Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik Artxiboa 2007 Iraila 17 Haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris)
Dokumentu Akzioak

Eibartik

Haitz-enara (Ptyonoprogne rupestris)

Iraila, udazkena, hegoia... hegaztien migrazioa. Azken hileetan gure artean ibilitako hainbat hegazti Afrikarako bidean hasi dira, besteak beste, milaka enara. Baina batzuk hemen geratuko dira negua pasatzen: haitz-enarak dira.

Eibarren hiru enara espezie ikus daitezke. Lehenengo biak arruntak eta ezagunak dira: enara arrunta (Hirundo rustica) eta azpizuria (Delichon urbica). Horiek hurrengo mezuren batean aipatuko ditut, beharbada. Baina gaur hirugarrena ekarri nahi dut, ezezagunena. Azken egunotan sarri ikusi dut han eta hemen, eta iruditzen zait ugaritzen ari dela. Haitz-enara da (Hirundo rupestris, edo Ptyonoprogne rupestris).

Aurreko biak baino ezezagunagoa eta urriagoa, haitz-enara dugu Europan ikus daitezkeen enaren artean bizi, azkar eta akrobatikoena. Hegan ari denean enara arruntaren antza du, baina are arin eta ausartago da, eta hegan ez ezik, lurrean dauden intsektuak hartzeko gauza ere bada. Denbora gehiena airean pasatzen du, baina gainontzeko enara klaseak baino gehiago geratzen da lurrean edo haitzetan, asko atsegin baitu harri gainean etzanda eguzkitan epeltzea.

Europan bizi diren enaren artean handi eta astunena da. Bizkarraldea eta burua arreak ditu, hegoak ilunxeagoak eta sabelaldea argia, baina ez beste enarek bezain zuria. Ezaugarri horiek nahikoa izan ohi dira txori hau identifikatzeko orduan, baina zalantza guztiak uxatzeko frogarik garbiena bere buztanari begiradatxo bat botatzean aurkituko dugu: laukia da, ez sardekara, eta gainera birak emateko isatsa zabaltzen duenean, oso nabariak dira bertan, bai gainean eta bai azpian dituen orban zuriak.

Ohituraz ere ezberdin samarra da. Enara arruntak baserrietako korta, atari eta abeletxeetan ikusten ditugu gehienbat; enara azpizuriak etxeetako teilatupeetan (Eibarren, esate baterako, Ipuruako torreetan, Azitaingo La Salle ikastetxean, Bidebarrieta edo Errebal kaleetako etxe garaienetan...). Haitz-enara, berriz, montikolagoa da; hau da, mendi eta harkaitzak nahiago ditu herri, baserri eta belardiak baino. Horrez gain, habia ere haitz artean kokatzen du eta ez etxe edo giza eraikuntzetan. Oñatin, esate baterako, sandeli-txorixa esaten diote, Sandeli haitzulo inguruko haitzetan bizi delako.

Ez da, beharbada, aurreko biak bezain ugaria, baina Eibarren ere erraz ikus daiteke. Gainera, azken urteotan bere populazioak gorantz egin du eta inguru berriak kolonizatzen hasi da, eta orain arteko harkaitzak laga barik, autopistako zubipeak kolonizatzen hasi da. Eibarren, adibidez, autopistako zubi gehienen azpian ikusiko dugu zeruan dantzan: Txontan, Urkin, Apalategin, Azitainen...

Udan ez da erraza izaten enaren artean bata eta bestea ezberdintzea, baina udazken-neguan, beste enara espezieak Afrikara joaten direnean, bista-bistan geratzen dira haitz-enarak Eibarko zubi eta etxe artean.

Gora begiratu, zabaldu begiak, eta gozatu enara hauen hegaztada bihurri eta ausartekin. Kontuz, hala ere: kumatzen ari badira, mokoka erasotuko zaituzte traba egiten badiezu. Gezurra dirudi 10-15 zentimetroko txoritxo batek horrelako izua sor dezakeenik! Eta eragiten du, sinistu! :-)

Oh.: argazkia Dave Appleton
Argazki gehiago

Asier Sarasua 2007/09/17
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 

 

 

 

 

----------
 
 
Azken erantzunak
txu Kongo edo Marruekos, Belgika edo Espainia, 2012/01/22
. @argazkilaritza, 2011/12/07
Enbidixia Amatiño, 2011/12/07
Itxaro Borda asier, 2011/12/06
baten bat ahaztu maider, 2011/12/05
Etiketa lainoa
Animaliak Argazkiak Argitalpenak Artxiboa Athletic Aurkezpenak Badihardugu Berbarik berba Bertsolaritza Birziklatzea CC Danetik pixkat Danetik_pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar EibarOrg Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskara Hegaztiak Herri-hizkerak Historia Igerilekua Internet Kantagintza Kirola Kultura Musika Natura Toponimia Txori izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aldundia aranberri argazkiak argazkilaritza argentina argitalpenak armagintza aurkezpenak azoka badihardugu barcelona baserria berbarik berba berbarik-berba bidaiak bideoak birziklapena blogak catala catalunya cde danetik pixkat danetik-pixkat danetik_pixkat dantza deporra durango eibar eibarko euskara eibarko museoa eibarko-euskara eibarko_euskara eibartarrak eibartarren-ahotan ekitaldiak emakumeak errebal errepideak errepublika etnografia euskal-jaia euskalherria euskalkiak euskaltzaindia euskara familia flickr futbola gasteiz gaztainerre genealogia gerra girona gizartea hartza haurrak hegaztiak herri-hizkerak historia hitanoa hizkuntzak hiztegi-batua hiztegia hiztegiak igartubeiti igerilekua ikastaroak ikastola ikuskizunak internet ipuinak ipurua irakurketa jaiak jaialdiak jardunaldiak katalunia kirola kritikak kultura lanak lea-artibai lekuak liburuak literatura literaturak mallorca margola marraskiloak memoria mendia mogel moluska musika natura ohiturak ondarea oporrak pelikulak pintxoak pirinioak politika purrustadak sagardoa sakoneta salburua sarasua sarea senideak soziolinguistika tekniker teknkologia telebista toponimia trinkoa turismoa twitter txoriak udala unibertsoa veleia zarautz zientzia ztiak