Eibartik
Txori izenak
Sandali txoixa
Orain dela egun batzuk beheko argazkia heldu zen nire eskuetara. Araozko (Oñati) San Elias ermita da. Eta Sandali txoixaz gogoratu nintzen.
Oier Gorosabelek bere blogean argitaratu zuen hau argazkiau. Guregipuzkoa.net webgunean kaleratu dute eta CC lizentziaz banatu. Juan San Martin eibartarrak 1957an kaleratutako argazkia da.
San Elias haitzuloa da (Araotz, Oñati) eta bertan izen bereko ermita dago.
Eta gogoratu naiz Oñatin gertatu zitzaidanaz. Hango txori-izenak biltzen ari nintzela, lekuko batek "sandalia-txoriak" aipatu zizkidala; enaren artean bazirela enara-enarak (edonon ikusten direnak) eta sandali-txoixak, mendi eta harkaitz inguruan bizi direnak.
Eta gogoratu naiz izen berezia iruditu zitzaidala "sandalien" hori.
Gerora jakin nuen, jakina, txori horren izenak ez daukala zer ikusirik hondartzako sandaliekin eta bai sandeli edo sandaili haitzuloarekin. Han inguruan dagoelako Oñatiko haitz-enara edo sandali-txori kolonia handiena (Ptyonoprogne rupestris).
Lehenago ere idatzi dut haitz enaraz. Hortxe informazio gehiago txori honen inguruan eta enaren inguruan, oro har.
Mandiolan txoritan
Itturrua ingurutik jeitsi berri naiz. Txoritan ibili naiz pare bat orduz. Gautxori bila joan eta beste txori batzuk ekarri ditut kolkotik zintzilika. Katalejotik, alegia.
Gaur arrats-iluntzean Mandiola inguruan ibili naiz txoritan. Helburu nagusi bat nuen: gautxoria. Txori urria Eibarren eta Gipuzkoan, oro har. Beste zenbait aldiz ingurune horretan ikusi izan dut, eta hantxe aritu naiz, gora-ta-behera, ea nonbait aurkitzen nuen, baina ez. Ez ikusi eta ez entzun (kantu berezi-berezia dauka). Gaurkoan kale; ez da agertu. Berandu samar ere bada, ekainean errazago entzuten delako uztailean baino.
Egia esan, ez dut girorik onena izan txoritan jarduteko. Arrats goibela, haizetsua... gainera, ez naiz, ba, kamiseta gorri kantoso batekin joan? Mendira igo naizenean ez neukan itxaropen handirik. Dena dela, ez da larregi behar Mandiola inguruan txoriak ikusteko eta gaur ere holaxe izan da. Zozo ta birigarro, txinbo ta burubeltz, txitxi ta okil, txantxagorri ta txepetx, ernara eta abijoi, bele eta mika... Kardantxilo kuadrila polita ikusi dut Garron eta txitxi familia bat Saapittan. Ez da
gutxi.
Baina ez, egia da ez dela izan txoritarako egunik onena. Hala ere, amaieran sorpresa polita izan dut. Upartiño gaineko pinudian sartu naiz ingurune horretako espezierik ohikoenak ikusteko asmoz (pinu-txoriak, pinu-burubeltzak, katanarrak...) eta bisitaria aurkitu dut horien ordez: okiltxoria (Sitta europaea, garrapoa). Tarte luze batez pare-parean izan dut, enborrean jira-bueltaka koko bila. Txori ederra. Lerden eta arina.
Etxera pozik itzultzeko nahikoa.
Amaitzeko, gautxoriaren (Caprimulgus europaeus) kantua ipiniko dizuet. Datozen egunotan entzuten baduzue, abixatu! Gogoan izan ilunabar aldean abesten duela gehienbat.
Aasuaerrekan txoritan
Azkenaldian nahiko lagata daukat txori kontua. Denerako astirik ez. Baina gaur goizean mendi-buelta polita egin dut Eibar inguruan. Txori ugari eta inguru polita. Aasuaerreka barrena borborka zegoen.
Eguraldi txepela zegoen arren, katalejoak hartu eta mendira irten dut gaur goizean. Gehienetan Mandiola-Kalamua ingurura joten dut; sarri Galdaramiño edo Lindari aldera. Aasuaerreka inguruan, ostera, oso gutxitan ibiltzen naiz. Gaur hara joatea erabaki dut eta ez naiz damutu.
Aasuaerreka Eibarko herri ondo-ondoan dago. Industriagune zahar ugartu baten erditik pasa, zubipea igaro, eta berbertan dago. Kaletik 5 minutu eskasera. Esango nuke eibartar gehienek ez dutela ezagutzen. Ez dut esango Yellowstone itxurako ingurune naturala denik, baina Eibarko basamortu pinazeo-industrialean oasi ederra da. Baso mixto tipikoa: haritz tantaiak nagusi, haltzak eta urkiak nonahi, gorostiak eta lizarrak tarteka, baita gerezi eta makalak ere. Zer esanik ez, hainbat landare eta zuhaixka. Bi hektarea eskas izango dira errekaren ezker-eskuma, baina ederrak eta hainbat txoriren bizigune. Eibarko sahiesbideak zati bat jan zion; ea geratzen denak bizirik irauten duen (goiz osoan beste albiste hau izan dut-eta buruan).
Gaur goizekoa zoramena zen. Zer zen hura! Txoriz gainezka zegoen Aasua. Kantuak, deiak, hegaldiak, borrokak... izugarria. Hiru ordu inguruko osteratxoa egin dut eta gure basoetan bizi diren espezierik gehienak ikusi ditut: birigarroak marraskiloak jaten; zozokumeak beldurrez ihesi; pikuko txinboa (Sylvia atricapilla) kantari; txantxangorri eta txepetxak ixildu ezinik; parandak (Fringilla coelebs) kukuka; okila txistuka; txirriskilla zuhaitz puntan txirri-txarraka; txinbo burubeltzak (Parus major) sagastian; abendua (Buteo buteo) nire buru gainean lumak garbitzen; txirixuak gorde-gordeka; bigotedun txinboa (Muscicapa striata) euli-ehizan; eta guztien gainetik, zeruan jirabueltaka, ernara (Hirundo rustica), ipurzuri (Delichon urbica) eta abijoiak (Apus apus).
Aasuaerrekatik gora jarraitu eta Azaldegi ingurura heldu naiz eta handik Santa Kurutz eta Mandiolara. Pinadi eta zelaien eremua da eta txorifaunan ere igarri da: mikak agertu dira, beleak ohiuka, buztanikarak eta txinbo karkarrak (Saxicola torquata) ugariak ziren Azpiri alboko zelaietan, eta pinu artean amilotx mottoduna ikusi ahal izan dut, beti bezain lotsati. Azaldegi azpiko zelai eta frutarboletan, aldiz, berdeloiak, hormatxoriak eta kardantxiloak ziren nagusi, dozenaka.
Ingurune horretan bizi diren beste zenbait espeziek ihes egin didate. Izan ere, sarri ikusi izan ditut inguru horretan buruhandiak, katanarrak, buztanluzeak eta txinbo errealak. Dena ezin. Ea bihar zorte hobea dudan.
EGUNERAKETA: gaur, igandea, berriro itzuli naiz Santa Kurutz aldera eta atzo ihes egindako zenbait espezie ikusteko aukera izan dut: buruhandia (Lanius collurio) Illo inguruan, txoka talde eder bat Egunuetan, buztangorri familia bat Itturruako txabolan, eskillasoak Upartiñon eta txitxia (Anthus trivialis) Azpiriko zelaietan kantuan. Primeran.
Aasuaerreka (Eibar)
Gaberdiko mozolua
Hontz, urubi, mozolo; buho, mochuelo.
Estrigiformeen edo gautxorien familiako hegaztiak izendatzeko 4-5 izen erabiltzen ditugun euskaraz, gutxienez. Arrunt eta orokorrena hontza da (hontz edo huntz, euskalkiaren arabera); orain gutxira arte Euskal Herri osoan erabiltzen zen (eta, gaur egun ere, horixe da zabalduena). Bizkaia aldean gabontza ere erabiltzen da. Iparraldean kaheka eta sorgin-txori izenak ere ezagunak dira. Horiez gainera, beste izen batek ere oso hedadura zabala dauka: mozoloa. Gipuzkoa zein Bizkaian erabat errotuta dago, esangura berdin-berdina ez den arren: Gipuzkoan espezie txikienentzat erabiltzen da (Athene noctua, bereziki); Bizkaian generikoagoa, edozein espezie izendatzeko erabiltzen dena.
Eibarren ere mozolo da hitzik arruntena (hontz baino gehiago), baina aldaera txiki bat eransten diogu. Gautxoriak, Eibarren, gaberdiko mozoluak dira. Politta da; beti gustatu izan zait.
Haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris)
Iraila, udazkena, hegoia... hegaztien migrazioa. Azken hileetan gure artean ibilitako hainbat hegazti Afrikarako bidean hasi dira, besteak beste, milaka enara. Baina batzuk hemen geratuko dira negua pasatzen: haitz-enarak dira.
Eibarren hiru enara espezie ikus daitezke. Lehenengo biak arruntak eta ezagunak dira: enara arrunta (Hirundo rustica) eta azpizuria (Delichon urbica). Horiek hurrengo mezuren batean aipatuko ditut, beharbada. Baina gaur hirugarrena ekarri nahi dut, ezezagunena. Azken egunotan sarri ikusi dut han eta hemen, eta iruditzen zait ugaritzen ari dela. Haitz-enara da (Hirundo rupestris, edo Ptyonoprogne rupestris).
Aurreko biak baino ezezagunagoa eta urriagoa, haitz-enara dugu Europan ikus daitezkeen enaren artean bizi, azkar eta akrobatikoena. Hegan ari denean enara arruntaren antza du, baina are arin eta ausartago da, eta hegan ez ezik, lurrean dauden intsektuak hartzeko gauza ere bada. Denbora gehiena airean pasatzen du, baina gainontzeko enara klaseak baino gehiago geratzen da lurrean edo haitzetan, asko atsegin baitu harri gainean etzanda eguzkitan epeltzea.
Europan bizi diren enaren artean handi eta astunena da. Bizkarraldea eta burua arreak ditu, hegoak ilunxeagoak eta sabelaldea argia, baina ez beste enarek bezain zuria. Ezaugarri horiek nahikoa izan ohi dira txori hau identifikatzeko orduan, baina zalantza guztiak uxatzeko frogarik garbiena bere buztanari begiradatxo bat botatzean aurkituko dugu: laukia da, ez sardekara, eta gainera birak emateko isatsa zabaltzen duenean, oso nabariak dira bertan, bai gainean eta bai azpian dituen orban zuriak.
Ohituraz ere ezberdin samarra da. Enara arruntak baserrietako korta, atari eta abeletxeetan ikusten ditugu gehienbat; enara azpizuriak etxeetako teilatupeetan (Eibarren, esate baterako, Ipuruako torreetan, Azitaingo La Salle ikastetxean, Bidebarrieta edo Errebal kaleetako etxe garaienetan...). Haitz-enara, berriz, montikolagoa da; hau da, mendi eta harkaitzak nahiago ditu herri, baserri eta belardiak baino. Horrez gain, habia ere haitz artean kokatzen du eta ez etxe edo giza eraikuntzetan. Oñatin, esate baterako, sandeli-txorixa esaten diote, Sandeli haitzulo inguruko haitzetan bizi delako.
Ez da, beharbada, aurreko biak bezain ugaria, baina Eibarren ere erraz ikus daiteke. Gainera, azken urteotan bere populazioak gorantz egin du eta inguru berriak kolonizatzen hasi da, eta orain arteko harkaitzak laga barik, autopistako zubipeak kolonizatzen hasi da. Eibarren, adibidez, autopistako zubi gehienen azpian ikusiko dugu zeruan dantzan: Txontan, Urkin, Apalategin, Azitainen...
Udan ez da erraza izaten enaren artean bata eta bestea ezberdintzea, baina udazken-neguan, beste enara espezieak Afrikara joaten direnean, bista-bistan geratzen dira haitz-enarak Eibarko zubi eta etxe artean.
Gora begiratu, zabaldu begiak, eta gozatu enara hauen hegaztada bihurri eta ausartekin. Kontuz, hala ere: kumatzen ari badira, mokoka erasotuko zaituzte traba egiten badiezu. Gezurra dirudi 10-15 zentimetroko txoritxo batek horrelako izua sor dezakeenik! Eta eragiten du, sinistu! :-)
Oh.: argazkia Dave Appleton
Argazki gehiago
Zarauzko txori izenak
Azken bi urteotan, Zarauzko udalak emandako beka bati esker, Zarauzko euskara eta ahozko ondarea jasotzen jardun dugu. Hainbat kontu eta pasadizo jaso ditugu, eta txori-izenak jasotzeko ere aprobetxatu dut aukera hori, lehenago Eibarren eta inguruan egin nuen antzera.
Beheko zerrendan bildu ditut Zarautzen batutakoak. Izen zientifikoaren ostean, Zarautzen jasotako izenak datoz, beltzez; ondoren, Orio (O), Zumaia (Z), Getaria (G) eta Aia (A) inguruan jasotakoak (desberdinak direnean). Zerrenda honetan, jakina, forma nagusiak azpimarratu ditut. Txori batzuen kasuan, inguruko herrietako izenak ere ezagunak dira Zarautzen, eta alderantziz.
Helbide finko honetan ere laga ditut, zerrenda osoa jaisteko aukerarekin: Txori izenak Zarautzen
Zarauzko txori izenak
Getaria, Zumaia, Orio eta Aiako zenbait izenekin batera
- Accipiter nissus: Kabiroi, Gabiroi, Kabidore, Kabirore // Gabilloi (O)
- Actitis hypoleucos: Kulixka txiki
- Aegithalos caudatus: Kaskabeltx buztanluxe
- Alauda arvensis: Txirripitto, Txirripito, Txirripirritxo // Kalandria (A)
- Alca torda: Potorra (mokomotz) // Joxebi (O), Pottorro (Z)
- Alcedo atthis: Martintxo, Martiñ arrantzale // Martin polit (O)
- Alectoris rufa: Eper
- Anas crecca: Zertzeta, Ahate txiki
- Anas plathyrrhynchos: Ahate
- Anser anser: Antzar
- Anthus sp.: Txiote, Siote, Larretxori // Arbitxori (O), Txiote (G), Zelaitxori (Z)
- Apus apus: Txirringillo, Txirringulo, Zirringillo, Txena beltz // Mitxigu (A), Mentsejo (O), Arrantxori (Z)
- Ardea cinerea: Koartza
- Athene noctua: Moxolo (txiki)
- Burhinus oedicnemus: Alka(ba)n gorri // Basoillo txiki (A), Brankoliñ (O), Pasandera (Z)
- Buteo buteo: Zapelaitz
- Calidris alba: Txilipota
- Caprimulgus europeus: Gautxori, gauiña (gutxi erabilia)
- Carduelis cannabina: Txoka
- Carduelis carduelis: Kardantxulo, Kardintxulo // Guardantxulo (O), Gardantxulo (Z)
- Carduelis chloris: Berdeloi, Berdoi // Arbitxori (A)
- Carduelis spinus: Tariñ
- Certhia brachydactyla: Okiltxori
- Cettia cetti: Errekatxindor
- Charadrius sp.: Txilipota
- Ciconia ciconia: Zigueña
- Cinclus cinclus: Urxoxo, errekaxoxo?
- Circus cyaneus: Saizuri
- Coccothraustes coccothraustes: Pintzanen giyoi
- Columba livia: Uso erdiko
- Columba oenas: Uso txiki, soloma
- Columba palumbus: Pag(o)uso, uso haundi
- Corvus corax: Bele
- Corvus corone: Bele
- Corvus monedula: Bele txiki
- Coturnix coturnix: Galeper
- Crex crex: Galeperren gilloi, Gilloi
- Cuculus canorus: Kuku
- Delichon urbica: Iñara txiki, Iñara ipurzuri, Txena txiki, Txena ipurzuri
- Dendrocopos minor: Napar-okil, Okil txiki
- Emberiza citrinella: Bordon
- Erithacus rubecula: Txantxa(n)gorri
- Falco peregrinus: Halkoi
- Falco tinnunculus: Kabiroi txiki, kabidore txiki
- Ficedula hypoleuca: Txinbo, Pikutxori
- Fratercula arctica: Eperramuxu // Getarian jasoa
- Fringilla coelebs: Pintzan // Pintxan (A), Pintxen (O), Pa(r)anda (Z)
- Fringilla montifringilla: Paseko pintzan
- Fulica atra: Hanka berde // Zumaian jasoa
- Gallinago gallinago: Istingor
- Gallinula chloropus: Uroillo
- Garrulus glandarius: Iskiaso, ixkiaso // Iskiñaso (A). Iskixu (Z)
- Gavia immer: Sakillo // Getarian jasoa
- Gavia stellata: Kaburuxo // Getarian jasoa
- Grus grus: Kurrillo
- Gyps fulvus: Putre
- Hankaluzeak (Limikolak): Kulixkak, Brankoliñak
- Hirundo rustica: Iña(r)a, Txena // Enara (A), Txena(r)a (G, Z), Txau/Txeu (Z), Ena (O)
- Hydrobates pelagicus: Billabarrika, Millabarrika
- Lanius collurio: Zaldubi, Txorihaundi?, Begihaundi?
- Larus cacchinans: Kayo handi, Kayar
- Larus fuscus: Kapabeltz
- Larus ridibundus: Kayo burubeltz, Kayo txiki // Txirriñ (Z)
- Limosa limosa: Kulixka txiki, Brankoliñ
- Loxia curvirostra: Mokoker
- Lullula arborea: Txirripitto, Txirripito
- Luscinia megarhynchos: Urretxindor
- Milvus milvus: Miru
- Morus bassana: Glope, Zanga // Getarian 'glope'; Orion
zanga - Motacilla alba: Buztainka, Buxtainka
- Motacilla cinerea: Buztainka hori
- Muscicapa striata: Txinbo
- Numenius arquata: Maietz kulixka, Kulixka haundi
- Oenanthe oenanthe: Buztanzuri
- Parus sp.: Kaskabeltz
- Passer domesticus: Txolarre // Hormatxori (A), Mokomotz (A), Eletxori (G), Txorrotxoi (O), Patxizar (Z)
- Phalacrocorax carbo: Kabarroso, Gabarroso // Kormoroi (Z)
- Phoenicurus ochruros: Buztangorri
- Phylloscopus collybita: Txepetxuri, Moitu // Putta (A)
- Pica pica: Mika
- Picus viridis: Okil
- Prunella modularis: Sasitxori // Zumaian jasoa
- Puffinus puffinus: Gabai // Kabratxori (G), Arratxori (Z)
- Pyrrhocorax pyrrhocorax: Belatxinga
- Pyrrhula pyrrhula: Motatxori, Txonta // Pintxen erreal (O), Petxugorri (Z)
- Rallus aquaticus: Uroillo txiki
- Regulus ignicapillus: Piñu-txori, Txepetxuri
- Saxicola torquata: Otatxori // Txartxar (O), Istra (G, Z)
- Scolopax rusticola: Oillagor
- Serinus serinus: Txarraskala, Txirriskala, Arbitxori // Txirriskla (O)
- Sitta europaea: Okiltxori
- Stercorarius parasiticus: Kakax buztanluxe
- Stercorarius skua: Kakax // Kakajale (O, Z), Mariko(i) (O)
- Sterna hirundo: Txirriñ, Antxeta?
- Streptopelia turtur: Tortola
- Strix aluco: Hontz
- Sturnus vulgaris: Artxoxo, Napar-artxoxo // Naparxoxo (A), Larxoxo (O), Gazteluzozo (Z)
- Sylvia atricapilla: Txinbo, Pikotxori // Burubeltx (Z)
- Sylvia communis: Txinbo
- Tetrax tetrax: Alka(ba)n zuri // Basoillo (A, O), Ahate zuri (G, Z), Mendioillo (G. Z)
- Troglodytes troglodytes: Txepetx
- Turdus iliacus: Pasadako birigarro, Naparbidigarro
- Turdus merula: Xoxo
- Turdus philomelos: Bidi(g)arro, Biri(g)arro // Begiarro (Z)
- Turdus pilaris: Pasadako kaaztarro
- Turdus viscivorus: Kaaztarro, Kaxtarro
- Tyto alba: Hontz zuri
- Upupa epops: Argioillar
- Uria aalge: Potorra (mokoluze)
- Vanellus vanellus: Egabera
Eskerrak eman nahi dizkiot, egindako ekarpenengatik, Pello Izkeaga ornitologo zarauztarrari.
Zanga, broju, glope, kofre, kopla...
Zanga, (Morus bassana). Gure kostaldeko hegaztirik eder eta haundienetakoa da. Pelikanoen talde berekoa (Pelekaniformeak). Metro beteko garaiera, eta 1,75 metroko hego-zabalera.

Hego luze eta zorrotzak, punta belzdunak; luma zuriak eta buru horixka; buztan bereizgarria. Gazteak nabarrak dira.
Britainia Handian kumatzen dute gehienek, baina gure inguruan sarri-sarri ikusten dira, urte guztian zehar.
Hegazti ezaguna, hortaz, gure kostaldean, hainbat izen hartzen dituena:
- Kofra, kopra: Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ondarroa, Mutriku
- Kopla: Lekeitio, Izpazter
- Glope/a: Getaria, Zarautz
- Zanga: Zumaia, Orio, Donostia, Pasaia
- Broku, broju: Hondarribia, Ziburu
- Broina?: Hondarribian?
Zanga heldua Bordele parean (AS, 1997).
Irudi gehiago Flickerren gehitu ditut.
Eibarko txori izenak
Beheko zerrendan, Eibarko ehiztari eta basarrittarren artian jasotako txori-izenak batu dittut. Hau da, txori bakoitxak zer izen dakan Eibarren, eskopetaz eta ehiztariz betetako herri honetan.
Zerrendia, 1997an Eibar rebistan kaleratutako "Eibarren erabiltzen diran txori-izenak" artikuluan oinarrittu da (eta urtebete lehenago kaleratutako Eibarko hegaztiak liburuan).
Testua, gitxi gorabehera, bere horretan laga dot; txori-izenetan, baina, aldaketa txiki batzuk egin dittut, azken urtiotan jasotako izenak gehittuta, eta orduko zalantza/akatsak argittuta.
Eibarren erabiltzen diran txori-izenak
Euskeriak, hizkuntza gitxik daken aberastasuna daka animalixa eta landara izenetan. Herri bakoitxak, animalixa eta landareri esateko izen desbardiñak gorde dittu. Herri batetik besterako aldia sekulakua da; nahikua da Eibartik Bergarara edo Elorrixora juatia, izen asko eta asko beste modu batera esaten dittuela ikusteko.
Animalixen artian ezagunenak hegaztixak izan dira beti, seguru asko ugarixenak eta ikusteko errezenak eurak diralako, eta jan be, gehixen eurak jan diralako. Txori-izenetan Eibarrek dakan aberastasuna, oso nabarixa da mendizale eta basarrittarrekin berba eiñ ezkero. Horretan garrantzi haundixa euki dabe faktore birek. Lehenengo eta behin, XV. gizaldittik aurrera armagintzia Eibarren oso inportantia izan dala; horrek gure herrixan ehiztarixak beste iñun baino ugarixagoak izatia bultzatu dau. Eta bestetik, oin dala gitxira arte, Eibar, euskeraz bizi zan euskal herririk haundixena zala; euskeria eguneroko bizitzako edozein gauzatarako erabiltzen zan. Hori dala eta, Eibarko txori-izenen zerrendia luze eta berezixa da.
Zoritxarrez azken urtiotan, hori aberastasun hori, galzorixan dago. Eibartarrok asko urrindu gara mendittik eta gehixenentzat gure basuetako biztanliak eta euren izenak ezezagunak dira. Gainera, euskara batua asko sartu da eguneroko berbetan eta jende askok ezagutzen dittuan izen bakarretakuak, euskera batuak araututakuak dira. Guzti horretaz lehenen konturatu zana Juan San Martin izan zan, eta 1978. urtian argittaratu eban artikulu baten, 121 izen batu zittuan. Nere artikulu honekin, San Martinen bihar hari jarraipena eta gaurkotasuna emotia nahi izan dot, berak batu ez zittuan izen batzuk zerrendara gehittuz, zalantzazkuak ziran beste batzuk argittuz eta azken hogei urtiotan erderazko eta latinezko izenetan egon diran aldaketak zuzenduz. Horretaz gainera, Juan San Martinek izen batzuk Eibartik kanpoko jendian artian batu zittuan eta gure herrixan ez dira erabiltzen. Zerrenda barri honetako danak, ostera, Eibarren bertan, eta mendizale, basarrittar eta ehiztari eibartarren artian jaso dittut.
Izen batzuk beste herri batzuetan be erabiltzen dira (ollagorra, txepetxa, zozua...); beste batzuk, ostera, ez dittut sekula gure ingurutik kanpo entzun (abijoia, ur-makinistia, pikuko txinbua, aritxarrua...). Azpiko zerrendan 150 izen inguru ikusiko dozuez. Lehenengo izen zientifikua agertzen da, eta atzetik Eibarren erabiltzen dana (edo diranak) letra haundiz. JSM oharra daukenak Juan San Martinek batutako izenak dira, nere ustez zalantzazkuak.
Hegazti batzuk izen bat baino gehixago dake; beste batzuetan, izen bera erabiltzen da bi edo hiru txorirentzat. Seguru asko, irakurlien artian beste izenen bat ezagutzen dabenik be egongo da; hamendik aurrera, norberan esku gelditzen da hau zerrendiau luzatu edo moztia.
Hamen izenok:
Accipiter nissus: Gabillada, Gabillara, Kabillara
Aegithalos caudatus: Txinbo buztanluze
Alauda arvensis: Kalandres, Kalandria
Alaudidae: Kalandresak, Kalandrixak
Alcedo atthis: Ur-makiñista, Ur-martiñ(eta) (askoz gitxiago entzutzen da)
Alectoris rufa: Eper gorri
Anas crecca: Zerzeta
Anas plathyrrhynchos: Arata, Ahata, Agata (pasekuak); bili, paitta (etxekuak, basarrikuak)
Anser anser: Antzar, Itsasantzar
Anthus pratensis: Paseko txitxi, Neguko txitxi
Anthus trivialis: Bertako txitxi, Udako txitxi
Apus apus: Abijoi, Ernara baltz, Txirri (JSM)
Aquila chrysaetos: Arrano baltz
Asio otus: Gaberdiko mozolo
Athene noctua: Gaberdiko mozolo, Mozolo txiki
Bubo bubo: Gaberdiko mozolo haundi, Gran Duke
Burhinus oedicnemus: Frankoliñ, Larroillo (JSM)
Buteo buteo: Abendu, Txitxalapur
Caprimulgus europaeus: Gautxori
Carduelis cannabina: Pardillo
Carduelis carduelis: Kardantxillo
Carduelis chloris: Berderoi
Carduelis spinus: Tariñ
Certhia brachydactyla: Katanar
Cettia cetti: Errekako txinbo
Ciconia ciconia: Zigueña
Cinclus cinclus: Urzozo
Circus cyaneus: Gabillara zuri, Gabillara buztanluze
Circus pygargus: Gabillara urdin (JSM)
Coccothraustes coccothraustes: Paranden gixoi
Columba oenas: Pauso txiki, Zurita
Columba palumbus: Pagauso, Paguso
Corvus corax: Belazar
Corvus corone: Bela
Corvus monedula: Belatxinga
Coturnix coturnix: Galeper, Pospolin (ezaguna)
Crex crex: Galeperren gixoi
Cuculus canorus: Kuku
Delichon urbica: Ernara txiki
Dendrocopus minor: Okil txiki
Emberiza citrinella: Txirta
Erithacus rubecula: Txantxagorri
Falco peregrinus: Gabillada txiki, Gabillara txiki, Kabillara txiki
Falco tinnunculus: Gabillada txiki, Gabillara txiki, Kabillara txiki
Ficedula hypoleuca: Txinbo hegozuri
Fringilla coelebs: Paranda
Fringilla montifringilla: Neguko paranda
Fulica atra: Uroillo baltz
Gallinago gallinago: Mingor
Gallinago media: Mingor haundi
Gallinula chloropus: Uroillo
Garrulus glandarius: Eskillaso
Glareola pratincola: Itsas-eper (JSM)
Grus grus: Kurrillo
Gyps fulvus: Arrano, Abendu errege (JSM), Arrano samaburu (?)
Hankaluzeak: Kuliska
Hippolais polyglotta: Sasitxori
Hirundo rustica: Ernara
Jynx torquilla: Txinbo errial, Okil txiki
Lagopus mutus: Eper zuri (JSM)
Lanius collurio: Txorihaundi, Txinbo pikumotz, Txori gaizto (JSM) Larus spp.: Kaixo
Loxia curvirostra: Pikuoker, Pikoker
Luscinia megarhynchos: Urretxindor
Lymnocryptes minimus: Mingor txiki
Milvus migrans: Miru baltz
Milvus milvus: Miru (gorri)
Motacilla alba: Buztanikara zuri
Motacilla cinerea: Buztanikara hori, Errekako buztanikara
Muscicapa striata: Bigotedun txinbo, Hautskoloreko txinbo
Neophron percnopterus: Arrano zuri
Oenanthe oenanthe: Txinbo buztanzuri
Parus ater: Txinbo burubaltz
Parus caeruleus: Txinbotxa, Txinbo burubaltz
Parus cristatus: Txinbo burubaltz
Parus major: Txinbo burubaltz
Passer domesticus: Hormatxori
Passer montanus: Artatxori (JSM)
Perdix perdix: Eper urdin
Phoenicurus ochruros: Txinbo buztangorri
Phylloscopus collybita: Txirixo
Pica pica: Mika
Picus viridis: Okil
Prunella modularis: Sasitxori
Pyrrhocorax graculus: Belatxinga pikuhori
Pyrrhocorax pyrrhocorax: Belatxinga pikugorri
Pyrrhula pyrrhula: Frutabatzaille, Hazibatzaille, Lorabatzaille, Motabatzaille, Puntabatzaille (lehelengua ezagunena)
Rallus aquaticus: Uroillo, Ureper (JSM)
Rapaz: Arrai, Txitxalapur
Regulus ignicapillus: Txirixo burugorri, Paseko txirixo
Saxicola torquata: Txinbo-karkar, Otatxori (lehelengua askoz ezagunagua)
Scolopax rusticola: Oillagor
Serinus serinus: Txirriskilla
Sitta europaea: Okil txiki, Okil txori
Streptopelia turtur: Usotortola
Strigidae: Gaberdiko mozoluak
Strix aluco: Gaberdiko mozolo, Basontz (JSM)
Sturnus vulgaris: Arabazozo
Sylvia atricapilla: Pikukotxinbo, Txinbo burubaltz
Sylvia communis: Txinbo
Tetrao urogallus: Mendiollar
Tetrax tetrax: Mendioillo
Troglodytes troglodytes: Txepetx
Turdus iliacus: Paseko birigarro, Birigarro hegagorri, Birigarro txiki
Turdus merula: Zozo
Turdus philomelos: Birigarro, Bidegarro
Turdus pilaris: Durdula baltz, Paseko durdula
Turdus torquatus: Zozo paparzuri
Turdus viscivorus: Durdula, Durdura
Tyto alba: Gaberdiko mozolo, Ontz (lehelengua askoz ezagunagua)
Upupa epops: Argioillar
Vanellus vanellus: Egabera
Sorbeltza (Apus apus), euskal izenak
Iazko mezu batean aipatu nuen gai hau. Eibarren abijoia deitzen diogu gaztelaniazko vencejori (Apus apus), gaur egungo euskaraz sorbeltz deitzen dioten horri. Txori ezaguna izanda, ia-ia herri bakoitzean izen ezberdina dauka.
Orain urtebete esandakoak labur geratu, eta beste zenbait izen eta datu ere gehituko ditut eguneraketa honetan, gehienak ehiztari eta baserritarrei ahoz jasotakoak. Nafarroa eta Iparraldeko datu gutxi daukat oraindik; ea datorren urterako... Izen batzuen erabilera-eremua gutxi gorabeherakoa da, eta baliteke albo-herrietan ere erabiltzea.
Apus apus herririk herri
- Txirri, txirritxori (eta aldaerak): gehienbat Bizkaia sartaldeko hainbat ingurutan, Mungian-Uriben bereziki, baina Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere, antzeko izenak erabiltzen dira, esate baterako: Sakanan txirriño, Legutianon txirri, Zumarraga-Urretxun txirrintxori, edo Elorrion txirribirri.
- Txirriskillo / Kirriskillo: Lea-Artibai ia osoan horrela deitzen diote (edo aldaerak: Karraskillo, Txirritxaldo...). Seguru asko Gernikaldeko beste herri batzuetan ere bai (Ereño-Nabarniz inguruan bai, behintzat).
- Ermitarixo, Imintarixo: Durangaldean (Durango, Iurreta, Garai, Berriz...).
- Erlai: Leintz aldean, Aramaio, Otxandio eta Ubidea (elai) barne; Diman ere elai. Salbuespena Leintz Gatzaga eta Marin (Eskoriatzako auzoa) dira.
- Artxilloi: Gatzaga eta Marin (Eskoriatza).
- Ka(n)pantxoi: Oñatin.
- Beltxijoi, beltxiju: (baita Pentzajo eta aldaerak). Bergara-Antzuolan, eta Markina-Aulesti inguruan.
- Abijoi: Eibar inguruan (Mallabia, Ermua, eta Soraluze barne).
- Txio: Elgetarrak, betiko moduan, berezi xamarrak dira. Enara azpizuriari egabera deitzen badiote, eta egaberari azpizuri... hortik aurrera, dena libre :-).
- Kataki: Elgoibar-Azkoitia inguruan, eta Mutrikun. Ziurrenik Mendaron eta Deban ere bai, baina datu hori ez daukat.
- Txenada beltz (txinara beltz, enara beltz...): Azpeitia eta inguruan (Beizama, Errezil, Aizarnazabal, Aizarna, Urrestila, Matxinbenta...).
- Arrandera/Arrantxori: Zumaia inguruan; baita Zerain inguruan ere.
- Zirringillo, txirringillo: Zarautz-Getaria-Aia inguruan eta Goierrin. Azken batean, hasieran aipatutako txirri izenaren aldaera bat dirudi (edo alderantziz).
- Mitxigu, mitxiku: Tolosaldeko hainbat herritan, alboko Aia barne.
- Irra, irriyo: Donostialdean, Oiartzunen, eta abar.
Eta sorbeltz?
Orain arte aipatutako izenak ahoz jaso ditut, ehiztari eta baserritarren artean. Nafarroa eta Iparralderako beste izen batzuk ere jaso ditut, baina hiztegietan, esate baterako, krikua, edo apeztxoria.
Sorbeltz hitzaren inguruan, misterio handia: Azkuek dio Gipuzkoako hitza dela; beste hiztegi batzuetan Zuberoako marka darama; hiztegi batuak markarik gabe, Euskal Herri osokoa bailitzan... eta hiztun nagusien artean ezezaguna da.
Saiak, Arranoak eta Putreak
Azken urteotan izugarri zabaldu eta hedatu da sai hitza. Ikastolei eta hedabideei esker, Euskal Herriko txoko gehienetan ezagutzen dugu gaur egun saia zer den, buitrea.
Jatorriz, gure inguruan nahiko eremu murritzeko hitza da saia, edo hobeto esanda, saixe. Leintz bailara (Arrasate, Aretxabeleta, Aramaio...), eta Durangaldeko herri batzuetan erabiltzen da gehienbat. Hortik kanpo, Bizkaian (eta Eibar inguruko hizkeretan), Arranoa esaten zaie buitreei; baita Nafarroako zenbait eskualdetan ere. Eta Gipuzkoan putre hitza da nagusi. Ez dakit Iparraldean nola esaten duten; beharbada saia ere erabiliko dute.
Baina Leintz inguru horretatik kanpo ere, erabiltzen dugu gehienok sai hori, hitz-elkartuetan izan arren. Lea-artibai inguruan, saidxerri esaten diote abendu edo zapelatzari; Urola-kostan (eta inguruko beste zenbait herritan), berriz, saizuri deitzen diote mirotzari (Circus cyaneus).
Hitz horiekin jira-bueltaka nenbilela, pentsatu dut: "eta zapelatz"? Azken batean, ez da izango "sai+belatz" edo antzeko zerbait? Lehenengo begiratuan, behintzat, badirudi sai hitza egon daitekeela tartean. Arrano hitzean arrai (Eibar inguruan, rapaz) egon daitekeen bezela (arrai hitz horren eratorriak dira, besteak beste, Deba ibarrean takian-potian erabiltzen diren arraipardo, arranbeltz, arrangorri, eta abar).


