Hemen zaude: Hasiera Blogak Eibartik Artxiboa 2005 Urria 03 Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena
Dokumentu Akzioak

Eibartik

Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

Joan zen ostiralean aurkeztu genuen Eibartarren Ahotan proiektuaren azkenengo kontua: Eibarko fonoteka online. Eta pozik nago; pozik eduki duen harreragatik, eta pozik azkenean Interneten ikusten dudalako orain dela ia 10 urtetik buruan darabilgun proiektua: Eibarko euskara eta ahozko ondarea, gure nagusien ahotsa, ondo katalogatuta eta sarean izatea.

Eibarko euskara eta ahozko ondarea


Eibartarren Ahotan proiektua 1999ko udan hasi zen martxan eta bere helburua, Eibarko ahozko ondarea jasotzea da: herriko nagusiekin berba egin eta antzinako ipuin eta kontuak bideoz jasotzea. Asmoa, hurrengo belaunaldiei XX. mendearen lehenengo zatiaren bizimoduaren ñabardurak eta alderdi desberdinak zehatz-mehatz, protagonisten ahotan, jasoko dituen ikusentzunezko artxibo eta datu-basea lagatzea, zaletuen gozamenerako eta adituen (filologo, historialari, etnografo zein soziologoen) azterketarako.

Hainbat urte lan honi bultzaka

Horrelako proiektu bat martxan jartzeko lehenengo ahalegina 1997 inguruan egin nuen. Ordurako hainbat elkarrizketa nituen eginda Eibar inguruko baserritarren artean, bai txori-kontuak jasotzeko, bai baserrietako bizimodua, bai lanabesen izenak, edo toponimia jasotzeko. Gure nagusien ahotan genuen aberastasun linguistiko eta kulturalak liluratuta laga ninduen, eta bilketa sistematiko bat martxan jartzea ezinbestekoa zela pentsatu nuen. Bildu, eta ondoren hedatu, telebistaz, edo CDetan... Udaletxean aurkeztu nuen ideia hori, baina ez zidaten jaramonik egin.

Eibarko euskara eta ahozko ondarea

Pare bat urte geroago, kasualitatez, Inem-aren dirulaguntza bati esker, grabazio zahar batzuk transkribatzeko kontratatu gintuzten udaletxean Itziar Alberdi eta biok. Proiektu hori esku artean hartu, eta goitik behera aldatu genuen. Transkribapenak alde batera laga, bideokamara erosi, eta grabazio berriak egiten hasi ginen. Zorionez, Jaurlaritzaren laguntza bat ere jaso genuen, eta hari esker, hiru urtez jardun genuen grabazioak egiten Itziarrek eta biok. Grabazioak egiten, eta jasotako guztia katalogatzen eta lantzen.

Hedapena. Eta nola ez, Internet

Azken bi urteotan Internet izan da erronka, jasotakoa Interneten erakustea, eta azkenean lortu dugu. Itziar Alberdi izan da lan horretaz arduratu dena, eta Codesyntax izan da alderdi teknikoa landu duen enpresa.

Oraindik ere jasotakoaren zati txiki bat besterik ez dago Interneten (500 ordu inguru ditugu grabatuta, eta Interneten %20a egongo da, gutxi gorabehera), baina hala eta guztiz ere, lehenengo urratsa da, urrats garrantzitsua. Eta pozik nago.

Lehenago ere hainbat fruitu eman ditu proiektuak, besteak beste Eibarko Hiztegi Etnografikoa. Baina ostiralean aurkeztutakoa gehiago da. Orain artekoa, azken urteotan egin dugun lanaren zati handi bat, datu-basea eta ikusentzunezko fitxategiak, sarean jarri dira, edozeinek kontsultatzeko moduan, eta batez ere, protagonisten ahotsa entzuteko eta beraien aurpegiak ikusteko aukerarekin.

Atzerapenarekin heldu da gurera, fonoteka horrek, argia ikusi ahal izateko, sekula ulertuko ez ditudan arazo administratibo, politiko, burokratiko eta ekonomikoak gainditu behar izan dituelako, baina azkenean hortxe da.

Orain aurkeztu dena, gainera, lehenengo urratsa besterik ez da. Eibarren hasi ondoren, inguruko herrietako beste ikerlari batzuekin elkartu ginen, eta laster izango dugu prest Deba Ibar osoko fonoteka. Mutrikutik Gatzagaraino hitz egiten ditugun hizkeren ahozko artxiboa. Badihardugu Euskara Elkartea arduratu da proiektuaz, eta ondo bidean, udazken honetan bertan aurkeztuko dugu.

Eibarko proiektuaren inguruko informazio guztia Egoibarraren webgunean

Eibarko euskara eta ahozko ondarea

Beste zenbait komunikabidetan ere aipatu dute aurkezpenaren kontua:


Argazki gehiago beste orrialde honetan eta flickerren.

Argazkiak Jose Valderreyk atera zituen. Eskerrik asko, Jose.

Asier Sarasua 2005/10/03

Re: Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

oier — 2005/10/05 23:03

Zorionak moteill. Eibarko historiara pasau haiz, letra larrixetan. Esango najeukek EHko beste hainbeste ikerlarixendako eredu dala zuen biharra. Toribio XXI!
Eta eskerrikasko.
O.



Re: Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

txakurrakoinutsik — 2005/11/02 22:15

zorixonak asier:
ez naz eibartarra, baie itzelezko lana da egin dozuena urte honetan danatan, eta horren emaitza bikaina ointxe jaso dozu, biba zuen lana!!



Re: Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

ttikiya — 2005/11/05 18:01

Zorionak bai! Pozik eoteko moukua da! eibartarrak eskertuk eongo dia bai, ezta gutxiyoko. Miño baita kanpokuk e. Bagu ze ikasiya, eta to hemen ejenplu onena.
Ate asko jo ber izan zenittuzten bai, miño jakin zazute zuen lana eta eoskorkiyari esker gainerakoei bidia erraxtu gaittuzuela.
Mila esker.



Re: Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

asier — 2005/11/07 14:30

eskerrik asko zuen berba eta animuengaittik, benetan.


Datozen urtiotan be ez da lanik faltauko!


Animo!



Re: Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

Aritz — 2005/11/11 22:27

Aupa Asier!


Gu Iruñean gabiltz "Eibartarren Ahotik"en gisako beste lan bat egiten eta zentzu askotan eredua zarete guretzat. Bikain egindako lanaren seinale. segi bide horretatik eta Zorionak!!!!



Re: Eibartarren Ahotan fonotekaren aurkezpena

Ainara — 2005/11/20 21:30

Zorionak, Asier
Sekulako lana egin duzue azken urteotan gure herriko kultur ondarearen zati handi bat jasotzeko. Eskerrik asko. Bat nator Oierrek esandakoarekin. Zuen lanak eredu izan beharko luke beste ikertzaile askorentzat. Animo, eta segi holaxe. Eskertuko dizuegu.



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Eibar

Euskalkia, Etnografia, Natura

Asier Sarasua Aranberri 

(Eibar, 1969). Biologoa ikasketaz eta euskaltzalea bokazioz (filologia ikasketak amaitu arte, behintzat). Eibarko euskara eta historia jasotzen ahaleginak egin ditut, batez ere Eibartarren Ahotan proiektuan eta Eibarko hiztegiaren inguruan. Codesyntaxek ematen dit jaten eta errege-erreginak hartzen dizkidate ordurik gehienak. Geratzen zaizkidan tarteetan, Badihardugun aritzen naiz, herririk herri elkarrizketak egiten Ahotsak proiekturako eta, askotan, txori-izenak jasotzen. Gauza arraroagoak badaude munduan.

Blog honetako testu guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

 - Gure argazkiak Flickerren -

Argazkiak Asier Sarasua Aranberri Asier Sarasua argazkiak

 

Azken erantzunak
Vida vasca 1924 asier, 2010/03/16
Telefono zenbakixa Amatiño, 2010/03/15
Beti ikasten dok zeozer Amatiño, 2010/03/12
Esanahia Edurne, 2010/03/10
esanahia Nerea, 2010/03/10
Etiketa lainoa
Ahotsak Aldundia Argitalpenak Artxiboa Aurkezpenak Berbarik berba Bertsolaritza CC Danetik pixkat Egunkaria Egunkaria libre Eibar Eibarko Eibarko euskara Eibarko-euskara Etnografia Euskaltzaindia Euskara Herri-hizkerak Historia Internet Kantagintza Kultura Liburuak Literatura Musika Natura Toponimia Txori izenak Txori-izenak Untzaga Urola-kosta Zarauzko-euskara ahotsak aurkezpenak berbarik berba birziklapena eibar eibartarrak eibartarren-ahotan errebal errepideak euskara familia historia hiztegia ikastola ipuinak kultura lanak margola mogel natura udala veleia