Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik Artxiboa 2010 Urtarrila

Artxiboa Urtarrila 2010

Saratsuegi-Azitain bidea edo Eibarko obretako atzerapenak

Izugarria da Eibarren zelan eta zenbat atzeratzen diren obra publiko guztiak. Azkenengo adibidea Sautsi aldean bizi izan dugu, Sautsi-Azitain batuko dituen errepidearekin. 2005erako egin beharreko errepidea 2008an hasi ziren egiten, eta orain dela urte eta erdi amaituta behar lukeenak oraindik ez dauka benetako errepide itxurarik.

Hona hemen gezurren eta txapuzen kronologia:

2005, 2007ko uda, 2008ko uda, 2009 hasiera, 2009 amaiera, 2010eko udaberria... Bai, azkenean asmatuko dute!

Eta, gainera, orain arteko guztia erdi-egia da! Orain arte egin dutena errepidearen lehenengo fasea da, bigarrena oraindik hasi ere ez baita egin (Iparragirre-Sautsi lotura). Beste 5 urte?

Sautsiko errepidearena, zoritxarrez, ez da salbuespena. Eibarren obra publiko guztiak atzeratzen dira infinituki. Adibide batzuk? Udaletxea (hainbat urtez lanak geldirik egon ziren), Coliseoa (dozenaka urtez izan genuen itxita), Portalea kultura etxea (luzatzeaz gainera arazoak ere izan zituen), Unbeko kirolgunea, Urkizuko torreetako lanak (hilabete batzuetarako lanak 2 urtez luzatu ziren), Errebal (amaituta behar luke eta hasi ere ez dira egin), Eibarko haurreskolak (Urkizukoa zein Amaña ta Urkikoa),  trenbidearen gaineko pasealekua,... Ni umea nintzen, baina esango nuke Ipuruako Kiroldegia egiteko orduan ere hainbat eta hainbat arazo izan zirela. Tira, kontuan izan Plan Generala bera ere denboran mugarik gabe luzatu zela. Hiru urtean egitekoa ez-dakit-zenbat urtez luzatu zen (6? 7? 8?).

Eta inork ez dio ezer, ez du barkamenik eskatzen, ez du atzerapenaren erantzunkizunik hartzen edo ez du burua lurpean ezkutatzen. Gutxienez lotsatuko balira...

 

El Ayuntamiento espera que el vial de Sautsi se acabe en febrero 

Sautsi-Azitain errepidea gaur egun (argazkia: Felix Morquecho, DV) 

Asier Sarasua 2010/01/29

"Si Sabino viviría" (Iban Zaldua, 2005)

Iban Zalduaren lehenengo eleberria, 2005. urtean argitaratutakoa, gaztelaniaz. Umorea eta zientzia fikzioa. Ganberrada bat.

Si Sabino viviría
Iban Zaldua
Lengua de trapo, 2005
ISBN: 84-663-6831-5
238 orrialde

José Miguel López Belausteguieta detektibe trisexual eta mozkortiarrak lan berezia dauka esku artean. Nueva Euskadi planetako Tekno Buru Batzarrak lurrera bidali du misio arriskutsua bete dezan: XX. mendean hildako buruzagi jeltzale baten gorpua berreskuratu behar du, Nueva Euskadin bere ADN aztarnak behar baitituzte. Baina Tauro planetako etsaiek ahaleginak eta bi egingo dituzte Belausteguietaren asmoak zapuzteko.

Iban Zalduaren lehenengo eleberria. 2005. urtean eta gaztelaniaz argitaratutakoa. Umorea, zientzia fikzioa eta irreberentzia. Ganberrada hutsa. Bueno, ganberrada eta baita kritika sozial eta politikoa ere, horietarik ere badauka eta (dexente, nik uste).

Hasieran kosta egin zait haria hartzea, baina orriak igaro ahala gero eta gehiago gustatu zait, eta amaierarako nire-nireak nituen Josemi detektibearen abenturak eta desbenturak (beste kritika honetan ere berdina diote, liburuak onera egiten duela erditik aurrera). Leire Narbaizari ere gustatu zitzaion

Gomendagarria.

Asier Sarasua 2010/01/24

Erlamiño, erlamiñua (erlabio, liztor)

Erlabioak, kuruminoak, liztorrak eta erlaztinak.

Erlamiñua

erlamiño (erlabio). iz. Avispa (Vespa sp., eta beste batzuk).

Bai. Ta zikiña, koko zikiña. Porejenplo, erlamiñuak? Madarixak eta melokotoiak? Oiñ? Ta sagarrak bigun samarrak diranak? Danak joditzen jittuek! Sagarra hau dok, eztok? Eta sartzen jok eztena esaten jakona, zulatzen jok, ta handik erdiko zereraiño usteltzen jok egun bi-hiru barru. 

Eibarren gehixenbat erlamiño erabiltzen da (forma arautua, erlabio), baina kulumiño be ezaguna da.

Hegoaldian jaso dittudan lekukotasunak:

  • Kurubio, Kulubio, Urubio: Arratian, Busturialdean, Mungialdean
  • Kurumiño, kulumiño: Lea-Artibain eta Durangaldean
  • Erlabi(x)o: Debagoienean, Otxandion, Legution, Ubiden
  • Erlamiño: Eibar, Bergara, Ermua, Elorrio eta inguruan.
  • Liztor: Urola Kostan, Goierrin, Tolosaldean...
  • Liztorbea edo liztabera (liztor txikitxoa): Urola Kostan
  • Erlaztin: Imotzen

 

Oharrak:

  • UZEI hiztegiak "gutxi erabilia" marka ipini detsa "erlabio" berbiari. Deba Ibar inguruko herri askotan horixe da, ba, forma bakarra!
  • Hiztegi Batuan erlabio (ez erlamino) eta kurumino (ez kurubio) finkatu dira. Egongo da, ba, arrazoiren bat.


Asier Sarasua 2010/01/20

"Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak" (Elexpuru, 2009)

Azken egunotako irakurketa. Juan Martin Elexpuru bergararrak Veleiako euskarazko grafitoen inguruan idatzitako argitalpena.

Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak
Juan Martin Elexpuru
Arabera (2009)
ISBN: 978-84-95774-22-4
150 orrialde

Durangoko Azokaren bezperan kaleratu zuen Elexpuruk hau liburuau. Iruña-Veleiaren historia eta istorioak, euskal ostraka guztien argazkiak, testuak, Lakarra eta Gorrochateguiren txostenen komentarioak, kritikak,... Orain dela 4 urte inguru ostraken berri izan genuenetik hona izan diren gorabehera guztiak azaltzen ditu bergararrak. Aztarnategiaren historia, hasierako harridura eta ilusioa, faltsukeriaren oihartzuna, batzorde teknikoaren txostenak, azken urtean argitaratu diren beste txostenak... Batez ere euskarazko grafitoen inguruan dihardu, baina beste gai batzuk ere jorratzen ditu zeharka.

Elexpuruk argi dauka ostrakak benetakoak direla (edo izan daitezkeela, behintzat) eta horren aldeko hainbat datu eta hausnarketa ematen ditu. Beharbada, horixe da gutxien gustatu zaidana. Elexpuruk datu ugari ematen du euskarazko idazkunak benetakoak direla pentsa dezagun, baina zalantzari zirrikitu txikiena ere utzi gabe. Zalantza punttu hori, argitu gabe dauden hariak... horien inguruko hausnarketa batzuk eskertuko nituzke.

Azken urteotan izandakoak gertu-gertutik jarraitu dituen irakurleak ez du datu berri-berririk aurkituko liburu honetan. Izan ere, liburuan aipatzen diren datu gehienak lehenago ere argitaratu izan dira, Elexpuruk berak edo beste hainbat tokitan (ikus, adibidez, Elexpururen bloga, Ostraka euskalduna, Veleia.org, Alava.net edo Ricardo Gomezen Delicious kontua). Veleiaren berri ez baduzu orain arte izan, ostera, liburua gustura irakurriko duzu; eta, bestela ere, liburu honek orain artekoaren laburpen ona egiten du. Betiere benekotasunaren aldetik kontatuta, jakina.

Ez ditu nire zalantza eta uste ilun guztiak argitu, baina Veleian gertatutako gorabeherak ezagutzeko argitalpen egokia da. Irudiz oso ondo hornitua, datu askorekin eta jarrialdi batean irakurtzeko modukoa.

Zalantzarako tartetxoa, behintzat.

Asier Sarasua 2010/01/17

Mendiak, "elurtuta"?

Iruditzen zait "elurtu" aditza gero eta gehiago erabiltzen dela hedabideetan eta, berez, euskaraz oso leku txikia izan duela orain gutxira arte. Nik etxean ez dakit sekula entzun/erabili dudan, baina azken egunotako elurrekin behin eta berriz entzun dugu hedabideetan "Euskal Herria elurtuta dagoela".

Ba, bai. Gure inguruan, behintzat, 1etik 100era igo da "elurtuta" aditza. Asteburuko elurjausiaren ostean, mara-mara entzun dugu "elurtu" aditza han eta hemen. Adibiderako, Sustatun argitaratutako albiste hau:

"Euskal Herria ELURTUTA asteleheneko ESAren satelite-irudian. Paisaia ELURTUAK urtzen ari dira, baina satelite irudietan gordeta geratu dira. ESAren sateliteen irudietan Euskal Herri ELURTUAREN argazki hau atera zuen."

Esango nuke, gure inguruan behintzat, "zurittu" aditza edo "edurrak estali" moduko perifrasiak erabiltzen direla, baina ez "elurtu".

Hiztegi gehienetan agertzen da, egia esan (Elhuyar, Labayru, 3000...), baina Hiztegi Batuan "gutxi erabilia" marka dauka (1) eta Orotarikoan oso-oso fitxa laburra (2). Tradizio txikiko berba dela esango nuke (Hegoaldean, behinik behin), eta gaztelaniazko "nevar/nevado" bikotearen eraginez gero eta hedadura handiagoa hartzen diharduena. Erosoa da, bai; batez ere, itzulpenak egiteko orduan.

Eibarko eta Bergarako hiztegi digital handietan ez dago, esate baterako (www.eibarko-euskara.com
eta www.bergarakoeuskara.net). Adierazgarria begitantzen zait.

Eta? Zer diozue zuek? Eta zuen aittitta-amamek? Mendiak "elurtuta" edo "zurituta" ikusten dituzte?

Urko Izutik

 

Asier Sarasua 2010/01/14

Secundino Loidi "Panpo" hil da

Asteburu honetan hil da Secundino Loidi "Panpo", 90 urte betetzeko zala. Orain dala 10 urte inguru ezagutu neban, Eibartarren Ahotan proiektuan murgilduta gebizela. Gizon jatorra, apala eta agradablia. Eibarko Republikian inguruko informatzaile aparta. Izan be, Secundino udaletxian bertan bizi zan Errepublikia aldarrikatu zan egunian.

Secundino Loidi Eibarko udaletxian jaixo zan 1919ko uztailaren 1ian. Bere aitxa Eibarko udaletxeko konserjia zan eta hantxe zabaldu zittuan begixak Secundinok. 1920-1930 hamarkadetako Eibarko politikia zuzen-zuzenian bizi izan zeban eta gaztetatik euki izan zeban politikarako zaletasuna. Sozialista amorratua zan "Panpo".

Orain dala 10 urte inguru, Eibartarren Ahotan proiektuakin hasi giñanian (Eibarko memoria historikua eta euskeria jasotzeko proiektua) bera izan zan elkarrizketatu genduazen pertsonetako bat. Gizon agradablia eta apala, hainbat barriketaldi euki genduzen Secundinokin. Gehixenbat republikia eta politikia aittatu genduzen, baiña baitta bizikletak be, Club Ciclistako arduradun, antolatzaile, presidente eta bihargin izan zalako hainbat urtian.

Atzo jakin neban hil dana. Asko sentidu neban.

Entiarro zibila egin jakon, zelan ez.

Hamentxe berari jasotako lekukotasun bat, ahal dan moduan (eta lege oharrari jaramonik egin barik) Egoibarra.com webgunetik ekarritta. 1931ko "katorzedeabrilian" gertautakuak kontatzen dittu. Udaletxeko atiak goizian goizo eregi bihar izan zittuela eta bera izan zala bandera errepublikanua udaletxera eruan zebana (12 urte zekazen orduan). Bere albuan Salvador Marzana eta Aurora Baskaran dagoz barriketan.

 

 

 

Asier Sarasua 2010/01/12

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

 

 

 

 

----------
 
 
Azken erantzunak
txu Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia, 2012/01/22
. @argazkilaritza, 2011/12/07
Enbidixia Amatiño, 2011/12/07
Itxaro Borda asier, 2011/12/06
baten bat ahaztu maider, 2011/12/05
Etiketa lainoa
Animaliak Argazkiak Argitalpenak Artxiboa Athletic Aurkezpenak Badihardugu Berbarik berba Bertsolaritza Birziklatzea CC Danetik pixkat Danetik_pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar EibarOrg Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskara Hegaztiak Herri-hizkerak Historia Igerilekua Internet Kantagintza Kirola Kultura Musika Natura Toponimia Txori izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aldundia aranberri argazkiak argazkilaritza argentina argitalpenak armagintza aurkezpenak azoka badihardugu barcelona baserria berbarik berba berbarik-berba bidaiak bideoak birziklapena blogak catala catalunya cde danetik pixkat danetik-pixkat danetik_pixkat dantza deporra durango eibar eibarko euskara eibarko museoa eibarko-euskara eibarko_euskara eibartarrak eibartarren-ahotan ekitaldiak emakumeak errebal errepideak errepublika etnografia euskal-jaia euskalherria euskalkiak euskaltzaindia euskara familia flickr futbola gasteiz gaztainerre genealogia gerra girona gizartea hartza haurrak hegaztiak herri-hizkerak historia hitanoa hizkuntzak hiztegi-batua hiztegia hiztegiak igartubeiti igerilekua ikastaroak ikastola ikuskizunak internet ipuinak ipurua irakurketa jaiak jaialdiak jardunaldiak katalunia kirola kritikak kultura lanak lea-artibai lekuak liburuak literatura literaturak mallorca margola marraskiloak memoria mendia mogel moluska musika natura ohiturak ondarea oporrak pelikulak pintxoak pirinioak politika purrustadak sagardoa sakoneta salburua sarasua sarea senideak soziolinguistika tekniker teknkologia telebista toponimia trinkoa turismoa twitter txoriak udala unibertsoa veleia zarautz zientzia ztiak