Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Prospektiba

Prospektiba eta wikipedia

Eneko Astigarraga 2005/10/31 18:29

wikipedia

Gaston Berger prospektibista frantziarraren arabera, prospektiba etorkizuna aztertzen duen zientzia da, etorkizuna ulertzeko eta etorkizunean eragin ahal izateko.

OECD - Organisation for Economic Cooperation and Development -aren arabera, prospektiba epe luzera zientzia, teknologia, ekonomia eta gizartearen etorkizuna aurreikusteko saiakera sistematikoen multzoa da, helburutzat onura ekonomiko eta sozial handienak eragingo dituzten teknologiak identifikatzea duena.

Wiki-Raid: prospektiba editatzen Wikipedian

Budapest-en egin zen bilera baten ondorioz, mundu osoko prospektiba zaleek indarrak batu eta gaurko egunean, urriak 31a, prospektiba eta orokorrean etorkizuneko ikerketak terminoen inguruan wikipedian dauden sarrerak gehitu, hobetu eta editatzea erabaki zuten.

Wiki-Raid esaten zaio "kedada" mota hauei, kasu honetan Future Study Wiki Raid izendatu dute eta deialdia World Futures Studies Federation delakoak (www.wfsf.org ) egin du. Hemen, Community Mobilization blogean azaltzen dute ondo.

Hizkuntza ezberdinetan ageri diren sarrera batzuk:

Prospective en francais

Prospectiva Catala

Foresight in english

Prospectiva espainolez.

Vilaweb komunikabide katalanak albistea jasotzen du eta laguna den Jordi Serra prospektibista katalan ezagunak katalanezko sarrerak landuko dituela dio.

Parte hartzeagatik euskarazko sarrera gehitu dut: Prospektiba .

Baina egia esan euskal wikipediak hutsune larregi ditu funtsezko terminoetan, prospektiba bezalako berba hain bereziak sartzen lan larregi hartzeko.

Baina tira, beste lurraldeetan prospektiba terminoarekin badabiltza, ez gara gu gutxiago izango :-)

2020rako robotak etxe guztietan

Eneko Astigarraga 2005/10/30 10:38

robotak korean

Chin Dae-je Koreako Informazio eta Komunikazio ministroak esan omen du: 2020 urtean, Koreako etxe guztietan robota izango da.

Baina gainera, datorren urrirako, 850 eta 1700 euro tarteko salneurriarekin eta sarean oinarritutako hiru robot mota kaleratzea aurreikusten dute Korean.

Hain merkeak izango dira, software eta programak robotetan bertan ez direlako egongo. Banda zabalari esker, robotentzat behar diren programak saretik jeitsiko dira.

Eta arrakastatsuak izango direla uste dute: 2011 urterako horrelako 3 miloi robot saltzea espero dute.

Robot hauek etxeko garbiketa egingo dute, etxea zaindu, liburuak haurrei irakurri, osasun zerbitzuak eskaini edo Internet konexioa eskaini. Informazio sareekin izango duten konexioari esker, beste hamaika gauza egin ahal izango dira, irakurgaiak, filmak, ikusgaiak edo musika erosi, janaria eskatu, antzerki edo jaialdietarako sarrerak eskatu eta batek daki zer gehiago.

Gure esanetara egongo diren lagun minak izango ditugu aldamenean, haserretu edo etsaituko ez direnak, asko jota - gaurko ordenagailuek bezalaxe -, gehien behar ditugunean izorratu egin daitezkenak.

Saikera honetan aipatzen nuen robotak etxeetara ailegatuko zaizkigula, eta etorkizuna robotak sarearekin bat egitean dagoela. Logikoena da: eguneraketak jaisteko aukera, konponketak, elkarren artean komunikatzeko parada, garapen amankomunak eta banatuak egiteko aukera, proiektu handiagoak egin ahal izatea, ... Askoz hobeto garapenak kode irekian badira, horrela noizbait robotekin euskaraz aritzeko aukera izango dugu, bestela ... koreanoz ikasten hasi beharko dugu.

we-make-money-not-art.com blogean ikusia.

Informazio gehiago:

Interfazeak etorkizuneko sulkaldeetan

Eneko Astigarraga 2005/10/28 00:17

Etorkizuneko Sukaldea

Massachusetts Institute of Technology delakoan dagoen MIT Media Lab-eko Leonardo Amerigo Bonanni gizakiok arrisku gutxiago izan ditzagun eta erosoago ibil gaitezen, sukaldeetako interfazeak nola hobetu ikertzen dabil.

Bere orrialdean ikerketak eta tesiak ipini ditu denon eskura, eta Interact 2005 jardunaldietan Cooking with the Elements ponentzia laburra aurkeztu zuen. (.pdf-an dago)

Sukaldeetan errealismo gehitzea dute helburutzat. Adibidez, atea pantaila izan dadila eta frigorifikoa trasparentea egitea, ur hotza eta ur beroa argi-koloreen bitartez bereiztu, ezkaratzeko suak piztuta edo itzalita daudela adierazteko modu berriak, ...

Honekin lotuta, Jackie Lee, Leonardo Bonanni eta Ted Selker-ek Augmented Reality Kitchen proiektua dute.

Internetactu eta we make money not art blogetan irakurria.

Argia Topaketak: Kultur Sorkuntza: nora eta nola?

Eneko Astigarraga 2005/10/24 23:50

Argia Topaketak

Euskal Herria 2005-2025 Argia Topaketen barnean antolatu den azken mahaingurua, bihar arratsaldean egingo da Iruñeko San Zernin Aretoan.

Jose Ignazio Ansorenak, Aingeru Epaltzak, Tere Irastortzak eta Xabier Mendiguren Elizegik hartuko dute parte. Eta aurrekoetan bezala, laurak prestatu dituzten ponentziak Argian irakur daitezke .

Seguruenez, Argiak proposatzen zuen galderaren aurrean errezago zuten, Mendigurenek adierazten duen moduan, ez dakit edo auskalo! esatea, baina ausartu dira aipatutako laurak.

Eta ez, ez da lan erraza Argiak eskatutako hausnarketan murgiltzea, horregatik orohar, pasatutakoak eta gaur egungoak azaltzen saiatu dira gehiago, etorkizuna aurreikusten edo imaginatzen ahalegindu baino.

Hala ere, sumatzen dira hainbat ideia interesgarri argitaratutako ponentzia edo idatzietan. Hogei urte barru ez dela mundua amaituko dio Ansorenak zentzuz: Ez dugu irabazi. Hogei urte falta dira. Eta hogei urte barru beste hogei faltako dira noski; euskal kulturak ahalegin mental gehigarria eskatzen duela dio Epaltzak eta euskal idazleak Ezagutzaren Gizartearen aurren-puntan aritzeko prestatu behar duela dio Tere Irastortzak , Pernandoren egiak bezala aurkezten digu etorkizuneko joerakXabier Mendigurenek eta horren segidan argitzeke segitzen (segituko) duten hausnarketa interesgarriak plazaratzen ditu.

Etorkizuneko Ezagutzaren Gizarte horretan etorkizuneko euskal hiritarrek euskal kulturan eta euskal kultur sorkuntzan izango duten eraginari buruz, aldiz, ez dut larregi irakurri.

Etorkizuneko kultur kontsumitzaile eta sortzaileak gure eskola, lanbide heziketa eta unibertsitate zentroetan daude. Gaur 12, 15 edo 20 urte dituzten gazteek 32, 35 edo 40 urte izango dituzte 2025 urtean. Ez lukete tokia izan behar horrelako hausnarketa batean? lantzen da sormena? lantzen da kultur sormena eremu horietan?

Bestalde, irakurritako hausnarketetan teknologiek euskal kulturarengan gaur egun daukan eta etorkizunean izan dezakeen eragina aipatzea faltan bota dut.

Egunero ikusten dugu teknologia berriak kultur sorkuntza erraztu egiten dutela eta, egunero ere, kultur sorkuntza eta banaketarako modu berriak asmatzen direla.

Teknologiekin batera eredu berriak sortzen ari dira ezagutza eta kulturaren kudeaketa eta banaketaren inguruan.

Idazleak tresna berriekin argitaratzen ikusten ditugu ; argazkilariak , pintoreak , ... erakusketak antolatzen sarean; enziklopediak modu berrian izateratu; gaur egun arruntak diren medioekin jendea telebista , irratia , bideoak, albisteak edo dokumentalak ekoizten; sarean filmak, musika , liburuak, ... banatzen, trukatzen, sortzen, ...; teknomusika, ziber-artea, ... beste teknologia eta tresna batzuekin sortutako kultur adierazpen berriak. Kultur sorkuntza azken finean.

Teknologia aipatzen denean, menpekotasun teknologikoa aipatzen da. Ez naiz teknologoa eta seguru euskal kultur sorkuntzan eragiten duten faktore garrantzitsuagoak daudela - batzuk badatozkit burura - , baina azken boladan mundu horren inguruan mugitzen naiz eta horregatik datorkit burura: herri txiki honetan ezin dugu teknologia ahalik eta ondoen menperatzen saiatu eta gure kultur sorkuntza sustatzeko erabili?

Ezingo dut Iruñan egon, ondo joan dadila mahaingurua. Interesgarria, seguru.

Nanoteknologiak: pantailak gure azalean

Eneko Astigarraga 2005/10/19 20:13

Robert A. Freitas Jr ikertzaile usa-tarrak azal azpian ezarri daitezkeen pantailak ikertzen omen dabil. Kontzeptua Nanomedicine, Volume 1 : Basic Capabilities liburuan azaltzen du .

Nano Eskua

Pantailatxoa edo Programmable dermal display delakoaren gakoa azal azpian joango den 6zm x 5zm azalera batean miloika robot-pixel ezartzean datza. Nanoteknologiei esker, jakina.

Beraz, irudian ikus daitekenez etorkizunean gure azaleko pantailan kontsultatuko ditugu gure gorputzeko parametro nagusiak, elektroak, odol analisiak, azukrearen egoera, kolesterola, ...

Oraindik ez dago argi zeinek ordainduko dituen pantailatxoak, baina has daitezela prestatzen Osakidetza, Osasunbide eta abarrean!

Info gehiago:

Hezkuntza eta prospektiba, Prospecti... va aldizkarian

Eneko Astigarraga 2005/10/16 09:58

Prospecti... va Construyendo Futuros

Berriz ere Hezkuntza eta Prospectiva dira sarean dagoen Revista Prospecti...va, Construyendo Futuros, Millenium proiektuko aldizkariaren zenbaki berriaren ardatz nagusiak.

Mexikon espainolez argitaratzen den Prospektiba aldizkariaren 7. zenbakia ikusi eta irakurtzera gonbidatzen gaituzte Prospectiva posta-zerrendara bidalitako mezuan.

Era berean, aldizkariaren editoreak Miguel Angel Pérez Wong, datorren zenbakiari begira ekarpenak bidaltzera gonbidatzen du . Hurrengo aleak, zortzigarrenak, jorratuko duen gaia Prospektiba eta Zientzia Fikzioa da.

Podcasting politikoa

Eneko Astigarraga 2005/10/13 23:45

Podcasting politikoa

Guy Verhofstadt, Belgikako lehen ministroak Podcasting-a hasi du erabiltzen. Lehendik ere, albiste eta prentsa oharren jarraipenerako XML jarioa eskaintzen zuen, hori adierazten duen etiketa laranjarekin, nola ez.

Orain, bere asteroko prentsa agerraldiak podcasting moduan hasi du ipintzen eta zabaltzen frantsesez (www.premier.be/fr) eta flamenkoz (www.premier.be/nl ).

Oso ideia ona, bai horixe. Kopiatzeko modukoa.

Google 2084

Eneko Astigarraga 2005/10/10 23:34

Batzuek erraz aurreikusten dute etorkizuna.

Parade Publications delakoaren lehendakaria den Randy Siegel-ek New York Times-en argitaratutako irudia

Microsiervos blogean ikusia.

Oso bitxia. Globalizazioa eta IKTak ei dira. Blogak eta Internet: New York Times -en gaur argitaratutako bineta, posta-zerrenda bat eta beste pare bat blogen bidez, egun berean irudia euskarazko blog kaxkar honetan argitaratuta dugu.

Intelektualeriako intelektualena

Eneko Astigarraga 2005/10/09 22:55

Prospect Magazine ingelesak eta Foreing Policy aldizkariek Munduko 100 Intelektual ezagunenen eta eraginkorrenen zerrenda atera dute: The Top 100 Public Intellectuals.

Chinua Achebe (A) nigeriarratik Slavoj Zizek (Z) sloveniarraraino. Tartean beste 98 aurkituko dituzu.

Eta horien artean handienak hautatzeko aukera dugu orrialde honetan: Vote for the world's top public intellectuals . Hau da, intelektual eraginkorrena aukeratzeko, bozketa egitea proposatu dute .

Parte hartu nahi baduzu, Top public intelektual aukeraketan zerrandakoen artean bost izen markatu. Baina, guztien artean gustokorik ez baduzu, berri bat, edo gehiago, proposatzeko aukera dago.

Kriterio nagusia intelektuala bizirik eta jardunean egotea da. Hortik aparte norberaren lehentasunak edo gurago dituenak. Noski, zerrenda eztabaidagarria izan daiteke eta horrela aitortzen dute egileek. Horregatik, izen berri bat proposatzeko laukitxoa aurkituko duzu webgunean.

Argia Topaketak: Euskal Herria 2005 - 2025

Eneko Astigarraga 2005/10/07 23:55

Argia Topaketak

Argia -ren eskutik prospektiba saiakera interesgarriak egun hauetan: Argia Topaketak: Euskal Herria 2005 - 2025 izenpean .

Uste baino azkarrago etorriko den 2025 urteari begira zer gerta daitekeen aztertzeko, Larrun gehigarria sortzeko erabiltzen den topaketa formatoa, baina etorkizunari begira enfokatua, erabiltzen dute Argia Topaketek.

Horretarako, iritzi sortzaile ezberdinak batu eta gai konkretu baten inguruan hausnarketa prospektiboa egitea eskatu eta, ondoren, elkarrizketan ipintzen ditu Argiak.

Oso ideia polita iruditu zait. Beharbada zatikako irudia emango du, jorratzen den gaiarena baino ez. Baina, ondo ezagutzen duten metodoa erabili, - Larrun formatoarena jarraitzen dute, beraz oso talde mugatuak dira, laupabost lagun baino ez -, eta emaitza onak aterako dituztelakoan nago.

Agian, hausnarketara deitutako askok aurrera egin baino gehiago, atzera begiratuko dute. Normala. Beti errazago egiten zaigu pasatutako esplikatzea, etortzekoa dena imajinatzea baino.

Hala ere, oso interesgarria eta gai gehiagorekin egin beharko litzatekeen ariketa da.

Euskal nazioa 2025ean

Lehendabiziko artikulu sorta kalean da: Euskal nazioa 2025ean . Prospekzio politikoa beraz.

Eta zegokion hausnarketa kolektiboa egiteko, urriaren 4an Bilboko La Bolsa Kultur Etxean, ondokoak batu ziren:

  • Josune Ariztondo (EAJ): Euskal nazio euskalduna eta integratzailea, herri borondatea duena oinarri
  • Uxue Barkos (Nafarroa Bai): Erronka berriak gainditzeko epea
  • Mertxe Colina (AB): Zer egin?
  • Begoña Errazti (EA): Helburua: erabakitze eskubidea gauzatzea
  • Aintzane Ezenarro (Aralar): Naziotasun ikuspegia ireki eta independentziaz bermatu
  • Jone Goirizelaia (Batasuna): Herri gisa dagozkigun eskubideak eraikiz.

Klik egin eta bakoitzak esan duena irakurri dezakezu. Iritziak faltan, akaso?

Datorren asteetan prospektiba gehiago Argian: Hizkuntza, Gizartea, Kultura.

Datozen asteetan gai interesgarri gehiagoren inguruan, prospektiba gehiago izango dugu Argiak antolatutako mahainguruetan. Gaiak hauek:

  • Hizkuntza Normalizazioa: nora eta nola?. Urriak 11an, 19:00etan. Gasteizko Villa Suso Jauregian. Partaideak: Joxe Jabier Iñigo, Paula Kasares, Miren Mateo eta Erramun Osa.
  • Gizarte Eredua: nora eta nola?. Urriak 18an, 20:00etan. Donibane Garaziko Herriko Etxeko Gela Nagusian. Partaideak: Mixel Berhokoirigoin (ELB), Rafa Diez (LAB) eta Joxe Elorrieta (ELA)
  • Kultur Sorkuntza: nora eta nola?. Urriak 25ean, 19:00etan. Iruñeko San Zernin Aretoan. Partaideak: Jose Ignazio Ansorena, Aingeru Epaltza, Tere Irastortza eta Xabier Mendiguren Elizegi.

Zorionak Argia!

Aurkezpena

"Etorkizuna interesatzen zait datozen urteetan bertan biziko naizelako".

Prospektiba, estrategia eta plangintzari buruzko bloga.