Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik familia

Eibartik

familia

Endogamia

Nire aurrekoen nondik norakoak aztertzen ibili naiz egunotan, azken 300 urteotako nire arbasoen zerrenda esku artean hartuta. Ia-ia guztiek Eibartik 10-20 kilometrora zeukaten jaiotetxea. Eta ezin esan nire kasua salbuespen handiegia denik: gutxi mugitu izan gara euskaldunak historian zehar, oro har.

Nik badaukat osaba bat genealogia kontuak izugarri gustatzen zaizkiona. Ez lerro genealogiko hutsak bakarrik; hori baino gehiago, gure aurrekoak nondik datozen jakitea, baserriak, herriak, garai hartako bizimodua...

Osaba Joxeri esker, gure aurreko gehienen ibilerak ezagutzen ditugu familian. Tira, "ibilerak" diot, modu metaforikoan... ibili ibili gutxi ibiltzen baitziren gure aurrekoak. Elkano eta Lope de Agirreren abenturak ezagutzen ditugu, han eta hemen ibili ziren Xabierko Frantzisko eta Loiolako Inazio. Baina euskaldun gehien-gehienak ez ziren larregi mugitzen euren baserri eta jaiotetxetik. Orain dela 40-50 urtera arte, kasu askotan eta askotan, euskaldunak pareko baserritarrarekin ezkondu izan dira.

Nire senideen kasuan, esate baterako, lerro hauek idazten ari naizen etxetik 20 kilometrora bitartean jaio ziren gehienak; 40 kilometrora "kanpotarrena". Gurasoak, biak, eibartarrak izan ditut eta aitxitxa-amamen artean ere, 4tik 3 eibartarrak. Atzeraka egiten badut ere, ez daukat Eibartik larregi urrundu beharrik:

  • Aitxitxa Antonio Sarasua Gisasola eibartar petoa zen. Gurasoak eibartarrak, aitxitxa-amama guztiak ere bai, eta aurrerakoak ere eibartarrak edo alboherrietakoak (Elgoibar, Elgeta, Markina eta Soraluze, asko jota). Lerro honetako abizenak, hortaz, Eibarkoak dira edo Eibarren oso ezagun eta aspaldikoak: Gisasola, Abanzabalegi, Iñarrairaegi, Arizaga,... Bergara, Agirrebeña, Guruzeta, Loiola... Saratsu baserria bera ere ez dago oso aparte, Elgoibarko mugan.
  • Aitxitxa Koldo Aranberri Mallabiabarrenaren odola ere ezin esan oso urrunekoa zenik. Bere aita (eta aurreko senide guztiak) Elgoibar-Azkoitia bitartekoak ziren (eta hor azaltzen dira Juaristi, Alberdi, Muguruza, Iriondo...) eta ama Mallabikoa (eta hor, Mallabiabarrena, Zengotitabengoa...).
  • Amama Aurorita Mendizabal Leteren arbasoak, abizenek adierazten duten moduan, debagoiendarrak izan ziren. Aita bergararra; ama antzuolarra. Abizenak ikusita, ez dago duda handirik: Mendizabal, Antzuola, Narbaiza, Lete, Iribekanpos, Mujika... Familiaren adar txiki bat azkoitiarra zuen, eta hortxe azaltzen zaizkit, berriz ere, Alberdi, Larrañaga, Etxaniz,...
  • Salbuespen bakarra amona Jexuxa Areizaga Toledo izan zen. Zarautzen jaioa, aita ere bertakoa zuen. Baina bere ama ere hemen ingurukoa zen, Toledo-Garitano antzuolarra.


Hau da, azken 300 urteak hartu eta nire arbaso ezagun guztien zerrenda aztertuta (60 inguru), birraitona Luis zarauztarra izan ezik (eta ezin esan oso-oso urrunekoa zenik), beste guzti-guztiak Azkoititik Mallabira eta Markinatik Antzuolara bitartean jaio, bizi, ezkondu, ugaldu eta hil ziren. Erdi-erdian Eibar dagoelarik. Hori bai mundua ezagutzea!

Nahi baduzu, hementxe duzu jolas polita: Ahotsak.com webgunera sartu, eta begiratu ea nongoak diren Arantzeta gehienak; edo Etxaniztarrak; edo Etxabetarrak; edo Larrañagatarrak; edo Abarrategitarrak; edo...

Eskerrak nire seme-alabek odolaren erdia, behintzat, zeozertxo garbitu duten ;-)

Asier Sarasua 2011/01/13

Maritxu Aranberri, gure lehengusina, argentinar euskaldunen bideoan

Aste honetan sarean ibili den gaietako bat: Argentinako euskaldunen inguruko bideo dokumentala. Eta horixe ikusten, gure senide bat aurkitu dut dokumentalean: Maritxu Aranberri, gerra ostean Eibartik Argentinara joan eta 98 urterekin aurten hil den lehengusina.

Aste honetan han eta hemen ikusi dugu albistea, tartean Sustatun. Nuria Villalta gazte nafarrak urtebete inguru igaro du Argentinan eta bertako euskal komunitatearen inguruko dokumentala egin nahi du. Informazio gehiago Gaur8 aldizkarian. Hantxe kontatzen da dokumentalaren istorioa eta nola sareratu den dokumentalaren aurrerapena Vimeon (besteak beste, diru-iturriak lortzeko).

Eta bideo hori ikusten ari nintzela, hantxe, bideoa hasi eta segundu gutxira (45. segundu inguruan), aurpegi ezagun bat Buenos Airestik eibartarrez hitz egiten: Maritxu Aranberri.

Nire amaren familia izugarri handia da. Aitxitxa-eta 18 anai-arreba ziren eta amak dozenaka lehengusu-lehengusina ditu munduan zehar. Gainera, aitxitxak horrenbeste anai-arreba izanda, adinean ere alde handia izan zuten euren artean eta nire amaren lehengusu asko 30-40 urte nagusiagoak ziren. Lehengusu dexente ez ditut sekula ikusi ere egin.

Horien artekoa zen Maritxu Aranberri, nire amaren lehengusina bat. Koldo Ormaetxea gudari-komandantearekin ezkonduta, gerran alde egin behar izan zuten eta 1940. urte inguruan Buenos Airesera heldu ziren. Hantxe bizi izan da harrezkero, 70 urtez, 4 seme-alaba, 13 iloba eta beste hainbat birbilobarekin batera. Baina sekula ez zituen ahaztu ez Eibar, ez bere familia eibartarra, ezta Eibarko euskara ere. Orain hilabete hil zen, Arrate egunean bertan, nola ez.

Uste dut Maritxu behin bakarrik ikusi nuela, orain dela 20 urte inguru egindako bisitaldi batean, baina beti izan dut gertuko. Aitxitxa-amamei lehenengo eta ama-osabei gero, askotan entzun dizkiet Maritxuren istorioak. Batez ere, bere jatortasuna, zelako maitagarria zen, eta zein harro zegoen euskalduna eta eibartarra izateaz. Azken egunera arte jarraitu du horrela.

Bideoaren aurrerapen honetan 5 berba besterik ez dizkiogu entzun, baina zain nago ea Nuriak noiz bukatzen duen dokumentala. Berriro ere Maritxu gure artean sentitzeko.

Guk, documental from GUK on Vimeo.

Asier Sarasua 2010/10/10

Margola, 1924

1924ko aldizkari zahar batzuetan altxor txiki bat topau dot. Nere aitxitxak (eta anaiak) sortutako Margola tintorerixian iragarki bat. 1924. urtekua.

Nere aitxitxa, Luis Aranberri, "Margola" gatxizenakin ezagutu izan da Eibarren. Izen bereko tintorerixia euki zebalako. 

Bere anai batek 1920. urte inguruan sortu zeban eta urte batzuk geruago nere aitxitxak hartu zeban tintorerixian arduria. Aitxitxa, aitta, ama,... tintorerixara lotuta dagoz nere barruan. Hango PER usaina, labadoratzarrak, erropa-multzuak, furgonetak... Aitxitxa bere buleguan, aitxa eta ni domeka goixetan erropia sailkatzen, eta ama alargunduta jo-ta-sua biharrian. Nere gaztaroko oroitzapen mordua PER usain horri lotuta dagoz.

Aste honetan, 1924ko aldizkari zahar baten, Margolako iragarki bat topau dot. Politta. Margolako logo zaharra, diabrua. Eta tintorerixako lanik arruntenak zerrendatzen dittu: "Limpieza en seco y tinte en todos colores. Negro permanente para luto y luto especial en doce horas". Izan be, antxiñako tintorerixetako lanik inportantienetakua ez zalako arropak garbittu eta plantxatzia, tintatzia baizik (askotan, lutorako).

Margola, 1924

 Francon diktadura-sasoian, diabrua berde-gorrittu egin zeban aitxitxak.

 

Asier Sarasua 2010/03/14

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

 

 

 

 

----------
 
 
Azken erantzunak
txu Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia, 2012/01/22
. @argazkilaritza, 2011/12/07
Enbidixia Amatiño, 2011/12/07
Itxaro Borda asier, 2011/12/06
baten bat ahaztu maider, 2011/12/05
Etiketa lainoa
Animaliak Argazkiak Argitalpenak Artxiboa Athletic Aurkezpenak Badihardugu Berbarik berba Bertsolaritza Birziklatzea CC Danetik pixkat Danetik_pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar EibarOrg Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskara Hegaztiak Herri-hizkerak Historia Igerilekua Internet Kantagintza Kirola Kultura Musika Natura Toponimia Txori izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aldundia aranberri argazkiak argazkilaritza argentina argitalpenak armagintza aurkezpenak azoka badihardugu barcelona baserria berbarik berba berbarik-berba bidaiak bideoak birziklapena blogak catala catalunya cde danetik pixkat danetik-pixkat danetik_pixkat dantza deporra durango eibar eibarko euskara eibarko museoa eibarko-euskara eibarko_euskara eibartarrak eibartarren-ahotan ekitaldiak emakumeak errebal errepideak errepublika etnografia euskal-jaia euskalherria euskalkiak euskaltzaindia euskara familia flickr futbola gasteiz gaztainerre genealogia gerra girona gizartea hartza haurrak hegaztiak herri-hizkerak historia hitanoa hizkuntzak hiztegi-batua hiztegia hiztegiak igartubeiti igerilekua ikastaroak ikastola ikuskizunak internet ipuinak ipurua irakurketa jaiak jaialdiak jardunaldiak katalunia kirola kritikak kultura lanak lea-artibai lekuak liburuak literatura literaturak mallorca margola marraskiloak memoria mendia mogel moluska musika natura ohiturak ondarea oporrak pelikulak pintxoak pirinioak politika purrustadak sagardoa sakoneta salburua sarasua sarea senideak soziolinguistika tekniker teknkologia telebista toponimia trinkoa turismoa twitter txoriak udala unibertsoa veleia zarautz zientzia ztiak