Amabost egun Urgain'en (J.A. Loidi, 1955)
Amabost egun Urgain'en
Joseba Andoni Loidi Bizkarrondo
Zarautz, 1955
Urgaingo lurperatzaileak, hilobi bat garbitzen ari dela, aurkikuntza harrigarria egingo du: 20 urte lehenago ustez gaixorik hildako emakume baten garezurrean tiro baten zuloa ikusiko du. Herriko jaun aberatsenaren emaztea zen. Nola hil zen? Nork hil zuen? Eta zergatik ez zen ezer esan hil zen unean? Hari horri tiraka, beste zenbait gertakizun ilun ere agertuko dira Urgain herrian.
Jose Antonio Loidi Bizkarrondok (Errenteria, 1916 - Irun 1999) 1955. urtean idatzia, Amabost egun Urgain'en izan zen euskarazko lehenengo polizia-eleberria, garai hartarako sekulako harri bitxia. Loidik euskal literaturako lehenengo detektibea ere badakarkigu, Martin Garaidi donostiarra.
Generoaren ezaugarri guztiak ditu liburuak: hilketak, desagerpenak, detektibeak, gaizkile susmagarriak... dena ondo harilkatuta eta tramari ondo eutsiz. Erritmoz kontatua, dialogo arinekin eta ondo sortutako pertsonaiekin. Euskara bizian idatzia, herri hizkeratik oso hurbil eta adierazkortasun handiz (bere garaian kritikak ere jaso omen zituen, orduko garbizaletasuna hautsi zuelako). Gipuzkeraz idatzia eta orduko grafiarekin, baina 2. orrialdetik aurrera ondo-ondo ulertzen eta jarraitzen dena.
Ezin esan gaur egun sekulako eleberria izango litzatekeenik, baina oso nobela txukuna da eta erraz uler daiteke garai hartan izan zuen arrakasta. Euskaltzaindiaren saria jaso zuen eta 50. hamarkadan best-seller bilakatu zen. Historiarako beste datu esanguratsu bat: Amabost egun Urgain'en da beste hizkuntza batera itzulitako lehenengo liburua (katalanez argitaratu zen 1961ean).
Kuriositatez bada ere, gomendagarria.
EibarOrg: hori lujua!
Orain aste batzuk elkarrizketia egin zetsen Leire Narbaiza blogari eibartarrari Nickdutnik saiuan. Galderen artian: "zer blog jarraitzen duzu?"
Horren inguruan pentsatzen, eta konturatu naiz nere gustuko blog asko-ta-asko etxian bertan dagozela, EibarOrg komunitate honetan. Zerrendia errepasatzia besterik ez dago: Leire eta Elena, Markos eta Gari, Josu eta Igor, Oier eta Oier, Luistxo eta Luis Alberto, Mikel eta Mikel eta Mikel,... eta gutxiago idazten duten beste hainbat. Eta sasoi bateko Julen eta Xabier (itzuliko ete?). Eta Etiam zoragarrixa ze?
Ba, horixe. Laster 7 urte beteko dittu komunitate honek (Euskal Herriko lehenengo blog-komunitatia izan zan) eta lujo hutsa da egunero zeuen etxe honetan bertan blogeatzia.

Blog komunitatearen hasierako ikastaroa: 2004ko uztaila.
Manex: Eibarko hitanoaren azken lekukoa?
Eibarren gero eta gutxiago entzuten da hika egiten. Egia esateko, hilda dago. Edo ez bada hil, belaunaldi batean hilko da. Eibartarrak zerrendan ere jardun genuen horretaz.
60 urtetik gorako guztiek, normal-normal egiten dute (gizonezkoek, behintzat; emakumeen artean gerra ostean hasi zen galtzen). 40 urtetik beherakoentzat, ostera, gauza arraroa da. Nire belaunaldiko zenbatek darabilte Eibarko hitanoa? Ezagutu bai... baina erabili? Eta gazteagoen artean erabat arrotza da; batzuendako Swahilia edo Wolofa bezain exotikoa.
Ni neu ere belaunaldi galdu horretan nago. Etxean beti entzun izan dudan arren (aittak, aitxitxak, aitona-amonak, osabek... egin izan digute), 16-18 urtera arte "hikalari" pasiboa nintzen, nire sasoiko gehienak bezala. Entzule hutsa. Sasoi hartan, "Firi" ikaskideari esker, hika egiten hasi nintzen (lotsati samar, hasieran, egia esateko). Ondoren, beste herri batzuetako lagunak aurkitu ahala (euskalgintzakoak, unibertsitateko lagunak, lankideak...), gero eta gehiago hasi naiz hitanoa erabiltzen, eta askoz naturalago. Kuadrilan, ostera, ez. Hikak erreziprozitatea eskatzen du. Nik hiri, eta hik niri. Eta kuadrilan ia inork ez du ezagutzen/erabiltzen.
Eta orain dela pare bat urte, seme gazteari ere hika egiten hasi nintzaion. 3 urte zituen. Lehenengo egunotan arraro begiratzen zidan, erdia ulertuz-edo... baina gerora, ostera, normal-normal dihardugu. Maddi alabari ez; ez diot egiten. Noka ezagutzen ez dudalako eta egiten diodanean berari gustatzen ez zaiolako. Baina erdi-zirika jarduten dugu, tarteka.
Manexi egiten diot, beraz. Baina askotan pentsatzen dut alperrik nabilela. Zertarako? Bere adineko Eibarko beste umeren batek entzungo du hikarik? Eta Eibarko hitanorik? Nekez.
Eta imajinatzen dut 30 edo 40 urte barru, Manex, Eibarko azken "hitanolaria", hika zeinekin berba egin ezinik dabilela...
Eta gogoratzen naiz Bo hizkuntzako azken hiztunarekin, hil arte eta bere bizitzako azken 20 urteetan bere hizkuntza norekin hitz egin ez zuela.
Eta negargura sartzen zait.
Baina pentsatzen dut Manexek eta Maddik ere seme-alabak izango dituztela. Eta, beharbada, hika egingo diegula.
Eta emozionatu egiten naiz.
Euskal literatura klasiko ezinbestekoa
Literatura klasikoa aipatzen dudanean, zentzu zabalenean esaten dut. Hau da, 1975. urtea baino lehenago argitaratutako lanak aukeratu ditut. Muga historiko bat, demokraziaren etorrera eta euskararen zabalkundea; euskara batuaren eta normalizazioaren hasiera; data borobila.
Beste hizkuntza batzuetan desberdin jokatuko genuke, seguru, baina esan daiteke euskal literaturan 1965-1970. urtera arte ez dela hasten literatura modernoa (Txillardegiren eta Saizarbitoriaren lanekin, besteak beste). Hortik aurrerakoa, 1975etik aurrerako zerrenda egitea, askoz zailagoa begitantzen zait, kantitatez eta kalitatez izugarrizko jauzia eman zelako 10 urte eskasean.
Oharra. Ez dut zerrendan sartu:
- ez gramatikarik eta ez apologiarik ez euskara ikasteko gidalibururik.
- ez gai erabat erlijiosoa duen lanik. Katiximak, dotrinak eta abarrak.
- ez ikasmaterialik .
- ez zatika eta aldizkarietan argitaratutako ipuin eta poemarik.
Norbaitek esango du euskal produkziorik gehiena utzi dudala horrela kanpoan, eta egia da. Baina tira, azken batean, "literatura" eta "liburuak" aukeratu ditut (zentzurik zabalenean). Hala ere, salbuespenen bat edo beste ere egin dut, nire ustez merezi zuenean. Balio linguistiko eta literarioa hobetsi dut. Baita garai batean mugarri izan zirelako edo euskal literaturan leku berezia dutelako (1. eleberri ahalegina, edo 1. saiakera liburua, poesian bide berriak urratzea, eta abar), edo bere garaian arrakasta handia izan zuelako.
Ikusiko duzunez, goiko irizpideak jarraituz, kanpoan geratu dira klasiko gehienak (Leizarraga, Etxeberri, Larramendi, Astarloa...). Baita XIX-XX mende bitarteko hainbat idazle handi ere, euren lanak beste ezaugarri batzuk izan dituelako (ipuinak, itzulpenak, literatur kritika, iritzi-artikuluak, saiakera...). Esate baterako, Jean Hiriart-Urruti, Nemesio Etxaniz, Felipe Arrese-Beitia, Piarres Larzabal, Jean Diharce "Iratzeder", Jokin Zaitegi, edo Ricardo Arregi. Eta nola ez, hiru handiak: R.M. Azkue, J.M. Barandiaran eta Koldo Mitxelena. Horiek ere irakurri eta ezagutu beharra dago, jakina. Baina zerrenda honetatik kanpo daude.
Hona hemen nire 30eko zerrenda:
- Lingua Vasconum Primitiae (Bernard Etxepare, 1545)
- Lazarragaren eskuizkribua (Joan Perez de Lazarraga, 1567)
- Guero (Pedro Axular, 1643)
- Atsotizac edo Refrauac eta O-ren gastaroa neurthitzetan (Arnaut Oihenart, 1657)
- Eusqueraren berri onac (Agustin Kardaberaz, 1761)
- Peru Abarka (Juan Antonio Mogel, 1802; 1881an argitaratua)
- Piarres Adame (Juan Bautista Elissamburu, 1889) 1go euskal nobela? amaigabea
- Kresala (Txomin Agirre, 1906) 1go euskal nobela?
- Buruchkak (Jean Etxepare "Medikua", 1910) kazetaritza lanen bilduma
- Abarrak (Ebaristo Bustintza "Kirikiño", 1918) bilduma
- Bide barrijak (Esteban Urkiaga "Lauaxeta", 1931)
- Biotz begietan (Xabier Lizardi, 1932)
- Arantzazu euskal-poema (Salbatore Mitxelena, 1949) gerra osteko lehenengo euskarazko lana
- Euskaldunak (Nikolas Ormaetxea "Orixe", 1950) alderdi linguistikoa baino, euskal poema epikoa izatea
- Milla euskal olerki eder (Santi Onaindia, 1954; bilduma)
- Amabost egun Urgainen (Joseba Andoni Loidi, 1955) polizia nobela
- Joanak Joan (Jon Etxaide, 1955)
- Leturiaren egunkari ezkutua (Jose Luis Alvarez "Txillardegi", 1957) 1. euskal nobela modernoa
- Illtzalleak (Martin Ugalde, 1961)
- Mendekoste gereziak eta beste (Jean Etxepare "Gaztea", 1963)
- Gorrotoa lege (Jon Etxaide, 1964)
- Harri eta Herri (Gabriel Aresti, 1964) mugarria euskal poesigintzan eta literaturan
- Huntaz eta Hartaz (Jose Luis Alvarez "Txillardegi, 1965) lehen saiakera liburua
- Egunero hasten delako (Ramon Saizarbitoria, 1969)
- Euskal Elerti 69 (Askoren artean, 1969) bilduma
- Hunik arrats artean (Angel Lertxundi, 1970) lehenengo ipuin-liburu modernoa?
- Haur besoetakoa (Jon Mirande, 1970)
- Hizkuntza, etnia eta marxismoa (Joxe Azurmendi, 1971)
- Herriaren lekuko (Rikardo Arregi, 1972)
- Itsasoak ez du esperantzarik (Luis Haranbur-Altuna, 1973) garai hartako best-sellerra
- Hiru gizon bakarka (Bitoriano Gandiaga, 1974)
Batek beste 5 gehituko lituzke, beste batek 5 kenduko. Baina uste dut gehienok bat egingo genukeela goiko zerrendako hautagai gehientsuenekin. Edo ez? Ea zer diozuen...
Erisono?? Ez da oso izen naturala inguru horrendako
Badirudi azkenengo traba legalak gainditu dituela eta Teknikerreko lanek aurrera darraitela. Baina gaur ez dugu alderdi teknikoaz, ekonomikoaz, ekologikoaz edo estetikoaz jardungo. Linguistikoaz besterik ez. Izan ere, Eibarren ez dago Erisono izeneko toponimorik. Are gutxiago industrigune berria egingo den tokian.
Laburpen txiki bat egiten saiatuko naiz:
- Azitaingo industrialdearen lehenengo fasea, erreka bazterrean egin zen, Altzubarren inguruan. Azitaingo Industrialdea deitu zioten. Ados.
- Gero, gorago beste zati bat egiten hasi ziren, industrialdearen 2. fasea. Berez, inguru horren izena Potrozulo izan da. Ez omen zen politikoki zuzena industrialde bati Potrozulo deitzea, jakina, eta mendian goraxeago dagoen beste toponimo txiki eta ezezagun samar bat aukeratu zuten industrialdea izendatzeko, baina gaizki idatziz: Erisono.
- Izan ere, Azitain inguruan bada Eriano izeneko ingurua. Ahoz Erixono esan
zaiona. Baina ez dago (eta ez da sekula egon) Erisono izeneko toponimorik. Eibarko toponimia jaso genuenean, ondo aztertu zen kontu hori eta bi forma aurkitu genituen: ahoz Erixono forma jaso genuen eta
idatziz Eriano, eta azken hori da Euskaltzaindiak eta udalak normalizatu
duten izena, Eriano. Horrelaxe dago Eibarko toponimoen zerrendan eta mapa
toponimikoan.
- Orain urte batzuk, Teknikerren poloa egiteko, oraindik eta gorago eta hegoalderago hasi ziren lurrak astintzen. Potrozulotik hegoaldera jo da, Markiegi izeneko ingurura. Horixe da inguru horren toponimo zuzena: Markiegi. Udana (ahoz Urena) ere izan zitekeen, horixe baita inguru horren gainekaldeko toponimoa.
Laburbilduz: Tekniker eraikitzen dagoen lekuaren toponimoa ondorengoa izan daiteke: Markiegi edo Potrozulo. Zabal jokatuta, baita Udana ere. Oso-oso zabal jokatuta, beharbada Eriano edo Erixono ere bai (parke berria egingo den lekutik oso-oso urruti dagoen arren Erixono). Baina sekula ere ez Erisono, izen hori ez delako existitzen Eibarren.
1.- Azitaingo industrialdea, Altzubarren inguruan.
2.- Industrialdearen 2. fasea, Potrozulon (Erisono izena jarri zioten).
3.-
Teknikerren polo teknologikoa, hori ere Erisono izenez ezaguna. Berez,
Eriano (ez Erisono) gorago dago. Teknikerreko lanak Markiegin egiten
dihardute.
Kalamuan eta Akondian Klub Deportibuakin
Guk aste honetan jakin dogu, baina Deporreko mendi-taldia ume txikixendako mendi-urteerak antolatzen hasi da aurten. Ume txiki-txikixendako, 3-6 urte bittartekuendako. Ekimen barrixa, politta, haurren artian mendizaletasuna bultzatzeko.
Lehenengo bi urteerak Xoxotera eta Urkiolara izan ziran. Azkena, asteburu honetan, Kalamua-Akondia ingurura. Jendetsua izan zan. 80 bat guraso eta ume alkartu giñan Usartzan eta tipili-tapala egin genduan ibilbide guztia.
Kalamuara igo (parlamentutik). Garagoitti gora-behera. Akondiara igo. Eta barriro garagoittiko zelaira jaitsi, txorixua eta sagardaua hartzera. Akondian, gaiñera, buzoi barrixa ipini zeban Klub Deportibuak.
Egualdi zoragarrixa. Giro politta. Ekimen ederra Deporrak hasi dabena.
Hurrengo urteeria, Arrabara (Gorbean), martixan 19an.
Hamentxe argazki batzuk (beste mordua Deporran "Hirumila" foroan).
Kalamua tontorrian, ume-aldria.

Akondia gaiñian.
Akondiako buzoi barrixa ipintzen.
