Eibartik
kultura
Argazkilaritza ulertzeko bi modu
Zelan bideratzen dute argazkilariek euren lan egiteko modua? Nola prestatzen erreportaje edo dokumentalak? Artistak adina aukera. Hona hemen pare bat adibide, erabat-erabat desberdinak.
Hemen Youtuben ikusitako bideo bi, orain gutxi izandako argazkilaritza-ikastaroko irakasleak pasatutakoak. Bi argazkilariren lanak erakusten ditu. Biak ere espezialista dira jendea erretratatzen, begiradak, keinuak, zimurrak; baina biek ere lan egiteko oso modu ezberdina dutenak.
Lehenengoa Isabel Muñoz espainiarra da, ortodoxoa, klasikoa... Argazki ederrak ateratzen ditu, munduko bazter guztietan.
Beste muturrean, Magnum agentziako argazkilari den Bruce Gilden estatubatuarraren lana. Askoz zuzenagoa, basatia ia. Azken 20 urteotan Manhattango kaleetako bizitza jasotzen du bere argazkietan. Kalera irten eta flash!
Mursego Coliseoan
Datorren urtarrilaren 13an Mursego eta Bide ertzean taldeen kontzertua Coliseo antzokian. Sarrera 5 euro. Eibarko gida kulturaletik jasota.
Eibarko Udalak urtarrileko gida kulturala argitaratu du. Hainbat ekitaldi, tartean Mursego artista eibartarraren kontzertua Coliseo antzokian.
Kontzertua Coliseoan izango da, urtarrilaren 13an, arratsaldeko 20.30etan. Sarrera 5 euro.
Kulturgida horretatik jasotako testua:
-------
Mursego, Xinpletasuna eta abangoardia
Mursego = Maite Arroitajauregi = Mursego = cello, loop station,
plater txinatarrak, txirula, pandereta, casiotonea, txaloak, errimak,
koruak eta dantzak.
Mursego Maite Arroitajauregi dugu, bere musikan islatzen den munduaren ikuskera berezia duena. Bere lanak ohiko molde eta egiturekin apurtzen du, celloa eta gauza gehiago joz eta abestuz.
Bide Ertzean, boskote fantastikoa
Pop doinuak dira nagusi Bide Ertzeanen lehen diskoetan. Harik eta 2000 urtean, “Grisa” diskoa argitaratu zuten arte. Rock doinuetan ere, Tolosaldeko boskotea ondo moldatzen dela frogatzen duen diskoa. Geroztik, eta Joserra Senperena donostiar pianojolearen laguntzaz, boskotearen zuzenekoak indarrean, sendotasunean eta sentsibilitatean irabazi dute. Sormenean ere, aurrerapauso handia eman du taldeak azken urteotan. 36ko gerran oinarritutako “Non dira” disko goraipatua da, honen guztiaren lekuko.
Euskal idazleak Interneten
Durangoko Azokak ateak irekitzen dituen egun honetan, ni neu ere euskal idazleei begira jarri naiz. Euskal idazleen zerrenda bat hartu, eta Interneten duten tokia aurkitzen saiatu naiz. Badira? Zeintzuk dira? Non dira? Zelan jarraitu ditzakegu? Hemen duzue zerrenda laburra.
Gaur, abenduaren 4an, Durangoko Azokaren 46. edizioa hasi da. Durangorako osteratxoa gertatzen dudan bitartean, sarean hasi naiz idazle bila. Eta zer aurkituko? Euskal idazleak hurbiltzen dira sarera? Nortzuk? Nora jo behar dugu euskal idazleen tuitak, artikuluak eta postak irakurtzeko?
Idazle zerrenda bat hartu (50-60 izen) eta Googleri galdetu diot. Egia esateko, kasurik gehienetan, ez dirudi Interneterako joera handiegirik dutenik, bilaketen emaitzetan Wikipedia, Zubitegia edo Basqueliterature.com direlako erreferentzia nagusia. Ez euren webgunerik; ez blogik edo Twitter konturik. Hala ere, azkenaldian gero eta gehiago dira sarera hurbiltzen direnak, gehienbat idazle gazteenen artean. Hona hemen aurkitu ditudanak (zerrenda osatzen laguntzerik?).
Euskal idazleak Interneten
Webgunea dutenen artean zerrenda laburra irten zait. Esango nuke esparru hau oso "berde" dagoela oraindik (lotsa kontua?):
- Bernardo Atxaga
- Kirmen Uribe
- Jasone Osoro
- Katixa Agirre
- Felipe Juaristi
- Juan Kruz Igerabide
- Mari Asun Landa
- Fernando Morillo
- Jon Arretxe
- Unai Elorrioaga (ofiziala ote? edonola ere, aspaldi eguneratu gabe)
Blogariak ere ez dira gehiegi, eta horietako ia erdiak Berria egunkariarekin lotutakoak dira (hau da, papererako idatzitakoa sareratzen dute, neurri handi batean). Hona hemen aurkitu ditudanak:
- Anjel Lertxundi
- Bixente Serrano
- Juan Luis Zabala
- Hasier Etxeberria
- Lander Garro
- Eider Rodriguez
- Markos Zapiain
- Asel luzarraga
- Itxaro Borda
Twitterri dagokionez, beste dozena erditxo bat, baina oraingo honetan badirudi zerrenda gero eta luzeagoa dela eta datozen hilabeteetan izen gehiago etorriko dela zerrendara:
- Xabier Mendiguren
- Iban Zaldua
- Katixa Agirre
- Beñat Sarasola
- Hedoi Etxarte
- Hasier Etxeberria
- Angel Erro
- Lander Garro
- Karmele Jaio
Gutxi dira? Asko dira?
Ez dakit. Uste dut beste hizkuntza batzuetan ere antzeko egoera dagoela (gaztelaniazkoak begiratu ditut, azken urteotako Planeta, Euskadi, Cervantes eta Nobel saridunak aztertuta), eta ez dago alde nabarmenik. Webgunea idazlerik gehienek daukate (sarritan argitaletxeak berak sortu eta elikatutakoa), baina blogari eta tuiterlari gutxi-gutxi daude idazle erdaldunen artean (baita Euskal Herrikoen artean ere).
Hori horrela izanik ere, nire ustez, gurea bezalako hizkuntza txiki batentzat luxu handiegia da euskal idazleak Interneten ez izatea. Sarean behar ditugu, euskaraz idazten, bereziki kulturaz, literaturaz eta hizkuntzaz idazten. Edukia sortzen. Euskaldunongan eragiten.
Bai, literatura lanak ekoizten behar ditugu, batez ere; baina tira, har dezatela tartetxo bat sarerako ;-)
Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa
Aste honetan, maiatzaren 26tik 29ra, Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa izango dugu Eibarren, urtero bezala ekitaldiz beteta eta jai-giro ederrarekin.
Gaur, osteguna, hasi da Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa. Gaurtik eta igandera bitartean, Euskal Jaiak hainbat ikuskizun eta
ekitaldi izango ditu. Labur-labur esateko:
- maiatzak 26: "Kalamuako Parlamentua" jokoari buruzko lehiaketa
- maiatzak 27: umeendako jokoak eta jolasak Untzagan eta Gozategiren kontzertua
- maiatzak 28: Artisau eta Baserritarren azoka, herri kirolak, bertsolariak, Kantu Afaria.
- maiatzak 29: Euskal Jai eguna, kalejira, dantzak eta Ezpalak ikuskizuna. Herri bazkaria eta erromeria.
Informazio zehatzagoa triptikoan.
Sarrerak oraindik salgai daude Klub Deportiboan, bai zapatuko kantu afarirako, bai domekako herri bazkarirako.
Ezpalak ikuskizuna
Dantzarioi dagokigunez, igandean izango dugu Eibarren Ezpalak nazioarteko dantza tradizionalaren jaialdia eta aurten bikoteko dantza soltea izango da gai nagusia. Baina horren aurretik, larunbat goizean, dantza soltea gai hartuta, folklore alorreko ikertzaileen eta adituen gogoetak aurkeztuko dira Portalea kultur etxean.
Informazio guztia Eibarko Klub Deportiboaren webgunean.
Aikur Erle Museoa
Aste Santuko oporrak aprobetxatuta, Urretxun izan ginen herenegun, Aikur Erle Museoan. Ez baduzue ezagutzen, joan bertara. Bene-benetan merezi du.
Gutako askorentzat ezezaguna da Aikur Erle Museoa. Mendi puntan dagoen baserri-museo txiki bat besterik ez. Urretxun dago, izen bereko baserrian, Santa Barbara ermita inguruan. Museo txikia, bai, baina oso interesgarria.
- Oso ondo antolatuta dago, parafernaliarik gabe, xume-xume, baina polito.
- Baserriko etxekoandre den Josuneren azalpenek urrea balio dute.
- Erleak ere ber-bertan ikusiko dituzu, dantzan, polenak ekartzen, eztia sortzen, larbak elikatzen.
- Erleen mundua ikaragarria da eta, natura gustatzen ez bazaizu ere, liluratuta geratuko zara erlezaintzaren misterioekin, erleen mundu txundigarriarekin eta Josuneren azalpen zehatzekin.
Museo eta eraikin izugarrien ruta turistikoetatik kanpo (Artium, Guggenheim, San Telmo eta abar), txoko aparta aurkituko duzue Urretxuko Aikur baserri-museoan. Bestalde, inguru horretako beste zenbait harribitxi ezagutzeko aukera ere emango dizu, eguna aprobetxatuz: beste hauek ere gomendagarriak zeharo, adibidez: Igartubeiti Museoa (Ezkio-Itsaso), Antiguako ermita (Zumarraga), Mirandaola (Legazpi), edo Zeraingo herri museoa.
Bisita ezazu Aikur Museoa. Eztia gorroto duen batek esaten dizu.
Argazki batzuk laga ditugu Flickren.
50 urte ez dira ezer
Azken egunotan beheko testua heldu da nere eskuetara. Harrittuta geldittu naiz fetxia ikusi dotenian.
Noizkua ete da hau testuau?
"Ni los individuos, ni las clases, ni los pueblos que integran la comunidad política española gozan de suficiente libertad... Se detiene por manifestar pública e incluso privadamente opinions políticas contrarias a las del Gobierno en materia de suyo opinable... Se convierte en delito lo que de suyo no es más que el ejercicio de un derecho... En las comisarías de Policía de nuestro País se emplea el tormento como método de exploración y búsqueda del transgresor de una ley muchas veces intranscendente y no pocas injusta. Una malévola sospecha basta para que le policía o guardia civil de turno pueda flagelar irresponsablemente, torturar y herir a cualquier ciudadano muchas veces inocente de la fechoría que se le atribuye. No hablamos de hechos aislados Se trata, puesto que las autoridades conocen los hechos, y los toleran, de un sistema... La superpropaganda, acaparando la prensa, la radio y todo otro medio de difusión de ideas, y el culto cuasi-idolátrico del Jefe son una realidad... Denunciamos, ante los españoles y ante el mundo entero, la política que hoy impera en España, de preterición, de olvido, cuando no de encarnizada persecución, de las características étnicas, lingüísticas y sociales que nos dio Dios a los vascos".
1960ko maiatzian 339 apaizek izenpetutako eskutitza da. Tartian: Manuel Lekuona, Nemesio Etxaniz, Lukas Dorronsoro, Jon Etxabe, Txomin Artetxe, Jesus Gaztañaga, Jaime Kerexeta, Ignacio Goikoetxea "Gaztelu".
Satorrak baino lurperago liburutik.
Dantzari eguna, Kezka (eta beste)
Ostiralean dantza jaialdia izan genuen Eibarren. Kezka Dantza Taldeak antolatutako "Dantzari eguna". Kezkako dantzari guztiak Untzagan ikusi genituen jira-bueltaka. Ikuskizun polita izan zen.
Dantzari eguna
Joan zen ostiralean Dantzari Eguna izan genuen Eibarren. Kezka Dantza Taldeak antolatzen du urtero eta, nolabait esateko, ikasturte amaierako jaialdia da. Urte guztian zehar Kezkako umeek (eta baita nagusiek ere) ikasitako dantzak plazaratzen dituzte Untzagan.
Aurten lehenengo pertsonan bizi izan dugu, gainera. Maddik 6 urte bete ditu eta Kezkan hasi da ikasturte honetan. Esango nuke, oro har, oso gustura ibili dela Kezkan dantzan ikasten. Egia da azken asteotan nekatuta ere bazegoela (ikasturte amaieretan ume gehienei gertatzen zaie), baina ostiralean poz-pozik irten zen plazara (hor, argazkian, andereñoren azken orduko argibideak jasotzen).
Ekitaldi polita izan zen. Talde bakoitzak dantza bat edo bi egin zituen eta ikusleok (gehienbat guraso eta aittitta-amamok) asko disfrutatu genuen. Onenak, zelan ez, lehenengo mailakoak :-)
Hementxe dantzan:
Argazki gutxi batzuk ere igo ditut Flickr-era.
Esango nuke Dantzari Eguna oso egun aproposa dela umeentzat. Urte guztian zehar ikasi dutena plazan erakutsi, jende aurrean dantzan egin, lotsa eta harrotasun puntu batekin... Umeak pozarren zeuden bariku gauean!
Euskal jaia
Dantzari eguna, jakina, ez da Kezkak antolatzen duen ekitaldi bakarra. Orain dela 3 aste, Kezkak antolatutako beste jai bat Eibarren: Eibarko Euskal Jaia (argazki batzuk Flickren).
Hor ere ederto pasatu genuen: goizeko dantzaldian, herri-bazkarian, eta arratsaldeko erromerian. Umeentzat, ostera, Dantzari Eguna hobea izan zen. Askoz gehiago disfrutatu zuten. Euskal Jaiko dantzaldietan oraindik galduta sentitzen dira eta ikuskizunak luzeegiak egiten zaizkie.
Euskal jaian Ezpalak ikuskizuna ere izan zen (Kezkaren webgunean informazio ugari: programa, kronika eta oihartzuna).
Kezkan dantzan ikasten
Aurten, gainera, lotura estuagoa izan dut Kezkarekin. Erromerietan-eta sarri astindu izan ditut oinak, baina ezin esan dantzan egiten dakidanik, ezta hurrik eman ere. Aspaldi ikasteko gogoz, baina astirik ez. Eta aurten, alaba apuntatu dela eta ni ere dantzan ikasten hasi naiz. Eta oso gustura. Merezi du. Jende askori entzun diot eurek ere nahiko luketela. Tira, ba, ez da batere zaila: irailean izena eman eta etorri: arin-arin, fandango... Erdizka eta hiru!
"Bertan" Bilduma
Gipuzkoako Aldundiak kaleratzen duen bilduma bat da "Bertan". Zorte handia daukagu gipuzkoarrok eta euskaldunok oro har. Kalitatea, prezio egokia (merkea), diseinua,... bilduma dotorea da Bertan hori!
Izugarri gustatzen zait Bertan Bilduma. Gipuzkoako gai kultural, historiko eta artistikoak lantzen ditu, gehienbat. Hogeitik gora ale atera dituzte dagoeneko.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren lana da. Bilduma ederra, maketazio dotorea, argazki zoragarriak, testu egokiak... eta sarean ere kontsultatu daiteke PDF formatuan. Zer gehiago eskatu daiteke?
Prezioa ere ezin egokiagoa. 10 euro ale bakoitzeko. Etxean 5-6 ale izango ditut. Erosi dudan azkena hauxe: Praileaitz I haitzuloko zintzilikarioak. Bildumako azken alea dela uste dut (22.a).
Hizkuntza irizpidea ere primerakoa da. Ale guztiak euskaraz daude eta azken orrietan (beste maketazio eta paper mota xumeago batekin), testuak beste 3 hizkuntzatara itzultzen dira: gaztelania, frantsesa eta ingelesa.
Informazio gehiago eta alerik gehienak jaisteko aukera aldundiaren webgunean, http://bertan.gipuzkoakultura.net/.
Urre urdinaren lurrina (Kintana, 2009)
Jurgi Kintana historialari eta idazlearen saiakera lana. Azpitituluak argi adierazten duen moduan, "Euskal idazle galduaren bila (1810-1940)" aritu da Kintana. XIX. mendeko korronte literarioak, euskal kulturaren eta euskararen egoera, idazle ezezagunen pistak...
Urre urdinaren lurrina. Jurgi Kintana (Pamiela, 2009).
Liburuak Blog komunitate honetan bertan dauka iturburua, Volgako Batelariek 2005ean idatzitako post honetan: "Gure literaturaren geroaz". Volgalariak kexu dira euskarak ez duela maila jasoko literatur tradiziorik eta horrek eragin nabarmena daukala gure literaturan. "Gure ikasleek instituan Bilintx irakurrita zer espero dezakegu? (...) Ez dago tradizio bat jarraitzeko eta batez ere apurtzeko".
Eta hari horri tiraka, apokrifoen aldeko aldarria egiten dute: Euskal obra apokrifoak behar ditugu! Zalduak proposamen bat ere egiten du: 1800 inguruko idazle erromantiko baten lan euskalduna berreraiki beharko genuke.
Nobela erromantikoa ez, baina poesia sinbolistaren atzetik hasiko da aztarka Jurgi Kintana. XIX. mendean idazle sinbolista euskaldun dotoreren bat izan bagenu? eta ez badugu ezagutzen?
Kintanak berak aitortzen duen moduan, galdera erretorikoa da, "Ez nuen uste ingurune potentzial horietan posibilitate teorikotik harago, ezer azalduko zenik. Asmoa gehiago zen egiantzeko aukerak pausatzea, gutxienez apokrifoen zaleei lana errazteko".
Aitzakia hori aprobetxatuta, Kintanak XIX. gizaldiko (eta XX. hasierako) egoera kultural, sozial eta soziolinguistikoaz jardungo du, mende horretako idazleez eta lanez. 100 orrialdeko saiakera-liburu labur honek aukera ematen digu garai hura ezagutzeko, idazleen lanak ezagutzeko eta egoera sozio-kulturalaz gogoeta egiteko.
Liberal frantses euskaldunduak aipatuko dizkigu (Vinson eta Rostand), ondoren jauntxo euskaltzaleak (Abadia, Xaho eta Campion), Ingalaterrako lekukotasuna emango (Dodgson), kanpoan ikasitako euskaldunen gorabeherak azalduko (Azkue, Broussain eta Etxepare) eta EAJren inguruko mugimendu hiritar sabinista euskaldunberria aurkeztuko (Altuna, De la Sota, Errazti edo Onintze). Eta tartean, beste hainbat izen ere azalduko zaizkigu kukuka: Lauaxeta, Zaitegi, Orixe, Mirande...
Kantuak bezala, Kintanak ere Lizardi eta Rimbaud ahapaldi berean pausatuko dizkigu, XIX. mendeko euskarazko literatura ere existitzen dela aldarrikatuz. Tradizio eta mugimendu ahul eta sakabanatua, baina benetakoa eta, agian, gaur egun ere baliagarria.
Adituentzat arinegia eta azalekoa, beharbada, baina gainontzekoentzat argigarria. Jarrialdi batean irakurtzeko liburua. Erraz eta gustura irakurtzekoa, gainera.
Aizarnan egun pasa
Harañegun egunpasa egon giñan Aizarnan, Josu eta Izaronian. Ederto pasau genduan.
Martitzenian Aizarnan egon giñan. Izarok eta Josuk etxe politta dauke bertan, "Etxe-zahar", Izaron aittak eta osabak orain dala urte batzuk barriztutakua. Hantxe egon giñan Codesyntaxeko lankide batzuk. Goizian Santa Engraziara igo genduan. 10 minutu inguruko igoeria; umiekin 20. Pasiada politta eta bista ederra. Handik jaitsi eta bazkaltzera. Ederto pasau genduan.
Aizarnan ez naiz larregittan egon (5-6 aldiz, asko jota), baina asko maitte doten herrixa da. Ez galdetu zergaittik. Gustau eitten jata.Santa Engrazia, berriz, ez neban ezagutzen (behetik ikusitta bakarrik). Banekan gogua bertara juateko. Erdoiztakin batera, erreferentzia-puntu garrantzitsua izan da gizaldi askotan inguruko auzotarrentzako. Zestoa, Aizarna, Aia, Getaria eta inguruko hainbat basarritarrentzako bilgune garrantzitsua.
Argazki batzuk igo dittut Flickerrera.
