Eibartik
danetik-pixkat
Natura patrikan
Kaktus bat oparitu didate. 0,5 cm ditu eta poltsikoan eraman dezaket.
Joan zen astean opari txiki hau egin zidaten Eibarko denda batean (tira, niri baino gehiago, nirekin zeuden seme-alabei). Kaktus txiki bat da, metakrilatozko ontzitxo batean sartuta, kortxo zati baten gainean. Hilean behin ur tanta batzuk dituen platertxo batean jarri behar da eta azpian duen zulotxo batetik hartzen du behar duen hezetasuna. Horrekin nahikoa izango omen du ontzitxoan hazteko. Eta 6-8 hilabete barru, bere kutxatik atera eta lorontzian sartuko dugu. Bitartean, aldean eraman dezakegu. Giltzarrapoari josita, Nintendoari atxikita, ikastolako motxilan txingilizka edo poltsikoan epeletan. Ideia polita pentsatu zitzaidan.
Endogamia
Nire aurrekoen nondik norakoak aztertzen ibili naiz egunotan, azken 300 urteotako nire arbasoen zerrenda esku artean hartuta. Ia-ia guztiek Eibartik 10-20 kilometrora zeukaten jaiotetxea. Eta ezin esan nire kasua salbuespen handiegia denik: gutxi mugitu izan gara euskaldunak historian zehar, oro har.
Nik badaukat osaba bat genealogia kontuak izugarri gustatzen zaizkiona. Ez lerro genealogiko hutsak bakarrik; hori baino gehiago, gure aurrekoak nondik datozen jakitea, baserriak, herriak, garai hartako bizimodua...
Osaba Joxeri esker, gure aurreko gehienen ibilerak ezagutzen ditugu familian. Tira, "ibilerak" diot, modu metaforikoan... ibili ibili gutxi ibiltzen baitziren gure aurrekoak. Elkano eta Lope de Agirreren abenturak ezagutzen ditugu, han eta hemen ibili ziren Xabierko Frantzisko eta Loiolako Inazio. Baina euskaldun gehien-gehienak ez ziren larregi mugitzen euren baserri eta jaiotetxetik. Orain dela 40-50 urtera arte, kasu askotan eta askotan, euskaldunak pareko baserritarrarekin ezkondu izan dira.
Nire senideen kasuan, esate baterako, lerro hauek idazten ari naizen etxetik 20 kilometrora bitartean jaio ziren gehienak; 40 kilometrora "kanpotarrena". Gurasoak, biak, eibartarrak izan ditut eta aitxitxa-amamen artean ere, 4tik 3 eibartarrak. Atzeraka egiten badut ere, ez daukat Eibartik larregi urrundu beharrik:
- Aitxitxa Antonio Sarasua Gisasola eibartar petoa zen. Gurasoak eibartarrak, aitxitxa-amama guztiak ere bai, eta aurrerakoak ere eibartarrak edo alboherrietakoak (Elgoibar, Elgeta, Markina eta Soraluze, asko jota). Lerro honetako abizenak, hortaz, Eibarkoak dira edo Eibarren oso ezagun eta aspaldikoak: Gisasola, Abanzabalegi, Iñarrairaegi, Arizaga,... Bergara, Agirrebeña, Guruzeta, Loiola... Saratsu baserria bera ere ez dago oso aparte, Elgoibarko mugan.
- Aitxitxa Koldo Aranberri Mallabiabarrenaren odola ere ezin esan oso urrunekoa zenik. Bere aita (eta aurreko senide guztiak) Elgoibar-Azkoitia bitartekoak ziren (eta hor azaltzen dira Juaristi, Alberdi, Muguruza, Iriondo...) eta ama Mallabikoa (eta hor, Mallabiabarrena, Zengotitabengoa...).
- Amama Aurorita Mendizabal Leteren arbasoak, abizenek adierazten duten moduan, debagoiendarrak izan ziren. Aita bergararra; ama antzuolarra. Abizenak ikusita, ez dago duda handirik: Mendizabal, Antzuola, Narbaiza, Lete, Iribekanpos, Mujika... Familiaren adar txiki bat azkoitiarra zuen, eta hortxe azaltzen zaizkit, berriz ere, Alberdi, Larrañaga, Etxaniz,...
- Salbuespen bakarra amona Jexuxa Areizaga Toledo izan zen. Zarautzen jaioa, aita ere bertakoa zuen. Baina bere ama ere hemen ingurukoa zen, Toledo-Garitano antzuolarra.
Hau da, azken 300 urteak hartu eta nire arbaso ezagun guztien zerrenda aztertuta (60 inguru), birraitona Luis zarauztarra izan ezik (eta ezin esan oso-oso urrunekoa zenik), beste guzti-guztiak Azkoititik Mallabira eta Markinatik Antzuolara bitartean jaio, bizi, ezkondu, ugaldu eta hil ziren. Erdi-erdian Eibar dagoelarik. Hori bai mundua ezagutzea!
Nahi baduzu, hementxe duzu jolas polita: Ahotsak.com webgunera sartu, eta begiratu ea nongoak diren Arantzeta gehienak; edo Etxaniztarrak; edo Etxabetarrak; edo Larrañagatarrak; edo Abarrategitarrak; edo...
Eskerrak nire seme-alabek odolaren erdia, behintzat, zeozertxo garbitu duten ;-)
Mundiala
Inoiz baino gogo eta interes gehiago jarri dut aurten mundialean. Disfrutatzen ari naiz. Partiduekin, taldeen gora-beherekin eta mundialeko porrarekin! Erabat murgildu naiz vuvuzelen burrundaran. Lehenengo fasea amaituta, aurreneko ondorioak ateratzeko ordua.
Lanean porra egin dugu. Etiam eta Mendicute izan dira kakati bakarrak; besteok hortxe dihardugu, jo-ta-sua, Paraguai, Ghana eta Eslovakia bezalako selekzioak animatzen.
Uste dut porra horri esker inoiz baino sutsuago dihardudala mundiala jarraitzen. Bestela ere jarraituko nuke, jakina (futboleko mundialak, atletismokoak, saski-baloikoak edo joko olinpikoak... berdin zait :-) ). Baina porrak beste zer bat ematen dio lehiari.
Porran 11 talde hartu behar genituen bakoitzak (32 dira guztira), baina 4 taldetan banatuta (faboritoak, talderik onenak, ez hain onak, eta txarrak). Dena hartzen da kontuan: garaipenak, fasea pasatzea, aldeko eta aurkako golak... Kasu bakoitzean hainbat puntu. Lehia bizia daukagu!
Porrari egindako gainbegiratuarekin errepasoa emango diot mundialaren lehenengo zatiari. Hauek izan dira nire aukerak:
Faborito nagusiak (1 hartzeko): Brasil edo Espainia.
- Nik Espainia hartu dut. Mundiala irabazten badu, gutxienez puntu batzuk emango dizkit. Gaitzerdi.
Faboritoak (3 hartzeko): Argentina, Holanda, Portugal, Alemania, Frantzia, Ingalaterra, Italia.
- Alemania. Talde gazte eta kalitatekoa dauka. Dena normal joanda Argentina izango zuen finalerdietan (hala dirudi) eta Maradonak ez dit konfidantzarik ematen. Alemania hartu eta Argentina utzi nuen.
- Holanda. Sailkapen-talde erraza zeukan (Danimarka, Japonia eta Kamerun). Finalerako bidean Brasilen koadro berean dago, baina itxaropena neukan (eta daukat). Egia da azken urteotan ez direla fin-fin ibili, baina kalitatea daukate, talde orekatua, eta gola.
- Ingalaterra. Sailkapen-talde erraza zeukan eta koadro erraza finalerako bidean (Frantzia-Uruguai-Mexiko-Serbia-Ghana... izan zitekeen bere arerio finalerako bidean). Ia-ia finalista ikusten nuen. Baina sailkapen faseko bigarren geratu, Algeriaren aurka berdinduta, eta kaka. Dagoeneko kalean da. Hortxe galdu dut porra.
- Italia eta Frantzia ez nituen ondo ikusten. Eta Portugal Brasilen taldean zegoen eta Espainiarekin gurutzatuko zela zirudien (hala izan da).
Tartekoak (3 hartzeko): Serbia, Uruguai, Kamerun, AEB, Mexiko, Suitza, Nigeria, Txile, Paraguai, Grezia.
- Ez zitzaidan kostatu hiru aukeratzea: Paraguai, AEB eta Serbia. Lehenengo fasea aise gaindituko zutela pentsatzen nuen. Aukera asko zituztela. Batez ere, Paraguaik, Italiak sekula ez duelako lehenengo fase ona egiten. AEB ere bere mailan ibili da. Baina Serbiak huts egin dit. Azken partidako azken minutuan penaltia izan zuen sailkatzeko... eta kale! Kauen! AEB ere kanpoan da honezkero, baina Paraguai ondo ikusten dut. Zorte pixka batekin, finalerdietan. :-)
- Txile ere ondo ikusten nuen, baina Brasilen aurka gurutzatzen zen zortzirenetan. Hor jai daukala uste dut (Ameriketako sailkapen fasean erraz irabazi zion arren).
- Uruguai edo Mexiko aukeratzekotan ere izan nintzen, baina talde hori ez nuen batere garbi ikusten (Frantzia eta Hegoafrika ere hortxe zeuden). Zein sailkatuko zen? Zein ez? Zalantza larregi. Gaizki egin nuen, garbi dago. Uruguaik egundoko puntu extra pila emango ditu porran.
Eskasak (4 hartzeko): Boli Kosta, Algeria, Ghana, Japonia, Danimarka, Hegoafrika, Australia, Hego Korea, Eslovenia, Eslovakia, Zeelanda Berria, Honduras, Ipar Korea.
- Hego Korea sailkatuko zela iruditzen zitzaidan. Puntutxo batzuk eman dizkit.
- Hegoafrika ere hartu beharra zegoen. Herrialde antolatzaileak beti sailkatu izan dira bigarren faserako. Aurten izan ezik, jakina. Kaka.
- Eta beste biak? Ez zegoen aukera handirik. Zeelanda Berria hartu nuen, Italiaren taldean egonda punturen bat lortuko zuelakoan. Halaxe izan da. Eta Danimarkari ere aukeraren bat ikusten nion; bere taldean Japonia baino hobea zelakoan. Baina Japoniak ezustekoa eman zuen.
Ezusteko gutxi
Orain arte ez dirudi Mundialak ezusteko handirik eman duenik. Faboritoen artean ez, behintzat. Frantzia eta Italiaren porrota lehendik ere iragarrita zegoen. Brasil, Alemania eta Argentinaren nagusitasuna ere bai. Espainiak lehenengo partidan huts egin zuen, baina sailkapena ondo bideratu du. Eta ez dauka koadro zaila finalera bidean. Nekatuta daude, eta txisparik gabe. Xavi ez da Xavi. Eta Espainia (Barça bezala), Xavi da. Hala ere, uste dut hurrengo partidetan hobera egingo dutela. Oraindik ere faboritoen artean ikusten dut.
Uruguaik ez du beste munduko ezer egin, baina biderik zailena egin du. Ghana gaindituz gero, finalerdietan. Holanda erraz sailkatu da, baina benetako partida batean ikusteko gogoz nago. Bihar Eslovakia izango du parean; gainditzen badu, Brasil. Ea noraino heltzen den.
Japonia edo Ghana ere hortxe daude, nolabaiteko ezustekoa emanda. Baina ez dut uste askoz urrunago helduko direnik.
Egia esateko, mundiala oraintxe hasi da. Final zortzirenetan eta laurdenetan ikusiko da zein dagoen ondo eta zein ez horrenbeste. Alemania, Argentina, Brasil, Holanda, Espainia? Zein moldatuko da ondoen hil-ala-biziko partidetan? Zortea eta arbitroak ere lagun izan beharko dituzte.
Orain arte Alemania bakarrik ikusi dugu. Erraz-erraz gainditu du Ingalaterra. Gauean Argentina-Mexiko; Maradonaren taldeak lan egin beharko du. Eta bihar Brasil; eta Holanda; eta etzi Espainia-Portugal...
Puf! Disfrutatzeko!
