Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Atalak

Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Giza katia euskerian alde

Asier Sarasua 2008/05/16 22:38
Euskararen kontseilluak 10 urte egitten dittuala ospatzeko, hainbat ekitaldi egingo dittu euskalgintzak herririk herri. Eibarren ekitaldi politta egingo da: Urkuzuko itturrittik hasi eta Untzaga plazaraiño giza katia egingo da MAIATZAREN 24an. Urkuzuko itturrixan kantzilla urez bete eta eskuz esku eruango da ontzixori Untzagaraiño.


Giza katia osatzeko 500 lagun inguru biharko dirala uste dogu. Baten bat animatzen bada giza katerako, agertu deilla Urkuzuan datorren zapatu eguardixan (maiatzaren 24an).

Badihardugu elkartian zatixa Urkuzu aldekua izango da, gure egoitzia alde horretan dagualako. ...eta kitto! euskera elkartiak be inguru horretan egingo dau beran lana. Hortik aurrera, beste elkarte eta erakunde batzuk hartuko dabe lekukua.

Plazentziarrak eta Lekeittiarrak

Asier Sarasua 2008/05/15 10:08
Herrixen artian beti egon izan dira tira-birak. Gehixenetan, gaiñera, sanuak. Holaxe izan da, esate baterako, Eibar eta Plazentzia artian, eta bardin Ondarrua eta Lekeittio artian. Eta azeittunen platerian be eragiña euki dau horrek.

Mikelen bittartez jakin dot, Joxe Farozainak aittatu zebala, Kirmen Uribek idatzi zebala:

Lekeitiarra: horrela deitzen omen zaio Ondarroan azken jakiari, platerean jan barik geratzen denari.

Kontxo, ba, Eibarren "Plaentziarra" deitzen jako horri. Hau da, tabernan azeittuna platerkadia atara eta mahai gaiñian gelditzen dan azken azeittuna horri: "Maite, plaentxiarra zuretako".

Ondarruan eta Eibarren, albo-herrikuak lotsabakuak.

Ahotsak.com proiekturako langile bila

Asier Sarasua 2008/05/08 20:37
Badihardugu euskera elkartian lanez gaiñezka gabiz eta langile bila gabiz. Gehixenbat Ahotsak.com proiekturako, baiña baitta elkartiak dakazen beste premiña batzuetarako be. Lan-poltsa bat osatu nahi dogu.

Hauxe da Badihardugu.com webgunian kaleratu daben iragarkixa:

Badihardugu Euskara Elkarteak hiru arlo desberdinetarako lan-poltsa osatu nahi du. Interesa dutenek badihardugu@badihardugu.com helbidera bidali beharko dute kurrikuluma uztailaren 15a baino lehen.

Badihardugu Euskera Elkarteak lan-poltsa osatu nahi du datozen urteotan izan ditzakeen beharrak betetzeko. Hiru arlo hauetarako osatu nahi da lan-poltsa:

  1. Elkartearen administrazioa (kontabilitatea, txostengintza...)
  2. Alderdi filologikoa (Ahotsak.com proiektuaren barruan transkribapenak edo kodifikazioak egin)
  3. Kazetari lanak (Ahotsak.com proiektuaren barruan, jende nagusiari elkarrizketak egin, bideo eta audio pasarteak editatu...).

Hiru arloetako lanek badute harremana eta, beraz, hiruretarako gaitasuna baloratuko da. Beharrezkoa izango da gidabaimena izatea, batez ere, azken punturako, Euskal Herriko edozein herritan egokitu daitezkeelako elkarrizketak. Beste bi puntuetan lan-lekua finkoa izango da (Eibarren). Honekin batera, honakoak baloratuko dira:

  • Euskara maila ona.
  • Euskalkiren baten ezagutza.
  • Informatika kontuetan eta, batez ere, interneten jantzia izatea.

 

Interesa dutenek badihardugu@badihardugu.com helbidera bidal dezakete euren kurrikuluma. Kurrikulumak bidaltzeko epea 2008ko uztailaren 15ean itxiko da.

...eta kitto aldizkariko hizkera irizpideak

Asier Sarasua 2008/05/06 23:22
Eibarko ...eta kitto aldizkariak galdeketa bat egin du harpidedunen artean, aldizkaria hobetzeko iritzi eta proposamenen bila. Aldizkarian erabiltzen duten hizkuntza irizpideen inguruko ohar pare bat bidali dizkiet.

Azken asteotan inkesta edo galdeketa bat egin du ...eta kitto aldizkariak: zer egin aldizkaria hobetzeko?

Nik ohar pare bat bidali dizkiet, denak ere hizkuntza irizpideekin zerikusia dutenak. Oro har, ez dut garbi ikusten noiz eta nola erabiltzen duten Eibarko euskara aldizkarian.

  • Zorion-agurren tartea eibartarrez dago idatzita, baina nabarmena da ez duela zuzentzaileak gainbegiratzen. "Zorionak, 28 urte bete zenittualako" bezalako esaldi eta aditzik ez dago Eibarren. Izan ere, atal horren izena bera ere ez da oso eibartarra (... eta musu bat zuretako...). Eibarren "laztanak" ematen ditugu "musuak" baino gehiago (eta ematekotan, mosuak emango genituzke, ez musuak).
  • Batua edo eibartarra erabiltzeko irizpidea ere (noiz zein erabili) ez zait oso zuzena iruditzen. Atalaren arabera erabiltzen dute bata edo beste. Atal batzuk beti dira batuan; beste batzuk beti eibatarrez. Nolabaiteko zentzua ikusten diot horri, jakina, baina gehienetan gauza "arraroak" gertatzen dira. Esate baterako, orain dela gutxi, Aintzane Agirrebeñari elkarrizketa egin zioten. Galderak eibartarrez izango ziren, ziurrenik, eta erantzunak seguru-seguru. Elkarrizketaren gaia bera ere Eibarko euskara zen. Ba, elkarrizketa hori euskara batuan irakurri behar izan genuen (atalak horrela aginduta). Beste zenbaitetan, ostera, aldizkariko beste atal batzuetan, idazle edo artista gipuzkoarrak (edo euskaldunberriak) Eibarko euskara jatorrean hitz egiten ikusi ditugu. Uste dut irizpide horrek sinesgarritasuna kentzen diotela elkarrizketa eta albisteei. 


Bide batez, webgunaren inguruko zenbait ohar txiki ere bidali dizkiet:

  • Albistegiak ez dauka RSS jariorik.
  • Albisteetan data falta da eta ez dago "Albisteak" atalik eta ezin dira aurkitu albiste zaharrak.
  • Orrialde guztietan URL bakarra dago, frame bidez, edo bestela, loturak beste leiho batean irekitzen badira, dnsti izeneko webgune batera eruaten gaitu.
  • Goiburuan etakitto.com agertzen da, handi-handi, eta webgunea ez da hori, etakitto.org baizik.
  • Aldizkariko hainbat atal ez dira agertzen webgunean eta faltan bota ditut, gehienbat zorion agurren tartea.

 
Tira! Egurra bakarrik ez, e? Kritikak eskatu dituzte eta horixe bidali dut, baina esan behar dut aldizkaria gustura irakurtzen dudala, astero-astero, eta webgunea ere asko hobetu dela azken aldaketekin. Animo eta eskerrik asko zuen lanagatik.

 

 

 

Aurkezpena

Eibar, Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

Sarean hor zehar

www.flickr.com
Elementos de Asier Sarasua Ikus Asier Sarasuaren galeria