Eibartik
ipuinak
Haur literatura: ostiraletako opila
Maddik astero ipuintxo bat ekartzen du ikastolatik. Astelehen edo ostiralean ekarri, eta hurrengo asterako irakurri behar izaten dute. Ostiraletako opila izaten da. Manex ere hasi da, txikiagoa den arren. Guri ere literaturako altxor txikiak aurkitzeko eta irakurtzeko aukera ematen digu.
Azkenaldian, esate baterako, Elkarrek (Argitaletxe Elkartuak) argitaratutako ZAZPI bildumakoak ekarri ditu Maddik ikastolatik. Sei urtetik gorako umeentzako ipuinak dira. Argitaletxe Elkartuak sei argitaletxeren artean (valentziarrak, euskaldunak, gailegoak, katalanak eta astuariarrak) sortutako elkar-lanerako plataforma bat da. Hizkuntza txikietako liburuek, idazleek eta ilustratzaileek oihartzun zabalagoa izan dezaten sortutako bilduma. Kultura eta hizkuntza minorizatuak bultzatzeko saiakera, literatur zaletasuna sustatzearekin batera.
Aste Santurako ekarri duen ipuina Xabier Mendigurenen Zergatik ez du kantatzen txantxangorriak izan da. Ipuin polit-polita. Aurrez ekarritakoak bezalaxe, hala nola, Aita despistatu bat (Josep Gregori), Mari Joseri zergatik deitzen diote Joxe Mari? (Seve Calleja), Gaur bete ditut 6 urte (Maria Antonia Savall) eta beste guztiak.
Eta oraingoz gehien-gehien gustatu zaiguna, Patxi Zubizarretaren Ostiraletako opila. Zoragarria.
Haur literaturan benetako pitxiak aurkitzen direlako gaur egun. Istorioa, testuak, mezua, marrazkiak, maketazioa... ostiralero opil gozoa daukagu etxean.
Adrenalina
Literatura tailerra, Eibar, 2000-06-15. Irakaslea, Juan Martin Elexpuru. Ariketa: ipuin laburra, 200 hitz gehienez.
Ohituta dago. Ez da lehenengo eguna eta aspaldi ahaztu zitzaion beldurra. Gaurkoan ere hasi da begiratzen plastikozko betaurrekoetan barrena eguzki gorria. Hasi da begiratzen mendi eta basoak; gerturatzen, handitzen, ikusten dituen zuhaitz eta basoak, eten barik itxuraldatzen, kaleidoskopioan bezalatsu; hasi da gozatzen belarrietako hozkirria eta ilea lardaskatzen dion haizea, Igoneren zigarroak fraketan egin zion zulotik sartzen den haize zurrunbiloa. Baina, aspaldion, sasoi bateko zirrara garratza falta zaio; bihotza motelegi, "dagoeneko taupadak ere ez dizkiat entzuten!". Dena ederregi; dena aspergarri. "Oraindik ez" diotsa buruari "beste 10 segundu eta orduan". Eta hitz horiek bere aurreneko eguna dakarkiote gogora, orduko izua eta ezinegona, zurkaitzaren dardara, adrenalina irakiten eta arnasa estutzen. Baina ez da nahikoa, oraindik erdi-hilda, horretarako hobe etxean egon. "Beste 10". Eta hasi da arnasaren hotsa haizearen txistua ixilarazten, hasi da guanteen azpian odola nabaritzen, hasi da hazkura bizkarrezurra harrapatzen, "hasi nauk bizirik sentitzen". Lagunak aspaldi atzean. Berak aurrera. "Beste 5 eta kitto". Bost, bihotza sahiets artean sartu ezinda; lau, arnasa latzak min estarrian; hiru, "adrenalina!"; bi, urruti Igone orruka "tira! tira!"; bat, esku dardartiak uhala hartu eta "tira!"; zero; beranduegi. Lepo gainetik begira eta goian, urrun, parakaidas gorri bat eta urdin-hori bi. Ziurtasuneko bigarren uhalari tira, baina beranduegi. Behean, adrenalinak lausotzen dizkion begien aurrean, zuhaitzak eta basoak handitzen.
