Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik eibartarrak

Eibartik

eibartarrak

Serafinen omenaldiko bideoa

Aurrekoan argazkiak kaleratu genituen. Gaurkoan bideoa. Hauxe da Serafin Basauriri egin genion omenaldian ateratako bideoa.

Hauxe da abenduaren 20ko omenaldian ateratako bideoa. 24 minutu dira, GoogleVideo zerbitzura igotakoa.

 

Aurreko asteotan ere aipatu dugu kontu hau:

 

Asier Sarasua 2009/01/04

Serafinen omenaldiko argazkixak

Juan zan asteburuan omenaldi berua eskeini zetsan Eibarko herrixak Serafini. Ekitaldi txikixa baiña politta. Uste dot danak ondo urten zebala. Omenaldixan ataratako argazkixak sareratu doguz.

Aurreko astietan iragarri genduan moduan, abenduaren 20an omenaldixa egin gentsan Serafin Basauriri. Eibarko Arrate Hotelian alkartu giñan 110 lagundik gora, Serafini eskerrak emoteko eta besarkada bana emoteko.

Leirek aittatu dittu ekitaldixan inguruko kontuak, eta Ibanek aittatu zeban lehenago Serafin zenbat maitte dogun guztiok. Wikipedian be gehittu dogu Serafinen biografixa laburra (ia guztion artian borobiltzen dogun). Euskal Herriko Ahotsak proiekturako be egin gentsazen elkarrizketa batzuk (hor be, ia laster ipintzen doguzen entzutzeko moduan).

Nere aldetik, berba gitxi, ekitaldixan moduan. Erretrato batzuk, hori bai. Hamentxe bat, eta beste guztiak Flickerren (zeinek lagunduko desta izen-abizenak ipintzen? :-) ).

2008-12-20_serafin_048
Asier Sarasua 2008/12/30

Pedro Arrizabalaga "Zozua" hil da

Barixakuan hil zan Pedro Arrizabalaga "Zozua" ezaguna. 100 urtekin hil da, 101 eitteko hilabete eskas falta jakola. Orain dala gitxira arte, kalian zebillen egunero, umoretsu eta indartsu.

Eibartarra, eskopetagin ezaguna, bertsozalia eta ehiztari amorratua... gizon apala, bihargiña, eta umoretsua. 1906ko uztaillan jaixo zan Estaziño kalian, eta Albistegiñian eta Ugartetxeanian lanbidia ikasten jardun ostian, bere izeneko eskopeta-fabrikia sortu zeban, oindiok be eskopeta fiñak eitten dittuan "Pedro Arrizabalaga" fabrikia.

Guk 2001. urtian elkarrizketatu genduan Eibartarren Ahotan proiekturako. Ordurako 95 urte zekazen, baina buruz oso ondo zeguan, eta makiña bat ipoiñ kontau zeskuzen. Hori bai, eguardixa heldu zanian, 12ak puntuan, jaiki eta alde egin zeban, txikiteua zekan-eta.

Zozuari jasotako hainbat pasarte eta berba Eibarko Hiztegi Etnografikoa libururako erabili nittuan, eta Eibarko euskararen ikastunitatea izeneko bideoan be agertu ziran 2-3 pasarte txiki.

Berari egindako elkarrizketian zati batzuk Eibartarren Ahotan webgunian topau leike, eta bere omenez, hementxe pasarte bat.

Oharra: barixakuan bertan jaixo zan Ekhi Martinez Sarasua, Zozuan senide eitten dana (edo senidien senide, behintzat), eta baitta nere loibia izango dana. Pedro bezain indartsu heldu deilla 100 urte betetzera.

Asier Sarasua 2007/05/28

Eibarko Kontsejua Erdi Arorako bidean

Gehixenetan gaur egungo kontuak ekartzen dittut blog honetara, baina oinguan Eibarko historixara egin dot salto, Eibarko herrixa sortu zan sasoira, eta gehixenbat hurrengo 150 urtietara, XIV-XV. gizaldixetara.

Euskal filologia ikasten niharduala, orain dala 3-4 urte, "Euskal Herriko historia" ikasgaixa hartu neban, eta XV. gizaldixan inguruko lan bat egin bihar izan neban. Lan xumia da, ez oso sakona, baina Interneten zaila danez jakitzia zeiñek zer billauko ete daben, sarian ipintzia pentsau dot, bateron batendako baliagarrixa izan leikialakuan. Atal barri honetan ipini dot materixala.

XIV-XV. gizaldiko historixak, burrukak, familixa ezagunak (Urkizu, Isasi, Untzueta, Mallea...), errebal barrixak (Untzaga eta Ibarra), basarrittarrak eta kaletarrak. Holako kontuak.

Hamentxe sarrerako lerro batzuk:

Eibarko Leinu Agintariak Erdi Arotik Aro Modernorako jauzian: Ahaide Nagusien Sasoitik Burgesiaren Arora

Eibar 1346an jaio zen. Jatorriz herri txikia eta garrantzi gutxikoa izan arren, XV. mende amaierarako indartzen hasia zen (demografikoki eta ekonomikoki), eta Aro Modernorako sarrera ezin hobea izan zuen herriak.

Mende eta erdiko epe horretan, gainera, herria handitu eta indartzearekin batera, botere aldaketa nabarmena ere gertatu zen: udal kontsejuaren indarra handitu ahala, ahaide nagusien boterea ahuldu egingo da. Ordura arte nagusi ziren Untzuetatarrek indarra galdu, eta euren lekuan Ibarra, Isasi, Orbea eta beste sendi "berri" burges batzuk nagusituko dira.

Lan honetan aldaketa hori aztertzen ahalegindu naiz. Eibarko kasua aztertuz, Erdi Arotik Aro Modernorako jauzi hori nola eta zergatik gertatu zen ikusiko dugu. Herria sortzean ahaide nagusiak, Untzuetatarrak, dira nagusi, Erdi Aroko egitura sozio-politikoetan sustraitutako sendia, lurretik eta baserri mundutik oso hurrean daudenak. Kontsejuak eta hiribilduak, bitartean, oso indar txikia du. 150 urteko epe laburrean, baina, egoera hori irauli egingo da, noblezia herritar eta burges berria agertzearekin batera kontsejua izugarri indartuko delako, Erdi Aroko botere izan diren ahaide nagusiak alboratuz.

Jaitsi lana PDF formatuan: Eibarko Leinu Agintariak Erdi Arotik Aro Modernorako jauzian (PDF, 970 Kb)


Asier Sarasua 2006/11/13

Puritito.com

Aspaldi desagertu ziran perratzaille eta errementari gehixenak Eibartik, baina gaur egun be gelditzen dira gitxi batzuk. Esate baterako, "Erdi", nere koñatua.

Aitta eta aittitta errementari izan ziran Guadalajaran, eta Erdik bide bardiñari ekin detsa Eibarren, nahiz eta birziklauta.

Orain dala aste batzuk dendia zabaldu zeban Bista Eder kalian, eta azken egunotan webgunia be kaleratu dau, polit-politta.

Ez dozue ezagutzen? Hementxe:
Puritito.com

Oso gauza polittak eitten dittu, neurrira eta zure gustora: komunak, eskillarak, eskulturak, lanparak.

Aupa Erdi!

Puritito.Erdi
Bista eder, 8
20600 EIBAR (Gipuzkoa)
943 208 984 / 656 794 625

Asier Sarasua 2006/09/20

Fernando Muniozgureni omenaldixa

Uste dot Fernandokin biharrian jardun dozuen guztiok jakingo dozuela zer dan eskumako irudixa. Holaxen gogoratzen dot beti Fernandon agendia: ideaz jositta, eta papertxo horiz gaiñezka; rotuladore baltzaz eta bere letra txikixaz betetako ehundaka post-it hori. Batari deittu biharra, bestiari esan, hirugarrenari galdetu, laugarrena konbenzidu...

Fernando ez zan geldirik egotekua, ezagun da. Beti zekan proiektu barriren bat prest. Baiña hori ez da zailena. Proiektuak aurrera etaratzeko bihar dan indarra, pazientzia eta gaittasuna be bazekazen.

Badihardugu euskera elkartia be holaxen sortu zeban. Gaur egun elkarte hori badaukagu, neurri haundi-haundi baten berari eskerrak izan zan. Berak alkartu ginttuan hainbat herrittako lagunak, ideia, izakera, ikasketa eta asmo desberdiñeko lagunak. Eta alkartu ez eze, biharrian be ipini ginttuan danok; horretan maixu zan-eta, dudarik ez.

Beste batzuk zailtasunak eta trabak ikusten dittuen tokixan, Fernandok helmugia besterik ez zeban ikusten. Pasauko zan trabian gaiñetik, edo bestela azpittik, edo izan leike aldamenetik, baina helduko zan helmugara. Ez oso modu formalian, biharbada, baina helduko zan. Eta horixe eskertu izan detsat beti nik.

Fernandon papel horitxuetan hainbat berba "fetitxe" be ikusten dittut: sinergia, euskara afektiboa, elementu biderkatzailliak, "laissez faire"... Eta eragille. Fernando bai zala eragillia. Azken 15-20 urtiotan gure inguruan gertau diran gauza asko, zelan ez, desbardiñak izango ziran Fernandorik barik, eta seguru nago, datozen 15-20 urtiotan danon artian gauzatuko doguzen proiektuetan be, hantxe egongo da dala Fernando bultzaka, bizkarrian igarriko dogula beran akulua.

Fernando askotan hasarretzen zan nerekin ez netsalako hika berba eitten. "Eidak hika gizoná! Nik erantzutzen netsan, nere aittittak esaten zestala nausixeri zuka ein bihar jakuela. Beran hippy zer horri ez zetsan grazia larregirik eitten, baina barre eitten zeban. Hi Fernandó! Lasai egoari, jarraittuko juagu biharrian!

----------------

*Juan zan zapatuan, hilak 15, omenaldi politta egin jakon Fernandori Txantxazelaixan. Berak eskatu zeban moduan, goxua, apala, eta ahal zan neurrixan alaia. Berba batzuk esateko eskatu zesten, eta gitxi gorabehera, goiko hori da esandakua.

Argazkixak Luistxok.

..eta kittok ale berezixa etara zeban bezperan: Agur barkuko kapitanari

Eta kronika labur bat Berrian.

Asier Sarasua 2006/07/17

Viaje por el país de los recuerdos

Viaje por el pais de los recuerdos, portada Joan zen ostiralean (ekainak 17) aurkeztu zen prentsaurrean Toribio Etxebarria Ibarbiaren Viaje por el pais de los recuerdos liburuaren 3. argitalpena. Berrargitalpena izanik, ez da jendeaurreko ekitaldi handirik egin; prentsari deitu, liburu bana eman, galdera batzuk erantzun, eta kitto.

Viajeren lehelengo argitalpena 1968an izan zen, 500 ale. 1990an Kutxak bigarren edizioa kaleratu zuen, beste 1000 ale. Itxuraz nahikoa ez, eta liburua aspaldi zegoen agortuta, eta Eibarko udalak berriro argitaratzea pentsatu du. Aurten beste 1000 ale kaleratu dira.

Liburu garrantzitsua da eibartarrondako, garai bateko Eibar irudikatzen digun liburu zoragarria. Nik aspaldi irakurri nuen lehen aldiz, 20 urte inguru izango nituen. Liburu honetan aurkitu nuen Toribio Etxebarriaren figura (lehenago ere ezagutzen nuen bere lana Lexikoitik), eta liburu honetan aurkitu nuen nire aitxitxa-amamen Eibar, gerra aurreko Eibar ireki, liberal, bizi eta aberatsa.

Orain dela hile batzuk Eibarko udaletik deitu zidaten, ea Viaje por el país de los recuerdos liburuaren 3. edizio honi hitzaurrea egingo ote nion. Lehendik gauza gutxi egiteko, eta beste bat zorrora; ezetz esatekotan egon nitzen. Baina zelan ezetz esan horrelako zerbaiti?

Toribio 1887an jaio zen eta 1936an joan behar izan zen Eibartik, gerra hasi eta berehala. Viaje por el país de los recuerdos liburuan sasoi hori marrazten digu idazleak. Gazte denborako Eibar gogoratuz, sasoi horretako argazkia damaigu Toribiok, gatz eta piperrez betea, Eibarrek izan zituen urte zalapartatsu haietako bizipenak, pasarteak, pertsonaiak eta ohiturak zorroztasun handiz marraztuz. Gerra aurreko Eibarko gizartearen eta eguneroko biziaren argazki ezin zehatzagoa eskaini zigun Etxebarriak.

Liburua 1968an kaleratu zuen arren, Viaje askoz lehenago idatzitako lana da, 1949an, eta 1956an gainbegiratua. Hasiera batean, denborapasa gisa osatu zuen lan hori, bere ustez ez zuelako argitaratzeko hainako garrantzirik:

¿Valía la pena ocuparse en recordar estos particularismos que sólo pueden importar a la familia, estas cosas locales que se refieren a un pequeño pueblo perdido en un rincón distante de la tierra, estas nimiedades que a lo sumo gustarán una docena de amigos, que cada año que pasa son menos?

Eskuizkribuak lagun eta senideen artean banatu zituen, eta beraien harrera ona ikusita, 8o urte bete ostean erabaki zuen argitaratzea, 1967ko hondarrean. Ez zuen izan astirik liburua kalean ikusteko: esku artean duzun lan eder hau 1968ko urrian argitaratu zen Mexikon, egilea hil eta lau hilabetera.

Liburuaren helburua, egileak dioskun moduan, xumea da oso, baina ez nolanahikoa: berak ezagututako Eibar nolakoa zen bere bilobei erakustea. Eibarko historiaren sasoi hori ezagutu eta ulertu nahi duenak liburu honetan aurkituko du horretarako altxor agortezina. Zoragarri azaltzen dizkigu, zehaztasun osoz, Eibarrek eta eibartarrek 1890-1936 bitartean bizi izan zituzten gertaera nagusiak, herriko giroa, zein garai hartako pertsonai ezagunenak. Politika eta gizartea, kultura eta kirola, jaiak eta atsekabeak. Eibarko gizartearen eta bizimoduaren irudi zorrotz eta zehatza da. Gertaera solteen bilduma osatu baino, historia lokala egiten du Etxebarriak.

Lexicón del euskera dialectal de Eibar liburuarekin batera, hauxe da, nire ustez, egilearen lanik borobilena. Eibartarra baldin bazara, irakurri; eta ez bazara ere bai, zer karajo. Liburu honen orrialdeetan aurkituko duzu garai bateko Eibarren arnasa, eta bidez batez, Eibarrek izan duen izenik handienetarikoa ezagutzeko aukera ere izango duzu: Toribio naturazale eta irakurzalea, idazle eta pentsalaria, hutsetik hasi eta goi mailako kultura-maila lortu zuen autodidakta, Arratetikuen euskeria jaso eta maite izan zuen euskaltzalea.

Liburuaren hitzaurrea eta Toribio Etxebarriaren zerrenda bibliografikoa PDF formatuan zintzilikatu ditu Ego Ibarra batzordeak. Beheko helbide honetan ere jarri ditut. Hementxe:


Asier Sarasua 2005/06/21

Juan San Martin. Informazio mordoa eta grabazioa

Juan San Martin, Eibar 1922Orain dela astebete inguru hil zen Juan San Martin "Juanito" eibartarra. Juxtu-juxtu Eibarko herriko seme kutun izendatu behar zutenean. Merezi zuen, bai horixe.

Eibarko udalaren Egoibarra webgunean izendapen horren inguruko informazio mordoa zeukaten, Juan San Martin izeneko atalean.

Orain, atala berrantolatu, eta audio-fitxategi batzuk ere gehitu dizkiote. Pello Zabaletak 1998an Euskadi Irratian egindako elkarrizketaren pasarte batzuk entzuteko aukera dugu.

Grabazio hori Eibarko udal artxiboko ahozko bilduman dago, hainbat eibartarri egindako beste grabazio batzuekin batera, eta transkribapena zein digitalizazioa Eibartarren Ahotan proiektu barruan egin dira.

Juan San Martini elkarrizketa

Oharra: azken orduko berrien arabera, urrian egingo da Juan San Martin herriko seme kutun izendatzeko ekitaldia.

Asier Sarasua 2005/06/09

Juan San Martin hil da

Juan San MartinJuan San Martin hil da. Juan San Martin (Eibar, 1922), euskaltzaina, euskaltzalea, arartekoa, idazlea, artean aditua, itzultzailea, poeta... eta beste milaka gauza. Euskal kulturak eman duen izen handienetako bat, bai berak egindako lanengatik, bai sustatutako guztiengatik.

Milaka sari eta omenaldi jasotakoa, datorren ostiralean jaso behar zuen falta zitzaion bakarrenetako: "Eibarko herriko seme kutun" izendatzea.

Pleno berezia berdin egingo da datorren ostiralean, baina oraindik erabakitzeke dago plenoaren inguruko ospakizun eta ekitaldiekin zer egingo den.

Juan San Martinen inguruko informazio gehiago, Eibarko udaleko Ego Ibarra batzordeak bere webgunean jarritako atalean: Juan San Martin

Asier Sarasua 2005/05/30

Toribio Etxebarria

Toribio EtxebarriaGaur apirilak 18. Efemeride ugari dituen eguna. Besteak beste, 1968an Toribio Etxebarria idazle eibartarra hil zen Caracasen.

Eta bueno, urtebete beranduago, 1969ko apirilaren 18an ni neu jaio nintzen. Nire eguna da gaur, beraz, eta nire eguneko opari moduan-edo, hementxe, Toribioren biografia labur bat.

Uda aurretik kaleratuko da Viaje por el pais de los recuerdos liburuaren hirugarren edizioa, eta argitalpen horretarako sarrera bat eskatu zidaten: idazlearen biografia, pentsakera, bere idazlanen laburpena...

Ahal dudana egin dut. Beharbada sakonegi ez, alderdi literariotik begiratuta kaskarra, baina maitasun osoz egindakoa, hori seguru, San Toribiok hori eta gehiago merezi du eta.

Ez da asko, baina hor egongo da, liburu horretan, eta hemen ere bai. Oraindik PDF formatuan. Testura pasatzea ere espero dut. Astirik?

Hemen dago:
Toribio Etxebarria

(oh.: ez dut nahita egin, baina hauxe da blog honen 100. mezua; eta 100. mezu hau ere Toribiori eskaintzen diot, eta batez ere berak egindako lan handiari, zelan ez)

Asier Sarasua 2005/04/18

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 - Gure argazkiak Flickerren -

Argazkiak Asier Sarasua Aranberri Asier Sarasua argazkiak

 

Azken erantzunak
Benito Lertxundi Amatiño, 2010/02/09
Bonbila Ekaitz Santazilia, 2010/02/07
Engrasea ramon, 2010/01/30
Corpusetan arakatzen asoer, 2010/01/17
Etiketa lainoa
Ahotsak Aldundia Argitalpenak Artxiboa Aurkezpenak Berbarik berba Bertsolaritza CC Danetik pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskaltzaindia Euskara Herri-hizkerak Historia Internet Kantagintza Kultura Liburuak Literatura Musika Natura Toponimia Txori izenak Txori-izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak berbarik berba birziklapena eibar eibartarrak eibartarren-ahotan errebal errepideak euskara historia hiztegia ipuinak kultura lanak natura udala veleia