Artxiboa Martxoa 2009
Bainak, kostilla eta letxefrita
Eibartarren euskera eskasagoaren mitoa honezkero ahaztua dago. Baina akaso ustea zabaldu samar dago oraindik, erdarakadaz jositako lexikoa daukagula Eibarren. (by Luistxo Fernandez)
Gaztelaniaren mailegu zuzen-zuzenak diren berba asko dago Eibarko
lexikoan, duda barik, baina Leitzan baino erdarazko lexiko gehiago?
Zegaman baino gehiago? Ez dut uste. Neurketaren batekin demostratzen
didaten arte, ez dut sinetsiko.
Eibartarron erdarakadena gogoratzen digun pelma bakoitza betiko termino
horiekin etortzen zaigu: kaballua, bentania... Bai, eta zer? Ez ote
dago bere herrian tamaina horretako eta kalitate bertsuko lexiko
multzoa? Delako akusatzailea giputza bada, behintzat, prest izaten dut
erantzuna eskura: Aizu, Gipuzkoako Beterriko taberna jator batean jan
daiteke menu hau, bainak, kostilla eta letxefrita. Eibarren halakorik?
Mesedez! Lekak, saiheskixa eta pellak.
*Luistxok posturia galdu, eta artikulu bat zor zestan blog honetan. Hementxe zorra kenduta :-)
Eibar 1937 pelikulan
Banekien, bai, irudi hauek existitzen zirena. Telebistan ere ikusi nituen orain dela 5-6 urte. Orain YouTuben jarri dituzte. Hementxe duzue, Eibar, 1937ko apirilean. Hau da, sutan, "liberazioaren" egunean.
Gerra zibila hasi eta gutxira, 1936ko irailean, frontea Eibarren egonkortu zen: Gipuzkoa osoa nazionalen esku geratu zen, Eibar eta Elgeta izan ezik. Sei hilabetez iraun zuen egoera horrek, 1937ko apirilean erasoak hasi arte. Apirilaren 24tik 26ra erasotu zuten Eibar eta 26an jausi zen nazionalen esku.
"Liberazioaren" unean jasotako irudiak dira ondorengoak, edo horrela dirudi. Eibar oraindik sutan ikusten da. Irudi izugarriak, orain dela 70 urtekoak izateaz gainera, gerrako gordintasuna erakusten digutelako.
Lehenengo honetan Bidebarrietan gora egiten du irudigileak. Atzeko aldean Aldatzeko jauregia eta Mekola ingurua ere somatzen dira. Errebal kalea ikusten da, erabat erreta (Bidebarrietatik ikusita). Eliza ingurua ere nabari da (eta parean zegoen Mallea jauregia).
Bigarren honetan erdikaldea ikusten da, batez ere. Eliza, Barrenkalea, Elgetakalea (jendea gora-ta-behera), Iparkalea (tuneltxoa duena), Untzaga... Zubi bat ere agertzen da, eraitsita; beharbada, Maltzagakoa.
Datu gehiago? Eskertuko nituzke!
Urkulun txorittan
Atzo Urkulun egon giñan, udabarri hasieria ospatzen. Arratsalde ederra. Umiekin gozatzeko aproposa. Eta txorittan eitteko aukeria be euki genduan.
Udabarrixa heldu da; ezagun da. Igartzen da, bai. Igartzen da zuhaitzetan eta mendixan, eta igartzen da txori kontuetan. Neguko anatida gehixenak juan dira, baina udabarriko txori txikixak hasi dira agertzen eta honezkero hasi dira ugaltzeko lehenengo zirrixak eitten.
Atzo ikusittakuak:
- Paittak
- Kopetazurixak
- Antzarrak
- Miru baltza
- Miru gorri taldia goi-goixan, hegan, hegoalderutz
- Arranuak (saiak, Gypz fulvus), ugari, Orkatzategi inguruan
- Abendua (zapelaitza, Buteo buteo)
- Gabillara txikixa (belatz gorria, Falco tinnunculus)
- Okila, kantuan eta zuhaitz-zulatzen
- Ernarak be hamentxe dagoz honezkero
- Buztanikarak
- Arabazozua
- Bela-taldia be bai, Larrinon
- Belatxingak Orkatzategi azpixan
- Txoribaltza (tuntuna, Prunella modularis)
- Txepetxak
- Txirixuak (txioak, Phylloscopus sp.)
- Txinbo karkarrak (pitxartxarrak, Saxicola torquata)
- Txantxagorrixak, zozuak eta birigarruak (danak be, kantuan jo-ta-sua)
- Txinbo burubaltzak (kaskabeltza, Parus major)
- Parandak (txonta, Fringilla coelebs)
- Txirriskillia
- Kardantxillo kuadrillia (karnaba, Carduelis carduelis)
Datorren astian gehixago.

