Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik Artxiboa

Eibartik

Artxiboa

XVII-XVIII gizaldietako euskarazko koplak Eibarren

Aste honetan berri onak heldu dira Eibarko udal artxibotik. Batto: artxibo berria inauguratu da. Biga: Bergarako udaletxean "bahituta" zegoen material historikoa berreskuratu da. Hirur: material horren artean XVII eta XVIII gizaldietako euskarazko kopla zaharrak agertu dira. Ez da gutxi!

Ba bai. Aste honetan albiste onak ekarri dizkigu Eibarko udal artxiboak. 10-12 urtez obretan egon ondoren (erraz esaten da), azkenean berriro itzuli da Eibarko udalaren artxibategia Untzagako plazara. Lehenengo udaletxeko obrak izan ziren (eta urteetako atzerapena), gero artxiboa Untzagara ekarri ezina (hezetasun arazoak eraikuntzan), gero ez-dakit-zer... 10 urtetik gora igaro ditu artxiboak Portaleko egoitza probisionalean. Azkenean, baina, joan zen astean ireki zituen ateak Eibarko udal artxibo berriak.

Luze jo du, baina merezi izan duela esan daiteke. Artxibo berri, zabal, moderno eta erabilgarria daukagu (behingoz) Eibarren. Duela 3-4 aste ezagutu nuen egoitza berria (oraindik obretan zegoela) eta asko-asko gustatu zitzaidan. Oraindik ez dut martxan ikusi, baina gogo handiz nago. Ondo pentsatutako eta antolatutako instalazioak dira.

Gainera, artxiboan material "berria" ere izango dugu, Eibarko Eskribautzari dagokiona: XVI. mendetik XIX. mendera bitarteko auzi zibilen, exekuzio-auzien eta auzi kriminalen agiriak. 100 urtean Bergarako artxiboan gordeta egon ondoren, Eibarrera itzuli dira. Material garrantzitsua, zer esanik ez, batez ere Eibarren daukagun agiri-gabezia ezagututa (Eibarko hainbat eta hainbat agiri galdu egin dira sute eta gerretan, batez ere, 1794ko sutean eta gerra zibilean).

Bergarako agirien inguruko informazio gehiago Egoibarra.com webgunean.

Eta azkenengo berri ona: Bergaratik etorri den dokumentazio historiko horren azaleko arakatze batean euskarazko dokumentu bi agertu dira. 1668an eta 1721an idatzitako kopla bana. Hizkuntza gutxitu honetan ez dira larregi garai hartako dokumentu euskaldunak eta berri pozgarria da, beraz. Dena dela, Eibarren bertan badira garai beretsuko beste bi dokumentu historiko: 1685eko beste kopla zahar batzuk eta 1754. urteko ordenantzak.

1668ko koplak oraindik ez dituzte transkribatu (agiriak ez omen daude oso egoera onean); 1721. urtekoak, ostera, Egoibarra.com webgunean kaleratu dira. Gartzela-zigorra eta dekapitazioa jasateko arriskua dudan arren (irakurri Mendicutek idatzitakoa Egoibarraren lege-oharraren inguruan), hementxe berridazten ditut.

Harrigarria da zelako erraz irakurtzen den eta gaur egungo Eibarko euskararekin alderatuta zelako antzerakoa den. Zalantzazko 2-3 berba izan ezik, beste guztia ondo-ondo irakurri eta ulertu daiteke. Zain nago, ea hizkuntzalariren batek azterketa sakonagoa egiten ote duen.

Hementxe, behintzat, kantu hori (Eibarko bi emakumek herriko botikarioari kantatutakoak):

Guitarriata biolinchua
Ederra jacus etorri
.........................
Ederra jacus etorri
Jaungoycuac baixe estaqui
.........................
Arrabaleco dama ederroc
Es arren urten echeric
..........................
Trupin jauna orra nundatorren
Dama ederren ondoriq
...........................
Guitarriata biolinchua
Achaquiazat arturiq
...........................
Caballeriata perruqueria
encaxe puntas beteriq
...........................
Tauaquerabi ordabilza
Sorabedarrez beteriq
............................
Seyn ezconduba seyn esconsaquia
Estau iminten dudariq //

Orregayterren ateraeben
Leen bere lecaytioriq
.............................
Arraguetaco jendeaq
Leenago dauco jaquiniq
.............................
Trupin jaunorreq
Sorziraq Jolta utenzedan echeriq
..................................
Urtezedan echeriq
Dama ederren alderiq


Hauxe da istorioa, antza: "Trupin" jaunari (Agustin Ezenarro botikarioari) neska ederrak gustatzen zazikio eta horien atzetik ibiltzen da, ezkondu zein ezkongabeen atzetik. Lekeition ere antzera ibili omen zen eta horregatik bota zuten herritik. Ezenarrok zortziretan irtetzen du etxetik eta Arraguetako dama ederrei dei egiten zaie kontuz ibil daitezen.

Horixe da koplen egileek salatu eta kantatu zutena; eta horregatik jarri zuen kereila Ezenarrok.

 

Asier Sarasua 2009/11/09

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

 

 

 

 

----------
 
 
Azken erantzunak
txu Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia, 2012/01/22
. @argazkilaritza, 2011/12/07
Enbidixia Amatiño, 2011/12/07
Itxaro Borda asier, 2011/12/06
baten bat ahaztu maider, 2011/12/05
Etiketa lainoa
Animaliak Argazkiak Argitalpenak Artxiboa Athletic Aurkezpenak Badihardugu Berbarik berba Bertsolaritza Birziklatzea CC Danetik pixkat Danetik_pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar EibarOrg Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskara Hegaztiak Herri-hizkerak Historia Igerilekua Internet Kantagintza Kirola Kultura Musika Natura Toponimia Txori izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aldundia aranberri argazkiak argazkilaritza argentina argitalpenak armagintza aurkezpenak azoka badihardugu barcelona baserria berbarik berba berbarik-berba bidaiak bideoak birziklapena blogak catala catalunya cde danetik pixkat danetik-pixkat danetik_pixkat dantza deporra durango eibar eibarko euskara eibarko museoa eibarko-euskara eibarko_euskara eibartarrak eibartarren-ahotan ekitaldiak emakumeak errebal errepideak errepublika etnografia euskal-jaia euskalherria euskalkiak euskaltzaindia euskara familia flickr futbola gasteiz gaztainerre genealogia gerra girona gizartea hartza haurrak hegaztiak herri-hizkerak historia hitanoa hizkuntzak hiztegi-batua hiztegia hiztegiak igartubeiti igerilekua ikastaroak ikastola ikuskizunak internet ipuinak ipurua irakurketa jaiak jaialdiak jardunaldiak katalunia kirola kritikak kultura lanak lea-artibai lekuak liburuak literatura literaturak mallorca margola marraskiloak memoria mendia mogel moluska musika natura ohiturak ondarea oporrak pelikulak pintxoak pirinioak politika purrustadak sagardoa sakoneta salburua sarasua sarea senideak soziolinguistika tekniker teknkologia telebista toponimia trinkoa turismoa twitter txoriak udala unibertsoa veleia zarautz zientzia ztiak