Eibartik
errebal
El centro del Bajo Deba
Errebaleko obrak geldirik daude oraindik. Udalak jarraitzen du esaten "berehala" hasiko direla eta, hasi bitartean, barandila berriak ipini dituzte eta iragarki zirraragarri eta erakargarriak: "Errebal Center: El centro del Bajo Deba". Izena ingelesez. Informazio guztia gaztelaniaz. Eskualdearen izena ez ofiziala. Ederto!
Ikaragarria da zein "ondo" ari den gestionatzen Errebaleko kontua udala. Txapuzaz txapuza dabil, eta segi aurrera. Hasierako proiektua, ondorengo sekretismoa, lurra pribatizatzea, inguruko auzotarrak kontra jartzea, lanak geldirik izatea hainbat hilabetez, lehengo merkatu plazako saltzaileen egoera penagarria, baserritarrei jarri zaien azpiegitura txapuzeroa...
Alderdi publikoa eta urbanistikoa ez ditut aipatuko kasu honetan. Horretarako badaude Errebalekoak. Hizkuntzaz bota nahi ditut hiru purrustada, aste honetan bertan jarri dituzten kartel ederrak gogoan hartuta:
- Zergatik eta zertarako ingelesezko izena? Zergatik Errebal Center? Zergatik ez euskal izena, edo errazago, lekuaren izena, Errebal hutsa? Modernoak gara Eibarren. Hori izango da.
- Hesi berrietan 15 kartel jarri dituzte. %100 gaztelaniaz. Onartezina.
- Eta gainera, merkatalgune berriaren leloa ere okerra eta eskualde honen benetako izena aintzat hartzen ez duena: "El centro del Bajo Deba". Gure eskualde honetako udaletxe guztiek aho batez onartu zuten duela mordoa (ondoren, Euskaltzaindiaren oniritziarekin), eskualde honen izena Debabarrena dela, euskaraz zein erdaraz, eta horixe bakarrik erabili behar dugula guztiok. Ez dagoela gaur egun ez Bajo Debarik, ez Alto Debarik, ez Deba Behea edo Deba Beherea bezalako enjendrorik.

San Esteban ermita, Eibar
San Esteban ermittia herri erdi-erdixan zeguan. Halan da be, Eibarren egon diran ermitta guztien artian, hauxe izango da ezezagunenetakua. Normala, orain dala 110 urte inguru desagertu zan-eta.
Beste irudi zahar bat. Orainguan, grabaua. 1846. urtian Julio Lamblak Revista pintoresca de las Provincias Bascongadas libururako egindakua.
Errebaleko zubixa eta Barrenkalia ikusten dira. Ezkerretara San Esteban ermittia.
Ermittia 1618. urtian eraiki zeban Esteban Ibarrak, Eibarko alkate eta beste hainbat kargudun gizona.
Inguru hori ziharo aldatu da eta gaur egun ez da erreza kokatzia. San Esteban ermittia dagon tokixan, gaur egun, Lizarraldeneko garajia dago (laster Forum), Julian Etxeberria kalian. Julian Etxeberria kale azpixan errekia dago, eta gaurko paso de cebra gaiñian, sasoi batian, Errebaleko zubixa (irudixan agertzen dana).
San Esteban ermittia 1898. urtian bota zan, inguru guztia barriztu zanian (merkatua eitteko eta pareko plazia). Hementxe, inguru berbera, 1920 inguruan. Ezkerretara (ez da ikusten), Ego erreka gaiñian jasotako merkatu plazia. Erdi-erdixan Zuloagatarren plazia. Eskumatara, Ariatzako parketxua; oindiok eskumarago (ez da ikusten), errekia, Indianoko palaziua eta Aldapatxo.
Grabauan jatorrixa: XIX. mendea albuma. (Gipuzkoako Foru Aldundia)
