Eibartik
Herri-hizkerak
Nola transkribatu ahozko euskara?
Herri bateko hizkera jaso eta aztertzeko orduan, arazo handienetako bat transkripzioak egitea da. Orain dela urte batzuk arte transkripzio ertsi-ertsiak egiten ziren, laburdura eta kontrakzio guztiekin. Ttranskripzioak ziren hizkerak jasotzeko eta ikertzeko aukera bakarra. Gaur egun, herrietako hizkerak Minidisc, DVD eta DCRom-etan gordetzen dira. Transkripzioak, beraz, hizkera aztertzeko erabili beharrean, dibulgaziorako erabiltzen dira gehienbat.
Herri bakoitzak bere hizkera du, eta hizkera bakoitzak bere ezaugarriak. Eibarren aspaldi zehaztu genituen zenbait irizpide. Orain Zarautzen ere badihardugu lanean, eta Zarautzerako beste batzuk moldatu behar. Oinarri berekoak (Euskal Herri osoan hainbat lanetan finkatutakoak), baina Zarauzko hizkeraren ezaugarrietara moldatuta.
Kontuan izan ez direla transkribapen filologiko edo fonetikoak; tesi linguistiko baterako ez lukete balioko, jakina. Baina helburua dibulgazioa denean (bai aldizkari batean pasarte batzuk argitaratzea, bai Interneten zerbait kaleratzea, bai CD batean bildutako grabazioen lagungarri izatea) ulergarritasuna ere kontuan izan behar dela uste dut. Alderdi filologiko hutsa baino, irakurlea da garrantzitsuena niretzat. Irakurleak testua irakurri ahal izatea, ulertzea, gozatzea, eta identifikatuta sentitzea.
Hemen irizpide nagusiak: Irizpide nagusiak
Hona hemen irizpide nagusien laburpena:
- Arau orokor bezala, ahal dela hitzak osorik eta banatuta adieraziko dira. Atal dibulgatiborako den heinean baturako hurbilpena egingo da ulermena ahalbidetzeko, baina Zarauzko euskararen ezaugarri nagusiak gordez, morfologian eta hitz barruko fonetikan. Ez horrenbeste hitzen arteko loturetan.
- "H" erabiliko da.
- Z/S eta TZ/TS bereizi egingo dira.
- Bustidurak adierazi egingo dira, hiztunak hala erabiltzen baditu. Eta bustidura sortzen duen bokala idatzi egingo da. iñ / -ill / -itt
- Deklinabide kasuan hiztunak esaten dituen bezala adieraziko dira, esate baterako, genitiboan: "Santo kriston eskia".
- Azentua bereizgarria denean, jarri egingo dugu. Adibidez / sémian (pl).
- Mugatzailearekin sortzen diren aldaketa fonetikoak ere adieraziko dira: etxia, txikiya, ensayua
- Bokalarteko r- galtzen denean, ez da idatziko: zea, bea, etxea...
- Bokalarteko g- galtzen denean ere ez da idatziko: eiteko, ezautu... Dena den, azken kasu hau zailagoa da, kasu askotan g- leundu egiten delako guztiz galdu gabe (gogorra, sagarra ). Horrelakoetan, hiztunak dioena errespetatuko da.
- d»r bilakaera. Hiztunak dioena gordeko da: trenbirian
- Gainontzeko aldaketa fonetiko guztiak ere, hiztunak esaten dituen bezala emango dira: ebiya (ez euriya), iyo (ez igo)...
- ETA / TA / DA. Lehenengo bi kasuetan, hiztunak dioena erabiliko da. "DA" idaztea nahasgarria da, aditzarekin nahasten delako. Beraz, ez da horrela idatziko, baina oharretan adierazi egingo da. Azterketa linguistikoan, aldiz, adieraziko da Zarautzen noiz erabiltzen den bata eta noiz bestea.
- ERE: hiztunak dioena idatziko da: ERE / RE / E. Azken bi kasuetan hitzari loturik, baina apostrofe batekin adieraziko da: horiŽre / haiekŽe bai...
- Aditzak: hiztunak erabiltzen dituen formak erabiliko dira inolako aldaketarik gabe: "haiek eiten zuen" (eta ez zuten).
- Aldiz, aditzen loturen ondorioz sortzen diren aldaketak ez dira adieraziko, ez aditz nagusiak galtzen dituen kontsonanteak ezta aditz laguntzaileetan sor daitezkeen aldaketa fonetiko puntualak ere: etzan etorri»ez zan etorri / esate zun»esaten zun.
- Gaztelaniazko hitzak:
a) Hitz solteak direnean, hiztunak beregain hartutakoak euskal grafiaz adieraziko dira.
b) Gaztelaniazko esaldiak direnean, berriz, erdal grafiaz eta kakots artean hizki etzanaz azalduko dira. - Hizlariak beste inoren aipamena egiten duenean, esandako hori kakots artean eta hizki etzanaz emango da.
- Ulertzen ez diren hitzak kortxete artean adieraziko dira, zalantzazko hitza bera agertuz edo hitzaren ordez hiru puntu jarriaz: [...]
Hona hemen adibide bat. Uste dut irakurtzeko nahiko erraza dela, eta hala ere, Zarauzko hizkeraren ezaugarri nagusiak gordetzen dituela. Ez dago zalantzarik berriketan dabilena Zarautz ingurukoa dela.
Benita Eizagirre, Zarautz
- Eta, zenbat anai-arreba ziñaten baserriyan?
- Gu, hamar izan ta zortzi hazi, bi txikitan jayo ta berehala hillak.
- Zenbat neska eta zenbat mutil?
- Ba...bizi giñan lau neska ta lau mutil, zortzi.
- Eta zein gehio bizi zan baserriyan zuekin ?
- Pues, amona eta aita-amak.
- Eta, gogoratzen dituzu txikitan, zure txikitako urte haiek baserrikuak? Ze ite zenuten ta?
- Ba, eskolan hasi nitzan kumuniyo txikiya ein ta seituan, eta zortzi urte nitunian jun zan maistra, bakaziyuak hartu zitun, ta gehio ez zan etorri. Hurrena etorri zan hamaika urte nitunian, ta orduan ere, ez zitun harek, zenbat ingo zitun, ba? Urte pare bat edo. Albisturkua zan gañea, ta berriz e alde in zun, ta geo, aitona zahar bat bazan, hola, eskian ez baña, zea, Parrokiko Santo Kriston eskia, ta Urtetako San Sebastianen eskia, bi, neguan bi txandetan ibiltzen zan. Zeakua zan, hor, Lasartetikan, Añorgaldeako horkua, zea, etorrita, ta sei duro entregatzen zitun Urtetan. Ez dakit beak, gizajuak, zenbat irabaziko zun! Ta hua're tartietan, hillabetian bat eta, zean, baserri batian ta, besten ta, ta guri eskola ematen jardutzen zan, baiña ez zekiyan zean, dotriña erakusten ziun, baiña kuentetan ez zekiyan beak, eta... hola zeatu giñan. Eta geo, nik zenbat urte nitun?... Hamahiru, hamabost urte o. Mugika maistra etorri zan, azkoitiarra bea izatez. Gizona Bergarakua zun, eta pintoria, ta Ameriketa junda ta ibiltze zitzayon. Harek in zitun bastante urte, harek ingo zitun dozena erdi bat urte, bai. Ta, geo, aldi batian beste maestrik ez zan izan.
Zarauzko euskara
Orain dala pare bat hilabete esan genduan Zarauzko udalak beka deialdi bat egin zebala, herriko ahozko ondarea eta hizkera (Zarauzko euskara) jasotzeko. Udalak emon dau beran erabagixan barri, eta lantalde bati egokittu jako lan hori eitteko arduria; tartian ni neu. Juan zan astian egin da prentsaurrekua, eta aukeratutako proiektua hasi da lanian. Bost laguneko lantaldia osatu dogu. Honetxek gara: Belen Maiz eta Miren Zabaleta zarauztar filologuak, Zarautzen bizi dan Fernando Muniozguren eibartarra, Aintzane Agirrebeña filologua eta ni neu. Jaiotzez, bizitzaz eta hizkeraz eibartar izan arren, amona zarauztarra dakatena. Bertako euskeria be etxekua dakat, hortaz. Urtebete emon deskue Zarauzko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko; ia zelan urtetzen daben. Gogua eta indarra, behintzat, ez jaku faltako. Blog honetan bertan be emongo dogu ikerketa horren barri.
Diario Vascotik hartu dogu albistia:
Zarauzko euskarari buruzko ikerketa dagoeneko martxan da. Udalak beka-deialdia otsailean egin zuen eta epaimahaiak aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, ikerketa lana Belen Maiz, Asier Sarasua, Miren Zabaleta, Fernando Muniozguren eta Aintzane Agirrebeñak osatutako taldeari esleitzea erabaki du.
Epaimahaia, Udaleko euskera batzordeburua eta teknikariaz gain, Jose Luis Ormaetxea Txipi eta Jesus Mari Makazagak osatu dute, azken bi hauek Euskal Filologiako irakasle eta honelako lanetan adituak direnak. Epaimahaiak oso balorazio positiboa egin du talde honek aurkeztutako proposamenaren aurrean, proiektua oso egokitzat joaz eta taldea eskarmendtu handikoa dela aipatuz.
Oinarrietan zehaztutakoaren arabera, ikerketa lana euskaraz egingo da eta originala izan beharko du, bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izanik. Lana egiteko, 12 hilabeteko epea izango dute ikerketa burutzeko.
Lanaren edukiari dagokionez, Zarauzko ahozko euskara, aditza (hitanoa barne), deklinabidea, fonetika, hiztegia, esamoldeak eta esaera zaharrak jaso beharko dira gutxienez eta bertako euskaraz idatzitako testu edo dokumentuen inbentarioa edo zerrenda ere egin beharko da.
Beste herri batzuetan antzerako lanak egin izan dira, "baina guk lan sendo bat nahi dugu burutu. Arro eta gustora gaude zein taldeei eman zaion beka", adierazi zuen Imanol Lasak, Euskara departamenduko zinegotziak, pasa den ostiralean, taldearen aurkezpenean.
Ekitaldi berean taldeko partaideek lanaren metodologia eman zuten ezagutzera. Belen Maiz-ek jakitera eman zuenez, proiektuaren helburu eta asmo nagusiak Zarautz inguruko ahozko ondarea jasotzea, galzorian dagoen ondorea jasotzea izango da. "Hizkerari eta baita kultur ondareari dagokionez, Zarautzen aldaketa asko eman dira alderdi linguistikotik eta baita alderdi etnologikotik. Generazio berriek oso gutxi dakite gure aitona-amonen bizitzaz, hizkeraz... Jendeak erabiltzeko lan bat egingo dugu, ez armarioan gordeta edukitzeko".
Metodologiari dagokionez, lau urratsetan banatuko dutela lana adierazi zuen Asier Serranok. Aurrelan moduan, orainarte egindakoa jaso. Horrekin batera, bibliografia aztertu eta galdetegi bat osatu. Dena den, garrantzi-tsuena kontaktoak egitea izango zaie. "Aukeraketa egokia egitea funtzeskoa zaigu. Gure asmoa 100 zarauztar ingururekin hitzegitea litzateke", aurreratu zuen irakasle honek. Elkarrizketetan aspaldiko kontuak eta bertako euskera jaso eta ondoren hori katalogatu, sailkatu, digitalizatu eta azken finean jasotako guztia nolabait antolatzea eta jendeari ezagutaraztea izango dute helburu. "Gure asmoa ez da publikazio huts bat egitea, jaso eta modu antolatu batean uztea, erabiliera emateko".
Muniozguren-ek, Udalari eskerrak eman zizkion eta aldi berean deia luzatu zuen, alegia, he-rrian norbaitek ekarpenen bat egiteko gai dela ikusten badu. "Gu irekita gaude. Euskara zerbitzura deitu 943.005116 telefonora edo euskaraz@zarautz.org."
Garbi dagoena zera da, honelako azterketa lanak orain egin behar direla. Hemendik urte batzuetara berandu izan daiteke.
