Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing

Ramon Pelinski hil da

Oier Araolaza 2015/07/07 12:21
Musikari, etnomusikologo eta musika eta dantza ikertzailea, bart zendu da Ramon Pelinski (1932-2015). Argentinan jaio eta Argentinan bertan, Frantzian, Polonian eta Alemanian egin zituen musika eta filosofia ikasketak, eta doktore izendatuta Montreal-eko (Kanada) unibertsitatean katedratiko izan zen.

Tango musika sortzailea, pianojolea, ikertzaile eta idazlea, orain 20 urte inguru Castellon-eko Todolella-ko dantza ikertzen hasi zen, eta bide horretatik ezpata-dantzen mundua aztertzen aritu zen luzaz.

Todolellako dantzaren hariari tiraka Euskal Herrian izan genuen Ezpalak jaialdian 2007. urtean. Interesez eta jakinminez jarraitu zituen emanaldiak, galderaz bete gintuen erantzunak guk baino hobeto jakinda ere. 

Ramon Pelinski - Iruñea 2007
Ramon Pelinski, Iruñeko Burgoen plazan, 2007ko Ezpalak jaialdian, Ingalaterrako Bacup-eko Coco-nuts dantzarien emanaldia ikusten. Iruñea, 2007-05-19. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Hurrengo urtean, 2008an Ingalaterran, York-en ospatu zen Sword Spectacular jaialdian ere topo egin genuen. Todolellako dantzaren ikerketak ezpata-dantzen mundua begiratzera eramana zuen, eta York-en ezpata-dantzen alorreko ikertzaile garrantzitsuak batu ziren: Stephen D. Corrsin, Elsie Ivancich Dunin, Ivor Alsop. Aditu handien itzalarekin uzkurtuta ni, Pelinskik irribarre bihurriz esaten zidan, "hauek penintsulako ezpata-dantzetaz ez dute ideiarik ere, Oier, guk esplikatu beharko diegu...

Ramon Pelinski, Stephen D Corrsin - York 2008
Stephen D. Corrsin eta Ramon Pelinski-rekin hizketan, York-en (Ingalaterra), Sword Spectacular jaialdian. York, 2008-05-25. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Bere azalpenak La danza de Todolella: Memoria, historia y usos políticos de la danza de espadas liburukotean (515 orrialde) jaso zituen, bertan Todolellako dantzaren ikerketa sakonaz gain, Europako ezpata-dantzen ikusmira zabala eskaintzen du, eta Euskal Herriko zenbait ezpata-dantza, zahar eta berri (Xemein, Arrate, Beasain eta Iruñea, adibidez) jorratzen ditu. 

2012. urtean, Caceres-en ospatu zen SiBe-ren kongresuan, ezpata-dantzen inguruko mahai batean berarekin izateko zortea izan nuen. Alemaniako ezpata-dantzen inguruko komunikazio interesgarria eskaini zuen Ramon-ek. Alemanez ez dakigunok nekez ezagutu dezakegun mundu zabal eta harrigarria izanik, Ramon Pelinskiren eskutik lezio bikaina jaso genuen.

Gizon atsegina, jakintsua eta beti entzuteko eta ikasketako prest ageri zena, 83 urterekin eman du azken hatsa Ramon Pelinskik.

"Dantza tradizionala ez da DANTZA"

Oier Araolaza 2015/06/11 11:52
Dantza tradizionalaren alorrean dihardugunok maiz entzun behar izan ditugu horrelako mespretxu hitzak dantza klasikoa edo garaikidea egiten duten zenbaiten aldetik: "hori ez da DANTZA". Dantza zer izan behar den mugatu nahi duen aurrejuzku baten ondorio da hori, eta hori salatu berri du Steve Paxton-ek. Sortzaile estatubatuarrak dio dantza zer izan behar den mugatzen duen aurrejuzku horren ondorioz bere ahalak galtzen ari dela dantza.

Madrilen izan da Steve Paxton apirilean, eta Reina Sofia arte gunean elkarrizketa antolatu zuten berarekin. 33 Fouettes blogean jaso dituzte Paxton-ek Madrilen esandako hainbat kontu, eta nire arreta piztu dute horietako batzuk. Merce Cunningham konpainiako dantzaria izan zen Paxton, Judson Dance Theater sortu zuen Trisha Brown, David Gordon edo Yvonne Rainerrekin batera, eta besteak beste Contact Impro disziplinaren sortzailea da bera. 

Dantzaren alorrean Dantza zer izan behar den erabakiz eraiki den "instituzionalismoa" salatu du Madrilen Steve Paxton-ek, eta horren adibideak dantza tradizionalean dihardugunoi zuzenean eragiten digu. Honela dio Paxton-ek: "Me fijé en que la danza estaba perdiendo su potencial debido a la idea preconcebida de lo que ésta debía ser. Por ejemplo, según el institucionalismo, los bailes tradicionales no eran válidos porque no eran La Danza".  

Paxton-ek Madrilen esandakoen laburpena egin dute 33 Fouettes blogean, eta merezi du irakurtzea, mamitsua izan baitzen bere hiz-jarioa. Nik hauek nabarmenduko nituzke:

  • Gainontzeko kulturetan dantza ez dago egina antzoki batean ikusteko.
  • Dantzariak beti beste artistengandik bananduta bizi izan dira, baita musikariengandik aparte ere.
  • Behin John Cage-ekin haserretu nintzen. Eztabaida izan genuen, ea jendea naturala zen ala ez. Ni denbora osoan naturalaren bila aritzen nintzen eta berak esaten zuen natura gizakiengandik kanpo dagoela eta gizakiak naturatik kanpo daudela.
  • Kultura desberdinak ezagutzean, esperientzia pertsonalak zartatu egiten du pentsamenduaren zurruntasuna. Horixe da orain bizi dugun mundua: zure telefonoa hartu eta 400 dantza mota ikus ditzakezu.
  • Oinez ibiltzea ez da errepikapena, urrats bakoitza berdina dela esanez gure burua engainatzen badugu ere.
  • Lan bat errepikatzeak ez du esan nahi berdin egiten denik... badakizue, inoiz ez zara ohera joaten birritan pertsona berarekin.
  • Inprobisatzen hasi nintzenean nire gorputzak mugimenduak errepikatu nahi zituen. Entrenatu egin behar izan nintzen hori saihesteko.
  • Ez daukat telebistarik. Ordenagailua daukat munduan zer gertatzen den jakiteko. Ez zait gustatzen dantza bideoak ikustea, jaki azkarra (fast food) bezalakoa da.
  • Dantzariek bizitza pasatzen dute besteen mugimenduak kopiatzen. Hartzen duzun klase bakoitzean horixe da zure misioa, beraz, normala da pertsona ezezagunen mugitzeko forma erreplikatzea.
  • Dantzarik gabeko kultura bat jokorik izan gabe arauak izatea bezalakoa da.
Iturria: Conversación con Steve Paxton (33 fouettes)

Dantza ez da euskal kultura

Oier Araolaza 2015/06/11 11:52
"Emunen uste dugu euskal kulturaz ari garenean euskarazkoaz ari garela hizketan, hau da, euskal kulturaren ardatza euskara dela."
Dantza ez da euskal kultura

Argazkia: Felipe Loiola / dantzan.eus CC BY-SA

Ibai Iztuetak argitaratu duen Cultura vasca vs. euskal kultura liburuaren harira, Emun-ek euskal kultura zer den definitzeko dauden joera nagusiei buruzko sarrera argitaratu du, eta bertan, Sorguneak egindako proposamena aintzat hartu gabe, "ez berbazko" kultura adierazpenak ez dituzte aipatu ere egiten.

Euskal kultura zer den definitzeko debatean bi proposamen bakarrik erakusten dituzte. Lehenak erdigunean euskara jartzen du, eta ezaugarri erabakiorra hizkuntza, alegia, euskara, du: Euskal kultura da euskaraz egiten den kultura. Bigarrenak lurraldetasunean jartzen du fokoa: Euskal kultura da Euskal Herrian egiten den kultura. 

Sorguneak taldearen ekarpena

Orain urte batzuk Sorguneak taldeak dantza euskal kulturaren definizioan sartu ahal izateko kategorizazio bat proposatu zuen. Honela zioen:

"Hiru kultura kategoria nagusi berezi behar ditugu, beraz, herri honetako jardunak eta kultur politikak pentsatzerakoan:

• Berbazko euskarazko kulturgintza. Euskarari darion sorkuntza.
• Berbazko erdarazko kulturgintza. Gure herriko erdara desberdinetan egiten den sorkuntza.
• Ez-berbazko kulturgintza. Berbazko materialik erabiltzen ez duten sorkuntza diziplinak."

Hiru kategoria horien artean lehentasunezkotzat "berbazko euskarazko kultura" jo zuen Sorguneak taldeak. Bigarren maila batean aitortzen zuen "Ez berbazkoen izaerak ere (jarraidura / irekitasuna) badu garrantzia “euskal” delako horren mundu sinbolikoa eraikitzen jarraitzeko." Bere garaian aipatu nuen neuk behintzat konpartitzen ez nuen jerarkizazioa izan arren, pozten nintzela, lehen aldiz "ez berbazkoak" aintzat hartzen zituztelako.

Praktikak eta kultur politikek erakusten digute dantzaren konsiderazioa euskal kulturaren alorrean bigarren mailakoa dela, baiona Sorguneak egindako kategorizazio horri esker, behingoz hori aitortu eta arrazoitzen saiatu zen norbait. Ardatza hizkuntzan jartzerakoan berbazko hizkuntzarik erabiltzen ez duten adierazpenak sistematikoki baztertzeko izan den joera nagusiaren aurrean, ez berbazko kultura existitzen dela onartu, eta bigarren mailakoa bada ere, euskal kultura izaera aitortu zion Sorguneak taldeak. 

Ez berbazko kultura ez da haintzat hartzen

Oraingo hau atzerapausoa da berriz, hitzik gabeko kultura ez baita aintzat hartzen, eta Sorguneak taldeak irekitako zirrikitua, besteak beste dantza eta arte plastikoak kontuan har zitezen, ez delako baliatu. 

Dantzak ez darabil berbazko hizkuntzarik, dantza bera baita darabilgun hizkuntza. Kultur sorkuntza eta adierazpenerako erabil daitekeen hizkuntza bakarra berbazkoa dela pentsatuta dantza euskal kulturatik kanpo uzten dugu. Dantza lengoaia autonomoa dela barneratzen ez dugun bitartean berezkoa duen zati oso bat erauzten diogu euskal kulturari.

Gai honi buruz bi artikulu hauek idatzi ditut aurretik eta haietan esandakoa berretsi nahiko nuke orain: Bietan jarrai!

Ongi etorri Dantzerti!

Oier Araolaza 2015/05/10 10:33
Irailean irekiko ditu ateak Dantzertik, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak. Dantzari eta antzerkilariak pozik gaude, ez zaigu antzematen, baina pozik gaude.
Ongi etorri Dantzerti!

Bilbon, Juan Krisostomo Arriaga Kontserbatorioaren eraikinean abiatuko da Dantzerti.

Orain hamar urte inguru sortu zen arte eszenikoen goi mailako eskolaren aldeko plataforma. Hamar urteotan, aldarrikapenarekin batera sektorearen ezagutza eta eskarmentua erakundeen eskura jarri du plataformak. Hori gabe ez dut uste Dantzerti martxan jarriko zenik. Plataforma izan da akuilua eta heldulekua, egitasmoa bizirik mantendu duena politikariek beste lehentasun batzuk zituztenean eta erakundeei bide egiten lagundu duena ibilbide osoan. Orain, proiektua azken txanpan sartu denean, Jaurlaritzak dagoeneko plataformaren beharrik ez duela pentsatu du eta bazterrera utzi du.

Ikasketa planen zirriborroa plataformako kideei prestatzeko eskatu, hauek presazko lanak dohain egin, eta ondoren, kortesiazko gutxieneko erantzuna eman gabe Madrileko dantza ikasketen kopiak diruditenak baliatu ditu Hezkuntza Sailak. Irakasleen hautaketarako, curriculumaz gain aurrez aurreko froga egitea eskatzen zuen plataformak, teoriko onak izateak ez baitu bermatzen eszenaren ezagutza. Ez da hala izango, irakasleei ez zaie aurrez aurreko probarik egingo. Matrikula partziala egiteko aukera eskatu zen, lanean dihardutenek ikasketak egiteko aukera izan dezaten. Hori ere ez da onartu.

Munduan izango dira mila ikastetxe goi mailako dantza ikasketak egiteko aukera ematen dutenak. Baina mundu osoan ez dago eskola bat ere euskal dantza ikasteko aukera ematen duenik. Dantzertik ere ez du aukera hori emango, lehen txanpan behintzat, euskal dantza ikasteko aukerarik ez da izango bertan.

Dantzerti Bilbon egingo da. Euskal Hiriarena gezurra zen. Durango edo Tolosa ez dira Euskal Hiria. Euskal Hiria Bilbo da. Baldintza desegokietan eta garestiago aterako da, baina Bilbon. Musikarako egin zen Arriaga kontserbatorioa dantzarako eta antzerkirako egokitu behar da orain. Traketsa izango da egokitzapena, eta gainera ez da denentzat tokirik izango. Baziren aukera hobeak, badira azpiegitura osoa, antzokia barne, prest duten ikastetxeak, baina ez, ez daude Bilbon, eta eskola Bilbon egin behar zen, ez dakit nork, noiz eta zergatik erabakita.

Euskal antzerkiak eta dantzak bazuen eskolaren premia. Ez zaigu antzematen, baina pozik gaude. Ongi etorri Dantzerti!

Argia astekaria, 2015-05-08.

Gerra Zibilari buruzko interpretazio zentroaren inaugurazioan Arraten

Oier Araolaza 2015/02/02 01:20
Larunbatean Arraten izan nintzen, Eibarko Udalak prestatu duen Gerra Zibila Eibarren interpretazio zentroaren inaugurazio ekitaldian. Bezperako eta gaueko euriteen ondorioz goizean lur zati bat erori zen Arrateko errepidean, eta moztuta geratu zen bide nagusia, ekitaldira jendez beteta zetorren autobusa etorri ezinda utziz. Bertan elkartu ginenak Azitaingo bidetik igotakoak ginen beraz.

Kolonia sarreran dagoen gela batean egokitu dute museoa, gela txiki bat besterik ez da, baina Kolonia osorik berritu eta garbitu da, eta taldeak asteburu pasa joateko egoki dago orain. Interpretazio gunearen espazio interesgarrienak kanpoan daude, noski, Arrate inguruetan, Akondian eta Kalamuan. Ingurune horretan zenbait panel jarri dituzte, han gertatutako gerra pasarteen berri emanez. 

Bi hizlari bikain

Inaugurazio ekitaldia bera, gerra zibilaren Eibarko pasarteari buruz hainbat kontu ezagutu eta ikasteko hitzaldi interesgarria gertatu zen. Jesus Gutierrez eta Jose Luis Valenciagaren eskutik testuinguru historikoak, gudalosteen mugimenduak, bandoen posizioak, eibartarren gora-beherak, gerrako xehetasunak eta estrategia eta baliabide militarren berri izan genuen.

Merezi du Arrateko gerraren interpretazio guneari bisita egiteak. Jakina, Kolonian dagoen erakusketa gela abiapuntua baino ez da. Inguruetan, Arraten, Kalamuan, Akondian, Garagoitin, Santa Kurutzen... gerraren aztarnak lokalizatu eta haietan bizi izandakoak irudikatzen laguntzea, horixe da nire ustez gunearen ekarpen garrantzitsuena. Eta badirudi jendeak garbi duela hori, antolatu dituzten bisita gidatuen arrakasta lekuko. Lau bisita gidatu antolatu dira eta itxura denez bete dira denak dagoeneko, eta gehiago antolatu nahi dituzte. Ea ba txanda hartzen dugun!

2015-01-31_Arrate-gerra-museoa_OA_13.03.10

Larunbateko inaugurazioan, Jesus Gutierrezek, euskara eta gaztelera tartekatuz gerraren nundik-norakoak azaldu zizkigun ohikoa duen zorroztasun eta umorea tartekatuz. Jose Luis Valenciagak, gazteleraz, militarren arma, jantzi eta egunerokoen xehetasun ugari eman zizkigun. Nik ez nuen ezagutzen Jose Luis Valenciaga (izena ere Felix Morquechok DVrako egindako kronikan jakin dut) eta harrituta geratu nintzen gerrari lotutako xehetasunekin erakutsitako ezagutzaz. Badirudi biak aritu direla erakusketa prestatzen, eta lan horretarako pertsona egokiak, benetako adituak eta dibulgazioarekin konprometituak zirela erakutsi zuten biek.

Militar kulturaz

Orain hiru bat urte Normandian izan ginen oporretan, eta bigarren mundu gerlako bataila famatuen tokiak eta aztarnak ikusi genituen. Gogoan dut egonezin moduko bat egin zitzaigula. Batetik, batailen narrazioa zenbat eta xeheagoa, eta haien gordintasuna argiagoa izan, orduan eta tristeagoa eta etsigarriagoa zitzaigun dena. Bestetik, estrategia militarren, armen, jantzien, tanke, kanoi eta abarrekoen museo, erakusketa eta exhibizio neurrigabeko hark zalantza sortzen zigun zein ote zen guzti haren irakaspena. Estetika eta kultura militarraren goresmena eta loria? 

Atzo kezka hori berpiztu zitzaidan Arraten. Erasorako eta defentsarako granadak zeudela ikasi nuen, bakoitza zenbat metrotara bota zitekeen, zenbat pisatzen zuen, zer zeukan barruan, zer eragin zituen... Erabiltzen zituzten armen xehetasun ikaragarriak kontatu zizkigu Valenciagak.

2015-01-31_Arrate-gerra-museoa_OA_12.11.44 

Konturatu nintzen xehetasun horietako asko oso baliagarriak zirela gerraren gordintasuna ulertzeko, Akondian trintxeratik trintxerara bizi izan zituzten zazpi hilabete izugarrien dimentsioaz konsziente izateko. Adibidez, babes-aterpeak nola eraikitzen zituzten, morteroen funtzionamendua eta eztandaren eragina zein zen, eta egunero zenbat jaurtiketa egiten ziren kontatu ziguten, infernu haren neurriaz jabetzeko.

Golpisten bandoan gerra egin zuen militar baten testigantza kontatu zigun Valenciagak. Gerra osoa pasatu zuen ia soldadu harek,  batailaz bataila ia denak pasatu zituen, eta Kalamua 2 posizioko (Akondiako gaina horrela ezagutzen zuten) frente hura izan omen zen bere ustez gerra osoko bizipen ankerrena.  2015-01-31_Arrate-gerra-museoa_OA_12.11.56

Bai, hori eta beste hainbat kontu ezagutzeko lagungarri dira xehetasun militarrak. Baina, hala ere, Arrateko koloniako gelatxo horretan bildutako material militarra ikusita eta haiei buruzko kontu guzti horiek entzunda, kezka hori, Normandian sentitu nuen kezka  hori berritu zitzaidan. Non bukatzen da inoiz errepikatu behar ez litzatekeen gerraren oroitzapen latza  eta non hasten da kultura militarrareriko gorazarrea?

Ez dakit. Ez dut esan nahi Arraten marra hori pasa denik. Ez, erakusketa xumea da, Jesus Gutierrez-ek eta Jose Luis Valenciagak argi utzi zuten non gauden. Baina niri kezka sortu zitzaidan: marra hori pasatzen dugun egunean ohartuko ote gara?

Gure balioak?

Interpretazio gunearen aurkezpen ekitaldi horretan aho-zapore txarra utzi zidan kontu bat aipatu nahi dut orain. Alkateak, Miguel de los Toyos-ek egindako hitzaldiak eragin zidan disgusto hori. Erakusketan eskaintzen den bideoaren ondoren egin zituen bere hitzak alkateak. Eibartarren ahotan eta Ahotsak proiektuen testigantzekin egindako bideo bikainean hainbat eibartarrek lehen pertsonan gogoratzen dituzte gerra-aurreko, gerra-garaiko eta gerra-ondoko giro eta gertaerak.

2015-01-31_Arrate-gerra-museoa_OA_12.37.23

Ikusita nuen, baina han ikusita oraindik indartsuagoa iruditu zitzaidan bideoa. Badirudi alkatea ere hunkitu zuela bideoak, hari erreferentzia eginez eskaini baitzuen hitzaldi ia-osoa. Eibartarren nortasun eta kemenaz aritu zen behin eta berriz, eta haiekin dugun arduraz, beraien balio, kultura eta dohainei segida eman behar diogula, ardura hori dugula e.a.

Errepika bezala erabili zuen, gure aurreko eibartarrak zer izan diren adieraziz bost-pasei esaldi bota zituen, haien balioak azpimarratuz esaldiak osatuz. Gaztelera hutsez aritu zen alkatea. Ni zur eta lur. Bere hitzen eta horretarako zerabilen hizkuntzaren arteko kontraesan nabarmenak asaldatuta sentitzen nintzen. Tentatuta egon nintzen gerra bizi izandako eibartarrei buruz aritu zen pasarte hartan oihu egin eta ezaugarri bat, balio bat eransteko. "Eibartar horiek euskaldunak ziren Migel, euskaldunak!!!". Ez nintzen ausartu. Ez nuen ekitaldiaren fokoa desbideratu nahi izan. Baina amorratuta etxeratu nintzen.

Bai, bideoan ikusitako ia-denak (uste dut bakarra salbu) euskaldunak ziren eta euskaraz hitz egiten zuten, nahiz eta lau hamarkada euskara desagertarazten ahalegindu zen diktadorearen menpe bizi izan. Eta ostera, debekurik gabe, euskara eta euskaraz ikasteko aukera eta baliabide guztiekin, eta ustez, bere aurrekoen "kultura" eta "balioak" mirestu eta aitzinatu nahi dituen agintariak ez zuen lehen "Egunon" soilaren ondotik hitz bakar bat ere gehiago egin euskaraz. Ustez hain miresgarri iruditzen zaion belaunaldi horrekiko begirune eta errespetu keinu linguistiko txikiena ere. Euskara ez da eibartarron kultura eta balioa? Gerra sufritu zuen belaunaldiak erakutsi digu baietz, haientzat bazela. Gaurko alkatearentzat ez dirudi hala denik.

Lisatuta, zimurtuta, erorita

Bukatzeko bitxikeria bat. Gerraren ondorioak ilustratzeko balio dezakeen estanpa txiki bat museoaren inaugurazio egunean. Hiru bandera: bat lisatuta, bestea zimurtuta eta hirugarren erorita. Erakusketan hiru bandera daude: Espainiako bi bandera (Errepublikarena eta piparpotoa) eta ikurrina. Eta bitxikeria (oso metaforikoa!) zera da, nola zeuden hiru banderok inaugurazio egunean:

  • Piparpotoa ongi lisatuta eta txukun-txukun.
  • Errepublikaren bandera, doblatuta egon izanaren arrasto eta zimur nabarmenekin: lisatu gabe.
  • Ikurriña, gudariaren atzean zegoen iritsi ginenean, erortzen hasi zen han geundela, eta gudariaren oinetan erorita bukatu zuen.

2015-01-31_Arrate-gerra-museoa_ikurrinak-OA_13.34.50

Etnokoreologoa

Oier Araolaza 2015/01/09 12:02
Erabaki duzu zer ikasiko duzun? Plasta. Horrela etortzen dira galdera traszendentalenak, abisu eta beroketa gabe. Eeeeee…. baaaaaaa… zeeeeeraaaaa…. niiiiiiiiik… Bekokian deskubritu berri duzun pikorta ispiluan ikusi eta berrikusi, eta hil ala biziko egoera hartan, institutura ezin zarela joan esplikatzeko zailtasunak gutxi ez, eta gainera, bizitzako bigarren erabaki garrantzitsuena hartu behar duzula gogorazten dizute. Oscar Matzerathekin akordatzen nintzen ni horrelakoetan. Ume-moko zela bere burua eskilaretan behera bota eta hazteari utzi zion Oscarrek. Harek bai jakin.

Nik handitan zer izan nahi nuen jakin nuenerako hogeita hamar urte paseak nituen. Aurretik ezinezkoa zitzaidan nire bokazioa identifikatzea, munduan ofizio hori zenik ere ez bainekien. Halako batean izen arraroko lanbide baten berri izan nuen eta berehala ulertu nuen horixe zela nire ametsetako lanbidea. Poza eta pena, biak batera eragin zizkidan aurkikuntzak. Bokazioa deskubritu izanaren poza, niretzat beranduegi ote zen sentipenarekin zapuzten zen. Handitan zer izan nahi nuen jakin nuenerako, inork ez zidan horri buruz galdetzen. 

Datorren urtarrilaren 17an Jean Michel Guilcher etnokoreologo handia omenduko duguDonostian. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko dantzei buruzko ikerketa sakon eta sistematikoak egin ditu, eta horiek ezagutzeko iturri agortezina da bere lana. Bretoia da bera eta Frantziako dantza tradizionalak izan ditu ikergai bere bizitza luze bezain oparoan. Hogeita hamar urtetik gora zituen Guilcherrek dantzaren ikerketan buru belarri sartu zenean. Bizitza luzea eta oparoa, bai horixe, 1914ko irailaren 24an jaio baitzen, eta ehun urte bete ditu aurtengo irailean. Mende bat bizkarrean eta lanean segitzeko adorea du oraindik Jean Michel Guilcherrek, seme-alaben laguntzarekin bere etnokoreologia lanak zuzendu eta osatzen jarraitzen omen du.

Etnokoreologoa. Horixe da handitan izan nahiko nukeena. Dantza ikertzaileak dira etnokoreologoak, dantza antropologiatik ikertzen dutenak. Etnokoreologoak ezagutu ditugu bakar batzuk inguruotan, izen hori baliatzen ez bazuten ere. Dozena urte pasa da etnokoreologiaren berri izan nuenetik, eta oraintsu hasi naiz pentsatzen akaso oraindik garaiz nabilela.

Argia astekaria, 2015-01-04

Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!

Oier Araolaza 2014/11/03 15:35
Halloween erauntsiari aurre egiteko modurik ez, eta gutxienez, zapalduko gaituen buldozerraren karrozerian marka txiki bat egiten saiatzea pentsatu dut. Seme-alabekin kontua aztertu ondoren eskatu nien gutxienez ez zezatela "truco o trato" formula amerikar-gaizki-espainolizatua erabili.

Egin dira "trick or treat"  euskarara itzultzeko ahalegin txukunak, adibidez, "saria ala ziria", baina nik gure tradiziotik zerbait berrerabili nahi nuen. Beraz, hauxe proposatu nien:

Xanduli, manduli, kikirriki..... eman goxokiak guri!

Nagusiak (9 urte) oso ondo hartu zuen eta bere lagunek berehala ikasi eta erabili zuten. Txikiari (7 urte) kosta egiten zitzaion gogoratzea, eta nahiago zuen truco o trato, nere atsekaberako. Baina pentsatu dut datorren urtean lehenagotik irakasten saiatuz gero funtziona dezakeela. 

Bidadorrek jaso zuen Beasoain-en

Beasoain-Egillorren, Ollaran bailaran, Saindu Guztien egunean egin ohi diren eske errondetan umeek esaten zutena jaso zuen Joxemiel Bidadorrek (2010:39): "Xanduli Manduli, Kikirriki..... echeme usted nueces por aquí!!". Tarte batean galduta egon ondoren 2007an berreskuratu zuten tradizio hori. Horixe da seme-alabei erabiltzea proposatu nien formula. 

Tradiziozko formuletan intxaurrak, gaztainak edo urrak eskatzea ohikoa da. Gure eremu urbanoan intxaurrak eskatzea arraroa litzateke, beraz, goxokiengatik aldatuta egin nien proposamena etxekoei. Irujo pilotariaren herrian, Iberon, umeek "Bota bota kastaña" diotela jaso zuen Bidadorrek (2010:39), baina dirua botatzen zietela nagusiek, umeek kastainak jasotzeko makurtzeko imintziorik egiten ez zutela ikusita. Fernando Goñi pilotariak berriz, bere herrian, Zubirin, honela oihukatzen dutela esan digu: "San Gargarin, '¡castañas por aquí!!".

Txinurrien eske-errondak

Txinurrien kuestazioa izenarekin batu zituen Bidadorrek Santu Guztien egunaren inguruko eske-errondak, izan ere Iruñerrian hainbat herri eta auzotan txinurriak izenarekin ezagutu izan dira data horretan kuestazioa egiten duten ume taldeak. 

Arimen gaua eskeleto umea

Iruñerrian Saindu Guztien eguneko kuestazioetan kantatzen ziren bertsoak jaso zituen Joxemiel Bidadorrek (2010:39) Benjamin eta Anselmo de Legarda fraide kaputxinoen ahotik: "Etxadi kanpora, Domine Santua, txinurri minurri, levanta la piturri". Etxaurin berriz hauxe jaso zuen Bidadorrek: "Tirrita-tarrata mandulon, domine domine sandulon, en esta casa no hay turron". 

Y si no, zikiñe!

Gabriel Inbuluzketak Baztan eta Bidasoa aldean Domu Santu eta Arimen egunaren inguruan egiten ziren eske-errondak aztertu zituen eta horietan umeak erabiltzen zituzten eske-formulen artean aipatzen ditu adibidez Elizondon "Domine Mattua" esaten zutela (latinetik deformatua, Domine=jauna, mattua=xentimo laurdena), "Ixo mattua" Arraiotz-en (izeba xentimo laurden bat!), "Marabeditto" Ituren-en, "Marauttu, marauttu" Donezteben, "Berentxi, berentxi" Lesakan...

Mikel Aranburu Urtasun-ek (1989: 12) Artzibar bailarako folklore ikertzean, ondoko eske formula ederra jaso zuen: "Txingila mingila kurruskario, sagarrak merke ta udareak kario". Domu Santu eguneko kuestazioetan erabiltzen zuten umeek, eta egun berean, Iruñean, Jimeno Jurioren esanetan (1976: 111), txinurria izeneko puska biltzea egiten zuten umeek honako formularekin: "Txinurrie, mandurrie, aratako kasteñere, si nos echas, pa tu tia" Muru-Astrain-ekoek, eta Arlegikoek berriz, "Txinurrie, mandurrie, levanta la panturrie". 

Polita da Mikel Goñik Sustatun kontatua Utergan erabiltzen dena: "dominé-dominé castañé, y si no zikiñé!". Mutrikun erabiltzen zena ere asko gustatzen zait, "Xesteron kontra, animen alde!". Mutrikuko ehorztailea omen zen Xestero.

2015erako bi erronka

Datorren urterako bi erronka. Batetik, eskatzeko esaldia garaiz landu eta ea beraiek beren inguruan zabaltzea lortzen dugun. Bestetik, koko-jantzia erositakoa eta aurpegia bistan dutela (txikia tapatua zuen, baina nagusiak eta bere lagunek bistan, makillatua) izan beharrean, trapu zahar batzuk inguratu eta ea horiekin benetan mozorrotzea lortzen dugun.

 

Erreferentziak

ARANBURU URTASUN, Mikel. "Folklore festivo del valle de Arce", in Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 54. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua, 1989. 343-376. orr.

BIDADOR, Joxemiel. "Cuestaciones infantiles por Todos los Santos en la cuenca de Pamplona: Los Txinurris", in Jentilbaratz, Cuadernos de Folklore, 12. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2010. 37-47. orr.

IMBULUZQUETA ALCASENA, Gabriel. "Cuestaciones infantiles en Todos los Santos y día de Difuntos en Baztan-Bidasoa", in Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, 61. Iruñea: Principe de Viana, Nafarroako Gobernua, 1993. 41-46. orr.

JIMENO JURIO, Jose Maria. Calendario 1976. Caja de Ahorros Municipal de Pamplona, 1976. 111. orr.

Preso batek kantatu zuen 1916an, preso darrai kantuak 2014an

Oier Araolaza 2014/10/29 00:00
I. mundu gerran preso zituzten hango eta hemengo soldaduei kantuak grabatzen aritu ziren zenbait ikertzaile alemaniar. Tartean zenbait euskaldun, eta preso zuberotarrak gogotik erakutsi zuen herri kantari bateko semea zela.
Preso batek kantatu zuen 1916an, preso darrai kantuak 2014an

Carl Stumpf (eskuinean) eta Georg Schünemann (erdian) Tatar musikariak grabatzen Frankfurt-en, 1915an. Deutsches Rundfunkarchiv – Historisches Archiv der ARD.

 Errepertorio ederra kantatu zuen: Prima eijerra, goizian goizik jeikerik, ahaide zahar huntan, zü zira zü, bortian ahüzki, mendian zoinen eder, xarmagarri bat badit, atharratze jauregian, partitzeko tenorea... 39 kanta kantatu zizkien preso zuberotarrak ikertzaile alemaniarrei. Hiru diska argitaratzeko adina!!! 1915-1918 bitartean, zientzialari alemaniarrek gatibu-eremuetan zeuden hango eta hemengo presoei egindako grabazioen artean, 70 kanta inguru euskaraz daude.

Orain, kanta horietako batzuk Berlingo etnologia museoan entzungai jarri dituzte, baina Euskal Herritik ezin ditugu entzun, ez dutelako horretarako baimenik ematen. Aitzakia? "Derrigortutako egoeran sortutako material “sentikorrak” direla". Astoaren putza. Ondarea jabetza pribatu moduan ulertzea da hori, besterik ez. Ondarearen bahiketa deritzot honelako edukiak ez zabaltzeari. 
© Staatliche Museen zu Berlin, Museum Europäischer Kulturen / Otto Stiehl

 © Staatliche Museen zu Berlin, Museum Europäischer Kulturen / Otto Stiehl

Euskaldunak preso izan zituzten, eta haien kantuak preso jarraitzen dute 100  urte ondoren.

 

Elkarrizketa Halloween eta Arimen gauari buruz

Oier Araolaza 2014/10/24 12:22
Halloween eta Arimen gauari buruz elkarrizketa egin dit Ainhoa Andonegi kazetariak Barren aldizkarirako. Emailez egin dugu eta nik jarritako guztia ez da kabitu astekarian, beraz, galdera guztiak ekarri ditut hona.
 Elkarrizketa Halloween eta Arimen gauari buruz

Animen gaua gure etxe atarian, 2013-10-31.

Elgoibarko Barren aldizkarian, 2014ko urtarrilaren 24ko 925. zenbakian argitaratu da elkarrizketa. Hauxe da paperean sartzerik izan ez diren galdera-erantzun guztiekin osatutako elkarrizketa osoa. 


Neguko Festen barruan kokatzen duzu Halloween jaia. Zer dira, baina Neguko Festak?


Arimen gauarekin hasi eta hausterre asteazkena bitartean egiten diren ospakizun gehienak Neguko Festatzat har ditzakegu: santuei lotuta ageri zaizkigun San Martin, San Andres, Santo Tomas edo San Anton moduko jaiak, Gabonak, Santa Ageda, Kandelaria eta inauteriak, besteak beste. Nekazaritzaren zikloekin, urtaro eta solstizioarekin lotuta, Europa mendebalde osoan konpartitzen ditugu Neguko Festen hainbat ezaugarri: eske errondak, nekazal produktuen azokak, heriotza (gizaki, animalia zein naturarena) eta berpiztearen inguruko erritualak, mozorro eta janzkera bereziak, e.a.

Halloween Euskal Herriko ohitura zela diozu. Noiz arte eta nola ospatzen zen?

Atzorarte ospatu da Euskal Herrian. Elgoibarren bertan, galdetu adineko jendeari, eta baietz agertu bat baino gehiago gaztaroan ospatu duena. Noski, ez zen izen horrekin ospatzen. arimen gaua esaten zitzaion gehienetan, baina hain zuzen ere horixe da Halloween-ek esan nahi duena, “arima guztien gaua”. Urriak 31, azaroak 1-2 inguruan ospatu izan da arimen gaua, Domu Santu egunari lotuta beraz. Gaztetxoek ortuetan kalabazak eta arbiak harrapatu, hustu, zuloak egin, eta kandelak jartzen zizkieten bide bazterretan zintzilikatu eta jendea beldurtzeko. Izarak eta trapuekin mozorrotu eta ilunpetan herritarrak beldurtzen ibiltzen ziren gazteak. Zenbait tokitan eske errondak ere egiten ziren, gaztainak, intxaurrak eta horrelakoak eskatuz.

Zer dela eta uste dugu hemen Amerikarren festa bat dela?

XX. mendearen bigarren zatian arimen gauaren festa indarra galtzen joan da Euskal Herrian, eta 1980tik aurrera oso gutxi ospatu da. Ameriketan, irlandar etorkinek ospatzen jarraitu zuten eta indar handia hartu zuen. Zineak mundu osora zabaldu du festa, eta merkataritza industriak negozioa ikusi du hor, eta beraz, azken urteotan urria Halloween aroa, mundu mailan egiten den salmenta kanpaina handi bihurtu dute saltoki handi eta txikiek, telebista eta komunikabideen laguntzarekin. Gazteek ez dute ezagutu horrelako ospakizunik Euskal Herrian eta uste dute festa erabat amerikarra dela. Eta berez, ospatzeko modua, adibidez “truco o trato” (trick or treat-aren itzulpen txarra) eske formula amerikarra da, plastikozko kalabazak, mozorro eta maskara kutreak erostea bezala. Kalabazak hustutzea eta maindireekin jendea beldurtzea ostera euskal tradiziozkoa lirateke, baina hori gaur egun ez da apenas egiten.

Zergatik galdu da Euskal Herrian Halloween ospatzeko ohitura?

Euskaldunok uste dugu gure erroak, gure kultura, gure tradizioa jaso, ezagutu eta biziarazten eredugarriak garela, eta euskara jartzen dugu horren adibide. Praktikan kolonizazio eta asimilazio kulturalak inguruko herriei bezala eragiten digu, eta gainera baserritar moduan geratzeko beldurrez pozez zoratzen gaude Ameriketatik datorren azken moda txorora apuntatzeko horrek moderno eta kosmopolita itxura emango digulakoan. arimen gaua aspergarria, zaharrunoa eta demodea iruditu zitzaigun, eta ospatzeari utzi eta inoiz ospatu izan genuenik ere ahaztu genuen. Orain festa bera Amerikarra delakoan eta merkataritza industriaren inbutuarekin datorrenez gazteak txoratzen ditugu ospatzeko. Etxean trapu zahar batekin mozorrotzeari ez diote graziarik ikusten gazteek, ostera, txinoan zahar itxurako plastikozko mozorro erridikuluagatik 30 euro ordaintzea oso festa dibertigarria da.

Azken urteotan Gau Beltza ospatzen hasi dira Euskal Herriko hainbat herritan, eta aurten Elgoibarko Gaztelekuak ere egingo du saiakera bat Halloween festa berreskuratzeko. Nola ikusten duzu?

Merkataritza industriak erabakitzen du nolakoa izan behar den Halloween eta zaila izango da hor ñabardurarik sartzea. Hala ere, saiatu beharra dagoela iruditzen zait. Gaur egun ez dago alde handirik Olentzero eta Papa Noel artean, gauza bera dira, izenak eta kantu gutxi batzuk bereizten dituzte. Arrakasta handia litzateke Arimen Gabarekin horrelako ñabardura txiki bat eragitea Halloweeni, oso zaila iruditzen baitzait horrelakorik lortzea. Baina saiatu beharra dago, Halloween amerikarraren erauntsia itogarria baita, eta erresistentzia kultural minimo bat behar dugu gure nortasunari eutsi nahi badiogu. Alde horretatik txalotzeakoa iruditzen zait Gaztelekutik gazteei festaren jatorria argitu eta festa ospatzeko aukera interesgarriago bat proposatzeko ahalegina. Lan zaila dute benetan, erraldoi ahalguztidun baten eta gizartearen axolagabetasunaren aurka ari dira borrokan, baina arrastada txiki bat egitea lortzen badute lorpen handia izango da.

 

Animen gaua edo EuskalHalloween kontu honi buruz gehiago:

Bilbon eta euskal dantza tradizionalik gabe

Oier Araolaza 2014/09/26 14:18
Albistea ona iruditzen zait, eta antzematen ez bazait ere pozik nago. Bazen garaia ere esan nezake, eta ez dut esango, oraindik eskola ez dagoelako martxan, eta iragarpenekin badugu eskarmentua. Baina hori guztia (eta batez ere, ondoren esango dudana) esanda, bai, albiste ona da, eta pozik nago Arte Eszenikoen Goi Mailako Zentroa (orain konturatu naiz zentroa erabiltzen ari direla lehen eskola erabiltzen genuen tokian, ikasiko dut hori ere...) martxan jartzeko makinaria piztu dela ikusita. Ea ba.
Bilbon eta euskal dantza tradizionalik gabe

Bilbo, 2010-06-28, Eusko Jaurlaritzak Eszenika izango zenaren aurkezpen ponpoxoa egin zigun Bilbon, EITBren egoitza azpian. Erreforma lan handia behar zuen eta azkenean ez zen gauzatu. Argazkia: Oier Araolaza.

Lehen ere entzun izan ditugu horrela iragarpenak (aurkeztu ere egin ziguten eskola orain lau urte eta gero ez zen gauzatu), eta gero ez dira inora iritsi, baina oraingoan (lehen ere hori pentsatu genuen) badirudi aurrera doala Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren proiektua

Lehenengo eskertza

Azken egunotan, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren Aldeko Plataformako kide diren eta Hezkuntza Sailarekin elkarlanean aritu diren Santiago Burutxagak (antzerkia) eta Alicia Gomez-ek (dantza) eskola horretan eskainiko diren ikasketen dekretu zirriborroak erakutsi dizkigute plataformako kideoi, eta beraz, ikasketa horien lehen hezurdura bat ezagutzeko aukera izan dugu. Bestalde, plataformaren bidez baita ere, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolaren bideragarritasun txosten bat ezagutzeko aukera izan dugu, LKS enpresak Hezkuntza Sailaren eskariz egin duena. 
Nire aldetik eskerrak eta zorionak eman dizkiet Gabriel Ocina, Santi Burutxaga, Alicia Gomez eta Elias Otaolari (laukote honek osatu du plataformaren motorra urte luze eta korapilatsuetan barrena) eta baita horiekin elkarlanean aritu diren plataformako kide guztiei ere egindako lanagatik. Azkenean eskolak argia ikusi ala ez, egindako lana itzela izan da, eta argi dut aurrera ateratzen bada horien lanari esker izan dela. Hori esanda, nik ditudan bi kezka handi (behin eta berriz urteotan mahairatu ditudanak, nobedaderik ez beraz) plazaratu ditut plataforman berriz (bertan naizenetik bi puntu horiek behin eta berriz aipatu ditut, arrakastarik gabe izan bada ere). Bata euskal dantza tradizionalari dagokiona. Bestea zentroaren lokalizazioarena.
Euskal dantza tradizionala Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolan

Ez dago. Ez dago euskal dantza tradizionalik ez ikasketa moduan planteatuta, eta ez dago eskainiko den dantza ikasketetan ikasgai moduan ere ez. Gaur egun mundu osoan ez dago eskolarik euskal dantza tradizionalean formazioa eskaintzen duenik, eta lehen txanpa honetan ere argi dago honako eskola honek ez duela eskainiko. Gainera, planteatu den ikasketa planarekin, ez dago aurreikusita dantza ikasketak eskola honetan egiten dituenak euskal dantza tradizionalean oinarrizko formaziorik jasoko duenik ere. Ez dago ikasgairik alor hori jorratzen duenik. Ikasketa plana aztertuta, ni soilik "Ikuskizunen arteen historia" ikasgaian antzeman dut zirrikituren bat zeharka euskal dantza tradizionalera hurbiltzeko, baina mundu osoko ikuskizunen arteen historia jorratu behar duen ikasgaian ezinezkoa gertatuko da aipamen labur bat baino ezer gehiago egitea.
Kritika hau plataformako kideekin konpartitu dut eta Alicia Gomez-ek erantzun dit dantza tradizionalak honako ikasgaietan izan dezakeela kabida:
  • Dantza/Mugimenduaren Teknikak: 12 ECTS (180 ordu presentzial)
  • Disziplinarteko Proiektuen Laborategia: 16 ETCS (240 ordu presentzial)
  • Errepertorioaren analisia eta praktika: 21 ETCS (315 ordu)
  • Dantzaren eta Gizateriaren Historia: 12 ETCS
Ikasgai horietako eduki zehatzak zentroa kudeatuko duen lantaldeak erabakiko ditu, eta beraz, horietan dantza tradizionala egoteko aukera dagoela esan dit Gomez-ek. Horrek ez nau batere lasaitu noski, lantaldearen esku geratzen baita dantza tradizionala landuko den ala ez. 
Ez dut uste inork zalantzan jartzen duenik eskola honetan euskara egon behar denik. Proiektuak jasotzen duenez euskara lehenetsiko da ikasketa hauetan. Gure hizkuntzetako bat euskara den moduan, gure dantza lengoaietako bat euskal dantza tradizionala da. Eta akats larria litzateke hori aintzat ez hartzea.

Eskolaren lokalizazioa, Bilbon, inolako eztabaida ez azterketarik gabe
Eskolaren ibilbidean dena eztabaidatu, aztertu eta kontrastatu da, baina une batean ere eztabaida mahaian jarri ez dena eskola Bilbon ezarriko dela da. Aztertu beharrean non dauzkagu azpiegitura egoki batzuk honelako eskola batentzat (eta badaude, hutsik gainera!), aldez aurretik erabaki da (nork?) Bilbon ezarriko dela eta inork ez du zalantzan jarri hori. Erabaki horrek faktura handia pasa dio eskolaren proiektuari. Non jarri asmatu ezinda, hautatzen ziren tokiak egokitzeko dirurik gabe, behin eta berriz proiektua etenda geratu da eraikinaren arazoagatik. Eta orain ere faktura ordaindu beharko dugu Bilbon jarri beharragatik.
LKS enpresak egin duen txostenean aipatzen da Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioa ez dela egokia eskola hartzeko, baina Bilbon ez dute toki hoberik aurkitu, eta beraz, hor txertatzeko egokitzapen lanak egin (eta ordaindu) beharko dira, Ibarrekolanda institutuan ere bai (Kontserbatorioa ez delako nahikoa eta ordutegi arazoak sortzen direlako) eta beste eraikinen bat erosi beharra ere aurreikusten da epe motzean. 
Bilbotik kanpo ze aukera egon daitezkeen begiratzea ez da aztertu ere. Zornotza, Durango, Santurtzi, Galdako, Gasteiz, Laudio, Arrasate, Donostia, Zarautz edo Tolosan ze aukera egon litezkeen eskolarako ez da planteatu ere. Nik Eibarko adibidea ezagutzen dut, bertan nagoelako, eta Eibarren bada Hezkuntza Sailarena den (beraz, ez erosi ez hitzartu behar ez duen) zentro bat, Hezkuntza Esparrua, non besteak beste antzoki oso bat ekipamendu konpletoarekin, gimnasioak, ikaslgelak, ikasleentzat egoitza, eta beste hainbat baliabide prest dauden. Inbertsio minimoarekin hasteko moduan. Arazo bakarra du itxuraz eta konpoezina. Eibarren dago. Eta eskola Bilbon izango dela erabaki dute... Eta Eibarren bezala izango dira horrelako aukerak aipatutako eta aipatuta gabeko beste hainbat herritan. Baina ez, eskola Bilbon izango da, ongi kabitzen ez den bi eraikinetan, egokitzapen lanak beharko dituztenak, eta epe ertainean eraikin berri bat egitea (Bilbon, noski!) justifikatuko duenak. Eskola Bilbon egin behar dela erabaki da (nork, noiz, zertan oinarrituta ez dakigu), eta kosta ala kosta, trakets ala zatituta Bilbon egingo da. Horixe da herri honetan lurraldetasunaz dagoen lan-modua. 
Gai honi buruz aurretik idatzi ditudanak:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter