Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik Eibar

Eibartik

Eibar

EibarREKO Eroski?

Azken egunotan Eroski berria (edo berritua) ireki digute Eibarren. Handiagoa, berriagoa,... eta akats txiki erraldoi batekin.

Azken egunotan azken ikutuak ematen dihardute Eibarko Eroski berriari. Saltokia handitu dute (bikoiztu, gutxienez), merkatalgune berria ere ireki dute, zenbait denda eta tabernarekin, eta aparkalekua ere askoz handiagoa da.

Baina, ai! baina. Bekatu mortala egin dute: Eibarko herriari ez diote ba "Eibarreko" esaten??

Eibarreko Udala???

EibarOrg eta Eibartarrak zerrendako gai errekurrente horietako batera itzultzen gaitu (1, 2 eta 3): Eibarko BAI; Eibarreko EZZZ.

Ez esan, gero, Eibarko herritarroi, Eibarrekoak garenik! Damutuko zaizue!

Asier Sarasua 2010/11/30

Eibarko igerilekua handitzen

Uda gainean daukagu eta herri guztietako igerileku eta hondartzak garbitzen hasi dira dagoeneko. Eibarren, gehiago. Izan ere, Ipuruako kanpoko igerilekua handitzeko lanak amaitzen dihardute.

Urte guztian lanean jardun ostean, badirudi ekainerako amaituta izango dituztela Ipuruako igerilekuko lanak.

Hauxe da joan zen astean ateratako argazkia. Eraikuntza eta handitze lanak amaituta daudela ematen du. Orain, azkenengo fasea: belarra erein... eta hazi dadila.

Ekainerako dena prest? Hortxe-hortxe ibiliko gara. 

Argazkiak.org | Eibarko igerilekua berrizten © cc-by-sa: asarasua

Udalak eta hedabideek saldu digutenez, Ipuruako kanpoko igerilekuaren neurria hirukoiztu egingo omen da. Tira, ez da horrela. Izan ere, berdegunea da handituko den bakarra. Beste guztia berdin-berdin geratuko da. Hala ere, berdegunea handitzea (eta kerizpe txiki batzuk gehitzea) ez da albiste txarra. Eibarko igerilekua txiki-txiki geratu da eta.

 

 

Asier Sarasua 2010/05/17

"Eibar atzo eta gaur" argazki-bilduma

GureGipuzkoa.net webgunekuak sekulako lana eitten dihardue. Argazkixak jasotzen, katalogatzen,... eta sareratzen. Azken egunotan, eta Eibarren egingo dan ekitaldi bat dala-eta, Eibarko irudi zahar eta barrixak erakutsi deskuez, baitta nahastauta be.

Gipuzkoako Aldundixak bultzatutako proiektua da: Guregipuzkoa.net. Gipuzkoako argazkixak batzen dittu, bai bilduma publikuak eta bai pribatuak. Publikuen artian, Eibarko bilduma haundi bi: Indalecio Ojanguren eta Juan San Martin. Eta dana CC-BY-SA lizentziapian banatzen dabe.

Eibarko bildumak aprobetxatuta, "jolasian" jardun dabe azken egunotan. Lehenengo, argazki zaharrak hartu eta gaur egungo panoramikak ataratzen (leku eta perspektiba bardiñakin). Hamentxe Plaza Barrixa, esate baterako.

Plaza Barrixa (lehen eta oin)

Eta gero, bixak nahastau dittue, esate baterako, 1933ko hauteskundietako argazki historikua gaur egungo eskola berian ipini dabe:

Alderaketa eibartarrak. Hauteskundeak.

GureGipuzkoa.net | Alderaketa eibartarrak. Hauteskundeak. © CC BY-SA

Lan ederra GureGipuzkoako Xabier Eskisabelek egin dabena. Eta dana lizentzia libre eta Creative Commons kontzeptuen abantailengaittik.

Zer esango dabe Eibarko ordezkari batzuek? Ai ama! Enteratzen badira! Vade retro Satanas!

Asier Sarasua 2010/05/13

Eibarko euskalgintza eta kulturgintza udaletxean

Joan zen astelehenean ekitaldia izan genuen Eibarko udaletxean. Gaia: udalak urtero ematen dituen diru-laguntzak. Diru-laguntzen legea aldatu dela aprobetxatuta (eta horrelako ekitaldiak bistosoak direla, bide batez), ekitaldia antolatu zuen Udalak. Aurten dirua jasoko dugun Eibarko kultur eta euskara elkarte guztiak bildu ginen udaletxeko areto nagusian eta lankidetza-hitzarmenak izenpetu genituen hantxe bertan, bata bestearen ostean.

Diru-laguntzen hitzarmenaEkitaldian 25 elkarte bildu ginen eta 30 hitzarmen izenpetu ziren guztira (batzuek 2-3 hitzarmen). Diario Vascok jaso zuen moduan, hantxe zeuden las fuerzas vivas de Eibar. Esango nuke batzuk falta zirela, batez ere gazteenak (Matrallako, Ustekabe, Gaztetxea, jaietan dabiltzanak...), baina gehientsuenak-edo hantxe geunden.

Hauxe da aurtengo diru-laguntzen zerrenda eta bakoitzak jasoko duen kopurua:

Cielito Musika Banda 76.943
UKE / Uni Kultura Elkartea 71.760
...eta kitto Euskara Elkartea 51.931
AEK 25.893
Club Deportivo Eibar 23.650
Usartza Txistulari Banda 21.092
Amañako jaiak Artetxa Elkartea 8.100
Pedro Celaya Elkartea 7.000
Urkitarrak 6.600
Sostoa Abesbatza 6.165
Casa Galicia 5.800
Agina Elkartea 4.470
Badihardugu 4.263
San Cristobal - La Rampa 4.100
Asociación Artística Eibar 2.950
Casa Cantabria 2.800
Abontzako Jai Batzordea 2.400
Deba Beheko Bertsolari eskola 2.200
Santa Kurutzeko Jai Batzordea 2.200
Behetarrak 2.100
Asociación Amigos de Moto Lambretta Eibar 1.500
Revista Eibar 1.500
Asociación Filatélica Arrate 1.250
Plano Corto 1.000
Goruntz Abesbatza 750

 

Aurten 338.000 euro banatuko ditu udalak guztira, iaz baino %26 gutxiago. Krisia.

Miguel de los Toyos alkateak aipatutako 3 ohar ere azpimarratu nahiko nituzke, erabat ados nagoelako:

  1. udalak ematen dituen 340.000 euro horiek inbertsioa dira, azken batean elkarteok gure herriko ekonomiara itzultzen ditugun sosak direlako (gehienbat herriko denda eta lanetan gastatzen ditugulako diruok). 
  2. elkarteen lanari esker, gainera, aberastasuna sortzen da herrian bertan. Diru-iturri ere bagara, beraz.
  3. eta elkarte kulturalen laguntzarik gabe, ezinezkoa litzateke Eibarko egitarau kulturala antolatu eta garatzea.

Eta beste hiru kontu, amaitzeko:

  1. argazkian 25 lagun; 5 andrazko eta 20 gizonezko. Oraingoan ere gizonezkoen kulpa ote?
  2. gazterik bat ere ez. Tira, Mikel Larreategi, Deporreko presidentea (29 urte; gazte?). Eibarren asoziazionismoak eta mugimendu kulturalak beti izan du indar handia. 10 urte barru?
  3. Eibarko Udalak urtero banatzen ditu diru-laguntzak Eibarko elkarteen artean. Orain arte, ez zen ekitaldirik egiten. Bakoitzak bere proposamena udaletxera eraman, udalak bere erantzuna eman, eta kitto. Aurten, baina, desberdina izan da. Hasteko, legea aldatu da eta diru-laguntzak eskatzeko (eta esleitzeko) modua aldatu egin da. Egokitu, bateratu, zuzendu... Uste dut onerako izan dela. Eta aldaketa hori aprobetxatuta, ekitaldia ere antolatu zuen udalak. Ekitaldi xume eta azkarra izan zen; elkar ezagutzeko ere balio izan zigun eta gure lana erakusteko ere balioko du, nolabait. Horretara, esango nuke Udalak asmatu duela eredu berriarekin.

 

Asier Sarasua 2010/05/05

Esnatu! Errepublikia etorri da eta!

Apirilak 14. Errepublikia aldarrikatu zan eguna. Gaur 79 urte. Orain dala urte batzuk, hurrengo bideua egin genduan Eibarko Udalian Errepublikiaz. Zelan bizi izan zeben eibartarrak hori egunori? Herriko hainbat lekuko elkarrizketatu eta bideo txiki bat egin genduan. 1931ko apirilaren 12tik 14ra bizi izandakuak gogoratzen dittugu. Itziar Alberdi izan neban lankide eta Eibarko Udalaren "Eibartarren Ahotan" proiektu barruan egin genduan lana.

 

 

Asier Sarasua 2010/04/14

Eibarko euskararen inguruko webgunea sarean

Eibarko Udalak, Euskara Mintegiarekin elkarlanean, Eibarko-euskara.com webgunea berritu du. Lehendik ere sarean zegoen eta bertan aurkitu zitezkeen Eibarko Hiztegi Digitalaren lehenengo bertsioa eta Eibarko argitalpenen katalogoa. Baina azken urteko lanaren ondoren, webgunea erabat berritu da. Onerako, nabarmen.

Joan zen astean aurkezpen eguna izan genuen Eibarko Portalea kultura etxean. Eibarko-euskara.com webgunea aurkeztu genuen, Eibarko udalaren euskara sailaren webgunea. Udal sail baten webgunea izan arren, ez zen ekitaldi ofizial-ofiziala izan. Izan ere, Eibarko udalean badago Eibarko euskararen inguruko lanak burutzen dituen lantalde bat (Fernando Muniozguren zenak Eibarko Euskara Mintegia deitzen ziona), eta kasu honetan ere lantalde horrek zeresan handia izan du proiektuan eta lanetan. Batez ere webgune horren atal nagusienean, Eibarko Hiztegi Digitalean.

Webgunea lehendik ere sarean zegoen, 2003. urteaz geroztik, baina azken hilabeteotan goitik behera aldatu da, bai itxuraz, bai egituraz eta baita edukiz ere. Oso-oso txukun geratu da, nik uste.

Aurkezpen-mahaian lau lagun izan ginen: Mari Jose Telleria euskara zinegotzia, Junkal Txurruka teknikaria, Serafin Basauri eta ni neu. Ane Sarasketa falta zen (edo ni nengoen bere lekuan), ondoezik zegoelako. Bera izan da hiztegian lanik gehien egin duen pertsona. Mari Josek ere aipatu zuen, "Nire buruan imajin bat gordeko dot, proiektu honi beti lotuta: Serafin onduan daukala, Ane Sarasketa ordenagailu aurrian, biok jotasua lanian hiztegixakin, Izaro txikixak bere lehenengo berbak ikasten dittuan bittartian".

Eibarko udalaren laguntzaz eta sustapenez, 8 laguneko lantalde batek jardun du lanean hiztegian, Ane Sarasketaren eta Serafin Basauriren gidaritzapean: Leire Narbaiza, Leire Zenarruzabeitia, Eli Kruzeta, Antxon Narbaiza, Aintzane Agirrebeña eta ni neu. Eta ezin dira ahaztu, hainbat urtez, beste hainbat proiektutan, Eibarko Euskara Mintegian lanean jardun duten Jesus Mari Gisasola "Trunboi", Pedro Laka eta Roberto Larreategi.

Eibarko-euskara.com, aurkezpena

 

Helburuak

Junkal Txurruka teknikariak aipatu zuen moduan, bi izango dira webgune honen helburu nagusiak.

  1. Eibartarrentzat euskara gaietan erreferentziagune izatea. Eibarko euskararekin eta orokorrean euskararekin zerikusia duten gaiak jasotzeko eta zabaltzeko gune izan dadila.
  2. Gune dinamikoa eta irekia izan nahi du. Eibarko elkarte eta erakundeek sortzen dituzten material eta egitasmoentzako eskaparate.

Aldaketak

Hauexek dira webguneak izan dituen aldaketa nagusiak:

  • diseinua: itxura aldatu eta gaurkotu da
  • azpiegitura teknikoa eguneratu zaio, KAM enpresaren lanari esker
  • hiztegiko fitxak orraztu eta zuzendu egin dira (lan honen arduradunak Ane Sarasketa eta Serafin Basauri izan dira)
  • eta atal berriekin hornitu da: albistegia, ahozko ondarearen lekukotasunak, eta abar.

Atal nagusiak

Eibarko Hiztegi Digitala. Toribio Etxeberriaren lana oinarri hartuta, Eibarko Hiztegi Etnografikoko hitzak gehitu dira, gaztelaniazko baliokideak gehitu eta zuzendu, eta baliabide berriak gehitu zaizkio. Hitzen fitxa lexikalak egokitu egin dira eta, gainera, sarrera bakoitzari argazkia eta bideoa gehitzeko aukera izango du (adibidez, euskara).

Albistegia. Eibarko Udaleko Euskara eta Kultura Sailaren albistegia ere izango du, euskararen inguruko berriak bilduko dituena. Gainera, EBPNaren inguruko informazioa ere izango du (Eibarko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia).

Eibarko euskararen lekukotasunak: Eibar aitzindari izan da herriko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko proiektuetan. Gutxienez 50 urte daramatzagu herriko euskara aztertzen. Gainera, azkenaldian hainbat grabazio ere egin dira herrian eta horiek ere lekua izango dute webgune berrian. Alde batetik, Eibartarren Ahotan proiekturako lotura sartu da udal webgunean. 1999-2002 urteetan lan handia egin zen proiektu horretan eta herriko hainbat eta hainbat lagun elkarrizketatu genituen. Harrezkero erdi-hilda eta giltzapean dago proiektua. Dena dela, informazio eta lekukotasun ugari dago bertan. Horretaz gainera, azken urteotan, beste hainbat grabazio egin izan ditugu Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren barruan.

Eibarko Ahotsak

Euskal Herriko Ahotsak proiektua oso proiektu sendoa da (www.ahotsak.com). Eibar-Bergara inguruan jaio zen orain dela 8 urte eta Euskal Herri osora zabaldu da harrezkero. Gizartearen eta erakundeen babes handia dauka: 40 udaletxeren babesa, beste horrenbeste kultura elkarte, eta erakunde guztietan (Aldundiak, Jaurlaritza eta Kutxa). Euskal Herri guztian zehar milaka elkarrizketa egin ditu euskara eta memoria historikoa jasotzeko. Proiektu horren barruan, Eibarren ere 50 elkarrizketa baino gehiago egin ditu azken urteotan eta Interneten ikusi daiteke lehenengo emaitza, bai www.ahotsak.com/eibar orrialdean eta baita atzo aurkeztutako udal webgune berrian ere, www.eibarko-euskara.com/ahotsak API bidez. Gainera, proiektu bizia da eta datozen 2 urteotan beste 100 elkarrizketa egitea aurreikusten da Eibarren bertan.

Serafin Basauriri omenaldia

Ekitaldi horretan bertan Serafin Basauriri omenaldi txikia eskaini zion Eibarko Udalak, bere bizitzan zehar Eibarren euskararen alde egindako lan guztia eskertuz. "Txopitea eta pakea" eskulturaren kopia bat eman zion, udalak pertsonaia garrantzitsuei ematen dien oroigarria. Orain dela urtebete ere beste omenaldi bero bat jaso zuen Serafinek Eibarko euskalgintzaren eskutik (informazio osoa hemen, hemen, argazki hauetan eta bideo honetan). Oraingoan udalaren errekonozimendua jaso du, ondo merezitakoa gainera, inork ez dakielako zenbat eta zenbat ordu eskaini dizkion Serafinek euskarari, ordainean sekula ezer eskatu gabe. Zorionak, Serafin!

Informazio gehiago:

 

XVII-XVIII gizaldietako euskarazko koplak Eibarren

Aste honetan berri onak heldu dira Eibarko udal artxibotik. Batto: artxibo berria inauguratu da. Biga: Bergarako udaletxean "bahituta" zegoen material historikoa berreskuratu da. Hirur: material horren artean XVII eta XVIII gizaldietako euskarazko kopla zaharrak agertu dira. Ez da gutxi!

Ba bai. Aste honetan albiste onak ekarri dizkigu Eibarko udal artxiboak. 10-12 urtez obretan egon ondoren (erraz esaten da), azkenean berriro itzuli da Eibarko udalaren artxibategia Untzagako plazara. Lehenengo udaletxeko obrak izan ziren (eta urteetako atzerapena), gero artxiboa Untzagara ekarri ezina (hezetasun arazoak eraikuntzan), gero ez-dakit-zer... 10 urtetik gora igaro ditu artxiboak Portaleko egoitza probisionalean. Azkenean, baina, joan zen astean ireki zituen ateak Eibarko udal artxibo berriak.

Luze jo du, baina merezi izan duela esan daiteke. Artxibo berri, zabal, moderno eta erabilgarria daukagu (behingoz) Eibarren. Duela 3-4 aste ezagutu nuen egoitza berria (oraindik obretan zegoela) eta asko-asko gustatu zitzaidan. Oraindik ez dut martxan ikusi, baina gogo handiz nago. Ondo pentsatutako eta antolatutako instalazioak dira.

Gainera, artxiboan material "berria" ere izango dugu, Eibarko Eskribautzari dagokiona: XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko auzi zibilen, exekuzio-auzien eta auzi kriminalen agiriak. 100 urtean Bergarako artxiboan gordeta egon ondoren, Eibarrera itzuli dira. Material garrantzitsua, zer esanik ez, batez ere Eibarren daukagun agiri-gabezia ezagututa (Eibarko hainbat eta hainbat agiri galdu egin dira sute eta gerretan, batez ere, 1794ko sutean eta gerra zibilean).

Bergarako agirien inguruko informazio gehiago Egoibarra.com webgunean.

Eta azkenengo berri ona: Bergaratik etorri den dokumentazio historiko horren azaleko arakatze batean euskarazko dokumentu bi agertu dira. 1668an eta 1721an idatzitako kopla bana. Hizkuntza gutxitu honetan ez dira larregi garai hartako dokumentu euskaldunak eta berri pozgarria da, beraz. Dena dela, Eibarren bertan badira garai beretsuko beste bi dokumentu historiko: 1685eko beste kopla zahar batzuk eta 1754. urteko ordenantzak.

1668ko koplak oraindik ez dituzte transkribatu (agiriak ez omen daude oso egoera onean); 1721. urtekoak, ostera, Egoibarra.com webgunean kaleratu dira. Gartzela-zigorra eta dekapitazioa jasateko arriskua dudan arren (irakurri Mendicutek idatzitakoa Egoibarraren lege-oharraren inguruan), hementxe berridazten ditut.

Harrigarria da zelako erraz irakurtzen den eta gaur egungo Eibarko euskararekin alderatuta zelako antzerakoa den. Zalantzazko 2-3 berba izan ezik, beste guztia ondo-ondo irakurri eta ulertu daiteke. Zain nago, ea hizkuntzalariren batek azterketa sakonagoa egiten ote duen.

Hementxe, behintzat, kantu hori (Eibarko bi emakumek herriko botikarioari kantatutakoak):

Guitarriata biolinchua
Ederra jacus etorri
.........................
Ederra jacus etorri
Jaungoycuac baixe estaqui
.........................
Arrabaleco dama ederroc
Es arren urten echeric
..........................
Trupin jauna orra nundatorren
Dama ederren ondoriq
...........................
Guitarriata biolinchua
Achaquiazat arturiq
...........................
Caballeriata perruqueria
encaxe puntas beteriq
...........................
Tauaquerabi ordabilza
Sorabedarrez beteriq
............................
Seyn ezconduba seyn esconsaquia
Estau iminten dudariq //

Orregayterren ateraeben
Leen bere lecaytioriq
.............................
Arraguetaco jendeaq
Leenago dauco jaquiniq
.............................
Trupin jaunorreq
Sorziraq Jolta utenzedan echeriq
..................................
Urtezedan echeriq
Dama ederren alderiq


Hauxe da istorioa, antza: "Trupin" jaunari (Agustin Ezenarro botikarioari) neska ederrak gustatzen zazikio eta horien atzetik ibiltzen da, ezkondu zein ezkongabeen atzetik. Lekeition ere antzera ibili omen zen eta horregatik bota zuten herritik. Ezenarrok zortziretan irtetzen du etxetik eta Arraguetako dama ederrei dei egiten zaie kontuz ibil daitezen.

Horixe da koplen egileek salatu eta kantatu zutena; eta horregatik jarri zuen kereila Ezenarrok.

 

Asier Sarasua 2009/11/09

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

 

 

 

 

----------
 
 
Azken erantzunak
txu Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia, 2012/01/22
. @argazkilaritza, 2011/12/07
Enbidixia Amatiño, 2011/12/07
Itxaro Borda asier, 2011/12/06
baten bat ahaztu maider, 2011/12/05
Etiketa lainoa
Animaliak Argazkiak Argitalpenak Artxiboa Athletic Aurkezpenak Badihardugu Berbarik berba Bertsolaritza Birziklatzea CC Danetik pixkat Danetik_pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar EibarOrg Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskara Hegaztiak Herri-hizkerak Historia Igerilekua Internet Kantagintza Kirola Kultura Musika Natura Toponimia Txori izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aldundia aranberri argazkiak argazkilaritza argentina argitalpenak armagintza aurkezpenak azoka badihardugu barcelona baserria berbarik berba berbarik-berba bidaiak bideoak birziklapena blogak catala catalunya cde danetik pixkat danetik-pixkat danetik_pixkat dantza deporra durango eibar eibarko euskara eibarko museoa eibarko-euskara eibarko_euskara eibartarrak eibartarren-ahotan ekitaldiak emakumeak errebal errepideak errepublika etnografia euskal-jaia euskalherria euskalkiak euskaltzaindia euskara familia flickr futbola gasteiz gaztainerre genealogia gerra girona gizartea hartza haurrak hegaztiak herri-hizkerak historia hitanoa hizkuntzak hiztegi-batua hiztegia hiztegiak igartubeiti igerilekua ikastaroak ikastola ikuskizunak internet ipuinak ipurua irakurketa jaiak jaialdiak jardunaldiak katalunia kirola kritikak kultura lanak lea-artibai lekuak liburuak literatura literaturak mallorca margola marraskiloak memoria mendia mogel moluska musika natura ohiturak ondarea oporrak pelikulak pintxoak pirinioak politika purrustadak sagardoa sakoneta salburua sarasua sarea senideak soziolinguistika tekniker teknkologia telebista toponimia trinkoa turismoa twitter txoriak udala unibertsoa veleia zarautz zientzia ztiak