Hemen zaude: Hasiera Blogak Garagoittiko Orakulua Artxiboa 2007 Maiatza 18 Bizkor, bizkor, bizkor!
Dokumentu Akzioak

Garagoittiko Orakulua

Bizkor, bizkor, bizkor!

Aurreko baten, antsietatea duten pertsonen ezaugarri batzu azaldu genituen (zuetako asko erretratatuta ikusi zenuten zuen burua). Urduritasun eta lasaitasun egoera naturalak azaldu genituen, eta baita ere egoera batetik bestera nahi dugunean pasatzeko “interruptore nagusia”: arnasa.

Gaur, antsietate egoera horrekin zerikusia duen beste faktore bat ekarriko dugu gogora: gure burua “hemen eta orain” kokatzea.

Egoera bat deskribatuko dizuet, ea oraingoan ere identifikatuta sentitzen zareten. Harrikoa egiten ari gara. Buruan baina, hamar minutu barru dendara joan behar garela dugu (eta plater bat hausten dugu nahi barik). Dendan, etxerako gaiak erosten ari garela, gero pixkat ikasi behar dugula pentsatzen ari gara (eta xaboia erostea ahazten dugu). Ikasten dihardugula, gero lagunarekin dugun plana dugu gogoan (eta ez dugu ezer ikasten). Lagunarekin gaudela, biharko bileran esango duguna ari gara pentsatzen (eta lagunaren konpainiaz ez dugu gozatzen). Bileran... nahi duzuen beste luzatu dezakegu katea.

Ezagutzen duzue beti aurreratuta ibiltzearen sentsazio hau? Lan bat bukatu eta atseden hartu barik hurrengoan murgilduta egotearen larritasuna? Egiten ari garena eta pentsamendua desfasatuta darabiltzagunean, zentratuta ez gaudenez, egiten ari garen hori askotan ez dugu behar bezela egingo.

Gogoa “hemen eta orain” kokatzea probatu beharko duzue, ene lagun abiadurazaleak. Sinistu iezadazue: lana ez duzue astiroago egingo modu horretan, eta bai ordea denpora irabazi (zentratuta ez egotean txarto egindakoak ez bait dituzue zuzendu beharko).

Adibide erraz batekin hasiko dugu: harriko meditatibo bat. Helburua, bizkorregi hegan doan gure buru zoro hori baretzea izango da; eta bide batez, harraskako tramankulu-pilaketa lorrin hori paretik kentzea (hori ere egin behar da eta!). Baina nola lortu hain helburu jasoa –ongizate mentala- halako bitarteko prosaikoarekin? Orain ikusiko duzue nolako erraza den. Lehenengo eta behin, arnasari erreparatu dezaiogun. Lasaitasunak zerikusi handia du sabeleko arnasarekin, eta berau erabili beharko genuke egun osoan. Hemen dugu praktikatzeko aukera bat: hurbil gaitezen harraskara arnasa sabelarekin hartzen. Katxarroak modu eroso baten antolatu –ez galdu arnasa, gero!- eta hasi gaitezen xaboia eta urarekin. Nabaritu dezagun bitsaren usaina, hotzberoa, textura. Jarri dezagun bai, pentsamendu osoa lan hortan. Arnasa sabelarekin beti. Lanik delikatuenean, artelanik ederrenean arituko bagina legez hasi gaitezen lapikoak, edalontziak eta bestelakoak xabonatu eta igurzten. Hori, arnasa galdu barik. Ahaztu egingo dugu zertan ibili gara lehen, eta zer egingo dugun gero. Orain eta hemen gaude, sukaldeko trasteak maitekiro zaintzen eta laztantzen. Ez dago gauza garrantzitsuagorik.

Hortan pasatuko dugu behar den beste denpora, eta behin eta berriro konprobatuko dugu harreta leku egokian enfokatua dugula, hots: arnasean eta harraskako lanean. Eta halako baten, amaituko dugu. Eta orduan –ez lehenago- jarriko dugu gogoa hurrengo zereginean.

Aproba egiten duzuenean –gaur bertan- ohartu zaitezte ez duzuela denbora gehiago pasatu harrikoa egiten. Betiko denpora pasatu duzue, baina alde batekin: lasaitasun sentsazio atsegina geratu zaizue gorputzean. Harrikoan konzentratzean, burua beste pentsamenduetaz hustu egin duzue une batez: deskantsatu egin duzue. Eta zuen bizimodu normalarekin jarraitzeko indarberrituta geratu zarete.

Zer da ba meditazioa, hori baino? Lantzean behin gure gorputz eta buruak “geldialdi tekniko” bat behar dute tentsioak deskargatzeko. Ba dakit ez dela oso irudi erromantikoa, baina zer gertatzen da ordenagailua astebete geratu barik martxan dugunean? Erroreak ematen hasten da, geldiroegi dabil, blokeatu egiten da... nekatuta dago, berotuta eta saturatuta. Itzali egin behar da, une batez sikieran. Gero atzera iziotzean, ondo dabil. Ba gu, berdin.

Harrikoa egiteaz egin dezakegu “reset” hori. Erlijiosoak bagara, mantrak edo errosarioa esateaz. Edo footing egiteaz. Edo terapeuta baten kamillan, 50 euro ordainduta. Edo mendi baten puntan, bakardadean. Azken finean, meditatzen gaude.

Baina bueltatu gaitezen burua “azeleratuegi” dagoen lagunaren kasura. Hau ariketa bat izan da, noski: pentsamendua uneko aktibidadean eta arnasean jarrita, burua eta gorputzaren arteko desfasea egokitzea. Harrikoa egiten dugunean –etxeko lanak aurreratzeaz aparte- sentsazio atsegin batekin geratuko gara. Ariketa hori gure egun osora zabaldu ahal izango dugu: dendan gaudenean, ikasten, lagun giroan, lotarakoan... sabeleko arnas lasai batez lagunduta gogoa “orain eta hemen” jartzen badugu, bizitzaren benetako zaporea dastatuko dugu.

Lo egin ezinaren arrazoi nagusienetako bat hauxe berau izaten da: ohean gaudela biharko lanetan pentsatzen ari bagara, ezingo dugu burua deskonektatu eta lorik egin. Gaur gauean “orain eta hemen” jarri ezazu gogoa: izara leunak, ametsen eremua, arnasa gero eta sakonagoa... loak berehala harrapatuko zaitu bere sare gozoetan.

Ikustekoa izango al da oraindik aurrera zure sukaldearen txukuna!

Lehengunian hau idatzi neban Gara egunkarixandako diru truke. Horrek kontaminau egingo nau, edo...?

txiko 2007/05/18

Re: Bizkor, bizkor, bizkor!

Miguel — 2007/06/06 09:45

Aurreko hilaren maiatzaren 26an, irakurri nuen zure idazgaia Harriko meditazioa”ren izenburuarekin, eta erabat oso ona da. Baita ere zutabe honetan esaten duzu nola azaldu zenuen lehenago beste lan bat, “Urduritasun eta lasaitasun”aren izenarekin.
Beno, ni nago interesatuta azken idazgaia honekin, bada bere unean irakurriko nuen bainan
ez nuen gorde.
Saiatu naiz http://eibar.org/blogak/orakuluaren blogean bilatzen bainan ez dut aurkitu.
Eskertuko nizuke pilo bat mesedez bidaltzen badidazu Interneten bidez idazgaia azken hau. Miguel.



Re: Bizkor, bizkor, bizkor!

oier — 2007/06/06 22:09

Kontatzen dozunangaittik, antsiedadiari buruzko artikuluaz ari zara. Ointxe argitaratuko dot blogian, OK? Pozten naiz interesatzen bajatzu. Baiña gehixago poztuko naiz aplikatzen badozu!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.