Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba / Hauteskundeak

Hauteskundeak

Eneko Astigarraga 2008/03/10 01:32

 

Hauteskunde egunetan Eta Kitto herri aldizkariak argitaratzen duen ale berezirako - hauteskundeei errepasoa - kolaborazioa eskatzen didate. Hauteskunde gauen, arrapataka, emaitzak sortzen diren heinean, egin beharreko komentarioa da, eta ez naiz kazetaria. Euskaraz idazten kaskarra naiz gainera eta eskerrak Juanan Argoitiak laguntzen duela euskara aldetik estilo orrazkeran.  Baina tira, hona hemen gaurkoan idatzitakoa:

Atentatuaren itzalpeko hauteskundeetan alderdi sozialista irabazle

Bipartidismo edo alderdibitasunaz, errepikatutako ilegalizazioez, eztabaida mediatikoez.... idazteko asmoa neukan lerro hauetan, baina askok aurreikusten zuten bezala kanpainako azken egunean ETAk hauteskunde kanpainan agertzea erabaki du Isaias Carrasco Arrasateko zinegotzi sozialista ohia tirokatuz.

Ez dakit helburu politikoak, militarrak edo propagandazkoak lortu dituen, baina amorrua, higuina, nazka eta dolumina nonahi sortu du ETAk hilketa horrekin. "Errepidean kontrabidean doazen horiek, suizidatzeko hiltzen" idatzi zuen atzo Anjel Lertxundi idazleak eta atzodanik "Don't save me, thanks"- ez nazala inork salba, eskerrik asko- mezua zabaldu da sarean. Nik ez dut hobeto adieraziko.

Estatu mailan eta alderdibitasunaren eredupean jokatutako hauteskunde hauetan, garaile garbia PSOE izan da eta Espainako beste alderdi handiak, PPk, ere diputatu gehiago izango ditu. Bipolarizazioa. Alderdi abertzaleak, aldiz, EAJ, ERC, EA, ... edo Izquierda Unida bezalako alderdi txikiak orohar galtzaile irten dira.

Zapatero Espainiako presidente izango da beste lau urteetan. Hala ere, PSOEk ez du lortu gehiengo nagusia eta aurreko legealdian bezala beste alderdi batzuen sostengua, akordio eta hitzarmenak beharko ditu lege berriak, lege aldaketak edo aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta PP baztertzeko. Gutxi gora behera, azken lau urteetan bezala.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan orain dela lau urte baino eserleku bat gutxiago banatu da Hego Euskal Herrian,  23 diputatu eta 16 senatari aukeratu dira. Gipuzkoan PSE-EEk Eusko Alkartasunaren kontura eserleku bat irabazi du eta Bizkaian EAJk eserleku bat gutxiago du. Alderdi konstituzionalistak nagusi irten dira ia lurralde guztietan.

ETAk eta legez kanporatutako ezker abertzaleak abstentziorako deialdia egin zuten eta badirudi nolabaiteko eragina izan duela. 2004arekin alderatuz gero, Estatu mailan parte hartzea antzerakoa izan da gaur. Hemen, lurralde ezberdinen arabera, %3tik eta %12ra behetik egon da.

Eibarren PSE-EE irabazle garbia irten da ia 6.800 botorekin, bigarren EAJ geratu da ia 3.500 botorekin eta hirugarren PP 2.000 bozkarekin. Ez da izan gaur 1.000 botoetara ailegatu den beste alderdirik Eibarren: Eusko Alkartasuna, Ezker Batua edo Aralar muga horretatik behera geratu dira. Parte hartzea %66koa izan da eta abstentzioa %34koa. Datu horien arabera, zaila da jakitea ilegalizatutako Batasunak zenbateko boto kopurua izango lukeen. Beharbada laugarren indarra litzateke.

Gaurko emaitzak azken urteetan Udal Hauteskundeetan izan direnetatik urrutiegi ez daudela esango nuke; bai, ordea, 2004an izandako emaitzetatik. Baina hauteskunde bakoitzak bere berezitasuna duenez, ez dirudi automatikoki estrapolatu daitezkeenik Udal edo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara.


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.