Eibarko II umeen euskal jaia, 1966
Euskal jaixen kontu honekin jarraittuko dot. Gaur nere amak hauxe atara dau bere armarixo batetik. Beti harritzen naiz, nere amak dakazen milaka papel eta trasto zaharren artian, zelan topau leikian ezer. Baina beti daki nun dagon zer.
Hamen beheko hau 1966ko Euskal Jaiko kartela da. Sagalak eginda, lehenengo euskal jai guztietan moduan.
Urte horretan antolatutako egitarauakin harrittu egin naiz: hitzaldixak, ipuinak, antzerkixa, musikia, dantzak, mezak, omenaldixak... Hori guztiori, 3-4 egunetan, eta aginterixen trabak gainditzen. Txalo bero bat.
Eibarko lehelengo euskal jaixa, 1965
Eibarko lehelengo euskal jaixa 1965. urtian antolatu zan, Arrate Kulturalaren eskutik. Enekok sasoiko egunkari bateko kronika zoragarrixa laga zeskuan kulturaleko webgunian.
Frankismoaren urte ilunetan, euskal munduakin zerikusixa zeukan edozein ekimen antolatzia lan gogorra eta zaila zan. Imajinaziñua eta lan haundixari eskerrak, baina, Kulturaleko lagunak euskal jai haundixak antolatu zittuen Eibarren.
Lehelengo urtietako antolakuntzan nere gurasuak ibili ziran, eta eureri esker 1965-1970 bittarteko euskal jaixen pelikulak jaso dittut. Pelikulok nere aitxitxa Antonio Sarasuak grabau zittuan, Super 8 formatuan. Horri esker, garbi ikusten da sekulako jaialdixak antolatu zirala sasoi haretan, eta gehixenbat, orduko eibartarrak gaurkuak baino parte-hartzailiaguak zirana. Zenbat jente kale-ertzetan! Zenbat jente antolakuntzan! Zenbat dantzari eta txistulari!
Sei urtiotako pelikulak Euskal jaia Eibarren atalian ipini dittut. Igotako kopixen kalidadia ez da oso altua, baina orijinalak nahiko ondo ikusten dira. Grabaziño orijinalak nahi badoduz, edo informaziñoren bat gehittu bazeinke, gustora jasoko neuke zure barri.
Muestrarako, 1965eko ediziñua.
Pelikula guztiak hamen:
Euskal jaia Eibarren 1965-1970
Harridura perpausak
Atzo lagun batekin berbetan, eta entonaziñuan kontua aittatu genduan. Zelako garrantzixa dakan entonaziño egokixak berba eitteko orduan, eta zelan aldatu dan azken urtiotan.
Eibarko Euskara liburutik zati bat hartu dot (eta pixkat moldatu). Politta da, nik uste:
------
Harridura perpausak
Hiztunak baditu harridura-perpausak sortzeko formulak edo markatzaile bereziak (erakusleak, galdetzaileak, ba- , gero, baiña, ona, barren, behintzat...), harridura hori indartzeko balio dutenak, baina Eibarren bereziki intonazioa azpimarratzen da, normalean perpausaren azkenengo silaba indartzen delako.
Geró partikularekin indartuta
Gaiztua zara, geró!
Oin ez dago... Jentia, hori baiño, oin listuagua da, geró!
Baiñá partikularekin indartuta
Harek gu baiño zahartxuaguak zittuan baiñá!
Agure zahar guztiak han. Andrekin baiñá!
Guk zenbat perretxiko ekarri dogun! Zenbat, baiñá!
Ona adjektiboarekin indartuta
Ta beste baten, hori be txarragua zan ha, gerra ostekue zan ha, dios! Ha zan oná!
Ja-ta sartu etsa gaintxua aittak... ta betiko moduan oratu ta ekarri. Ha zan oná!
Hasi zuan jan ta jan, ta esan najetsan: "Zuk jaten dozu oná!"
Barren lokailua erabilita
Gizonak gara, barrén! Ez garala diferentiak!
Han juaten zanak ezer be: berrogei duro kobratzen zittuan, barrén!
Behintzat lokailuarekin indartuta
Basarrixetan ta bai, behintzát, e!
Ene! Hor ezin neike nik sartu, behintzát! Pentsau bez!
Ba partikularekin indartuta
Ez jakiñat bá!
Kauen diez! Oillagorrakin dagok bá!
Galdetzaileekin indartuta
Ba, ikusi eizu zelakó aldia dagon batetik bestera!
Eibarrek zelakó kanbixua emon daben!
Zenbat gaztaña egoten zan! Holako lokalak bi! Esajerau barik hori, e!
Erakuslea aurretik jarrita
Jesus...! Jo-ta danak
Haura zuan txalokiá! Ene! Zapatak etxian! Ha zuan pozá! Ha zuan pozá!
Ordena arrunta aldatuta
Azkarra gizoná!
Bai ba, zuek koruan eta profesionalak zarie eta etarako ez dozue premixuá!
Sentidu ez jok, ba, ein usaiñá!
Karo! Entzungo ez zan, bá!
Jatorra, jatorra mutillá!
Indartu nahi dena errepikatuta
Ikusgarri! Ikusgarri! Sardaua zelan eitten zan ta ikasi najuan ofiziua, ikasí!
Baiña zenbat perretxiko ekartzen genduan baiña!
Beste partikula batzuk erabiliz
Joño! Ikusi ez baneu, ez neban sinistuko!
Enee! Ene, ene! Gerrateko ipuiñek... eskasak die e! Eskasak!
Bueno...! Jesus, Maria ta Jose! Guk, bueno...!
Ene demoniuak! Bost oillagor gaur? Hamen usuak pasatzen ta...!?
Beinke! Han be horixe eitten eben, e?
Kontxo! Gabon zaharretan eingo juau.
Hegaztadian letxe!
Txikittatik ezagutu arren, berandu konturau nitzan esakera horren jatorrixaz. Esanguria bai, esanguria garbi nekan; ume-umetan ikasi neban nere aittak zeozer "hegaztadian letxe" eskatzen zebanian, bizkor egin bihar jakola kaso!
>> hegaztadian letxe · ziztu bizian; pitando, a toda leche.
"Jasoik hori! Hegaztadian letxe!"
Erderazko "a toda leche" horrekin antzekotasunen bat badaka be, jatorrixa ez da hori, jakiña, "hegan lez" baizik; hau da, "como volando".
Antzerakua da hegaztara baten esakeria.
>> hegaztara · vuelo; forma de volar.
oharra: Egixa esan, ez dakit benetan zelan idatzi bihar dan. Nik "hegaztadian letxe" esaten dot, baina "hegaztadan letxe" edo "hegaztadia letxe" izan biharko litzake? Eibarko hiztegi elektronikuan "hegaztadia letxe" sartu zan. Egixan esan, ez dakit.
Piano zoragarrixa!
Nere aitxitxa Antoniok askotan esaten zestan, "gerria gauza txarro dok, mutil!". Ez zeban gerrako gauza larregirik kontatzen, baina bai, frentia Eibarrera heldu zanian, etxia hustu bihar, eta gauza bi bakarrik gorde zittuala: pianua eta erretratuak. Beran famelixako argazki guztiak hartu, bere pianuan barruan ezkutau, eta Bilboko lagun batzuen etxian ezkutau zittuan gerria amaittu arte.
Eskerrak!, beran etxia holaxen geldittu zalako:

Erretratuan, nere aitta zana eta bere amama Gregoria Gisasola, 1941 inguruan. Errebal kalian dagoz, gerriak erretako euren etxiaren hondarren gaiñian jarritta.
Gerrako kontuak eta nere aitxitxan pianuaren ibilerak beste egun baterako lagako dittut, baiña esan deidan, berari eskerrak millaka erretrato dakaguzela familixan, eta hori moduko altxorrik nekez topau leikiala iñun. Kaja zaharrak zabaltzen ditturazen bakoitxian pentsatzen dot hori, eta eskerrak emoten detsaraz aitxitxari eta piano zoragarrixari.
Txolot > txolota
Kafe orduan barriketan.
- ba, txolota hartu ta... - batak
- zer? - bestiak
- antosiña! - hirugarrenak
- anto zer? - lehelenguak
Batzuetan harrittu eitten naiz, batian eta bestian zer gitxi ezagutzen doguzen inguruko berbak.
Eibarren normal-normala da txolot berbia. Gaztiak be, esango neuke, kanpiñian juateko txolota eruaten dabela. Eibartik 10 minutura, baiña, Azkoittixan, antuxune daroie, eta jakin bez txolota zer dan. Eta alderantziz.
Eta zer da txolota edo antosiña? Hiztegixak ez datoz bat: "bacineta; cazo; recipiente pequeño..." hainbat adiera datoz. Gehixen errepikatzen dana: acetre (RAEren arabera, "Caldero pequeño con que se saca agua de las tinajas o pozos").
Nik neuk holaxen definiduko neuke:
>> txolot · ontzi txikixa, gehixenetan kertenduna eta metalezkua. Esate baterako, mendira eruaten diranak.
Mendiko itturrixetan be egoten dira batzuetan ontzitxo batzuk, ezta? Ba horixe. Azkoittiko euskerie liburuan be, begira zer adibide datorren: "Artu mendireko antuxune motxilikin batea".
oharra: euskera batuan txolet eta antoxin idatzi bihar ei dira (Euskaltzaindiak ez dau oindiok lehelengua onartu).
Tripi-trapuak eta Ugaratxuak
Nere lankide Zaloak berba barrixa erakutsi desta gaur: "tripi-trapua". Zaloan aitta ondarrutarra da; beran herriko euskeria erdi-ezkutauta daka Eibarren bizi danetik, baina Zaloaren txikixakin jolasian, etxeko euskeriak urtetzen detsa, eta hortxe agertu jako tripi-trapua.
>> tripi-trapu rana • igela, ugaratxua.
Azkenaldixan umien artian igela besterik ez da entzutzen, baina animalixa horrek badakaz, bai, beste makiñatxo bat izen.
- Eibarren ugaratxua esaten da, eta gure inguruko herri gehixenetan antzera (ugaratxo, ugarixo, ugazixo, ugarixoso...)
- Urola kostan, xakela (azkoittiarrei be xakelak deitzen detse).
- Oñatin txantxikua (bertakuen gaitxizena be horixe da).
- Naparruako inguru batzuetan negela.

