Eibartik
Musika
"Ventos de saudade", Fado portugesak Soraluzetik
Oraindik ere barru-barruan daukat sartuta atzo gauean Soraluzeko zineman sentitutako zirrara. "Ventos de saudade" laukoteak fadoen gazi-gozoekin jantzi zuen bariku gaua. Edeeerra izan zen!
Atzo gauean Soraluzen izan ginen. "Ventos de saudade" taldearen kontzertua zegoen eta haraxe joan ginen, fadoen Saudadeaz eta Arianneren ahots ederraz gozatzera.
Soraluzeko lau lagunek osatzen dute taldea: Jon Basaurik (gitarra), Domentx Uzinek (gitarra portugaldarra), Ane Ugaldek (flauta) eta Arianne Unamunok (ahotsa). Nolatan hasi ote ziren lau plaentxiar fadotan? Auskalo, kasualitatez-edo, baina pozten naiz.
Ez dute kontzertu larregirik ematen, tantaka banatzen dute euren goxotasuna. Eta inguruko guztiak zain geunden. Noizko hurrengo kontzertua? Soraluzeko zinema gainezka zegoen atzokoan; adin guztietako jendea, nagusi eta gazte.
Fadoak izugarri gustatzen zaizkit. Gaztetatik. Beharbada, 16 urterekin Lisboara egindako bidaiarengatik; edo portugaldarrak gustuko ditudalako; edo Portugalen 4-5 aldiz izan naizelako eta herri atsegin bezain abegitsua delako... Fadoak hain dira tristeak, hain alaiak, hain barnera sartzen zaizkizunak...
Eta Arianneren ahotsa baldin badago tartean, zer esanik ez. Ai ama! Zer ondo abesten duen plaentxiarrak. Goxo, sakon, sarkor eta erregistro izugarri zabalean. Oraindik ere oilasko ipurdia gainetik kendu ezinda gaudela!
Arantzabali galdetu beharko diogu ea noiz antolatzen duen hurrengoa Espaloian. Zain nago.
Argazkiak.org | Ventos de saudade © cc-by-sa: asarasua
Bring on the night
"When the World Is Running Down You Make the Best!".
Euriak eta umeen gaixotasunak ere badute alderdi onik. Etxean egoteak ere badu bere zer hori. Aspaldiko partez musika pixkat entzuteko aukera ere izan dugu egunotan. Tartean munduko abestirik onena, edo ia. Itoizen Ezekiel, U2ren zenbait eta beste dozena erdi. Hortxe dago gorentasuna. Eta tartean Police taldearen Bring on the night. Batez ere bere zuzeneko bertsio erdi-jazzeroan. Aspaldi entzun barik eta atzo eguna poztu zidan.
Harry altoo volumena!
2010. urterako ToDo-en zerrendan: musika gehiago entzun behar dut.
