Hemen zaude: Hasiera Blogak Garagoittiko Orakulua Artxiboa 2010 Otsaila 13 Nere umiak ez daki erderaz (eta ni harro)
Dokumentu Akzioak

Garagoittiko Orakulua

Nere umiak ez daki erderaz (eta ni harro)

Gogoratu daigun, gure gurasuak (aittitta amamak, gaztienen kasuan) oso txarto pasau zebela umetan erderaz ez jakitziangaittik. Benetako lotsia. Eta, hain zuzen be, horixe izan zan arrazoia euretako batzu, erderaz ikasi besain laster, euskeria betiko baztartzeko, umetako trauma ha ahaztu nahixan.

http://4.bp.blogspot.com/_13c6nJ0lRd4/SRxqFj-LwFI/AAAAAAAAAN4/S0wTn7OG_70/s400/asno.jpg

 

"Nere umiak ez daki erderaz". Behin baiño gehixago topau dot hau harrotasunez diñuan jentia. Asmo onez dabizelako (euskerian alde, euren ustez) eta askotan estimatzen doten pertsonak dirazelako, ia modu onian azaldu neikian zergaittik dan okerra hau jarreriau, eta gehixago esanda, kontraproduzentia.

 

Gogoratu daigun, gure gurasuak (aittitta amamak, gaztienen kasuan) oso txarto pasau zebela umetan erderaz ez jakitziangaittik. Benetako lotsia. Eta, hain zuzen be, horixe izan zan arrazoia euretako batzu, erderaz ikasi besain laster, euskeria betiko baztartzeko, umetako trauma ha ahaztu nahixan.

 

Gero egoeria aldatu egin zan jakiña: errepresiñua eta asfisixia etorri zan, eta allegau zan momentu bat umiak hazi ahala, berez-berez hartzen zebela erderia kalian. Eibarri buruz nabil, jakiña, baiña beste hainbeste lekutan be hala gertatu da. Entzun Pier Pol Berzaitz xiberotarra Radiokultura irratixan.

 

Salbuespena zan euskeria entzutzia eta, zeozelan, egoera harek ekarriko zeban –kontizu- behin baiño gehixagotan ikusi izan doten jarrera hori: norbere umia erresistentzia ikur bihurtzia, bere erdera-jakiñeza euskerian aldeko simbolo legez erakustia. ¡Eta zelako barreguria umiak erderazko berbak esaten asmatzen dabenian, euskerazko azento gogorrakin! Sua gasoliñiakin emetatzen dalakuan.

 

Ez. Umiangan euskerazko zaletasuna ixotzia nahi badogu, anputaziñua ez da modurik onena. Erderia be aberastasuna da, eta haren jakiñezaz harrotzia astokeri haundixa. Gogoratu euskeria ahaztu nahi izandako aittitta-amama guztiak.

Oier Gorosabel 2010/02/13

Honen haritik

Inaxio Usarralde — 2010/02/15 12:11
Ez naiz neu izango gure umeek erdaraz ez dakitelako poztuko naizena. Zuk diozun modura erdara(k) ere aberastasuna d(ir)a. Halere, zeure burutazioak beste honetara ekarri nau ni, honelakoak ere entzun baititut nire inguruan. Hau da, haur hezkuntza pasa eta lehen hezkuntzan gaztelaniarekin hasten direnean zenbat guraso larritzen da bere umea gaztelaniaz ez delako moldatzen, eta akademian gaztelania ikastera joateko ia prest agertzen da? Ez dut uste larridura hori ona denik. Eta horretan, gaztelania maila eskatzerakoan, irakasleek jartzen duten esijentzia maila altu samarra delakoan nago, irakasleak eurak ere larritasun hori transmititzen laguntzen dutelakoan nago.
Niri iruditzen zait gaztelania jakin gabe ez dela inor geldituko; gehienera ere apur bat gehixeago kostako zaio baina ikasi, ikasiko du zalantzarik gabe. Geure umeek ez dakiten gauza bakoitzarekin akademiara bidaltzen hasi behar badugu nora iritsi behar dugu? Hau da, geure umeak sufritu gabe bizitzen ikusi nahi al ditugu?
Bestetik, bada beste kontu bat oso esanguratsua begitantzen zaidana: gaztelaniaz ez jakitea hitz egiten ez jakitearekin lotzen denean. Esaterako, pediatrarengana joan eta hura azalpenak gaztelaniaz ematen hasita zeuk ez diola tutik ere ulertuko ohartarazten duzunean "ah, ¿qué pasa, que no sabe hablar?" Zer erantzungo zenioke asertiboki, gaur egungo termino bat erabiliz?

"asertatu" ete dot?

oier g — 2010/02/15 14:34
Inglesa edo txinua ikastera bialtzen doguzen modura bialduko najeukek ni erderaz ikastera: naturaltasunez. Hau dok, larrittasunik barik.

Eta, duda barik, umiari sufrimentua guztiak ekiditzeko joera horren justu kontrakua nok ni (umiak ostiak HARTU egin bihar jittuek -errealak nahiz figuratibuak- bizitzen ikasteko). Ez, nere gogoetia ez joian umian sufrimentutik, hizkuntzian mesediangaittik baiño.

Hire azken galderia inportantia dok. Eze, halako situaziñuei asertiboki aurre egitten ikasi biharra juagu. Ia: boteprontuan, erantzun hau botako najeukek: "No, si saber sí que sabe. Lo único es que le falta aprender la otra lengua oficial. Igual que a Usted".

Mundua oso zabala da

Munduzalea — 2010/02/15 18:41
Puntuak:
1. Hego Euskal Herriko umeek, nahi eta nahi ez, espainola ikasiko dute. Hori ez dago gurasoen nahien arabera.
2. Hego Euskal Herriko euskaldun askok gaztelania ikastea "ondo" ikusten dugun modu berean, iparraldeko gehienei bost ardura die, ez badute ikasten ez ei dute ezer galtzen.
3. Belgikan flamenkoak hizkuntza arazoa mahai gainean jarri zutenean, valonak (frankofonoak) ez ziren asko larritu, azken batean frankofonoak ez zekiten neerlanderaz eta valonak (neerlanderadunak) bazekiten frantsesez. Denak zekiten frantsesez, neerlanderaz bakarrik flamenkoak. Urteak pasata valonek (frantsesek) segitzen dute neerlanderaz jakin gabe, eta orain trukean, valonek ERE ez dakite frantsesez, paso egin diote frantsesari.
4. Espainol gehienak ez dakite tutik ere ez katalanez, ez euskaraz, ez galegoz. Euren komunikabideetan hizkuntza horietaz ez da ezer-ezer agertzen, inglesa baino arraroagoa zaie. Horregatik euskaldun eta katalan askok bihotzez behintzat paso egiten diote espainolari. Eta bihotzak agintzen du gero zer pausu eman, beharbada flamenkoen moduan, edo iparraldeko euskaldunen moduan.

Mitoak

patxi lurra — 2010/02/15 21:59
Gero hor deukogu euskaldun elebakarren mitoa, baserri galduetan oraindino bizi ei diranak-eta. Neuri erromantikoa begitantzen jat, aitortzen dot, eta erresistentziaren puntu hori ikusten dot neuk be bai. Geure ia 4 urteko semea Bilbon bizi da, geu legez, eta gazteleraz oso modu bitxian berba egiten dau, oso berba gitxi badaki momentuz. Eta neuri miresgarria begitantzen jat, eta ez ona dala pentsatzen dodalako, neuk be gaztelera, eta frantsesa, ingelesa,... aberasgarriak dirala sinesten dot, eta abantaila itzela etorkizunean munduan ibiltzeko, eta egunerokoan geure Baskistan honetan bizitzeko. Miresgarria begitantzen jat geure Pellotxorentzat euskarazko estimuloak gaztelerazkoak baino indartsuagoak izatea, non eta Botxon! Asto puntu bat deukodala beraz onartzen dot, baina asto handiagoak iruditzen jat hainbat gazteleradun elebakar, hainbat pediatra, hainbat dendari, ...

Fijatu zarie zein jente gitxi gai dan lau urteko umeei esaten deutsegun txorakeriak euskaraz esateko? "Nola duzu izena?", "zenbat urte daukazu?", eta abar? Horretarako ez da EGArik behar, ezta Hizkuntza Profilik be, baina batzuendako ezinezkoa da. Lau hizkiz osatutako berba hori legez (A-g-u-r), batzuek mingainean edo hortzetan edo ziur aski burmuinean arazoren bat eduki behar dabe "Agur" ahozkatu ezin izateko...

Ez nagok harro

asier — 2010/02/16 10:23

Ez dakit, ba. Ni ez nago harro, baina ez dot uste txarra danik seme-alabak elebakarrak izatia. Euskaldun guztiok ikasiko dogu erderia, ez euki bildurrik. Bittartian, zenbat eta gehixago indartu gure euskeria, zenbat eta gehixago barneratu gure berbetia, ba, hobeto. Eta urte batzuetan elebakarra izatiak horretan lagundu leikiala uste dot: ume horren ingurua euskaldunagua izango da, ume horrek euskeraz eitteko dakazen mekanismuak eta tresnak sendotu egingo dira (eta ez dira erderian mende egongo), euskaldun izatian kontzientzia piztu leike...



Ez dakat dudarik beste 1000 faktore be badarela, eta euskaldun izatia beste gauza bat dala, baina ez dot uste umia elebakarra izatia txarra danik. Ez detsala kalterik eitten ez umiari, ez beran garapen pertsonalari, ez linguistikuari, ez erderian gaiñian dakan iritzixari, ez ezer.



Garbi euki bihar dogu ez dagola egoera elebidunik, diglosikuak baizik. Eta beti pentsau izan dot euskeriak beran lurralde elebakarrak bihar dittuala: herri elebakarrak, egoera elebakarra, gizatalde elebakarrak,... eta euskaldun elebakarrak. Nagusittan ez gara elebakarrak izango; umetan 3-4 urtian elebakar izatia ez da txarra.



Eta ez, ez nago harro. Kontrakua irudittu arren :-)



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)