Eibartik
ikastola
Mogel Ikastola: 50 urte, 50 bide, 50 irudi
Joan zen asteburuan jaialdi polita izan genuen Eibarko ikastolan. Ikastetxearen 50. urteurrena ospatzeko egin diren ekitaldien artean, "50 bide, 50 irudi" jaia izan genuen. Eibarko ikastolak izan dituen gela eta ikastetxe guztiei bisita (20 lokal desberdin) eta bazkari-jaialdia Iturburun. Oso egun polita izan zen.
Lehenago ere aipatu izan dugu blog honetan, bai Juan Antonio Mogel ikastola eta baita 2010. urtean zehar egin diren ekitaldiak. Izan ere, ikastetxeak 50 urte bete ditu aurten eta urte guztian zehar hainbat ekitaldi antolatu izan dira: erakusketak, hitzaldiak, bideoak, musika-jaialdiak, umeentzat jolas-parkea...
Joan zen asteburuan, berriz, "50 urte, 50 bide, 50 irudi" jaialdia izan genuen. Egunak bi zati-edo zituen:
- Goizez: Mogelek izan dituen ikastetxe guztietan zehar ibilaldia, kartilla eskuan, Santiago Bidean bezala.
- Eguerdi-arratsaldean: bazkaria eta jaialdia Iturburu ikastetxean (musika, dantza, jokoak, taberna, txokolatada...).
Ibilaldia
Goizeko 10etan hasita, Juan Antonio Mogel ikastolak bere historian zehar izan dituen ikastetxe guztiak bisitatzeko aukera izan genuen. Izan ere, 1960. urtean sortu zenetik, 20 lokal, etxe eta ikastetxetan eman ditu eskolak.
- Ikastolak kartilla txiki bat eman zigun eta mapa bat (ikastetxe guztien zerrendarekin).
- Ikastetxe bakoitzaren atean mahaia ipini zuten eta kartillan gometsa eransten zizuten.
- Txiri-txara, ikastetxe guztietara joan eta kartilla hori betetzen ahalegindu behar zinen.
Ikastetxe guztiak egitea ez zen erraza; asko ziren, oso sakabanatuta eta sasoian egon behar. Gainera, umeekin zailagoa. Guk tranpa txiki bat egin genuen: zailenak nik neuk motorrez egin nituen goizean goiz, eta gero umeekin Urkizu-Bidebarrieta-Untzaga-Itzio ingurukoak egin genituen. Erdi eta erdi, gutxi gorabehera. Amaña aldekoak egin ere ez genituen egin.
Polita izan zen. Ikastolaren historia ezagutzeko. 1960. urtean Bidebarrietako etxebizitza batean sortu zenetik, ondoren Zezenbideko lokaletara, gero 1970ko hamarkadan Eibarko elizek eta udalak utzitako lokalak (Pagei, Untzaga, Karmelitak, San Andres parrokia, Markeskua...), eskola nazionalek lagatako lokalak (Itzio, Urki, Amaña, Alfa...), eta azken urteotako Sansaburu, Argatxa eta Iturburu.
Lokalak ezin ziren barrutik ikusi (kasurik gehienetan etxebizitzak, elkarteak eta dendak daude gaur egun bertan). Hala ere, Ikastolaren historiaz jabetzeko balio zuen, nik uste.
Bidebarrieta 44 etxean sortu zen Eibarko Mogel Ikastola 1960. urteko martxoan.
V-ko etxeko behea. Horixe izan zen nire eskola 1974-1975 ikasturtean, 5 urterekin.
Ibilaldi amaiera. Iturburun kartillako 20. gometsa eransten (tranpa txiki batzuekin).
Iturburuko jaia
Eguerditik aurrera, jaialdia izan zen Iturburun. Taberna zegoen, musika, trikitilariak, Ustekabe taldekoak, umeentzat joko eta jolasak... Bazkaria etxetik eraman eta hantxe igaro genuen egun guztia, giro ederrean. Eguraldia ere lagun. Ez zen jende asko-askorik egon, baina giro polita izan genuen.
Horrelakoetan gertatzen den moduan, nabarmentzekoa da gurasoen inplikazioa. Tabernan, jokoetan, garbitzen, antolatzen, mahaiak ipintzen eta batzen,... Auzolana oraindik ere bizirik. Gizarte indibidualista honetan, oraindik ere badago inplikatzeko prest dagoenik.
Ba, horixe, egun polita izan zela. Argazki gutxi-batzuk laga ditut Flickr-en. Eta ea datozen egunotan lerro batzuk idazten ditudan Mogel ikastolak izandako ikastetxe eta lokal guztien inguruan.
Lau urteko umien gelan hizlari
Atzo Ikastolan egon nintzan, Manexen gelan. Aste honetan txorixen inguruko ikasgaixa dauke eta andereñok eskatu zestan berba batzuk esatera joateko. Ederto pasau neban.
Arratsaldeko 3etan heldu nintzan Sansaburura eta hantxe nittuan danak zain. 80 ume. Lau urte ingurukoak. Hori urduritasuna! Eurena eta, gehixenbat, neria! Nahiko ohittuta nago hitzaldi eta aurkezpenetara, baina zer kontatzen jakue 4 urteko umemokueri? Ume bakar bati, tira, horretan badakat esperientzia, baina 80 umeri? Eta zelan dominau salbaje-aldra hori? :-)
Oso esperientzia politta izan zan eta ederto pasau genduan. Nik bai, behintzat. Eta uste dot eurak be gustora egon zirala. Argazki batzuk ikusi genduzen, txori-kantu batzuk entzun, bideoren bat ikusi (pinguinuak eta kolibrixak), lumak eta arrautzak be aztertu genduzen... Eta euren anekdotak eta ipuinak entzun, zelan ez: "nik etxian txori bat dakat", "ba nik bi perikito, baina hil egin dira", "eta nik behin ikusi neban arrano bat", "eta nik bi arrano eta superhaundixak"...
Amaieran, erregalua be jaso neban: marrazki haundi bat, Manexen ikaskide guztiak egindakua, txoriz beteta eta esaldi honekin: "Eskerrik asko Asier, txoriak maite dituzulako". Ai, zelako emoziñua! :-)
Eibarko ikastolaren sorrera - Pelikula
Eibarko ikastolaren 50. urteurrenaren inguruan hainbat ekitaldi eta ospakizun antolatuko dira urtean zehar. Horien artean, joan zen ostegunean mahai-ingurua antolatu zen Untzagako zaharren egoitzan eta bideo-emanaldia ere izan zen. Ikastolaren sorrera eta lehenengo urteak laburbiltzen dituen bideo txiki bat montatu dugu, batez ere 1960-1975 tarteko gorabeherak.
Joan zen ostegunean ekitaldi berezia izan genuen Untzagan (eman nuen horren berri). Ikastolaren urteurrena ospatzeko egiten ari diren ekitaldien artean mahai-ingurua antolatu zen zaharren egoitzan. Ikastolaren historiaz eta joan-etorriez hitz egiteko asmoa zegoen eta horretarako gonbidatu zituzten Mari Tere Munduate (lehenengo andereñoa), Odile Kruzeta (lehenengo gelako ikaslea) eta Martin Ugarteburu (hainbat urtez zuzendaritzan eta konponketa-lanetan jardundako gurasoa). Niri moderatzaile lana egitea egokitu zitzaidan. Baita gustura egin ere.
Mogel ikastolaren sorrera - Bideoa
Mahai-ingurua girotzeko, bideo txiki bat ere editatu genuen. Ikastolaren lehenengo urteak bizi izan zituzten 8 lagun elkarrizketatu eta euren bizipenak jasotzen dituen 25 minutuko pelikulatxoa. Hona hemen:
Ez da lan erraza izan, batez ere azken uneko ideia izan delako. 15-20 egun eskas izan ditugu lan guztia egiteko: elkarrizketatuak aukeratu eta elkarrizketak egin (Sansaburun egin genituen martxoaren 2an), gidoia prestatu, musika aukeratu (librea behar zuen) argazki zaharrak bilatu (ezer gutxi zegoen), ahotsak sartu, montajea, edizioa... Zoramena izan da, baina tira, uste dut merezi izan duela. Ikastolako beste guraso bi izan ditut laguntzen, Maider Aranberri eta Edurne San Martin, eta Streammediako Rafa Cabellok egin du azken edizioa. Eskerrik asko guztiei.
Hasieran 8-10 minutuko bideo bat egin nahi genuen, baina 3 orduko elkarrizketetan jasotakoa, zelan laburtu 8 minutura? Azkenean 25 minutu ingurukoa irten zaigu; aukeran, luze samar geratu da, baina tira. Ostegunean Untzagan bildutakoek oso gustura ikusi zuten pelikula eta pozik geratu zirela esango nuke.
Egun berezia izan zen niretako, Juan Antonio Mogel Ikastola nire bizitzako parte garrantzitsua izan delako. Aitxitxa Luis izan zen ikastola bultzatu zutenetako bat; aitak zuzendaritzan parte hartu zuen; ama irakasle ere izan zen (kasualitatez bada ere) 60ko hamarkadan; anai-arreba guztiok bertan ikasi dugu; eta seme-alabak ere hantxe daude. Ostegunean hori guztiori pilatu zen eta egun berezia izan zen, bai, niretako. Emozioz betetakoa. Eskerrak eman nahi dizkiot ikastolari, egun horretaz gozatzeko aukera eman zidalako.
Hona hemen eguenean ateratako argazki pare bat, eta gehiago Flickerren.
Martin, Mari Tere eta Odilerekin, mahai-inguruan.
Antolatzaile, guraso, irakasle eta ikasle-ohiak, mahai-inguru ostean Koxkor tabernan.
Eibarko Mogel Ikastola - 50 urte
1960. urtean, Eibarko guraso talde batek ideia zoroa izan zuen: euskarazko eskola bat sortzea Eibarko umeendako. Bidebarrieta kaleko etxe batean gela bat alokatu, akademia bat sortu, eta andereño bat jarri zuten euskaraz irakasten. 1960ko martxoaren 11 zen. Gaur, hortaz, Eibarko Mogel ikastolak 50 urte bete ditu. Zorionak!
Eibarko ikastolak 50. urteurrena ospatzen du aurten eta urte guztian zehar egingo ditu hainbat ospakizun. Baina, berez, gaur betetzen ditu urteak gure Mogel Ikastolak. Hori dela eta, mahai-inguru bat izango da arratsaldeko 7etan Untzagako Zaharren Egoitzan. Eibarko Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera jasotzen duen bideo bat aurkeztuko da eta ondoren mahai-inguru ireki bat izango da, 50 urte hauetan ikastolan izan garen ikasle, irakasle eta guraso guztien artean. Zu ere etorri!
- Lekua: Untzagako Zaharren Egoitza
- Ordua: 19.00
Esan bezala, gaur arratsaldeko ekitaldian bideo txiki bat ikusteko aukera ere izango dugu. Ikastolaren sorreran eta lehenengo urteetan protagonista izandako 8 lagun elkarrizketatu dira eta euren lekukotasuna utzi digute. Nola eta zergatik sortu zen ikastola? zer baliabide zituzten? zenbat ume? zer traba eta kezka gainditu behar izan ziren? zeintzuk izan ziren lehenengo irakasleak?
Guraso eta ikasleak Zezenbide kaleko ikastola parean, 1961. urtea.
Informazio eta irudi gehiago:
- Mogel ikastola Eibar 1973-1983 (nire argazkiak eta bideoak)
- Bideorako eta erakusketarako jasotako argazki batzuk Flickr kontuan
Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera
Bideo hori egiten jardun dugunok gidoi txiki bat jarraitu dugu gure lanean. Hauxe da, labur-labur, Ikastolaren sorreraren historia txikia.
Sorrera, zergatik eta zelan
Euskarak leku txikia zeukan orduko gizartean eta guraso talde batek pentsatu zuen bazela ordua euskarari toki handiagoa emateko: irakaskuntzan ere bere txokoa emateko. Baina zelan hasi? zein guraso zegoen prest bere haurra horrelako ikastola batera eramateko? legeztatu gabeko ikastetxe batera eramateko? eta irakas kalitaterik izango ote zuten? eta euskaraz irakasteko gai zen andereñorik? eta non ipini? Hasierako gurasoak, inguruko lagun eta senideentzat, zoro hutsak ziren. Nola eraman zitezkeen seme-alabak horrelako eskola batera?
Oztopo horien gainetik, euskaltzale batzuek ikastola bultzatzea erabaki zuten. Bost izen nabarmentzen dira besteen gainetik: Imanol Laspiur, Juan San Martin, Andoni Idoiaga, Jose Garmendia eta Luis Aranberri. Nolabait esateko, eta asko laburbilduz, Imanol eta San Martin ideologoak ziren, euskalgintzatik eta kultura mundutik zetoztenak; Garmendia eta Aranberri, berriz, enpresagizon eta guraso euskaltzale amorratuak eta dirua ipini zutenak; eta Idoiaga legegizona, lege kontu guztiak bideratu zituena. 1959-1960 bitartean hainbat batzar egin zituzten Aranberriren Margola lantegian, proiektuaz hitz egiteko eta oinarriak jartzeko.
Jose Antonio Amilibiaren bitartez sortu zuten ikastola. Amilibiak Bergaran eta Elgoibarren ere sortu zituen ikastolak. Prokuradorea zen eta Bergaran bizi zen. Izatez ez zen benetako eskola bat, Amilibiaren jabetzako akademia pribatu bat baizik eta hasierako izena ez zen Mogel, "Escuela Urko" baizik. Eskolaren jabetza, berez, Jose Antonio Amilibiarena zen, 1968. urtean guraso elkarteak bere esku hartu arte.
Bi ikastola izan zituzten eredu, bai hezkuntza-sistemarako eredu, bai lege aldetik ikastola sortzeko egin beharreko urratsak argitzeko: Bergaran sortu berria zena, eta urte batzuk lehenagotik Elbira Zipitriak Donostian gidatzen zuena. Andereño euskaldun larregirik ez zegoen garai hartan, baina Mari Tere Munduate eskoriatzarra Eibarrera ekartzea lortu zuten.
Euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak bultzatutako proiektua da.
Lehenengo gela eta taldea
Ikastolaren lehenengo klasea 1960ko martxoaren 11an izan zen. Bidebarrieta 44. etxean egon zen Ikastola lehenengo urte eta erdian. Mari Tere bertan bizi izan zen, apopilo, familia batekin, eta etxe berean gela pare bat atondu zituzten eskolak emateko. Ikastola ireki bezperan ere igeltseroak berandu arte ibili ziren lanean.
Euskarazko liburu bakarrak: Martin Txilibitu eta Xabiertxo ziren. Ez zegoen beste baliabiderik, Mari Terek berak sortutako materiala eta imajinazioa besterik ez. 3-5 urte bitarteko umeak ziren eta Luis Aranberriren lantegiko furgoneta erabiltzen zen goizetan umeak etxerik etxe jaso eta ikastolara eramateko.
Lehenengo taldean 20 ume inguruk eman zuten izena, baina lehenengo eskola egunean 8 besterik ez ziren agertu. Lehenengo taldeko umeak ondorengoak izan ziren: Xabier Aranberri, Arrate Zumeaga, Izaskun Garate, Maria Jesus Garmendia, Bittor Urrutibeaskoa, Andoni Arrieta, Marivi Arrieta, eta Ana Etxeberria.
Gutxinaka-gutxinaka, baina, taldea ugaritzen joan zen, baita larregi handitu ere. Hasierako 20 umeko talde hori berehala handitu zen, gutxinaka baina etengabe, urtetik urtera kopurua bikoiztuz. 1960-1961 ikasturtean 20tik gora dira; 1961-1962 ikasturtean 46; 1962-1963 ikasturtean 85.
Zezenbidera, 1961-1970
Bidebarrietako gela txiki geratu zenez, 1961-1962 ikasturtean bi lokal erosi zituzten gurasoek Zezenbiden. Hantxe egongo da ikastola 1970 ingurura arte.
Garai honetan gurasoen lana izugarria izan zen, eta eurek atera zuten aurrera hasierako proiektua. Dirua bilduz, euren lan-orduak eskainiz, edozein kontutan lagunduz. Zuzendaritzan zeuden, besteak beste: Andoni Idoiaga, Serafin Basauri, Ramon Sarasua, Javier Sologaistua, Jesus Mari Iriondo, Juan Saban, Jose Moina eta Jose Mari Kruzeta. Lanaren ardura nagusia Serafin Basaurik hartuko du 1965-1972 bitartean. Bera izan zen Ikastolaren gidaritza eraman zuena eta Ikastolari lan-ordu gehien eskaini zizkiona.
Irakasleei dagokienez, Mari Tere Munduate irakasleak bakar-bakarrik egin zituen pare bat urte (zenbait hilabetez Marisa Arizaga plazentziarra ere kontratatu bazuten ere). 1963ko otsailean Marisol Aranzeta ere sartuko da. 1967an Amaia Aseginolaza sartuko da Mari Tereren ordez (familia izan nahi du eta 1974an itzuliko da ikastolara) eta handik gutxira, Margarita Murgizu, Marian Martiartu, Esther Onaindia eta Imanol Larrañaga (Marisol eta Amaiaren ordez).
Aro berria: 1970-1974
1970. urtea klabea da eta hortik aurrera ikastolaren aro berria hasiko da, zabalkunde eta hazkundearena. Haurrak gero eta gehiago, lokalak ere bai, ofizializazioa, Iturburu eraikitzeko proiektua... Erdi-klandestinitatetik ofizialtasunerako bidea.
Hasteko, 1970. urtean "Juan Antonio Mogel" izena jarri zion Ikastolari guraso elkarteak (nahiz eta izena, berez, 1975ko apirilaren 19an ofizialdu zen). Gainera, 1970. urtetik aurrera, ikasle kopurua dela eta, Zezenbideko eskola txiki geratzen da eta Eibarko hainbat tokitan hasiko da Ikastola zabaltzen, hasiera batean, batez ere, elizak lagatako lokaletan: Karmelitetan, San Andresen, Amañan, Urkin, Markeskuan... eta baita udalak lagatako lokaletan ere (Pagei kalean, Udaletxean, eta abar). Gurasoek "Inmobiliaria Cultural Eibar" sortu zuten, egoitzak erosi eta ikasgelak jarri ahal izateko.
1973ko uztailaren 23an baimena lortzen du OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) irakaskuntza emateko.
1968tik 1974ra bitartean, ikasleak 150etik 500era igotzen dira, eta irakasleak 3-4 irakasle izatetik 16 izatera igaroko dira (horien artean, lehen aipatutakoez gain, Libe Sarasua, Kontxi Berriozabal, Juan Mari Perez, Lourdes Ardanza, eta abar).
1974ko zuzendaritza: Andoni Idoiaga (presidentea), Imanol Laspiur (ordea), Imanol Larrañaga (idazkaria), Jose Moina (diruzaina), Martin Ugarteburu, Jose Mari elkoro, Manu Cabrera, Javier Iturriagagoitia, Jose Angel Agirre eta Jaime Lejardi. Eta aipatzekoak dira garai beretsuan ere zuzendaritzan izandako beste zenbait izen, adibidez: Julen Ereñaga, Javier Zubiaurre eta Delio Olabe.
1974. urtean Iturburuko ikastetxea eraikitzeko proiektuari ekiten zaio (lanak 1976an hasi eta 1978an amaitu ziren).
Eta hortik aurrerako kontuak ezagunagoak dira.
Ikastolako pelikulak
Aurreko mezuan txikittako ikastolako erretrato batzuk sartu nittuan. Orainguan, pelikulak. Orain dala 30 urte inguru ikastolan Super 8 formatuan etaratako 3 pelikula txiki gehittu dittut artxibora.
Zati laburrak dira, kalidade ez oso onekuak... baina tira, gu gara, eta ez da gitxi!
Hamentxe lehenengua: Itzion egindako antzerki edo jaialdi moduko bat. Gelako guztiak gaoz (ni izan ezik?).
1976ko udabarrixan (1975-1976 ikasturtia, 2. maila).
Beste 2 be gehittu dittu, Ikastola Mogel 1973-1983 atalian.
Ikastolako erretratuak
Gaur egun urte bikin hasten dira umiak ikastolan, baina gure sasoian 3 edo 4 urtekin hasten giñan. Ni neu, 1973an, 4 urteaz. San Andres parrokixako lokaletan ezagutu nittuan nere lehelengo lagunak, eta euretako gehixenekin egin nittuan hurrengo 10 urtiak, 1973-1983 bittartian, Mogel Ikastolan, eta gehixenokin baitta beste lau urte be, Ignacio Zuloaga Institutuan.
Eibarko Juan Antonio Mogel ikastolan egindako bide horretan 5 ikastetxe ezagutu genduzen. Eibarko ikastoliak ez zekan gaur egungo eraikin eta baliabiderik, eta alde batetik bestera ibili giñan: San Andres, Bidebarrieta, Itzio, Markeskua, Iturburu, barrido Itziora...
Txikittako kontuak idealizatzeko jokeria egoten da, baina nik oso rekuerdo ona dakat. Klase majua zan, ondo konpontzen giñan, eta oindiok be hartu-emona daukagu gehixenok. Lantzian behin afariren bat be eitten dogu.
Erretrato zaharrak berreskuratzen eta antolatzen dihardut azkenaldixan, eta ikastolako batzuk atal honetan ipintzen juatia pentsau dot. Oraingoz argazki batzuk. Gerora, bideo batzuk be bai (Super 8 formatuan etaratakuak).
Baitta Flickr-en be, jakiña, mogel ikastola etiketekin.

