Eibartik
Erlea aldizkaria
Atzoko eguraldi ona aprobetxatuta, familia osoa egunpasa ibili zen, lagunekin hor zehar. Ni azken egunotan erdi-gaixorik ibili naizenez, etxean geratu nintzen eta irakurtzeko aprobetxatu nuen. Aspaldiko partez. Durangotik ekarritakoak gainbegiratzeko aukera izan nuen, euren artean Erlea, Euskaltzaindiaren literatura-aldizkari berria.
Urriaren 8an aurkeztu zuten Erlea aldizkaria, Euskaltzaindiak bultzatutako aldizkari literarioa. Antza denez, aspaldiko asmoa zen horrelako aldizkari bat argitaratzea eta Atxagaren zuzendaritzapean atera da, azkenean. Urtean 4 ale kaleratuko omen dituzte eta 12 euroren truke salduko. Nik neuk Durangon erosi nuen joan zen asteburuan eta asteburu honetan irakurri dut, ia-ia goitik behera. Eta asko gustatu zait; plazer bat izan da sofan botata igaro dudan tarte luzea.
Aldizkariaren itxuraz eta barruaz ederto idatzi zuen Hasier Etxeberriak, baina nire aldetik ere pare bat kontutxo aipatu nahiko nituzke:
- diseinu ederra dauka eta asko gustatu zaizkit, bai itxura, maketazioa, papera, estiloa... gehien-gehiena.
- anitza da oso, idazleen profilean, gaietan, estiloetan... lehenengo ale honetan Reno eta Nevada askotxo, beharbada, baina denetik dago.
- idazlan asko dago, baina baita beste hainbat kontu ere. Zeozer azpimarratzekotan, Laboaren inguruko artikuluak (tartean Atxagaren bat eta Atxagak Laboaren alargunari egindako elkarrizketa polita), lau poeta euren poesien jatorria azaltzen, irakurle-taldea zenbait liburu gomendatuz foro estiloan eta idazle-taldea euren irakurketa gogokoenetaz gogoetan (honezkero erosi ditut han aipatutako batzuk), Andu Lertxundiren hitzaldi interesgarria, eta abar eta abar.
Aldizkariaren hitzaurrean aipatzen denez, 1700 irakurle izateko itxaropenez sortu da aldizkaria. Bat irabazi dute, barrena.
Hori bai: noiz jarriko ote dute Interneten? Zeozertxo, bederen? 2010. urtera bidean goazela, lagunak!

Atxagak nahi baino bizkorrago
Bai, hirekin bat natok: aldizkarixori euskal literatura-arluan sekula egin dan gauzarik itxurazkoenetakoa dok.