Dragia ipinitta ibili
Draga esaten zaio Eibarren (eta inguruko herrietan) frenoari. Gaur egun balazta eta galga nagusitu dira euskara estandarrean (eta hitz modernoagoak, disko-balazta, galga-likidoa...), baina gurdien garaian, draga erabiltzen zen Eibarren gurdiei eusteko (azken batean, gurpila geldiarazten zuen egur zati bat).
Joan dira gurdiak eta joan dira garai bateko dragak, baina jende nagusiak oraindik erabiltzen du draga hitza, batez ere esakera honetan: dragia ipinitta ibili.
dragia ipinitta ibili · trabatuta ibili edo ezinean, behar baino motelago eta nekezago.
Taosa
Azkenaldian Zumaian egin ditugun ibileretan hitz berria aurkitu dut: taosa.
Kostaldean sortzen den lainoa da taosa, eguraldi ona izan arren, kostako herriak eta hondartzak estaltzen dituen behelaino hori.
Aste honetan ere izan dute Zumaian, eta horrela erakutsi digu Baleike aldizkariak, Taosa 2008 izenburupean.
Hiztegietan ez dut aurkitu. Urola kostako gainontzeko herrietan ere, antza, ez da erabiltzen. Zumaian, aldiz, bertako-bertako dute taosa.
Interneten ere erreferentzia gutxi aurkitu dut, eta denak ere Zumaiari lotutakoak. Besteak beste, Luix Unanue argazkilariaren bat, Taosa ilunabarrean.
Zumaiako kostaldeak ematen du, bai, argazkietarako.
Koko-jantzi
Eibartik kanpo (eta baitta Eibarren be), harrigarrixa eitten jakue koko-jantzi berbia. "Koko-jantzi? zer da koko-jantzi?". Ba, disfrazatu, mozorrotu.
Hain harrigarrixa be ez da, azken batian gauza berbera diralako koko-jantzi eta mozorrotu: zomorro itxura hartu. Hau da, vestirse de bicho, hori da-eta aratuste tradizionaletan eitten dana.
Izan be, disfraza eta zomorro itxuria euskalki gehixenetan topauko doguz alkarrekin. Hurrengo berba guztiak disfraza esan gura dabe, baina baitta bicho be:
- mozorroa
- zomorroa, zamorroa
- zamua, txamua
- koko(-jantzia)
- kukumarro(-jantzia)
- mamua
Erro desberdinekua dirudi, lehenengo begiratuan behintzat, Gipuzkoako txantxo (txantxotu).
Argazkixan, Manex koko-jantzitta, zentzu bikotxian, har edo koko jantzitta zeguan-eta.
Aratoste ala Aratuste?
Lehenago ere aipatu izan dugu gai hau Eibartarrak zerrendan, esate baterako 2005ko urtarrilean: Aratoste ala Aratuste?. Orduko hartan ahozko erabileraren gainean galdetzen nuen (egia esan, zalantza gutxi daukat gai horren inguruan: Eibarren "aratuste" erabiltzen da, gehienbat, ahozko jardunean).
Eibarko hiztegirako lehenengo aldaera hori aukeratu genuen (aratuste), bi arrazoitan oinarrituz:
- Aldaera hori da nagusi Eibarren
- Aldaera hori agertzen da hiztegi nagusietan, esate baterako, Elhuyarren, eta Aratuste onartu du Euskaltzaindiak.
Hala ere, Eibarko udalak antolatzen dituen ekitaldi, lehiaketa eta abarretan, Aratosteak izena arautu eta zabaldu du azken urteotan (adibidez hau). Udalaren bideari jarraituz, zenbait elkartek eta herri-komunikabidek ere Aratosteak aldaera darabilte, baita EibarOrg webgune honetan bertan ere :-)
Horretarako arrazoi bakarra Toribio Etxebarriaren hiztegia izan daiteke, idazleak Aratoste jaso baitzuen 1963an egindako bilduman.
Eibarren Aratoste ere erabiltzen dela ukatu barik, esango nuke ez dagoela inolako arrazoirik bide horretatik jarraitzeko, gaur egun erabat arautu eta nagusitu baita, ahoz zein idatziz, Aratuste aldaera.
Are gehiago: esango nuke guzti horren atzetik Juan San Martinen eskua dagoela. San Martinek behin baino gehiagotan defendatu zuen Aratoste (= Haragi + Oste) etimologia, eta San Martin bera ibili zen Toribio Etxebarriaren lana zuzentzen. San Martin ez zen bakarra izan, beste zenbait idazlek ere bide horretatik jarraitu zutelako hitz honekin.
