukeran ere, SIRIAko RAFIK SCHAMIren Eskua bete izar liburua (Elkar, 1992). Gazte literatura da, baina guztiok gusto-gustora irakurriko duzuelakoan gaude. Era berean, IRANeko SAMAD BERANGHIren umeentzako lan bat irakur dezakegu: Arrain beltz txikia (Txalaparta, 1993). Beranghiren liburuak oso xamur eta ideologikoak dira, gobernuaren ideologiaren kontra egiteraino; eta heriotza ekarri zioten. Ekialde hurbileko nortasun literarioa ez da ulertzen hango poesia bikaina kontuan hartu barik. Honen adibide klasikoa, persieraz, egungo IRANetik hau datorkigu burura: OMAR KHAYYAMen Rubiayatak XI. mendeko poesia laburra. Joxemari Iturraldek Ereinerako egokitu zuena 2001ean. Carpe vitam, noctem, vinum, feminas... aholkuak diren 170 lauko liriko eta errazak.
Eta emakume idazlerik ez al da? Ba, dakigunaren arabera hango emakumeak itzultzeke daude. Hurrengoan, emakume idazle horien izenak bertaratzeaz gain komentatu egingo ditugu. Zuen esperoan... Agur, edo haiek esan bezala, Shalam.
