Eibartik
historia
Eibarko Mogel Ikastola - 50 urte
1960. urtean, Eibarko guraso talde batek ideia zoroa izan zuen: euskarazko eskola bat sortzea Eibarko umeendako. Bidebarrieta kaleko etxe batean gela bat alokatu, akademia bat sortu, eta andereño bat jarri zuten euskaraz irakasten. 1960ko martxoaren 11 zen. Gaur, hortaz, Eibarko Mogel ikastolak 50 urte bete ditu. Zorionak!
Eibarko ikastolak 50. urteurrena ospatzen du aurten eta urte guztian zehar egingo ditu hainbat ospakizun. Baina, berez, gaur betetzen ditu urteak gure Mogel Ikastolak. Hori dela eta, mahai-inguru bat izango da arratsaldeko 7etan Untzagako Zaharren Egoitzan. Eibarko Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera jasotzen duen bideo bat aurkeztuko da eta ondoren mahai-inguru ireki bat izango da, 50 urte hauetan ikastolan izan garen ikasle, irakasle eta guraso guztien artean. Zu ere etorri!
- Lekua: Untzagako Zaharren Egoitza
- Ordua: 19.00
Esan bezala, gaur arratsaldeko ekitaldian bideo txiki bat ikusteko aukera ere izango dugu. Ikastolaren sorreran eta lehenengo urteetan protagonista izandako 8 lagun elkarrizketatu dira eta euren lekukotasuna utzi digute. Nola eta zergatik sortu zen ikastola? zer baliabide zituzten? zenbat ume? zer traba eta kezka gainditu behar izan ziren? zeintzuk izan ziren lehenengo irakasleak?
Guraso eta ikasleak Zezenbide kaleko ikastola parean, 1961. urtea.
Informazio eta irudi gehiago:
- Mogel ikastola Eibar 1973-1983 (nire argazkiak eta bideoak)
- Bideorako eta erakusketarako jasotako argazki batzuk Flickr kontuan
Juan Antonio Mogel Ikastolaren sorrera
Bideo hori egiten jardun dugunok gidoi txiki bat jarraitu dugu gure lanean. Hauxe da, labur-labur, Ikastolaren sorreraren historia txikia.
Sorrera, zergatik eta zelan
Euskarak leku txikia zeukan orduko gizartean eta guraso talde batek pentsatu zuen bazela ordua euskarari toki handiagoa emateko: irakaskuntzan ere bere txokoa emateko. Baina zelan hasi? zein guraso zegoen prest bere haurra horrelako ikastola batera eramateko? legeztatu gabeko ikastetxe batera eramateko? eta irakas kalitaterik izango ote zuten? eta euskaraz irakasteko gai zen andereñorik? eta non ipini? Hasierako gurasoak, inguruko lagun eta senideentzat, zoro hutsak ziren. Nola eraman zitezkeen seme-alabak horrelako eskola batera?
Oztopo horien gainetik, euskaltzale batzuek ikastola bultzatzea erabaki zuten. Bost izen nabarmentzen dira besteen gainetik: Imanol Laspiur, Juan San Martin, Andoni Idoiaga, Jose Garmendia eta Luis Aranberri. Nolabait esateko, eta asko laburbilduz, Imanol eta San Martin ideologoak ziren, euskalgintzatik eta kultura mundutik zetoztenak; Garmendia eta Aranberri, berriz, enpresagizon eta guraso euskaltzale amorratuak eta dirua ipini zutenak; eta Idoiaga legegizona, lege kontu guztiak bideratu zituena. 1959-1960 bitartean hainbat batzar egin zituzten Aranberriren Margola lantegian, proiektuaz hitz egiteko eta oinarriak jartzeko.
Jose Antonio Amilibiaren bitartez sortu zuten ikastola. Amilibiak Bergaran eta Elgoibarren ere sortu zituen ikastolak. Prokuradorea zen eta Bergaran bizi zen. Izatez ez zen benetako eskola bat, Amilibiaren jabetzako akademia pribatu bat baizik eta hasierako izena ez zen Mogel, "Escuela Urko" baizik. Eskolaren jabetza, berez, Jose Antonio Amilibiarena zen, 1968. urtean guraso elkarteak bere esku hartu arte.
Bi ikastola izan zituzten eredu, bai hezkuntza-sistemarako eredu, bai lege aldetik ikastola sortzeko egin beharreko urratsak argitzeko: Bergaran sortu berria zena, eta urte batzuk lehenagotik Elbira Zipitriak Donostian gidatzen zuena. Andereño euskaldun larregirik ez zegoen garai hartan, baina Mari Tere Munduate eskoriatzarra Eibarrera ekartzea lortu zuten.
Euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak bultzatutako proiektua da.
Lehenengo gela eta taldea
Ikastolaren lehenengo klasea 1960ko martxoaren 11an izan zen. Bidebarrieta 44. etxean egon zen Ikastola lehenengo urte eta erdian. Mari Tere bertan bizi izan zen, apopilo, familia batekin, eta etxe berean gela pare bat atondu zituzten eskolak emateko. Ikastola ireki bezperan ere igeltseroak berandu arte ibili ziren lanean.
Euskarazko liburu bakarrak: Martin Txilibitu eta Xabiertxo ziren. Ez zegoen beste baliabiderik, Mari Terek berak sortutako materiala eta imajinazioa besterik ez. 3-5 urte bitarteko umeak ziren eta Luis Aranberriren lantegiko furgoneta erabiltzen zen goizetan umeak etxerik etxe jaso eta ikastolara eramateko.
Lehenengo taldean 20 ume inguruk eman zuten izena, baina lehenengo eskola egunean 8 besterik ez ziren agertu. Lehenengo taldeko umeak ondorengoak izan ziren: Xabier Aranberri, Arrate Zumeaga, Izaskun Garate, Maria Jesus Garmendia, Bittor Urrutibeaskoa, Andoni Arrieta, Marivi Arrieta, eta Ana Etxeberria.
Gutxinaka-gutxinaka, baina, taldea ugaritzen joan zen, baita larregi handitu ere. Hasierako 20 umeko talde hori berehala handitu zen, gutxinaka baina etengabe, urtetik urtera kopurua bikoiztuz. 1960-1961 ikasturtean 20tik gora dira; 1961-1962 ikasturtean 46; 1962-1963 ikasturtean 85.
Zezenbidera, 1961-1970
Bidebarrietako gela txiki geratu zenez, 1961-1962 ikasturtean bi lokal erosi zituzten gurasoek Zezenbiden. Hantxe egongo da ikastola 1970 ingurura arte.
Garai honetan gurasoen lana izugarria izan zen, eta eurek atera zuten aurrera hasierako proiektua. Dirua bilduz, euren lan-orduak eskainiz, edozein kontutan lagunduz. Zuzendaritzan zeuden, besteak beste: Andoni Idoiaga, Serafin Basauri, Ramon Sarasua, Javier Sologaistua, Jesus Mari Iriondo, Juan Saban, Jose Moina eta Jose Mari Kruzeta. Lanaren ardura nagusia Serafin Basaurik hartuko du 1965-1972 bitartean. Bera izan zen Ikastolaren gidaritza eraman zuena eta Ikastolari lan-ordu gehien eskaini zizkiona.
Irakasleei dagokienez, Mari Tere Munduate irakasleak bakar-bakarrik egin zituen pare bat urte (zenbait hilabetez Marisa Arizaga plazentziarra ere kontratatu bazuten ere). 1963ko otsailean Marisol Aranzeta ere sartuko da. 1967an Amaia Aseginolaza sartuko da Mari Tereren ordez (familia izan nahi du eta 1974an itzuliko da ikastolara) eta handik gutxira, Margarita Murgizu, Marian Martiartu, Esther Onaindia eta Imanol Larrañaga (Marisol eta Amaiaren ordez).
Aro berria: 1970-1974
1970. urtea klabea da eta hortik aurrera ikastolaren aro berria hasiko da, zabalkunde eta hazkundearena. Haurrak gero eta gehiago, lokalak ere bai, ofizializazioa, Iturburu eraikitzeko proiektua... Erdi-klandestinitatetik ofizialtasunerako bidea.
Hasteko, 1970. urtean "Juan Antonio Mogel" izena jarri zion Ikastolari guraso elkarteak (nahiz eta izena, berez, 1975ko apirilaren 19an ofizialdu zen). Gainera, 1970. urtetik aurrera, ikasle kopurua dela eta, Zezenbideko eskola txiki geratzen da eta Eibarko hainbat tokitan hasiko da Ikastola zabaltzen, hasiera batean, batez ere, elizak lagatako lokaletan: Karmelitetan, San Andresen, Amañan, Urkin, Markeskuan... eta baita udalak lagatako lokaletan ere (Pagei kalean, Udaletxean, eta abar). Gurasoek "Inmobiliaria Cultural Eibar" sortu zuten, egoitzak erosi eta ikasgelak jarri ahal izateko.
1973ko uztailaren 23an baimena lortzen du OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra) irakaskuntza emateko.
1968tik 1974ra bitartean, ikasleak 150etik 500era igotzen dira, eta irakasleak 3-4 irakasle izatetik 16 izatera igaroko dira (horien artean, lehen aipatutakoez gain, Libe Sarasua, Kontxi Berriozabal, Juan Mari Perez, Lourdes Ardanza, eta abar).
1974ko zuzendaritza: Andoni Idoiaga (presidentea), Imanol Laspiur (ordea), Imanol Larrañaga (idazkaria), Jose Moina (diruzaina), Martin Ugarteburu, Jose Mari elkoro, Manu Cabrera, Javier Iturriagagoitia, Jose Angel Agirre eta Jaime Lejardi. Eta aipatzekoak dira garai beretsuan ere zuzendaritzan izandako beste zenbait izen, adibidez: Julen Ereñaga, Javier Zubiaurre eta Delio Olabe.
1974. urtean Iturburuko ikastetxea eraikitzeko proiektuari ekiten zaio (lanak 1976an hasi eta 1978an amaitu ziren).
Eta hortik aurrerako kontuak ezagunagoak dira.
"Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak" (Elexpuru, 2009)
Azken egunotako irakurketa. Juan Martin Elexpuru bergararrak Veleiako euskarazko grafitoen inguruan idatzitako argitalpena.
Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak
Juan Martin Elexpuru
Arabera (2009)
ISBN: 978-84-95774-22-4
150 orrialde
Durangoko Azokaren bezperan kaleratu zuen Elexpuruk hau liburuau. Iruña-Veleiaren historia eta istorioak, euskal ostraka guztien argazkiak, testuak, Lakarra eta Gorrochateguiren txostenen komentarioak, kritikak,... Orain dela 4 urte inguru ostraken berri izan genuenetik hona izan diren gorabehera guztiak azaltzen ditu bergararrak. Aztarnategiaren historia, hasierako harridura eta ilusioa, faltsukeriaren oihartzuna, batzorde teknikoaren txostenak, azken urtean argitaratu diren beste txostenak... Batez ere euskarazko grafitoen inguruan dihardu, baina beste gai batzuk ere jorratzen ditu zeharka.
Elexpuruk argi dauka ostrakak benetakoak direla (edo izan daitezkeela, behintzat) eta horren aldeko hainbat datu eta hausnarketa ematen ditu. Beharbada, horixe da gutxien gustatu zaidana. Elexpuruk datu ugari ematen du euskarazko idazkunak benetakoak direla pentsa dezagun, baina zalantzari zirrikitu txikiena ere utzi gabe. Zalantza punttu hori, argitu gabe dauden hariak... horien inguruko hausnarketa batzuk eskertuko nituzke.
Azken urteotan izandakoak gertu-gertutik jarraitu dituen irakurleak ez du datu berri-berririk aurkituko liburu honetan. Izan ere, liburuan aipatzen diren datu gehienak lehenago ere argitaratu izan dira, Elexpuruk berak edo beste hainbat tokitan (ikus, adibidez, Elexpururen bloga, Ostraka euskalduna, Veleia.org, Alava.net edo Ricardo Gomezen Delicious kontua). Veleiaren berri ez baduzu orain arte izan, ostera, liburua gustura irakurriko duzu; eta, bestela ere, liburu honek orain artekoaren laburpen ona egiten du. Betiere benekotasunaren aldetik kontatuta, jakina.
Ez ditu nire zalantza eta uste ilun guztiak argitu, baina Veleian gertatutako gorabeherak ezagutzeko argitalpen egokia da. Irudiz oso ondo hornitua, datu askorekin eta jarrialdi batean irakurtzeko modukoa.
Zalantzarako tartetxoa, behintzat.
Secundino Loidi "Panpo" hil da
Asteburu honetan hil da Secundino Loidi "Panpo", 90 urte betetzeko zala. Orain dala 10 urte inguru ezagutu neban, Eibartarren Ahotan proiektuan murgilduta gebizela. Gizon jatorra, apala eta agradablia. Eibarko Republikian inguruko informatzaile aparta. Izan be, Secundino udaletxian bertan bizi zan Errepublikia aldarrikatu zan egunian.
Secundino Loidi Eibarko udaletxian jaixo zan 1919ko uztailaren 1ian. Bere aitxa Eibarko udaletxeko konserjia zan eta hantxe zabaldu zittuan begixak Secundinok. 1920-1930 hamarkadetako Eibarko politikia zuzen-zuzenian bizi izan zeban eta gaztetatik euki izan zeban politikarako zaletasuna. Sozialista amorratua zan "Panpo".
Orain dala 10 urte inguru, Eibartarren Ahotan proiektuakin hasi giñanian (Eibarko memoria historikua eta euskeria jasotzeko proiektua) bera izan zan elkarrizketatu genduazen pertsonetako bat. Gizon agradablia eta apala, hainbat barriketaldi euki genduzen Secundinokin. Gehixenbat republikia eta politikia aittatu genduzen, baiña baitta bizikletak be, Club Ciclistako arduradun, antolatzaile, presidente eta bihargin izan zalako hainbat urtian.
Atzo jakin neban hil dana. Asko sentidu neban.
Entiarro zibila egin jakon, zelan ez.
Hamentxe berari jasotako lekukotasun bat, ahal dan moduan (eta lege oharrari jaramonik egin barik) Egoibarra.com webgunetik ekarritta. 1931ko "katorzedeabrilian" gertautakuak kontatzen dittu. Udaletxeko atiak goizian goizo eregi bihar izan zittuela eta bera izan zala bandera errepublikanua udaletxera eruan zebana (12 urte zekazen orduan). Bere albuan Salvador Marzana eta Aurora Baskaran dagoz barriketan.
Eibarko zezen-plaza zaharra
Azkenaldian erdi-lo daukat bloga. Eibarko zezen-plazaren argazki zahar bat aurkitu dudala, eta hortxe aitzakia post baterako.
Interneten gerrako irudien bila nenbilela, Eibarko zezen plazaren argazki zahar hau aurkitu dut. Ez nuen ezagutzen. Polita iruditu zait; perspektiba berria. 1910-1920 urte ingurukoa dela esango nuke. Erdi-erdian plaza. Inguruan Eibarko putetxe ezagunak (Petra eta Maria ezagunena, besteak beste). Atzerago Isasiko konbentua eta bere lur-sail handiak, irudiaren ezkerretara, Isasitik Ipuruaraino (gaur egungo Santa Ines kaleraino zabaltzen ziren).
Eibarko zezen-plaza 1903ko San Juan egunean ireki zen, Cocherito de Bilbao ezagunaren korrida batekin. Gerra ostean eraberritu eta handitu egin zen (1959. urtean) gaur egun daukagun zezen-plaza eraikitzeko. 1940-1960 hamarkadetan izen handia izan zuen zezenzale eta toreroen artean. Garaiko figura handienak etorri ziren Eibarrera: Manolete, Antoñete, Bienvenida, Curro Romero,...
Zezenen inguruko zaletasuna zaharragoa da, hala ere. Eibarko historiako lehenengo aipamena (XIII. gizaldikoa) zezenketa baten ingurukoa da (Iruren egindakoa). XIX. gizaldian ere ezagunak ziren Eibarko zezenketak, ondorengo argazki ezagun honetan ikusten den moduan. Untzaga plaza da, zezenketarako itxita, parean Untzagako dorretxe zaharra ikusten dela (gaur egun Txokoko etxeak).
Eibar 1937 pelikulan
Banekien, bai, irudi hauek existitzen zirena. Telebistan ere ikusi nituen orain dela 5-6 urte. Orain YouTuben jarri dituzte. Hementxe duzue, Eibar, 1937ko apirilean. Hau da, sutan, "liberazioaren" egunean.
Gerra zibila hasi eta gutxira, 1936ko irailean, frontea Eibarren egonkortu zen: Gipuzkoa osoa nazionalen esku geratu zen, Eibar eta Elgeta izan ezik. Sei hilabetez iraun zuen egoera horrek, 1937ko apirilean erasoak hasi arte. Apirilaren 24tik 26ra erasotu zuten Eibar eta 26an jausi zen nazionalen esku.
"Liberazioaren" unean jasotako irudiak dira ondorengoak, edo horrela dirudi. Eibar oraindik sutan ikusten da. Irudi izugarriak, orain dela 70 urtekoak izateaz gainera, gerrako gordintasuna erakusten digutelako.
Lehenengo honetan Bidebarrietan gora egiten du irudigileak. Atzeko aldean Aldatzeko jauregia eta Mekola ingurua ere somatzen dira. Errebal kalea ikusten da, erabat erreta (Bidebarrietatik ikusita). Eliza ingurua ere nabari da (eta parean zegoen Mallea jauregia).
Bigarren honetan erdikaldea ikusten da, batez ere. Eliza, Barrenkalea, Elgetakalea (jendea gora-ta-behera), Iparkalea (tuneltxoa duena), Untzaga... Zubi bat ere agertzen da, eraitsita; beharbada, Maltzagakoa.
Datu gehiago? Eskertuko nituzke!
Kalamuako parlamentua probatzen
Joan zan barixakuan EibarOrg elkarteko afarixa euki genduan. Ederto afaldu genduan, hobeto pasau, eta Kalamuako Parlamentua probatzeko be aprobetxau genduan. Bixar (martitzena) izango da aurkezpena. Itxura politta dauka.
Juan zan barixakuan afarixa euki genduan Edozer soziedadian. Josu Mendicute izan zan anfitrioia. Urtian behin eitten dogu EibarOrg elkarteko afarixa eta hantxe batu giñan 18 eibarnauta.
Beti izaten da pozgarrixa posta-zerrendako jendiakin egotia. Ixa egunero "alkartzen" gara, mezu bittartez, baina arpegixak ikustia be ez dago txarto. :-)
Ondo pasau genduan. Afarixa be ederra: pataten entsaladia, txuletia letxugiakin, mazedonia eta pastela.
Eta postre ostian Kalamuako Parlamentua probatzeko aukeria euki genduan. Urte t'erdiz lania ibili eta gero, pozgarrixa izan da jokua eskuetan hartzia.
Uste dot oso lan politta urten jakula. Itxura aldetik, eduki aldetik... Nere bildurrik haundixena zan, ia galderekin asmauko ete genduan. Joko zailegixa egin dogu? Errezegixa? Oindiok goizegi da ezer esateko, baina orain arte egindako 2-3 probetan, uste dot maila egokixa topau dogula eta jendiak ondo pasauko dabela jokatzen.
1260 galdera dagoz, danak Eibarren ingurukuak, eta 6 taldetan antolatuta (Historixia, Tokixak, Euskeria, Kulturia...). Oka estilora jokatzen da eta helburua da Eibarren inguruko galderak erantzun ahala, aurrera eittia.
Umiendako ez dau balio, baina gazte zein nagusi, edozeiñek jokatu leike Kalamuako Parlamentuakin. Jokatu eta ikasi. Horixe da jokuan helburua:
- Eibarko historixia ezagutzeko aukeria emotia, ondo pasatzen dogun bittartian
- Eta belaunaldixen arteko transmisiñuan laguntzia, aitxitxa-amamak loibak parian ipinitta (eta aukera bardiña eukiko dabe batzuk zein bestiak).
Barixakoko afarixan, behintzat, ederto pasau genduan. Hementxe erretrato bat.
Argazki gehixago Flickrren.
Euskararen geografia historikoa (Jaurlaritza, 2007)
Durangoko azokan erositako liburuak mintzagai. Hiru liburutxo erosi nituen, hirurak interesgarriak: Euskararen geografia historikoa, Burdin Aroko Herri Harresituak eta Atzoko Zegama.
Euskararen geografia historikoa
Adolfo Arejita, Ander Manterola eta Segundo Oar-Arteta (Labayru ikastegia)
Eusko Jaurlaritzak kaleratu du liburu hau, oraintsuan martxan jarri duen bilduma baten barruan, Euskara Mintzagai bilduma. Hauxe izan da lehenengo alea. Dibulgazio lanak izango dira, ez sakonegiak, kanpotarrak eta jende gaztea erakartzeko ere pentsatuak. Lehenengo ale hau gustatu zait. Arina da, koloretsua... bere helburuak betetzeko egokia. Egileen balioa ere, ezin da zalantzan jarri. Niri, neurri batean, arinegia ere iruditu zait, eta mapa gehiago edo zehatzagoak eskertuko nituzke, baina, oro har, hasiera egokia iruditu zait Euskara Mintzagai bilduma honentzat. Gainera, Jaurlaritzak PDF formatuan ere jarri du eta Interneten kontsultatu daiteke HTML formatuan. Ez da gutxi!
Burdin Aroko Herri Harresituak Gipuzkoan
Xabier Peñalver eta Sonia San Jose. 2003. Gipuzkoako Foru Aldundia
Hau ere beste bilduma batean kaleratutako liburua, Bertan Bilduman. Izugarri gustatzen zait Bertan Bilduma. Bilduma ederra, maketazio dotorea, argazki zoragarriak, testu egokiak... Bilduma hau ere erakunde publiko baten lana da (Gipuzkoako Foru Aldundia) eta sarean dago. Azken aleak PDFan jaisteko aukera dago. Zorionak, hauei ere!
Atzoko Zegama
Xabier Azurmendi Agirre. 1997. Eusko Ikaskuntza
Eusko Ikaskuntzak kaleratzen duen Lankidetzan Bildumaren 3. alea, 1997koa. Liburu sakona, informazio mordoa daukana. Etnografia eta tokiko historia gustatzen zaigunontzat, liburu ederra.
San Esteban ermita, Eibar
San Esteban ermittia herri erdi-erdixan zeguan. Halan da be, Eibarren egon diran ermitta guztien artian, hauxe izango da ezezagunenetakua. Normala, orain dala 110 urte inguru desagertu zan-eta.
Beste irudi zahar bat. Orainguan, grabaua. 1846. urtian Julio Lamblak Revista pintoresca de las Provincias Bascongadas libururako egindakua.
Errebaleko zubixa eta Barrenkalia ikusten dira. Ezkerretara San Esteban ermittia.
Ermittia 1618. urtian eraiki zeban Esteban Ibarrak, Eibarko alkate eta beste hainbat kargudun gizona.
Inguru hori ziharo aldatu da eta gaur egun ez da erreza kokatzia. San Esteban ermittia dagon tokixan, gaur egun, Lizarraldeneko garajia dago (laster Forum), Julian Etxeberria kalian. Julian Etxeberria kale azpixan errekia dago, eta gaurko paso de cebra gaiñian, sasoi batian, Errebaleko zubixa (irudixan agertzen dana).
San Esteban ermittia 1898. urtian bota zan, inguru guztia barriztu zanian (merkatua eitteko eta pareko plazia). Hementxe, inguru berbera, 1920 inguruan. Ezkerretara (ez da ikusten), Ego erreka gaiñian jasotako merkatu plazia. Erdi-erdixan Zuloagatarren plazia. Eskumatara, Ariatzako parketxua; oindiok eskumarago (ez da ikusten), errekia, Indianoko palaziua eta Aldapatxo.
Grabauan jatorrixa: XIX. mendea albuma. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Untzaga, 1910
Untzaga plaza, Eibarren. XIX. gizaldira arte herritik kanpo zegoen, baina 1901eko berrantolaketarekin herriaren bihotz bihurtu zen.
1910-1915 inguruko irudixa da. Ezkerretara udaletxe jaso barrixa (XX. gizaldi hasieran jaso zan). Erdi-erdixan "Pabellón Alfonso XIII" edo Pospolo kajia, Eibarko zine zaharra. Izatez arotzerixia zan eta 1927. urte inguruan erre egin zan. Toki horretan "Gautxoriko etxiak" eraiki ziran errepublika sasoian.
Gaur egun Untzaga izenakin plazia bakarrik ezagutzen dogu. Plazia egin arte, Isasittik Parrokixara arteko ortu eta zelai guztiak ziran Untzaga. Calbetoi kalia be, Untzaga kalia izan zan 1916-1917 ingurura arte.
Plaziak, ostera, beste hainbat izen euki zittuan: Plaza Alfonso XIII, Plaza de la Republika eta Plaza 18 de julio.
Franco hil ostian ipini zetsen gaur egungo izena, Untzaga plaza.


