Hemen zaude: Hasiera Blogak Prospektiba Joerak

Prospektiba

Joerak

Liburuen etorkizuna

Diskoen heriotzetik hasi eta liburuen etorkizunera jo du Teknosexua blogean piztu den eztabaida interesgarriak.

Etorkizun labur batean, diskoekin gertatu denaren antzeko zerbait liburuekin gertatuko ez ote den galdetzen dute. Hau da, askok dioten bezala, liburuak gaur egun ezagutzen ditugun bezala, paperan, desagertu egingo ote diren edo ez.

Eta horrela ematen du. Amazon, Google, Microsoft eta handien mugimenduak ikusirik, joera hortik doala dirudi: etorkizunean liburuak, edo liburuen edukia, formato digital ezberdinetan izango ditugula, baina ez paperean.

Baina, berehala zalantzak: zein izango da formato erabiliena, egokiena, ...? Hor dirudi dagoela editoreen kezka eta lana.

Bestalde, hori esaten zutenek harrituta geratu dira aste honetan Wikipedia paperean kaleratuko dela jakiterakoan , ezusteko galanta!! Oraindik papera erakargarria ...

Inoiz baino gehiago idatzi eta argitaratzen da gaur egunean, bai digitalean bai paperean. Eta egia esan liburuen etorkizunaren gaia oso interesgarria da. Horregatik, ahal dudan neurrian jarraitzen dut.

Hona hemen pare bat erreferentzia gaiaren jarraipenerako:

Orokorrean, aniztasuna da etorkizunaren ezaugarrietariko bat, beraz zergaitik ez pentsatu formatu biak edo gehiago (adibidez, entzuteko liburuak, robotak edo makinak irakurriko dituztenak), mantendu eta gehitu egingo direla datozen urteetan?

Gainera, Wikipedia bezala, digitaletik, kasu honetan blogetik, paperera pasatu dituzte Joxe Arantzabalek edo Xabier Mendigurenek beraien idatziak. Formatoa erakargarriagoa delako? zabalkunde gehiago izango duelakoan?

Digitalean sortutakoak paperera automatikoki pasatzeko tresnak asmatu dituzte. Interneten bertan, Blogbinders bezalakoak ditugu: Turn your weblog into a book! Bihurtu zure bloga liburu bat!

Zure blogaren pasahitzak eman ..., et voila! bost minututan zure blogetik edukiak hartu eta paperezko liburua egingo dizute, pertsonalizatua, zuk nahi duzun azalarekin. (argazkiko liburua, adibidez, georgiaren blogari dagokiona da )

Horrelako zerbitzu gehiago daude sarean: www.qoop.com , www.blogprinting.com , ... Gainera, merkeak dira eta liburu-blogaren salmenta eta banaketa egiten dute. Ez duzu horretaz kezkatu behar.

Hori bai, liburuak ez dira ateratzen Joxe edo Xabierrena atera diren bezain politak!

Seguruenez, The Economist-ek musika industriari ematen zion gomendio berdina erabili daiteke liburuen kasuan: etorkizunari begira hurrengo hamarkadarako handien estrategia arrisku teknologiko eta kreatibitate gehiagorekin jokatzean legoke.


Technorati Tags: , , ,

Eneko Astigarraga 2005/11/06

Podcasting politikoa

Podcasting politikoa

Guy Verhofstadt, Belgikako lehen ministroak Podcasting-a hasi du erabiltzen. Lehendik ere, albiste eta prentsa oharren jarraipenerako XML jarioa eskaintzen zuen, hori adierazten duen etiketa laranjarekin, nola ez.

Orain, bere asteroko prentsa agerraldiak podcasting moduan hasi du ipintzen eta zabaltzen frantsesez (www.premier.be/fr) eta flamenkoz (www.premier.be/nl ).

Oso ideia ona, bai horixe. Kopiatzeko modukoa.

Eneko Astigarraga 2005/10/13

The Ubuntu Experience. Mark Shuttleworth Gasteizen

Mark Shuttleworth , Hego Afrikako ekintzaile, espazioko bigarren turista eta Sotware Librearen mezenas da. Ostegunean, urriak 6an, Araba Enpresa Digitalak Miñaoko Parke Teknologikoan antolatu duen hitzaldian egongo da.

Duela ia 10 urte, 1996. urtean, Shuttleworth-ek Thawte enpresa garajean sortu zuen, ziurtagiri digitaletan eta Interneteko segurtasunean espezializatutakoa.

Beranduago, 1999. urtean, Verisign enpresak Thawte erosi zuen.

Lortutako etekinekin HBD Venture Capital , negozio eta arrisku kapitaleko hazitegia, eta Shuttleworth Fundazioa , - Hego Afrikako gizarte-berrikuntzan eta hezkuntza-proiektuetan aritzen zen irabazi asmorik gabeko erakundea - sortu zituen.

Lehen afrikarra espazioan?

Shuttleworthek mundu mailako ospea lortu zuen 2002ko apirilaren 25ean, historiaren bigarren kosmonauta zibila eta, kroniken arabera, espazioan izandako lehen afrikarra izan baitzen.

Baina, eztabaida dago puntu honetan, Wikipedian irakurri daitekenez batzuen iritziaren arabera, Kamerunen jaiotako Patrick Baudry , Kamerun frantziako kolonia zenean, kontsidera daiteke lehen kosmonauta afrikarra moduan. Beste batzuk, aldiz, Baudryk beti nazionalitate frantziarra izan duela diote eta ezin dela lehen kosmonauta afrikarra izan.

Dena dela, urtebete entrenatzen ibili ondoren, Soyuz TM-34-ren barruan Nazioarteko Estazio Espazialera heldu zen Shuttleworth.

Hantxe zortzi egunean IHESA, genoma eta beste gairi buruzko zenbait esperimentutan parte hartu zuen.

Software librearen bultzatzailea

Shuttleworth 90eko hamarkadatik Linux Debian-eko banaketaren garatzaile bat izan zen, eta 2004ean Software Librearen mundura itzuli zen Linux-aren garapenari eta hedapenari ekin zion; Ubuntu izeneko proiektuaren bidez.

Doan eta erraz erabiltzeko modukoa zen. Orain dela gutxi Ubuntu Fundazioa sortu du eta hasieran 10 miloi dolar inbertitu ditu horren garapen eta euskarrirako.

Ubuntu-rekin (Linux for Human Beings), hizkuntza anitzeko eta plataforma anitzeko Linux erraz eta doan baten erabilera komunitate guztiei zabaltzea zuen helburu.

Markek Ubuntu proiektuaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruz hitz egingo du, ostegunean, urriak 6, 12.00etatik 13:30etara, Arabako Teknologi Parkean, Miñaon.

Gizartean, eta bereziki enpresen eremuan, Software Libre-ak zer nolako abantaila eta aplikazio dituen ere azalduko ditu, eta beste ekintzaile batzuentzat Software Librean oinarritutako negozio-eredu batzuk ere erakutsiko ditu. Guzti hau, Araba Enpresa Digitalak antolatu duen hitzaldian.

Seguru gauza interesgarriak dituela esateko, ni behintzat han izango naiz entzuteko eta ikasteko. Gainera, egun berean, duela gutxi martxan ipini dugun eta Software Librearekin zerikusia duen proiektu baten aurkezpena egingo dugu Miñaon.

Eneko Astigarraga 2005/10/01

Hilda dago dmoz?

¿DMOZ está muerto? galdetu du norbaitek Barrapunto bitakora espainolean eta Dmoz - Open Directory Project proiektuko world/euskara atal euskaldunarekin akordatu naiz.

Ez dakienarentzat, labur azalduta DMOZ - Open Directory Project editore bolondresen lanari esker egindako web direktorioa da. Gizakiek egindako munduko web direktorio handiena. Kreditoetan ageri den bezala, mozilla.org , ChefMoz , MusicMoz , Open-Site eta Wikipedia guneen webgune anaia.

Gaurko datuen arabera, Dmoz-ek 5 miloi webgune baino gehiago indexatuak ditu eta ia 70.000 editore bolondresak lanean edo gutxienez izena emanda ditu ( 5,148,836 sites - 69,629 editors). Beraz, datu handiak eta gende asko kolaboratzen proiektuan.

Baina, nola aldatzen diren gauzak, gaur eguneko bilatzaileak oso indartsuak dira, duela urte batzuk baino askoz ere potenteagoak, dudarik ez.

Hasiera batean, direktorioek Interneteko anabasa ordenatzeko balio zuten. Informazioa ataletan sailkatzeko. Horrela, 1998 urtean Netscape-k hasi zuen Dmoz-ODP proiektu librearekin, Yahoo-k bere direktorioarekin, eta horrela Altavista eta beste askok, bakoitzak berea egiten. Baina, bilatzaileak indartzerakoan direktorioak ez dira hain erabiliak, eta jendeak zuzenean bilatzaileetara, Googlera esango nuke nik, jotzen du, direktorioak baztertuz, edo alde batera utziz.

Hori egia izanik, nere ustez arrazoi ezberdinengatik eta ez dakit zenbat denboratarako, Dmoz-ODP garrantzitsua izaten jarraitzen du oraindik:

  • Alde batetik, Googlek (eta beste batzuk), DMOZ - Open Directory Project-eko direktorioa darabil. Esate baterako, Google Directory-ren atal euskalduna, www.google.com/Top/World/Euskara/ , Open Directory Project-eko www.dmoz.org/World/Euskara/ atal euskaldunetik ateratzen du. Konparatu biak eta berdinak direla ikusiko duzue.
  • Bestetik, Googleren emaitzetan ageri diren definizioak , kasu askotan Dmoz -ODP-tik ateratako definizioak dira. Esate baterako, Google-n Kontseilua bilatu eta ematen den definizioa The Council is bringing together all those organisations and groups whose prime aim is to encourage the normal, everyday use of the Basque language, Euskara, zuzenean Dmoz-ODPtik hartutako definizioa da.
  • Gainera, Googleren algoritmoa ezkutua bada ere, badirudi hobeto indexatzen dituela Dmoz-en jasotako webguneak.

Baina, etorkizunari begira, eragozpenak ditu:

  • Gaur egun jendeak ez ditu direktorioak erabiltzen, eta joera honek direktorioen etorkizuna baldintzatu dezake, argi eta garbi.
  • Googlek Dmoz erabiltzen zuela zabaldu zenean, webmasterrek eskaerak eta eskaerak bidaltzen zituzten Dmoz-ODPera, editore bolondresak lanez gainezka ipini arte. Bolondresak izanik, erantzuteko kapazitaterik ez genuen eduki.
  • Bestalde, webmaster batzuk editore "bolondres" giza sartu ziren dmoz-en beraien webguneak promozionatzeko asmoarekin, eta ez lan serio eta objetiboa egiteko.
  • Editoreen onarpena ondoegi funtzionatzen ez duela iruditzen zait. Ezaguneren batek izena eman du aspaldi eta ez du erantzunik jasotzen. Horrelako zerbait aipatzen da Barrapunto-n

Eta Euskal Open Directory Project-a?

Ba, geldi xamar dagoela esango nuke. Editore gutxi gaude. Azken boladan Albertok lan izugarria egin du, baina atal nagusiak, Kultura eta Ekonomia izan ezik, ez dute editorerik.

Gaudenak "editore zaharrak" gara, 1999 urtetik ni, beste batzuk nere aurretik, eta hasierako kemena galduta dugula iruditzen zait.

Dmoz-eko atal euskaldunetik sortu zen Aurki direktorioa . Baina argi dago gaur egun Aurkiren bidea askoz ere biziago dagoen euskal blogosfera jaso eta sustatzera bideratu behar dela, nahiz eta oraindik martxan egon Dmoz-ODP proiektuarekin lotura zuzena duen Aurki Bilatzailea .

Aldiz, katalanak (bai, bai, beti katalanekin konparatzen, 8 miloi hiztun dira, badakit) World/Catala atala oso bizia, ODP-ko barne foroetan ikusten da, eta osasuntsua dute, 42.415 webgune indexatuak, Euskal atalak 2.406 webgune baino ez dituen bitartean (Orain lan gehiago aurreikusten dute ODP-ko editore katalanek, dominio asko .es-etik .cat-era pasatuko direlako).

Hemen duzue hizkuntza guztien zerrenda , asko, tartean Bable edo Interlingua bezalakoak.

Ez dakit editore berririk animatuko den euskal atalerako , lan erraza da, muzu truke baina estres gabekoa. Froga egin nahi baduzue, aukeratu atal bat eta eskatu editore izatea!

(editoreen interfazea, hori bai, euskaraz dago)

Eneko Astigarraga 2005/09/20

Tobin Tasa Soziala: UDF-ko Bayrou ezarketa aztertzearen alde

Azken urteetan, 1997 urtean Le Monde Diplomatique-n Ramonet-ek Desarmer les marches artikulua argitaratu zuenetik, Tobin Tasa aplikatzeko deia eta proposamenak egiten dabiltza globalizazioaren aurkako mugimenduak. Batez ere, Bizkaian delegaritza duen ATTAC (Association for the Taxation of financial Transactions for the Aid of Citizens) mugimenduak.

Tobin tasa - James Tobin , Yale-ko irakaslea eta Kennedy-ren aholkularia izandako ekonomilari amerikarrak proposatu zuelako -, espekulazioaren aurkako nazioarteko zerga modura planteiatu izan da eta, hasieratik kontrakoak izan arren, jende askori iruditu zaio zentzuzko proposamena dela.

Baina gaur arte behinik behin, logikoa zirudien arren, Europan izan ditugun gobernu sozialistek Tobin tasa aplikatzera, edo serioski aztertzera, ez dira inoiz ausartu.

Horregatik, Frantzian gaurko albiste nagusienetarikoa UDF-ko buruzagi, eta seguruenik 2007an Lehendakaritzarako hautagaia izango den Francois Bayrou -k Tobin tasaren alde egiteak izan da.

Honen inguruan,

  • egia da UDF alderdiaren gaztetxoen aurrean esan duela eta beti mezu erradikalagoak botatzen direla gazteen aurrean,
  • egia da Jesus Lizcanok La Tasa Tobin, mitos y realidades artikuluan argi esaten zuela: "Hoy día las formaciones políticas de derecha no deberían dejar a las de izquierda el monopolio de una medida de suma positiva como la tasa Tobin, la cual podría servir -al potenciar sustantivamente a los países menos desarrollados- para ampliar el libre comercio internacional, e impulsar, en definitiva, la Economía real frente a la Economía financiera, cuestión ésta que marcará el debate económico en este nuevo siglo, más que el clásico debate entre una economía de derechas y una economía de izquierdas",
  • eta egia da UDF -k Europar Alderdi Popularra utziz, Eusko Alderdi Jeltzalea , Romano Prodi-ren Margherita (La Margherita - Democrazia è Libertà) eta beste alderdi politiko europarrekin batera Alderdi Demokrata Europarra sortu zutela iaz, bere izaera eta demokrata-kristau ideologia indartuz,

baina, egia esan ere, orain arte sozialista frantziarrak ez badute egin, ez nuen nik espero UDF-ko buruzagi batek Tobin tasaren alde, kasu honetan langabezia eta behin-behinekotasunaren aurka, egingo zuenik. Adierazgarria, beharbada joera markatzen duen horietakoa.

Orain ikusi behar noraino ailegatzen den François Bayrou-k bere hitzaldian (107 KB .pdf formatoan) ikerketarako egin duen proposamena:

"Et je voudrais même que l’on étudie au moins pour en avoir le cœur net, l’idée d’une contribution Tobin sociale qui serait le prélèvement direct d’une fraction extrêmement faible, de l’ordre d’un millième, ou d’une fraction de millième, des sommes qui circulent dans les échanges bancaires."

"Dans un pays comme le nôtre (Frantzia), les échanges bancaires représentent des sommes en circulation considérables, de l’ordre de 70 fois le PIB, 120 000 milliards d’Euros."

Aplikatuko da inoiz? Aplikatu daiteke bakarrik Frantzian? Kapitalen mugikortasunarekiko eragina? Nola kudeatu tasa? eta beste mila galdera ... Baina, datorren tokitik datorrela, adierazpen interesgarria...

Gehiago jakiteko:

Argazkia Sipa

Eneko Astigarraga 2005/08/30

Bilaketen etorkizuna

Time aldizkariko On the Frontier of Search artikulua The future of search izenpean aipatzen dute Smart Mobs blogean.

Etorkizunean bilaketak noraino ailegatuko diren azaltzen .... "inor ezagutzen ez duzun hiri batera ailegatzen zara, ez duzu lo egiteko holetik, zure gauzak ez daude zuk espero zenuen aeroportuko terminalean, ... Zer egin dezakezu? Telefono mugikorraren bidez Google, GPS-a, mapak, hamaika zerbitzu edo zure etxeko ordenagailua erabiliz bilatuko dituzu lagungarri izango dituzun informazioak ..."

Eguneraketa

Ikusi dut E. Dans-ek bere blogean albiste bera aipatzen duela, Fronteras de la busqueda izenarekin, eta Timeseko albistearekin lotuta, gaur egun martxan dauden hainbat zerbitzu aipatzen dituela. Interesgarria izan daitekelakoan, hona hemen zerrenda:

Eneko Astigarraga 2005/08/30

Nork nahi du edukien jabe izatea?

Gure eremura ekarrita, feedback eta jarioaren garrantzia aipatu du Jabik Sarean blogean aste honetan idatzitako artikulu batean.

Bezperan Jeff Jarvis guruak, jarraipen handia izan duen Who wants to own content? izeneko artikulua idatzi zuen. Bietan, gaur egun Interneten edukia baino gehiago jarioak, elkarrizketak duen garrantzia azpimarratzen da.

Banaketa ez da erregea.

Edukia ez da erregea.

Elkarrizketa da erresuma. Gaur egun balorea hartuemanetan dago. Balorea konfiantzan eta fidagarritasunean datza.

Horrela zioen Jeff Jarvis-ek bere blogean idatzitako lehen artikuluan . Izen bereko Who wants to own content? bigarren aipu bat idatzi zuen, eta gaur hirugarren bat: Who wants to own content? (Cont.) .

Etorkizunari begira horrela dirudi. Agian, oraindik eta gaur egun gehiegitzea da, baina Jarvisek arrazoi puntua du gutxi gora behera honelakoak esaten dituenean:

Gure gaur eguneko media 2.0, web 2.0, post-media, post-eskasia, open source, small-is-the-new-big munduan, gizaki konektatu eta ondo ekipatuen munduan, balorea ez dago hainbeste gauzen esklusibotasuna eduki eta mantentzean.

Balorea ez dago hainbeste edukien jabetzan edo banaketa kanalen kontrolean.

Balorea hartuemanetan dago. Balorea konfiantzan eta fidagarritasunean datza.

In our media 2.0, web 2.0, post-media, post-scarcity, small-is-the-new-big, open-source, gift-economy world of the empowered and connected individual, the value is no longer in maintaining an exclusive hold on things. The value is no longer in owning content or distribution.

The value is in relationships. The value is in trust.

Eneko Astigarraga 2005/08/26

Sarearen etorkizuna

Ia beti legez, artikulu interesgarriak Wired aldizkari geekean. Abuztuko ale baterako, Kevin Kelly , aldizkariko erredakzio buru ohiak, sarearen iragana, oraina eta etorkizuna jorratzen dituen artikulu interesgarria prestatu du: We Are the Web . Azken joerek diotenaren ildoan.

Sarritan irakur dezakegun moduan, Kevin Kellyk denon artean sortu eta eratuko dugun Internet sarea aurreikusten du.

Internet Actu aldizkarian Kellyren hainbat esaldi azpimarratu dituzte.

Oso urruti joan barik, 2015 urteko web irudia emateko oso adierazgarria iruditu zaidan bat: A simple extrapolation suggests that in the near future, everyone alive will (on average) write a song, author a book, make a video, craft a weblog, and code a program. This idea is less outrageous than the notion 150 years ago that someday everyone would write a letter or take a photograph.

"Etorkizunean edonork idatziko du abesti edo liburu bat, bideoak egingo ditu, bloga izango du, programa baten kodea idatziko du. Ideia hau ez da, duela 150 urte edonork gutun bat idatziko zuela edo argazki bat aterako zuela, esatea baino txokanteagoa"

Beraz, EPIC 2014 , ez dago hain urruti?

Azkoz gehiago We Are the Web artikuluan.

Eneko Astigarraga 2005/08/19

Estatuak, etorkizunerako erakundeak ?

Foreign Policy eta the Fund for Peace erakundeek oso txukun eta sendo ez dauden estatuen argazkia eta mapa egin dute.

Adierazle ezberdinak erabiliz - sozialak, ekonomikoak, politikoak edo militarrak - estatuen osasunaren diagnosia egin dute.

Bada, estatuei dagokionez, mundu erdia, gutxi gora behera, gaixo dago. Eta hori, ezagutzen ditugun estatu batzuek - Espainia, Marroko, Belgika, Erresuma Batua, Txina, ... -, askotan bestelako inpresioa eman arren, beltz-beltzak ageri direla mapa hauetan. Erakunde hauen mapan beltz egoteak, estatu bezala sano-sano, ondo finkatuta zaudela esan nahi du.

Beste erdia, ordea, barne arazo larriak direlako kolokan dago: gorri-gorri, apurtzekotan, edo hori kolorez, egoera larrian.

Mundu mailako egoera eta joerak ikusirik, galdera datorkit burura: akabo estatua lurraldeen erakunde antolatzaile bezala?

Z+blog-en irakurria.

Eneko Astigarraga 2005/07/27

Liburuak Arizona eta Kansas-en

Albiste interesgarria jaso dute Mondragon Unibertsitateko Giza Zientzietako HUHEZI fakultateko Gizakom blogean: Arizonako Vail herriko institutoan datorren ikasturtean hango ikasleek ez dutela testulibururik erabiliko .

Aipamenetan Aercilur -ek Enrique Dans-ek bere blogean Arizona y los libros de texto postean erabaki horren inguruan komentatzen duela dio.

Albisteetan kostuak aipatzen dira, baina aldaketa hauei etekina ateratzeko lan egiteko modu berrietara egokitzea da garrantzitsuena, nere ustez.

Lehendabiziko aldiz, duela 4 urte martxan ipini zen planari jarraitzu, nere gelako ESTE-ko ikasle guztiek ordenagailu portatila zeukaten eta gelan WIFI konexioa. Beraz, aurtengo klaseetan ikasleek Internetera konektatuta zeuden klasea ematen genuen bitartean.

Beste batean gehiago sakonduko dut, baina esperientzia ona izan da aurtengoa. Saiatu naiz blog honen gaztelerazko atalean zenbait mezu klaseetako zalantzak argitzeko erabiltzen, edo bloga klasetako gaiak aipatzeko erabiltzen, edo ikasmateriala banatzeko, edo bloglines eta del.icio.us bezalako tresnen erabilera bultzatzen, baina argi dago irakasleok (eta ikasleek) oraindik asko ikasi beharra dugula paperetik alde egin eta digitalera egokitzeko, eta batez ere digitalak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko.

Honekin zeharka lotuta..., Kansas City hiriko liburutegi publikoak, argazkian ageri den bezala, kanpoaldean ipini ditu liburuak eta horregatik Ameriketako IDSA (Industrial Designers Society of America) elkarteak antolatu eta Business Week aldizkariak babesten duen IDEA (Industrial Design Excellence Awards) sarietako bat eman diote .

Eneko Astigarraga 2005/07/13

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.

Azken erantzunak
pistop pjsm_1919@hotmail.com, 2011/05/17
sociologia wilson mosquera , 2011/05/11
Santiago Luis, 2010/05/12
citar Ferran, 2010/04/22
Patricia fabian, 2010/01/13
Etiketa lainoa
...eta kitto! 0 2018 Administración Ana Morato Barcelona Bartzelona Berriak Bilbao Bitxikeriak CUIMPB CodeSyntax Codesyntax Desarrollo Local Deusto Diputación ESTE ESTE Deusto Estrategia FLOSS FLOSSMetrics Flossmetrics Future studio GPS ISEA Interoperability Joerak MCC Metodoak Morfeo Newport News OBOOE OCDE OECD OPTI Open_Source PriceWaterHouseCoopers Prospectiva Prospektiba TID UE ZEA ZEA Partners ZEA_Partners award bartzelona bbec behatokia blog blogak catalunya cinum clases codesyntax curso deusto eGovMoNet egunkaria egunkarialibre eibartarrak empresa escenarios eskola estrategia etorkizuna euskara gizakiak hauteskundeak ikastaroak joerak lurraldea makinak mede medioambiente open standars organizacion personas plonegov projet prospectiva prospektiba prospektiba bartzelona Woody_Allen cuimpb proyecto puntueus serveis socials software libre software_libre software_librea spri tecnologia telebista udalplone zibilizazio_digitala