Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik eibar

Eibartik

eibar

Gaztainerre

Gaur gaztainerre Eibarren eta inguruko herrixetan. Arimen Egun osteko 2. astelehenian ospatzen da urtero. Aurten be ospatu dogu, lagunartian eta umiekin batera. Urteroko ohittura zaharrak ezin dirala galdu!

Ikastolatik kantuan etorri jakuz seme-alabak. Ikastetxietan gaztaiñak banatzen dittue eta Eibarko ikasliak honek bertsuoak kantatzen dittue tripia betetzen daben bittartian:

Antzinatikan datorkigu ta
gorde dezagun ohitura
zenbaiten ustez ez izan arren
hau ere bada kultura.
etenik gabe heldu zaigunez
orain jarraitzea gura,
ondorengoei erakutsirik
har dezatela ardura
urtero behintzat elkar gaitezen
gaztain errien kontura.

Aspaldi-aspaldiko kontua da Gaztaiñerre eguna ospatzia Eibarren, Soraluzen eta Ermuan. Lagunarteko afari-meriendia eginda ospatzen da. Plater nagusixa marraskilluak izaten dira, askotan berakatz-zopia be bai. Eta postria gaztaiña erriak, jakiña. Aurten ez dogu izan astirik marraskiluak egitteko (hamentxe iazkua, errezeta eta guzti), baina afari-merienda ederra egin dogu, berakatz-zopa, txistorra eta gaztaiñekin.

Jatorriz hilddakuen aldeko hondra-jana zan eta horretxegaittik lotzen da Domu Santu egunakin. Ez dauka, baina, egun zehatzik: Arimen Egun osteko 2. astelehenian ospatzen da. Aurten, horretara, azaruak 14an. 

Sasoi batian etxe eta soziedade guzti-guztietan alkartzen ziran eibartarrak gaztaiñerre egunian. Gaur egun ez daka garai bateko indarrik, baina oindiok be soziedade gehixenak lepo egoten dira, marraskillo eta gaztaiñaz beteta.

Euskal Herrixan zihar be normala da urteko sasoi honetan gaztaiñak janaz afari-meriendak ospatzia. Izan be, naturak agindu izan dau gizaldiz gizaldi, eta azaruan gaztaiñak jatia... ixa-ixa derregorrezkua da ;.). Ez da ahaztu bihar, patatia eta artua Ameriketatik heldu aurretik, gaztaiñak zirala Europan zihar elikagai nagusixenetako bat.

Euskal Herrixan ez ezik, inguruko beste herrialde batzuetan be ospatzen dira antzerako jaixak, Galiziako (eta Portugal-Extremadura-Leon-Asturies... inguruko) Magostoak ezagunenak, biharbada.

Amaitzeko, hamentxe jaixa noiz ospatzen dan sakonago azaltzen daben pasartia, Juan San Martinek aspaldi lagatakua (Antxiñako Eibar liburuan) eta Eibartarrak posta-zerrendan bertan orain dala urte batzuk zabaldutakua.

Industriagintzak aurrera doazen neurrian galduaz doaz nekazaritzako
ohiturak; baina, hala ere, badira gauza batzuk industria hirietan ere
irauten dutenak, eta hoietako bat dugu Gaztaiñerre eguna. Egun hau, Ermua,
Eibar eta Plaentzian Arimen egunetik bigarren astelehenean ospatzen da.
Urtetxoak dira Gaztaiñerre egun jatorrari buruzko zalantzak eta eztabaidak
ezagutu nituela. Batzuen ustez "Domunun Santu" egunetik bigarren astelehena
behar zuen izan eta beste batzuen ustez Arimen egunetik urrengo astelehena,
eta baita ere baziren Arimen egunetik hirugarren astelehena zela uste
zutenek ere. Jan-edan zaleentzat hain da egun ona, baziren astelehen bietan
behar zela esaten zutenetarik ere, eta Guruzeta korresponsalarentzat, duda
hoiek kontuan harturik, azaroko astelehen guzietan ospatu behar zen.
Iritziak iritzi, Arimen egunetik bigarren astelehenean ospatzen da.

 

Asier Sarasua 2011/11/14

Legarreko jaixak

Badirudi azkenaldixan auzuetako jaixak barriro indartzen hasi dirala Eibarren. Asteburu honetan, esate baterako, Legarreko jaixak ospatuko dira, azken 20 urtiotan lo egon ostian.

Auzuetako jaixak indar haundixa euki zeben 1960-1970 inguruan. Eibarko auzo eta kale gehixenetan antolatzen zan jairen bat. Azkenengo 20 urtietan asko aldatu dira Eibarko auzuetako ohitturak eta bizimodua eta auzo-jaixak indarra galtzen joan dira.

Azkenaldixan, baina, badirudi berriz indartzen hasi dirala. Amañak tinko darrai, izarra izaten; Azittainek eta Agiñanak ikuspegi tradizionalagua eskintzen deskue; San Cristobal, Urki eta Abontza gero eta indartsuago dabiz; Barrena-Carmen inguruan be ospakizunak izaten dira San Pedruetan. Eta asteburu honetan Legarreko jaixak berreskuratuko dittue, 20 urtian ezer antolatu barik egon ostian. Estaziño eta Jardiñeta bakarrik falta jakuz (umetan ezagutu nittuan, behintzat).

Legarreko jaixak

Bixarko egitaraua:

  • 10.00: Txupinazua eta pasakallia
  • 11.00: umiendako jolasak
  • 12.00: txorixua eta saldia guztientzat
  • 12.30: umiendako jolasak
  • 14.30: auzo-bazkarixa bertsolarixekin: Alberto Martínez, Juan Mari Juaristi eta Felipe Zelaieta
  • 16.00: umiendako taillarrak
  • 17.00: pailazuak
  • 18.00: dantzaldixa eta txokolatadia
  • 21.00: tortilla lehiaketia
  • 22.00: kontzertua: Ekinocio eta Son Kofusion 

 

Asier Sarasua 2011/09/23

"Kirola Euskaraz" programa kiroldegietan

Debabarreneko eta Debagoieneko udalek eta kirol patronatuek bultzatuta, aurten ere "Kirola Euskaraz" programa jarri da martxan: helduen aisialdian euskara sustatzeko garatutako programa.

Programa ez da berria. Esango nuke aurreko urteetan ere martxan egon dela. Helburua zera da: gure eskualdeko kiroldegietan ikastaroak egiten dituzten helduen artean euskararen erabilera sustatzea. Edo, gutxienez, euskarak presentzia izan dezala eta euskaldunon eskubideak bermatzea.

Izan ere, sarri ikusi dugun moduan, nahikoa da ikastaro batean erdaldun bakarra izatea, ikastaroa gaztelaniaz izan dadin. Programa honen bitartez hori saihestu nahi da.

Taldearen tipologiaren arabera, 3 neurri hartuko dira:

  • Ikasle guztiek ulertzen badute euskara: ikastaroa euskaraz izango da.
  • Ikasleen erdiak baino gehiagok ulertzen badu euskara: ikastaroa nagusiki euskaraz izango da eta gaztelaniazko azalpenak izango dira.
  • Ikasleen erdia baino gehiago erdalduna bada: ikastaroa nagusiki gaztelaniaz izango da, baina monitoreak euskarari sarbidea emango dio (agurretan, animoetan, zenbakietan...) eta euskaldunei euskaraz jardungo zaie.

Tira, balirudike batzuetan oso gutxirekin konformatzen garela, baina aurrerapauso txiki bat da, behintzat. 

Orain, ikusi behar ea betetzen den, eta ea monitorearen sentsibilitatea nolakoa den. Izan ere, bere esku geratzen da gestio linguistikoa...

 

 

Asier Sarasua 2011/09/07

"Lagun maitea"

Eibarko "Ipurterre" Ipuin Sariketako lan irabazleetako bat. Urrun-urrun jaiotako ume eibartar batek idatzia, euskara mintzagai eta bide. Hausnarketarako.

Eibarren urtero antolatzen den ipuin-lehiaketa da "Ipurterre". Eibarko ikastetxe guztietako haurrek hartzen dute parte, hainbat mailatan banatuta. DBH-ko B ereduko lehenengo ziklokoek eskutitz bat idatzi behar zuten, eta Sukaina Basri neskatila izan da irabazlea. Orain dela 13 urte Eibartik urrun jaiotako neska gaztea.

Aurreko edizioetan ere sarri izan dira atzerritarrak irabazle. Hemen jaiotako askok euskara ikasi ez, eta kanpotik etorritakoak, ikasi ez ezik, sariketetan irabazle ere bai. Zer pentsatua ematen du. Hangoez; hemengoez.

Sukainak, euskaraz idazteaz gainera, euskara bera du mintzagai eskutitz honetan. Euskara erabiltzearen inguruko gogoeta. Eibarko egoera soziolinguistikoaren azterketa. Euskaldun sentitzeaz hausnarketa.

Bejondeizula, Sukaina.

Lagun maitea:

Badakit sarritan galdetu izan didazula zergatik ez ote dizudan euskaraz berba egiten. Nik sarritan erantzun dizut: lagun guztiek erdaraz berba egiten didatelako, beraz erderaz berba egitera ohitu naiz. Baina, hala ere, zuk dakizun bezala, Eibarrera etorri nintzenean berba egin nuen lehen hizkuntza euskera izan zen.

Urte askoan euskera oso ondo menperatu eta ondoren gaztelania ikasten hasi nintzen menperatu arte, baina denboraldi hartatik gaur egun arte berba egiten dudan hizkuntza bakarra zer da, gaztelera.

Honekin batera, euskera ez erabiltzeaz asko damutzen naizela nahi dizut esan, zeren euskaldunak ez dira bakarrik hemen jaiotakoak, baizik eta euskeraz berba egiten dutenak. Nahiz eta ni euskalduna ez izan, euskara gehiago berba egiten baldin badut, euskaldun bezala onartuko dut neure burua.

Euskera gure artean galtzen ari da, erru bakarra guk daukagu euskera ez erabiltzearren lehen bezala. Nire lagun maitea, zuk betidanik esan didazu euskaraz berba egiteko, eta gutun honen bidez nahi dizut esan hemendik aurrera edo gaurtik aurrera saiatuko naizela euskara gure artean gehiago berba egiten eta aberasten, saiatuko naiz euskaraz berba egiten, nik berba egiten dudan hizkuntza baino gehiago. Nik ahal dudana egingo dut.

Azkenik nahi dizut esan asko maite zaitudala eta gutun hau bidaltzen dizut jakin dezazun euskaraz berba egingo dudala eta faltan botatzen zaitudala, baina zure falta euskerak beteko duela eta euskeraz berba egiten dudan bakoitzean zu egongo zarela nire pentsamenduetan, lagun maitea. Bi muxu eta besarkada bat.

 

Asier Sarasua 2011/06/30

Prentsari begirada

Azken egunotan albiste txiki baina interesgarriak agertu zaizkigu Eibarko prentsa "ofizialean". Hementxe batzuk. Errepaso azkarra.

Saharako lagunentzat jatekoa biltzeko egindako kanpainan 4000 kg. jaso dira Eibar eta Elgoibar artean. Askotan dirudi gure ekimen txikiak ez duela garrantzirik (zer egingo dute Saharan gure lenteja eta makarroi gutxi batzuekin?), baina guztion artean bada zeozer. Auzolana, herrigintza, elkartasuna.

Eibarko kanpoko igerilekuko ura hotz-hotz egongo da aurten, baina ez izoztuta, behintzat, aurreko urteetan moduan. Orain arte, Ipuruako igerilekuan bainatzea txapeldunen kontua zen. Urak artikoko tenperatura zeukan. Badirudi aurten ura berrerabiltzeko mekanismoren bat ipiniko dutela eta ez dela hain hotza egongo. Ondo. Dena dela, ez dut ulertzen orain arte zelan ez den ura berrerabili. Hori bai alperriko gastua!

Eibarko Kulturala eta Topalekua berriro ireki dituzte, zenbait hilabete obretan egon eta gero. Erabat berrituta, handituta,... Orain dela 50 urteko gogo eta asmo beretsuak, baina marko politagoarekin. Albiste pozgarria. Kulturari begira dagoen beste erakin bat Eibar erdi-erdian. Zorionak!

Legarreko jaiak ospatuko dituzte berriro aurten. Azken urteotan ez da auzo-jairik izan Legarren, baina aurten berriro antolatzeko asmoa omen dago, talde txiki bat hasi da lanean. Izugarria da azken urteotan nola biderkatu diren auzoetako jaiak Eibarren. 60-70 hamarkadetan izan zuten loraldia; gero beherakada; azkenaldian berriro gora: Amañak tinko darrai, izarra izaten; Azitainek eta Agiñanak usain tradizionala eskaintzen digute; San Cristobal, Urki eta Abontza gero eta indartsuago. Estaziño eta Jardiñeta ere berreskuratuko dituzte? Eibarko herritarrak gero eta parte-hartzaileago? #m15 mugimenduaren eragina? Ondo!

UEUk bere udako ikastaroen berri eman du. Eibarren dozena bat ikastaro izango dira uztailean zehar (aparte, beste hainbat gehiago Iruñean eta Baionan). UEU Eibarren izatea puntazo bat da gure herriarendako. Informazio guztia eta matrikula UEU.org webgunean.

 

Asier Sarasua 2011/06/17

Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa

Aste honetan, maiatzaren 26tik 29ra, Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa izango dugu Eibarren, urtero bezala ekitaldiz beteta eta jai-giro ederrarekin.

Eibarko Euskal JaiaGaur, osteguna, hasi da Eibarko Euskal Jaiaren 46. edizioa. Gaurtik eta igandera bitartean, Euskal Jaiak hainbat ikuskizun eta ekitaldi izango ditu. Labur-labur esateko:

  • maiatzak 26: "Kalamuako Parlamentua" jokoari buruzko lehiaketa
  • maiatzak 27: umeendako jokoak eta jolasak Untzagan eta Gozategiren kontzertua
  • maiatzak 28: Artisau eta Baserritarren azoka, herri kirolak, bertsolariak, Kantu Afaria.
  • maiatzak 29: Euskal Jai eguna, kalejira, dantzak eta Ezpalak ikuskizuna. Herri bazkaria eta erromeria.

Informazio zehatzagoa triptikoan.

Sarrerak oraindik salgai daude Klub Deportiboan, bai zapatuko kantu afarirako, bai domekako herri bazkarirako.

Ezpalak ikuskizuna

Dantzarioi dagokigunez, igandean izango dugu Eibarren Ezpalak nazioarteko dantza tradizionalaren jaialdia eta aurten bikoteko dantza soltea izango da gai nagusia. Baina horren aurretik, larunbat goizean, dantza soltea gai hartuta, folklore alorreko ikertzaileen eta adituen gogoetak aurkeztuko dira Portalea kultur etxean.

Informazio guztia Eibarko Klub Deportiboaren webgunean.

Asier Sarasua 2011/05/26

Esnatu, esnatu! Republikia etorri da eta! (bideoa)

Benga! Gaur 80 urte bete dira eta gogoratu deigun 1931ko apirilaren 14a. Eibarko nagusienek kontatuko digute zer gertatu zen. Himno de Riego eta guzti! Ipini bolumena topera!

Gaur 80 urte, Eibarko Udalak II. Errepublika aldarrikatu zuen, beste inon baino lehenago, Alfonso XIII erregea oraindik ere Madrilen zela. Orain 10 urte, 2001. urtean (Errepublikaren 70. urteurrenean), ondorengo bideoa egin genuen Eibarko Udalean; Itziar Alberdi izan nuen lankide. Zelan bizi izan zuten eibartarrek errepublikaren aldarrikapena? Eibartarren Ahotan proiekturako zenbait lekuko elkarrizketatu eta bideo txiki bat egin genuen. 1931ko apirilaren 12tik 14ra bizi izandakoak gogoratzen ditugu.

 

Bideoa sarean, Blip.tv webgunean.

Asier Sarasua 2011/04/14

EibarOrg: hori lujua!

EibarOrg elkarteko kide izatia eta blog-komunitate honetako partaide izatia lujo hutsa da. Ezker-eskuma begiratu, eta hortxe ikusten dittut hamaika blogari zoragarri! Eskerrik asko guztiori.

Orain aste batzuk elkarrizketia egin zetsen Leire Narbaiza blogari eibartarrari Nickdutnik saiuan. Galderen artian: "zer blog jarraitzen duzu?"

Horren inguruan pentsatzen, eta konturatu naiz nere gustuko blog asko-ta-asko etxian bertan dagozela, EibarOrg komunitate honetan. Zerrendia errepasatzia besterik ez dago: Leire eta Elena, Markos eta Gari, Josu eta IgorOier eta Oier, Luistxo eta Luis Alberto, Mikel eta Mikel eta Mikel,... eta gutxiago idazten duten beste hainbat. Eta sasoi bateko Julen eta Xabier (itzuliko ete?). Eta Etiam zoragarrixa ze?

Ba, horixe. Laster 7 urte beteko dittu komunitate honek (Euskal Herriko lehenengo blog-komunitatia izan zan) eta lujo hutsa da egunero zeuen etxe honetan bertan blogeatzia.

Blog ikastaroa

Blog komunitatearen hasierako ikastaroa: 2004ko uztaila.

Asier Sarasua 2011/02/25

Manex: Eibarko hitanoaren azken lekukoa?

Manexi, seme txikiari, hika egiten diot. Eta askotan pentsatzen dut bera izango dela Eibarko hitanoaren azken lekukoa. Azken Yanomamia.


Eibarren gero eta gutxiago entzuten da hika egiten. Egia esateko, hilda dago. Edo ez bada hil, belaunaldi batean hilko da. Eibartarrak zerrendan ere jardun genuen horretaz.

60 urtetik gorako guztiek, normal-normal egiten dute (gizonezkoek, behintzat; emakumeen artean gerra ostean hasi zen galtzen). 40 urtetik beherakoentzat, ostera, gauza arraroa da. Nire belaunaldiko zenbatek darabilte Eibarko hitanoa? Ezagutu bai... baina erabili? Eta gazteagoen artean erabat arrotza da; batzuendako Swahilia edo Wolofa bezain exotikoa.

Ni neu ere belaunaldi galdu horretan nago. Etxean beti entzun izan dudan arren (aittak, aitxitxak, aitona-amonak, osabek... egin izan digute), 16-18 urtera arte "hikalari" pasiboa nintzen, nire sasoiko gehienak bezala. Entzule hutsa. Sasoi hartan, "Firi" ikaskideari esker, hika egiten hasi nintzen (lotsati samar, hasieran, egia esateko). Ondoren, beste herri batzuetako lagunak aurkitu ahala (euskalgintzakoak, unibertsitateko lagunak, lankideak...), gero eta gehiago hasi naiz hitanoa erabiltzen, eta askoz naturalago. Kuadrilan, ostera, ez. Hikak erreziprozitatea eskatzen du. Nik hiri, eta hik niri. Eta kuadrilan ia inork ez du ezagutzen/erabiltzen.

Eta orain dela pare bat urte, seme gazteari ere hika egiten hasi nintzaion. 3 urte zituen. Lehenengo egunotan arraro begiratzen zidan, erdia ulertuz-edo... baina gerora, ostera, normal-normal dihardugu. Maddi alabari ez; ez diot egiten. Noka ezagutzen ez dudalako eta egiten diodanean berari gustatzen ez zaiolako. Baina erdi-zirika jarduten dugu, tarteka.

Manexi egiten diot, beraz. Baina askotan pentsatzen dut alperrik nabilela. Zertarako? Bere adineko Eibarko beste umeren batek entzungo du hikarik? Eta Eibarko hitanorik? Nekez.

Eta imajinatzen dut 30 edo 40 urte barru, Manex, Eibarko azken "hitanolaria", hika zeinekin berba egin ezinik dabilela...

Eta gogoratzen naiz Bo hizkuntzako azken hiztunarekin, hil arte eta bere bizitzako azken 20 urteetan bere hizkuntza norekin hitz egin ez zuela.

Eta negargura sartzen zait.

Baina pentsatzen dut Manexek eta Maddik ere seme-alabak izango dituztela. Eta, beharbada, hika egingo diegula.

Eta emozionatu egiten naiz.

Asier Sarasua 2011/02/24

Erisono?? Ez da oso izen naturala inguru horrendako

Herritar askoren iritziaren aurka bada ere, Erisonoko (sic) parke teknologikoaren obrak aurrera doaz. Alderdi ekologiko eta estetikotik zalantzazko proiektua herritar askorentzat. Baita alderdi linguistikotik ere. Izan ere, parkearen izena, "Erisono", ez baita bertako toponimoarena.

Badirudi azkenengo traba legalak gainditu dituela eta Teknikerreko lanek aurrera darraitela. Baina gaur ez dugu alderdi teknikoaz, ekonomikoaz, ekologikoaz edo estetikoaz jardungo. Linguistikoaz besterik ez. Izan ere, Eibarren ez dago Erisono izeneko toponimorik. Are gutxiago industrigune berria egingo den tokian.

Laburpen txiki bat egiten saiatuko naiz:

  1. Azitaingo industrialdearen lehenengo fasea, erreka bazterrean egin zen, Altzubarren inguruan. Azitaingo Industrialdea deitu zioten. Ados.
  2. Gero, gorago beste zati bat egiten hasi ziren, industrialdearen 2. fasea. Berez, inguru horren izena Potrozulo izan da. Ez omen zen politikoki zuzena industrialde bati Potrozulo deitzea, jakina, eta mendian goraxeago dagoen beste toponimo txiki eta ezezagun samar bat aukeratu zuten industrialdea izendatzeko, baina gaizki idatziz: Erisono
  3. Izan ere, Azitain inguruan bada Eriano izeneko ingurua. Ahoz Erixono esan zaiona. Baina ez dago (eta ez da sekula egon) Erisono izeneko toponimorik. Eibarko toponimia jaso genuenean, ondo aztertu zen kontu hori eta bi forma aurkitu genituen: ahoz Erixono forma jaso genuen eta idatziz Eriano, eta azken hori da Euskaltzaindiak eta udalak normalizatu duten izena, Eriano. Horrelaxe dago Eibarko toponimoen zerrendan eta mapa toponimikoan.
  4. Orain urte batzuk, Teknikerren poloa egiteko, oraindik eta gorago eta hegoalderago hasi ziren lurrak astintzen. Potrozulotik hegoaldera jo da, Markiegi izeneko ingurura. Horixe da inguru horren toponimo zuzena: Markiegi. Udana (ahoz Urena) ere izan zitekeen, horixe baita inguru horren gainekaldeko toponimoa.

Laburbilduz: Tekniker eraikitzen dagoen lekuaren toponimoa ondorengoa izan daiteke: Markiegi edo Potrozulo. Zabal jokatuta, baita Udana ere. Oso-oso zabal jokatuta, beharbada Eriano edo Erixono ere bai (parke berria egingo den lekutik oso-oso urruti dagoen arren Erixono). Baina sekula ere ez Erisono, izen hori ez delako existitzen Eibarren.

Eriano (Erixono, Eibar, Gipuzkoa)

 

Azitaingo industrialdea eta toponimia

1.- Azitaingo industrialdea, Altzubarren inguruan.
2.- Industrialdearen 2. fasea, Potrozulon (Erisono izena jarri zioten).
3.- Teknikerren polo teknologikoa, hori ere Erisono izenez ezaguna. Berez, Eriano (ez Erisono) gorago dago. Teknikerreko lanak Markiegin egiten dihardute.

Asier Sarasua 2011/02/15

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

 

 

 

 

----------
 
 
Azken erantzunak
txu Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia, 2012/01/22
. @argazkilaritza, 2011/12/07
Enbidixia Amatiño, 2011/12/07
Itxaro Borda asier, 2011/12/06
baten bat ahaztu maider, 2011/12/05
Etiketa lainoa
Animaliak Argazkiak Argitalpenak Artxiboa Athletic Aurkezpenak Badihardugu Berbarik berba Bertsolaritza Birziklatzea CC Danetik pixkat Danetik_pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar EibarOrg Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskara Hegaztiak Herri-hizkerak Historia Igerilekua Internet Kantagintza Kirola Kultura Musika Natura Toponimia Txori izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aldundia aranberri argazkiak argazkilaritza argentina argitalpenak armagintza aurkezpenak azoka badihardugu barcelona baserria berbarik berba berbarik-berba bidaiak bideoak birziklapena blogak catala catalunya cde danetik pixkat danetik-pixkat danetik_pixkat dantza deporra durango eibar eibarko euskara eibarko museoa eibarko-euskara eibarko_euskara eibartarrak eibartarren-ahotan ekitaldiak emakumeak errebal errepideak errepublika etnografia euskal-jaia euskalherria euskalkiak euskaltzaindia euskara familia flickr futbola gasteiz gaztainerre genealogia gerra girona gizartea hartza haurrak hegaztiak herri-hizkerak historia hitanoa hizkuntzak hiztegi-batua hiztegia hiztegiak igartubeiti igerilekua ikastaroak ikastola ikuskizunak internet ipuinak ipurua irakurketa jaiak jaialdiak jardunaldiak katalunia kirola kritikak kultura lanak lea-artibai lekuak liburuak literatura literaturak mallorca margola marraskiloak memoria mendia mogel moluska musika natura ohiturak ondarea oporrak pelikulak pintxoak pirinioak politika purrustadak sagardoa sakoneta salburua sarasua sarea senideak soziolinguistika tekniker teknkologia telebista toponimia trinkoa turismoa twitter txoriak udala unibertsoa veleia zarautz zientzia ztiak